The Way (filma)
The Way (euskaraz "Bidea") 2010eko Emilio Estevez aktore eta zinema zuzendariaren filma bat da. Emilio Estevez eta bere aita den Martin Sheen aktorearen arteko elkarlana da. Donejakue Bidean girotua dago.
The Way (filma) | |
---|---|
Jatorria | |
Argitaratze-data | 2010 |
Izenburua | The Way |
Jatorrizko hizkuntza | ingelesa |
Jatorrizko herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak eta Espainia |
Banatze bidea | eskatu ahalako bideo |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | film dramatikoa |
Iraupena | 121 minutu |
Kolorea | koloretakoa |
Zuzendaritza eta gidoia | |
Zuzendaria(k) | Emilio Estevez |
Gidoigilea(k) | Emilio Estevez |
Antzezlea(k) | |
Martin Sheen Deborah Kara Unger James Nesbitt Yorick van Wageningen (en) Emilio Estevez Tchéky Karyo (en) Ángela Molina Spencer Garrett Carlos Leal (en) Matt Clark Renée Estevez Simón Andreu (en) | |
Ekoizpena | |
Ekoizlea | Emilio Estevez Julio Fernández Rodríguez |
Konpainia ekoizlea | Filmax |
Ekoizle eragilea | Julio Fernández Rodríguez |
Edizioa | Richard Chew (en) |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | Tyler Bates |
Argazki-zuzendaria | Emilio Estevez |
Fikzioa | |
Kontakizunaren tokia | Frantzia |
theway-themovie.com | |
Ekoizpena
Sheen-Estevez familiaren inplikazioa argia da filmaren ekoizpenean, Martin Sheen etorkin galiziar baten seme delarik: Francisco Estévez, Parderrubiasen jaioa, Kubara eta gero AEBetara (Ohiora) lanera joandakoa[1]. Hain zuzen ere, Emilioren seme Taylor Estevez, 2003an, Donajekue Bidea egin zuen 19 urte zituelarik, autoz eta aitona Martin Sheen-ek lagundura: bidaia horretan ezagututako emakume batekin ezkondu zen gero Estevez, eta familia-giro horretan, filma egin zenean Taylor ere ekoizle laguntzailea izan zen[2].
Zuzendari, ekoizle nagusi eta gidoilaria Emilio Estevez izan zen. Filmaren kredituek Jack Hitt idazlearen kontakizunak ere aipatzen dituzte: Off the Road: A Modern-Day Walk Down the Pilgrim's Route into Spain (1994). Argazkilaritza Juanmi Azpiroz donostiarraren esku egon zen[3].
Argumentua
Tom Avery (Martin Sheen) Kaliforniako oftalmologo arrakastatsua da. Egun batez, bere semea, Daniel (Emilio Estevez), Pirinioetako Ibañeta mendatean ekaitz baten ondorioz hil berri dela jakinarazten dion telefono dei bat jasotzen du. Tom Europara joan eta semearen ehorzketa prestaketak antolatu eta haren heriotzaren inguruko xehetasunak jakiten saiatuko da, bere Donibane Garaziko egonaldian zehar semea Donejakue Bidea egiten ari zela ekaitz baten ondorioz Ibañetako mendatean lehenbiziko etapa amaitu gabe hil zela jakingo du. Orduan Tomek bere seme hil berriari bidea amaitzen lagunduko diola erabakitzen du: semearen errautsa dituen kutxatxoa eta motxila bat berarekin hartuz Donejakue Bideari ekingo dio.
Lokalizazioak
Filmaren erdia luzeran eta hautatutako lokalizazioetan Nafarroan gertatzen da.
Donibane Garazin Nafar bidearekin hasten delarik Tom/Sheen-en bidaia, hara trenez iristen da; tren geltokitik irten, eta ustez jendarmeriara doa poliziak semearen hilotza identifikatzera: baina ez da benetako hiriko jendarmeria, baizik eta Herriko Etxearen eraikina, eta bitxia da nola jendarme nagusiaren bulegoan Euskal Herri osoaren mapa bat ageri den[3]. Donibaneko beste lokalizazio batzuk dira jatetxe bat harresien itzalean, Espainiako karrika, Andre Mariaren atea eta Andre Mariaren zubia.
Frantses bidetik ekiten dio bidaiari protagonistak eta hurrengo lokalizazioak Orreagan dira (non azulejuzko herri seinale ezagunetako bat ikusten duten, elebiduna kasu honetan), eta jarraian Nafarroa Garaiko zenbait puntu ikusten dira, gutxi-gorabehera frantses bidearen ibilbide eta ordenean, baina ez beti zehatz, Agoitz bezalako punturen bat ere ageri baita (Auzolako zubia). Ikusten diren beste tokien artean daude[4]:
- Akerreta.
- Mezkirizko mendatean, Andre Mariaren estela.
- Iruñean Zaldi Zuria eta Udal Plaza.
- Erreniegako gaina, eta bertan den Erromesari Monumentua.
- Eunateko Andre Mariaren eliza.
- Gares.[5]
- Urantzia eta bertako Andre Mariaren eliza.
- Iratxeko monasterioa.
- Torres del Río.
Nafarroan zehar dabiltzala, euskal izaera eta historiari buruzko elkarrizketak dituzte protagonistak eta beste erromesek. Batean, Orreagako guduan Errolan nork hil zuen eztabaidatzen dute, ea arabiarrak edo beste norbait izan ote zen; beste une batean Luzaiden ostalari batek argitzen dio erromes estatubatuarrari Espainian gabe, Euskal Herrian eta Nafarroan dagoela[3].
Euskal Herria atzean uzten dutelarik, bideo beste puntu batzuk ere agertzen dira filman: Logroño (eta bertako udaltzaingoarekin borroka bat), Burgos eta bere katedrala, Santiago de Compostela bera, eta bidearen jarraipen edo azken txanpa gisa, Fisterrako itsasaldea, Muxian (Galizia), Fisterrarako Bidearen luzapena eginez[5].
Aktoreak
- Martin Sheen: Thomas "Tom" Avery
- Deborah Kara Unger: Sarah
- James Nesbitt: Jack "irlandarra"
- Yorick van Wageningen: Joost "herbeherearra"
- Emilio Estevez: Daniel Avery
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «El milagro gallego de Martin Sheen y Emilio Estévez» La Vanguardia 2009-11-04 (Noiz kontsultatua: 2021-07-10).
- (Ingelesez) «Pilgrimage brings together Hollywood stars, academics» William & Mary (Noiz kontsultatua: 2021-07-10).
- Amatiño. «Euskal historiografiaren heldutasunik eza ote?» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2021-07-10).
- «Las películas del Camino | Ayuntamiento de Pamplona» www.pamplona.es (Noiz kontsultatua: 2021-07-10).
- The Way (2010) - IMDb. (Noiz kontsultatua: 2021-07-10).
Kanpo estekak
- The Way, IMDbko fitxa irakurgai. (Ingelesez)
- The Way, FilmAffinity-ko fitxa irakurgai (Ingelesez)