Termofilo
Termofiloak (grezieratik: θερμo, termo, "bero" + φιλíα, filia, "zale") bizi ahal izateko tenperatura beroak behar dituzten izaki bizidunak dira. Termofilo guztiak gai dira 50-70 °C bitarteko tenperaturetan bizi eta ugaltzeko.
Bizidun hauek habitat oso beroetan daude: iturri termaletan (AEBetako Yellowstone Parke Nazionalean lehenengo bakterio termofiloak aurkitu ziren), urpeko iturri edo fumaroletan, hartzitzen ari diren material organikoetan (konpostean, esaterako), lurzoru beroetan eta basamortuetan, ur-berogailu bezalako ingurugiro artifizialetan, etab.
Termofilo gehienak bakterioak eta arkeoak dira. Kopuru txikiagoan bada ere, badaude ere onddo, landare eta animalia termofiloak, Riftia pachyptila anelidoa bezalakoak (iturri termaletan bizi dena). Orokorrean, eukarioto termofiloek ezin dute 60 °C-tik gora bizi. Tenperatura horren goiti bizi diren bizidun guztiak prokariotoak (bakterio eta arkeoak) dira.
Termofiloek moldaera zelularrak eta molekularrak dituzte tenperatura altuei aurre egin ahal izateko. Prokarioto termofiloen entzimek eta beste proteina batzuek askoz hobeto jasaten dute beroa prokarioto normalenak baino, eta haien makromolekulek tenperatura altuetan funtzionatzen dute hobekien [1]. Horretaz gain, zelula mintz berezia dute termofiloek, gantz-azido asez betea (termofiloak ez diren bizidunek gantz-azido asegabeak dituzten bitartean).
Mikrobiologo gehienen ustez mikrobio termofilo eta anaerobioak izan ziren antzinako Lurraren lehenengo bizidunak, orain dela 3.000 milioi urte, gutxigora behera, agertu zirenak.
Bi termofilo mota daude: hertsiak eta fakultatiboak.
- termofilo hertsiek tenperatura altuak behar dituzte derrigorrez bizi ahal izateko. Bizidun hauek ez dira hazten 45 °C-tik behera.
- termofilo fakultatiboak gai dira tenperatura altuetan bizitzeko, baina baita tenperatura epelagoetan ere, 45 °C-tik behera.
Hauetaz gain, hipertermofilo deritzonak dira tenperatura altuenetan bizi direnak. Hauek 75 °C-tik gorako tenperaturetan ugal daitezke, eta 100 °C-tik gora ere bizi daitezke ur likidoa dagoenean (itsasoaren eremu sakonetan, presio handiko tokietan). Hipertermofilo ia guztiak arkeoak dira.
Mikrobio termofiloak
Bakterioen artean hauek dira aipagarrienak:
- Zianobakterio batzuk
- Streptomyces generoko hainbat espezie
- Bacillus eta Clostridium generoko espezie batzuk
- Thermus aquaticus (bakterio honetatik lortzen da bioteknologiako laborategietan erabiltzen den DNA polimerasa)
- Chloroflexus aurantiacus bakterio fotosintetikoa
- Thermotoga maritima (hipertermofiloa)
Arkeobakterioen artean, besteak beste, hauek daude (hipertermofiloak dira):
- Sulfolobus
- Pyrococcus
- Pyrolobus
- Thermoplasma
Erreferentziak
- Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:151-154 orr.