Tenplu
Tenplua (latinez templum) edo jauretxea erlijio-elizkizunetarako edo jainko bati gurtza egiteko eraikina da[1].
Egun, hitzak zentzu zabalagoa hartu du eta hainbat eraikinen inportantzia adierazteko erabiltzen da.
Benetako tenpluak, hobekien gorde diren eraikinak direla eta, kultura bakoitzaren eta bereziki beren arkitekturaren erakusgarritzat hartu dira.
Kaldear-asiriarren tenplua
Lehenengo tenplu aipagarriak kaldear-asiriarren ziguratak dira, dorre formakoak, argizagiei eskainiak eta astronomia behatoki gisa ere erabiltzen zituztenak.
Egiptoarren tenplua
Antzinako Egiptoan, tenplu hitza ez zen eraikin bat deitzeko bakarrik erabilia baizik eta leku sakratu bat izendatzeko, jainkoak etxeetan bizi zirela sinesten baitzuten[2].
Egipton K.a. 2000. urte inguruan eraiki zirenak, Karnakekoa eta Luxorrekoa adibidez, oso aberatsak dira, igarobide eta areto ugariz osatuak.
Greziarren tenplua
Antzinako Greziako tenpluak doriar, joniar eta korintiar ordenatan eraikiak dira; zutabeak eta haien gaineko frontoiak dituzte ezaugarri nagusiak; azpimarratzekoa da, besteak beste, Partenoia.
Erromatarren tenplua
Antzinako Erroman tenplua apaiz edo augure batek zuzendutako eremu sakratua zen[3]. Bertan jainkoak bizi ziren; haien etxea zen. Ohitura hori historiaurretik dator[4].
Erromatarren tenpluak greziar ordenetan oinarritu ziren, oro har, baina beren ekarpen nagusiak ganga eta kupula izan ziren. Aipatzekoak dira Erromako Panteoia eta Vestaren tenplua.
Bizantziarren tenplua
Bizantziarrek erromatarren ezaugarriak eta ekialdekoak nahastu zituzten beren elizetan; arintasuna, apaindura geometriko polikromatuak eta mosaikoak dira haien ezaugarri nagusiak.
Arabiarren tenplua
Arabiarrek meskitak eraiki zituzten, barnealdetik arkuteria aberatsez ornituak.
Ekialde Urruneko tenpluak
Ekialdean hainbat ezaugarritako tenpluak eraiki dira, erlijioen arabera, baina ezagunenak budistenak dira, pagodak, Txinan, Japonian eta Indian eraikiak batez ere.
Kolon aurreko zibilizazio amerikarren tenplua
Bestalde, Amerikan garrantzi handikoak dira Kolonen konkistaz aurretik inkek eta maiek egindako tenpluak, piramide formako mendixkak, tontorrean apaizentzat areto txiki bat zutenak.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
- Monroe, Edgar, "Temples of Egypt"
- Latin Dictionary and Grammar Aid. University of Notre Dame.
- Harper, Douglas. (2001). Online Etymological Dictionary. .