Teresa Toda

Teresa Toda Iglesia (Porto Alegre, Brasil, 1950eko ekainaren 24a) euskal herritar kazetari bat da.

Teresa Toda

Bizitza
JaiotzaPorto Alegre, 1950eko ekainaren 24a (73 urte)
Herrialdea Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
euskara
gaztelania
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta itzultzailea

Bizitza

Aita Espainiako Erresumaren diplomazialaria zuen, lanbidez. Ondorioz, haurtzaroan eta gaztaroan Txilen, Brasilen, AEBetan (Los Angeles) eta Londresen bizi izan zen.

1968an kazetaritza ikasten hasi zen Iruñean, Opus Deiren Nafarroako Unibertsitatean.

Mugimendu ezkertiar eta abertzaleetan  aritzeagatik eta politika antifrankista egiteagatik unibertsitatetik egotzi zuten beste 40 ikaslerekin batera.

Londresa itzulita, Law Society Gazette aldizkarian eta Visnews albiste-agentziaren telebistan egin zuen lan. 1971n Madrilera itzuli zen ikasketak amaitzera eta bertan hasi zen lanean ABC egunkarian, non atzeman zuen zer nolako zailtasuna zuen kazetari batek Francoren gobernupean.

Madrildik Bartzelonara joan zen, eta CCOO sindikatuaren prentsa-bulegoan aritu zen, frankismoaren hondarrean Espainian Borboiak berrezarri zituzten garaian. Bartzelonan bizi zela, katalanezko astekari batean ere argitaratzen zituen kolaborazioak.

Egin egunkarirako lanean hasi zen Madrilen 1984an, korrespontsaltzat. 1989an, afaltzen ari zirela  parlamentari bi tirokatuak izan zirenean (horien artean Josu Muguruza,[1] diputatua izateaz gain Todaren editorea ere bazena), alde egin behar izan zuen Madrildik Euskal Herrira. Hasiera batean Politika Saileko arduradun gisa aritu zen, eta 1992tik 1998ra Egineko zuzendariordea izan zen. Espainiako Justiziak 1998ko uztailean itxi zuen Egin, eta 18/98+ auzia[2] abiatu zuen.

Egin ixtearekin batera auzipetu zituzten egunkari haren zuzendaria, Administrazio Kontseiluko zortzi kide eta Teresa Toda, zuzendariordea alegia. Epaiketa burutu artean LAB sindikatuko aldizkarian egin zuen lan. Urte haietan guztietan adierazpen askatasunaren aldeko mugimenduetan engaiatu zen, hainbat arlotan.

Epaiketa 2005ean hasi zen Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Epaian oso zigor gogorrak ezarri zituen, eta Auzitegi Gorenak apur bat arindu zituen ondoren. Teresa Todari sei urteko espetxealdia ezarri zioten, eta sei urteak bete zituen etxetik oso urrun zeuden kartzeletan.

Kartzelaldian, Todak harremana mantendu zuen Euskal PEN idazle elkartearekin (zuzendaritza taldeko kidea da); eta, haren bidez, PEN International elkartearekin ere bai.

2013an askatu zuten, zigorra osorik bete ondoren, eta ordutik berriz engaiatu da Euskal PENeko jardueran eta adierazpen askatasunaren aldeko ekimenetan. Horretaz gain, Sare Elkarteko bozeramailetariko bat da: Sareren helburua da etxetik urrun kartzelaturik dauden euskal presoak etxeratzea.

Euskal Herriko gatazkari buruzko liburu batzuk itzuli ditu ingelesetik gaztelaniara.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.