Tenpluko Ordena
Kristoren eta Salomonen Tenpluko Zaldun Pobreak (latinez: Pauperes commilitones Christi Templique Solomonici), eskuarki Zaldun tenplarioak edo Tenpluko Ordena deitua, kristautasunaren ordena militar ospetsuenetakoa izan zen. Ofizialki, 1129an sortu zen, Gurutzaden garaian, Lur Santuko erromesak babesteko, eta bi mende inguru iraun zuen.
Tenpluko Ordena | |||
---|---|---|---|
Non nobis Domine, non nobis, sed nomini tuo da gloriam | |||
Datuak | |||
Izen ofiziala | Pauperes commilitones Christi Templique Salomonici Hierosolymitanis | ||
Mota | Ordena militarra | ||
Herrialdea | Aita Santuen Lurraldea | ||
Agintea | |||
Egoitza nagusi | |||
Osatuta | Knight of the Order of the Temple (en) | ||
Zeren jabe | Château de Cazouls-d'Hérault (en) , Castell d'Ascó (en) , Castle of Olivenza (en) , Castle of Chalamera (en) , Monzón Castle (en) , Peñíscolako gaztelua, Castelo de Tomar (en) , Cressing Temple (en) , Castell de Gardeny (en) eta Castle of Penas Róias (en) | ||
Historia | |||
Sorrera | 1120ko urtarrilaren 16a | ||
Sortzailea | Hugues de Payens (en) Godfrey de Saint-Omer (en) André de Montbard (en) | ||
Desagerpena | 1312ko martxoaren 22a | ||
Zaindaria | Bernart Clairvauxkoa |
Historia
1096an, Urbano II.a aita santuak Lehenengo Gurutzada deitu zuen, Jerusalem hartua zuten seljuktarren aurka, eta 1099an gurutzatuek hiri santua konkistatzea lortu zuten.
Tenpluko Ordena 1119. urtean sortu zen, konkistatu ondoko Jerusalemera joaten ziren erromesen segurtasuna babesteko. Hugo Paynsekoa frantziar zaldunak sortu zuen lehen taldea, eta Balduin II.a Jerusalemgo erregeak eman zizkion ahalak, ondasunak eta lurrak. Elizak ofizialki 1129an onartu zuen, Troyesko Kontzilioan, San Bernardo Clairvauxkoak idatzi zituen ordenako arauak. Lau sailetan banatu ziren tenplarioak: zaldunak, sarjentoak, apaizak eta zerbitzariak. Zaldunek bakarrik zituzten nobleei zegozkien pribilejio batzuk. Maisu nagusia zen tenplarioen buruzagi nagusia, eta tokian tokiko buruzagi bana zuten. Pobretasun eta kastitate botoak egiten zituzten guztiek.
1139. urtean, Inozentzio II.aren garaian, aita santuen agindu zuzenaren pean geratu ziren; handik aurrera ondasun handiak jaso zituen ordenak Europako mendebaldeko erregeengandik eta haren boterea handitu egin zen. Kideen kopurua azkar ugaldu zen eta Gurutzadetako borrokalari talderik osatuenetakoa, entrenatuenetakoa eta diziplinatuenetakoa eratu zuten. Europan eta Lur Santuan gotorleku andana eraiki zuten. 1191. urtean Zipre uhartea erosi zioten tenplarioek Rikardo Lehoi Bihotzari, baina hango jendeak ez zituen onartu eta alde egin behar izan zuten ondorengo urteetan.
Gupida gabe borrokatu ziren tenplarioak musulmanen aurka, baina 1291. urtean Palestinako lurra utzi behar izan zuten, Donibane Akrekoa galdu ondoren. Europan barrena zabaldu ziren orduan, eta berehala hasi ziren ordenaren aurkako kanpainak, pribilejio eta ondasun handiak zituztelako. 1304an zurrumurruak zabaldu ziren Europa osoan zehar tenplarioek ezkutuko errituak eta kristautasunaren aurkako jokabideak zituztela, gezurrezko zurrumurruak segur aski; 1307an, ordenarekin zorretan zegoen Filipe IV.a Frantziako erregeak haien aurkako esetsaldia hasi zuen. Preso hartutako tenplarioek ekintza sinesgaitzak aitortu zituzten (Baphomet izeneko jainko bat gurtzen zutela, sakrilegioak, hilketak, sodomia…) eta 1310. urtean hiltzera kondenatu zituzten. 1312an Klemente V.a aita santuak biderik gabe utzi zuen ordena eta haren ekintza guztiak debekatu zituen, 1314an hil zuten Jacques de Molay maisu nagusia eta azkenik Maltako Ordenaren esku utzi zituzten tenplarioen ondasun guztiak. Filipe IV.ak ere irabazi handiak lortu zituen, tenplarioen aurkako kanpainetan eginiko gastuen ordainez.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/06/06 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.