Teseo
Teseo[1] (antzinako grezieraz: Θησεύς, "Thêseús") greziar mitologian atenastar heroi handiena izan zen. Etra eta Egeoren semea zen, baina batzuk itsasoko jainkoa Poseidonen semea zela zioten, eta Egeo Etrarekin ezkondu zen egunean bortxatu zuela. Egeok, beste emazteekin seme-alabarik izan ez zuenez Delfosko orakuluari galdetu zion. Erantzuna kriptikoa izan zen eta Egeok ez zuen ulertu, baina Piteok, Trezeneko erregea eta Etraren aita, bai: Horregatik Piteok Egeo mozkortu zuen bere alaba Etrarekin ezkontzeko, saiatzen zen lehen emakumearekin semea izango baitzuen.
Teseo | |
---|---|
Greziar mitologia | |
Ezaugarriak | |
Sexua | gizonezkoa |
Ogibidea | erregea |
Heriotza | itotze |
Familia | |
Aita | Aegeus (en) eta Poseidon |
Ama | Aethra (en) |
Ezkontidea(k) | Fedra, Antiope (en) , Ariadna, Hipolita eta Helena Troiakoa |
Bikotekidea(k) | Perigune (en) , Egle eta Piritoo |
Seme-alabak | Hipolito, Melanippus (en) , Acamas (en) , Demofonte eta Ifigenia |
Egeok Teseo jaiotzean berarengandik urrundu zuen Palantidetatik babesteko. Horregatik bere ama eta aitonarekin Trezenen igaro zuen bere haurtzaroa. Egeok bere ezpata eta sandalia pare bat ezkutatu zituen harri baten azpian Teseo indartsua izatera arte ez izateko. 17 urte betetzean bere amak sekretua kontatu zion eta harria altxatzea lortu zuen. Bertako sandaliak jarri zituen eta ezpata eraman zuen bere aitak semea ezagutu ahal izateko.
Atenaserako bidaia
Teseo txikia zenetik bere indarragatik eta bere ausardiagatik nabarmendu zen, Atenasera bakardadean joan zen bere aita ezagutzera, arriskuen beldur izan gabe. Izan ere Heraklesen mireslea zenez bere balentriak mundu osoak jakitea nahi zuen.
Bere ausardiaren berri izan zuen lehena Perifetes izan zen. Nahiz eta herrena izan ondo baino hobeto menperatzen zuen bere brontzezko mailua, baina Teseok hil ondoren kendu zion, gerora oso baliagarri gertatuko zitzaiola.
Beste lapur baten aurka egin behar izan zuen, Sinis pinu tolestailea, etsaiak hiltzeko oso era berezia zuena: hurbileko bi pinu tolesten zituen, adaburuak elkartzen zituen eta biktimaren beso bakoitza bateri lotzen zituen. Gero zuhaitzak askatzen zituen eta zuzen jartzerakoan biktimen gorputza bortizki porroskatzen zuten. Teseok Sinis hil ondoren, bere alabarekin harremanak izan eta ondorioz semea izan zuen, Melanipo izenekoa.
Eszironek oinak garbitzera behartzen zituen bidaiariak. Gero itsasora botatzen zituen bere dortokak jan zitzan. Teseok ezetz esan zion eta oinetatik hartu zuen Esziron eta itsasora bota zuen.
Zertziok beraren kontra borrokatzeko erronka egiten zien bidaiari guztiei. Inork ez zuen irabazi Teseo izan ezik: Lurraren kontra bota eta hil zuen.
Prokustok oinezkoak hartu eta ohe baten tamainara doitzeko ohitura zuen. Garaiak ohe txiki batean bortxatzen zituen, soberan zutena mozten ziela bertan kabitu arte. Txikiak ohe handi batean sartu eta luzatzen zituen mailukadaz eta sokaz. Teseok hil zuen.
Fea izeneko txerri bat hil zuen baita ere, Ekidnaren eta Tifonen alaba zena.
Bere bidaiari berrekin zion baina zailtasun bat agertu zitzaion, bere aita Medearekin, Jasonen emazte ohiarekin, ezkondurik zegoen, ezkontza honetatik Medo jaio zela.
Atenasen
Bat-bateko gertaera honen aurrean, Teseok itxarotea pentsatu zuen. Baina Medeak, aztia zelarik, ezagutu zuen eta bere semea tronura igotzeko oztopo handia zenarekin bukatzeko segada burutu zuen: Medea amaordea berak ez ezagutzearren, gaztea ezezagun modura joan zen jauregira, eta honetaz baliatuz Medeak Egeo sinestarazi zuen gaztea traidorea zela. Erregeak Maratoiko zezenaren kontra borrokatzeko behartu zuen, bereak egingo zuelakoan. Baina zezena garaitu zuen eta Teseo jauregian garaipena ospatzeko otordura gonbidatu zuten. Bertan zegoela, Egeok Medeak emandako pozoia jarri zuen bere kopan, baina ustekabe batek bizia salbatu zion. Teseok amak emandako ezpata atera zuen haragia mozteko eta Egeok arma ezagutu zuen, segada ulertu zuen eta kopa kendu zion ezpainetatik. Medeak bertatik alde egin zuen bere semearekin batera.
Orduan errege ondorengo bezala onartua izan zen Palante, Egeoren anaia, eta Palantidetako erregea zena gudan garaitu ondoren.