The Fearless Vampire Killers
The Fearless Vampire Killers, or Pardon Me, But Your Teeth Are in My Neck (euskaraz Banpiro Hiltzaile Izukaitzak, edo Barka, Baina Zeure Hortzak Nire Lepoan Daude), laburtuta The Fearless Vampire Killers, Erresuma Batuan Dance of the Vampires (Banpiro Hiltzaile Izukaitzak edo Banpiroen Dantzaldia) 1967an Roman Polański poloniar zinema zuzendariak zuzendutako beldurrezko komedia filma bat da. Jack MacGowran, Roman Polański, Alfie Bass, Jessie Robins, Sharon Tate, Ferdy Mayne, Iain Quarrier, Terry Downes eta Fiona Lewis aktoreek antzeztu zuten.
The Fearless Vampire Killers | |
---|---|
Jatorria | |
Argitaratze-data | 1967 |
Izenburua | The Fearless Vampire Killers |
Jatorrizko hizkuntza | ingelesa |
Jatorrizko herrialdea | Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuak |
Banatze bidea | eskatu ahalako bideo |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | comedy horror (en) , beldurrezko zinema, vampire film (en) eta LGBTeei buruzko filma |
Iraupena | 108 minutu |
Kolorea | koloretakoa |
Zuzendaritza eta gidoia | |
Zuzendaria(k) | Roman Polański |
Gidoigilea(k) | Roman Polański Gérard Brach |
Antzezlea(k) | |
Jack MacGowran Sharon Tate Ferdy Mayne Roman Polański Sydney Bromley (en) Alfie Bass (en) Terry Downes (en) Jessie Robins Ronald Lacey Fiona Lewis Iain Quarrier (en) | |
Ekoizpena | |
Ekoizlea | Gene Gutowski (en) |
Edizioa | Alastair McIntyre (en) |
Ekoizpen-diseinatzailea | Wilfred Shingleton (en) |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | Krzysztof Komeda |
Argazki-zuzendaria | Douglas Slocombe |
Fikzioa | |
Kontakizunaren tokia | Transilvania |
Filma honetan oinarriturik Dance of the Vampires (1997) izeneko musikal bat burutu zen.
Sinopsia
Negu gorrian eta elurte baten erdian, bere izaera eta pentsaera xelebreen ondorioz lankideek erotzat jo eta Königsbergeko Unibertsitatetik kaleratu duten Anbrosius irakaslea (Jack MacGowran) eta haren laguntzaile leiala den Alfred gaztea (Roman Polański) Transilvaniako herrixka batetara ailegatu berri dira. Euren etorreraren zergatia bertan jazotzen diren gertaera arraroetan datza. Iritsi eta berehala ekintza horien egileak banpiroak ote diren susmoa piztuko zaie.
Bi kanpotarrek Shagal ostalaria (Alfie Bass), bere emazte Rebeca (Jessie Robins) eta heuren alaba Sara ederraren (Sharon Tate) ostatuan ostatu hartuko dute. Alfred Saraz maiteminduko da, baina neska gaztea desagertu eta banpiroren batek bahitu duen zurrumurrua zabalduko da. Herrixkatik hurbil aristokrata misteriotsu batzuk bizi diren gaztelua dagoela jakingo dute: bertan Von Krolock (Ferdy Mayne) konde zitala eta bere seme Herbert "maritxua" (Iain Quarrier) bizi dira.
Irakaslea banpirismoan aditua da eta azken urteetan Ekialdeko Europa osoan barna haien bila nekagaitz aritu ondoren banpiroekin aurrez-aurre topatzeko irrikitan dago. Honela bada, haien izatean erabat sinisturik, Anbrosius eta Alfred ostalariaren alaba topatzeko aitzakiaz gaztelura joan eta bertan banpiroak ote dauden ikertzen saiatuko dira, gisa honetan ez-hildakoen fenomenoari erantzun zientifiko eta enpirikoa topatu, eta honela Anbrosiusek bere banpiroei buruzko teoriak egi direla frogatu, bere ospea berreskuratu eta zientzialarien komunitatearen begirunea bereganatzeko asmoz.
Azkenean, jada gazteluan daudela, filma honi izenburua ematen dion dantzaldira joatea lortu, eta euren jakin-min eta galderek erantzun beldurgarria izango dute...
Antzezleak
- Jack MacGowran, Abronsius irakaslea
- Roman Polanski, Alfred, Abronsiusen laguntzailea
- Ferdy Mayne, Von Krolock kondea / Narratzailea
- Iain Quarrier, Herbert Von Krolock, kondearen semea
- Terry Downes, Koukol, Krolock kondearen morroia
- Alfie Bass, Yoine Shagal, ostalaria
- Jessie Robins, Rebecca Shagal, ostalariaren emaztea
- Sharon Tate, Sarah Shagal, ostalariaren alaba
- Fiona Lewis, Magda, ostatuko neskamea
Bitxikeriak
Roman Polańskiren kolorezko lehenbiziko filma izan zen, honetan garai hartan beldurrezko filmak burutzen zituen Hammer Film Productions ekoiztetxe britainiar mitikoari esker oso modan zegoen banpiroen zineman sakontzen delarik. Modu bikainean filmatu zen, batzuen esanetan berezko genero honen filma asko gainditu zituen. Polańskik berak paper nagusietako bat beretzat bereganatu zuen, bere alboan gerora emazte izango zuen Sharon Tate aktore ederra agertzen da.
Filmaren bitxikeri gehigarri gisa, aipatzekoa da filma guztian ez dela "banpiro" hitza behin ere aipatzen, eta irakaslea eta bere laguntzaileak aurre egiten dien izaki odol-zurrupatzaileek ere euren izateari buruzko inongo aipamenik ez dutela egiten. Filmean banpiroak aipatzeko "eurak", "haiek" edo "beraiek" hitzak erabiltzen dira.