Teoria endosinbiotiko

Teoria endosinbiotikoa Lynn Margulis biologo estatubatuarrak 1967an plazaratu zuen hipotesia da, zelula eukariotoen plastoak eta mitokondrioak endozitosiaren bidez aspaldian erantsitako bakterioak direla proposatzen duena. Teoria honen arabera, beraz, zelula eukariotoen organulu horiek bakterio askeak ziren, era sinbiotikoan jatorrizko zelula eukarioto batean integratu zirenak, duela 1.000 milioi urte, gutxi gorabehera.

Lynn Margulis.

Sinbiosi mota hori harreman endosinbiotiko batean datza.

Mitokondrioak eta plastoak organulu erdi autonomoak dira zelula eukariotoarekiko. Informazio genetikoa dute -DNA- eta zelulatik era independentean erreplikatzen dira. Ezaugarri horietan oinarriturik kaleratu zuen Lynn Margulis-ek bere hipotesia.

Egun, biologo estatubatuarren hipotesia ontzat jotzen da, eta zientzialariek gaur egungo eukariotoak prozesu endosinbiotiko batzuen ondorioz agertu zirela onartzen dute, mitokondrio eta kloroplastoak kanpotik hartuz fagozitosiaren bidez (erantsitako bakterioak izanik jatorrian organulu horiek).

Kimeraren irudiarekin alderatu da gaurko eukariotoen sorrera: eukarioto primitibo batean bakterio aerobio bat sartu eta bertan geratu zen; bakterioak energia ematen zion eukariotoari, eta horrek babesa eta elikagaiak. Endosinbiosi horrek azalduko luke mitokondrioen sorrera. Era berean, bakterio aerobio fototrofo bat fagozitatu eta eukarioto primitibo horrek fotosintesi egiteko gaitasuna bereganatuko luke. Horra hor kloroplastoen jatorria.

Mitokondrioek eta kloroplastoek aldaketa handiak izan dituzte zelula eukariotoen barnean azken 1.000 milioi urteetan: zelula eukariotoentzat onuragarriak ez diren ezaugarriak galdu dituzte (zelula horma, entzima ugari, DNAren zati bat...) baina ostalariarentzat onak zirenei eutsi dizkiote (ATPren sintesia, esaterako).

Eukariotoen sorreraren eredu kimerikoak Goian: 1-Fusioa, 2-Sinbiosi, 3-Irenste eta endosinbiosi. Behean: Teoria endosinbiotikoa: 4- Archaea eta espiroketa baten bat-egitea, 5-Mitokondrioen sarrera. 6-Kloroplastoen sarrera


Teoria endosinbiotikoaren alde hainbat argudio eta ebidentzia daude:

  • mitokondrioek eta kloroplastoek prokarioto handien tamaina dute
  • organulu horien erribosomak eta bakterioenak oso antzekoak dira
  • haien DNA biribila da, bakterioen antzekoa
  • bi organulu horiek autonomia genetikoa dute, eta -bakterioen antzera- bipartizioaren bidez ugaltzen dira
  • kloroplastoen barne-egiturak eta biokimikak antza handia dute zianobakterio batzuek dituztenekin

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.