Termita
Termita[1] (Isoptera) intsektuen infraordena bat da, duela 300 milioi urte sortu zena. Termitak, labezomorroekin batera, Blattodea ordenaren barruan sailkatzen dira[2]. Inurriak, hainbat erle eta listorrak bezala, termitak intsektu eusozialak dira, eta kastatan antolatzen dira. Termitak batez ere hildako landareez elikatzen dira, baita zuraz, hosto eroriez eta animalien gorotzez ere. Ezagutzen diren 4.000 espezieen artean % 10ek galera ekonomikoak eragin ditzakete, etxeen egiturak apurtu, landak suntsitu edo basoak jaten baitituzte.
Termita | |
---|---|
Triasiko Berantiar-Gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Blattodea |
Epifamily (en) | Isoptera Brullé, 1832 |
Azpibanaketa | |
Cratomastotermitidae Mastotermitidae |
Taxonomia
3.100 espezie inguru aurkitu dira, anatomia-aniztasun handia azaltzen dutenak[3]. Labezomorro egur-jaleetatik eboluzionatu zuten eta, analisi molekularrek erakusten dute Jurasikoan agertu zirela lehen aldiz[2].
Elikadura
Termitak detritiboroak dira, hau da, deskonposatzen ari den materiaz elikatzen dira. Gehienek egurra jaten dute, baina badaude salbuespenak ere, horien artean, humusa jaten dute batzuek, eta onddoen hazkuntza egiten dute beste batzuek. Detrituak digeritu ahal izateko, sinbiosia egiten dute hestean duten mikrobiotarekin; hau da, termiten eta mikroorganismoen arteko elkarlana dago. Alde batetik, termitek bizitzeko lekua eta egoera ezin hobeak eskaintzen dituzte, eta, bestetik, mikroorganismoek egurra digeritzen dute[4].
Banapen geografikoa
Hotzak nabariki mugatzen du termiten munduan zeharreko hedapena. Kontinente guztietan daude, Antartikan izan ezik, eta tenperatura epel eta beroetako lekuetan bizi dira. Zenbat eta tropikotik hurbilago, orduan eta ugariagoak dira[5].
Bizi-zikloa
Eboluzioak moldapen bereziak sortu ditu animalia hauetan, batez ere, bizi-zikloan. Arrautza bat izatetik, larba batera pasatzen dira guztiak, baina handik aurrera indibiduo bakoitzaren patua ezberdina da. Hiru bide hartu ahal dituzte haien garapenean: langilea izateko bidea, soldadua izatekoa edo ugalketarako bidea[6].
Lehenengoek habiaren eta beste indibiduoen beharrak asetzen dituzte; bigarrenek kolonia defendatzen dute, eta hirugarrenek indibiduo edo kolonia berriak sortzen dituzte[6].
Termiten sozietateak
Eusozietateak
Eusozialitate kontzeptuak eztabaida handia sortu du eta ez du definizio zehatzik. Definizio konbentzionalak ezartzen duen ezaugarri nagusia lanaren banaketa da. Izan ere, indibiduoak kastatan banatzen dira. Hauek dira termita-sozietateetan aurki daitezkeen kastak: soldaduak, hegodunak, errege-erreginak eta langileak.
Soldaduak: Buru handi beltzarana dute eta habiako kideen ardura hutsa dute batez ere inurrietatik babesteko.
Hegodunak: errege-erreginek bezala, ugaltzeko gaitasuna dute eta, eraldaketa batzuen ondoren, beste termita-habiak eratzera irten daitezke. Kolore arrea azaltzen dute.
Errege-erreginak: besteak baino handiagoak izaten dira, batez ere erregina. Haien eginkizun bakarra langile, gudari eta hegodun berriak sortzea da.
Langileak: Haien ardurak dira habia egitea, janaria bilatzea, arrautzak eta larbak zaintzea eta, behar izanez gero, erasotzera doazenetatik babestea.
Eusozialtasunak dituen beste ezaugarri garrantzitsuak dira kumeen zainketan gertatzen den indibiduoen arteko lankidetza eta heldu-belaunaldien gainjartzea. Termitek bi ezaugarri horiek betetzen dituzte[7].
Kolonien eraketa eta ugalketa
Koloniako indibiduo gehienak antzuak izanik, ugaltzen diren indibiduoak ugalketa mota oso espezializatuak azaltzen dituzte. Hiru ugalketa mota bereiz daitezke: ugalketa primarioa, ordezkapen-ugalketa eta ugalketa betegarria.
Ugalketa primarioa ohikoena da. Kolonia monogamoetan gertatzen da, hau da, errege-erregina bikote bat edo gehiagoz osatutako kolonietan. Errege-erreginek ez dute bikotekidea aldatzen eta haien ondorengo guztiak anai-arrebak dira. Pleometrosi esaten zaio errege-erregina bikote bat baino gehiago dituen koloniari.
Ordezkapen-ugalketa errege eta erregina hiltzen direnean gertatzen da. Ezagutzen diren ia termita-espezie guztiek egin dezakete ugalketa mota hau, baina ezaugarri hori ez da sakonki aztertu. Ordezkapen-ugalketa, adultoideek (habian heldutako hegaldunek), ninfoideek (ninfatik eratorri diren helduek) eta, gehienetan, ergatoideek (langileetatik diferentziatu diren helduek) egin dezakete.
Ugalketa betegarria errege-erregina bikotea (edo bikoteak) bizi den bitartean gertatzen da. Normalean gemazio prosezuan zehar gertatzen da kolonia zati bat isolatu eta beste kolonia bat sortzen dutenean. Kasu honetan ere adultoideek, ninfoideek eta ergatoideek egin dezakete ugalketa mota hau[7].
Kolonia arteko harremanak
Bi koloniak elkarrekin topo egiten dutenean, bi gauza gerta daitezke: guda edo elkarketa. Erabakia ninfa/langile erratioa aztertu ostean hartzen dute. Elkarketa gertatzen da kolonia arrotzak ninfa baino langile gehiago baditu, lanesku gehiago ekartzen baitu. Guda gertatzen da, ordea, kolonia arrotzak langile baino ninfa gehiago dituenean, koloniak elkartuz gero indibiduo kopuru handiagoa mantentzeko langile gutxi izango bailituzkete[8].
Habiak
Habia, animalia eusozial guztien ezaugarria da, baina termitetan bereziki ezagunak dira komunitate zientifikoan haien aniztasuna dela eta. Batzuk arkitektura konplexukoak dira eta tamainari dagokiola oso handiak izan daitezke askotan, adibidez, Macrotermes taldean 1000m3-koak izan daitezke. Habiak sistema itxiak izan ohi dira, aire-korronte gutxi dute eta kanpo-ingurunearekin duten kontaktua oso txikia da.Hainbat mailatan eta gela txikietan antolatuta edukitzen dituzte termita mota batzuek euren habiak, lurzorutik 4-6 metro gora egon daitezkeenak. Enborrean ezkutatuta egon ohi dira, erdian errege-erreginen gela edukitzen dutelarik.
Habiak askotarikoak izan daitezke eta aniztasun hori bizitza sozialaren eboluzioarekin erlazionatuta dago. Gainera, habiari esker, haien bizimodurako mikroklima egokia, eta predazioaren kontrako defentsa ziurtatuta daukate[9].
Funtzioa
Aipagarria da habiek mikroklima aproposa sortzen dutela termiten bizitzarako eta defentsa-puntu egokia suertatzen direla kolonietarako. Habien funtzioa aldakorra da espeziearen arabera, askotan elikagai-erreserba bezala erabiltzen dute; adibidez, egur-zuntzak gordetzeko ganberak izaten dituzte maiz[9].
Motak eta eboluzioa
Hiru habia-kategoria nagusi bereiz daitezke: lur azpikoak, epigeoak eta zuhaizkarak. Lehenengoak lur azpian eraikitakoak dira, bigarrenak lurzoru azaletik ateratzen diren konkorrak dira, eta azkenak zuhaitzen adar edo enborretan eraikitakoak dira, baina beti egoten dira lurrazpiari lotuta galerien bidez. Hala ere, bitarteko asko aurki daitezke[9].
- LUR AZPIKO HABIAK: Galerien sarea eta gorotzez estalitako ganberak eratzen dituzte. Errege-erreginen ganberen inguruan konplexuagoak izaten dira eta, lurzoruan zehar guztiz hedatuta daudenean, pareta gogor batez eta hori inguratzen duen eremu huts batez, paraeciaez, estaltzen dira.
- HABI EPIGEOAK: Beti lurreko fase batekin hasten dira, langile-populazioak espeziearen araberako kopuru jakin bat lortu arte. Lehenengo habia horiek konplexutasun aldakorra dute, eta lortu behar den langile kopurua oso aldakorra da espeziearen arabera. Dagoen informazio gehiena Macrotermes espezieena da. Espezie horretako termitek pareta eta paraecie batez inguratutako eremu globularra sortzen dute, eta pixkanaka handitzen joaten dira. Hedapena gertatzerakoan, hainbat geruza eratzen dira eta futbol-pilota baten tamaina edukitzera hel daitezke. Lehenengoan, habia lateralki hedatzen da eta paraeciea desagertu egiten delarik, konpaktazio gutxiko habia sortzen da. Bigarrenean, konpaktazioa mantentzen da, eta aireztapen-kanalak luzatzen dituzte; horrela, habiak pixkanaka norabide horretan hedatzen dira.
- HABI ZUHAIZKARAK: Habia hauen determinazioa errege-erregina bikotearen araberakoa da gehienetan. Habia zuhaizkarak egurrean txertatu, lur azpian ezarri edo zuhaitz baten alboan ezarri daitezke. Microtermes generoko espezie batzuen behaketa egin da lurrean dagoen egurrean habiak sortzen. Ondoren, zuhaitz batera lotzen dute habia, kolonien migrazioak inoiz ikusi ez diren arren. Horren adibidea Microcerotermes biroi da[9].
Defentsa
Predatzaile ugarik dituzte termitak harrapakin bezala eta inurriak dira mehatxu handiena. Hori dela eta, hainbat defentsa-mekanismo konplexu aurki ditzakegu termiten habietan. Hasteko, habiaren egitura eta kokapena dugu. Zenbat eta lurzoruarekin kontaktu handiagoa izan, orduan eta arrisku handiagoan egongo dira. Hori habia motetan ikus daiteke: zuhaizkarak diren lekuetan, predazio-arriskua handiagoa da. Beste mekanismo bat da habiak trinkoagoak eta kanpo-horma izatea. Azken hau nahiko ugaria da lurreko habietan. Gainera, bideen inguruan ere eremu gogorragoak sortzen dituzte gorotz-materia erabiliz[9].
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskalterm: [Zurgintza Hiztegia] [2021]
- Fritz, Uwe. (2011-12-23). «Order Testudines Batsch, 1788. In: Zhang, Z.-Q. (Ed.) Animal biodiversity: An outline of higher-level classification and survey of taxonomic richness» Zootaxa 3148 (1): 61. doi: . ISSN 1175-5334. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- «Order Isoptera, The Colony, Castes, Termite Ecology» web.archive.org 2006-04-12 (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- (Ingelesez) Ikeda‐Ohtsubo, Wakako; Brune, Andreas. (2009). «Cospeciation of termite gut flagellates and their bacterial endosymbionts: Trichonympha species and ‘Candidatus Endomicrobium trichonymphae’» Molecular Ecology 18 (2): 332–342. doi: . ISSN 1365-294X. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- Meyer, V.W.; Braack, L.E.O.; Biggs, H.C.. (2000-07-02). «Distribution and density of Cubitermes Wasmann (Isoptera: Termitidae) mounds in the northern Kruger National Park» Koedoe 43 (1) doi: . ISSN 2071-0771. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- Neoh, Kok-Boon; Lee, Chow-Yang. (2011-04-01). «Developmental Stages and Caste Composition of a Mature and Incipient Colony of the Drywood Termite, Cryptotermes dudleyi (Isoptera: Kalotermitidae)» Journal of Economic Entomology 104 (2): 622–628. doi: . ISSN 0022-0493. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- Noirot, Charles. (1989-05). «Social structure in termite societies» Ethology Ecology & Evolution 1 (1): 1–17. doi: . ISSN 0394-9370. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- Matsuura, K.; Nishida, T.. (2001-12). «Colony fusion in a termite: What makes the society "open"?» Insectes Sociaux 48 (4): 378–383. doi: . ISSN 0020-1812. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- Noirot, Charles; Darlington, Johanna P. E. C.. (2000). «Termite Nests: Architecture, Regulation and Defence» Termites: Evolution, Sociality, Symbioses, Ecology (Springer Netherlands): 121–139. ISBN 978-90-481-5476-0. (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).