Telma Reca
Telma Reca (San Juan, Argentina, 1904ko urtarrilaren 8a - Argentina, 1979ko ekainaren 16a) medikua, Argentinako haur eta gazteen klinika psikiatrikoan aitzindaria eta hainbat katedren irakasle titularra izan zen. Psikologia karrera sortzen lagundu zuen. Asistentzia Sozialeko eta Osasuneko Ministerioko Higiene Saileko Dibisioetako burua izan zen (Bigarren haurtzaroa eta Haur anormal eta abandonatuak). Hainbat argitalpenen egilea izan zen.[1]
Telma Reca | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | 1904ko urtarrilaren 8a |
Herrialdea | Argentina |
Heriotza | 1979ko ekainaren 16a (75 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Buenos Airesko Unibertsitatea Vassar College (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | katedraduna |
Biografia
Telma Reca San Juanen jaio zen, Argentinan, 1904ko urtarrilaren 8an. Honelaxe zioen bere hitzekin:
"Familia apal batean jaio nintzen, balio moral handiei atxikita. Neurketarik gabeko maitasuna eta eguneroko ahalegina, biziraupenaren berehalako zerbitzura eta helburu goratuen patuan jarriak, izan ziren nire haurtzaroaren forma predikatua eta betiko bizipena”.[2]
1928an mediku graduatu zen, ohorezko diplomarekin, Buenos Airesko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean. Handik aurrera, AEBn ikasketak egitea ahalbidetu zioten beka eta sarien bidez zabaldu zuen bere prestakuntza.[2] Horrelaxe egin zituen gazteen delinkuentziari buruzko azterlanak 1930ean. 1931n, Master of Arts lortu zuen New Yorkeko Vassar Collegen, eta horrek “Delincuencia juvenil/ Gazteen delinkuentzia” doktore-tesian eragin zuen. Doktore-gradua lortu zuen, eta, gainera, Eduardo Wilde saria jaso zuen.
Lan ibilbidea
1934an Estatu Batuetara joan zen eta handik itzuli zenean, Pediatria Katedraren mendeko Haurren Osasun Mentaleko Kontsultategia sortu zuen Buenos Aireseko José de San Martín Klinika Ospitalean. Kontsultategi hori aitzindaria izan zen haur eta gazteen klinikan. Recak AEBn ezagutu zituen Child Guidance Clinics (Haurrentzako orientazio klinikoak) lanean oinarritzen zen eta azterketa horretan 1942an sakondu ahal izan zuen, orduko horrretan Rockefeller Fundazioaren beka baten laguntzarekin. Handik aurrera, Higiene Zentroak Psikologia eta Psikiatria Zentroa izena hartu zuen.[3] Bereziki, psikoterapiaren emaitzak ikertu zituen haur eta nerabeengan. Reca aitzindaria izan zen haurren laguntza psikopatologikoa ospitale mailan bideratzen.
Tesiaren gaiarekiko interesa zela eta, 1941ean Auzitegi mediku titulua lortu zuen, lege mediku edo mediku forentse delako titulua.
Wladimiro Acosta arkitektoarekin ezkonduta, hiru seme-alaba eta lau biloba izan zituen. Ama, Doña Rita, beti bizi izan zen eurekin.
1979ko ekainaren 16an hil zen ustekabean, lanean ari zela. 1979ko Anibal Ponce saria jaso berria zuen.
Osasun Mentaleko Kontsultategia eta Psikologia eta Psikiatria Zentroa
Kontsultategian, haurren osasun mentala haien garapen fisikoarekin lotuta zegoelako ustea zegoen, eta beraz, eragina zuela. Horregatik, pazientea kontsultategian artatu aurretik, Gizarte Higieneko emakume-bisitarien ikastaroko ikasleek “gizarte-inkesta” egiten zuten.[4]
Kontsultategian maila mentalak ezartzeko probak egiten ziren eta azterketa medikoan guztia hartzen zen kontuan. Azkenik, medikuntza-, hezkuntza- eta gizarte-arloetako tratamendu egokia aukeratzen zen. Recak nabarmendu zuen, sarritan, esku-hartzeak azken bi arloetara mugatzen zirela. Atzerrian ezagutu zuen ereduari jarraituta, beharrezkoa izan zen sare soziala, kontsultategiko plantilla eta langileen prestakuntza handitzea. Katedraren titular berriak, Garrahan doktoreak, 1942an, Psikologia eta Psikiatria Zentroa izena hartu zuen kontsultategirako premiazko handitze eskaerak babestu zituen. 1960ra arte egon zen Reca zuzendaritzan, eta gero Marta Bekeik hartu zuen ardura.[5]
Psikologiako karrera sortzea
Gizarte Laguntza eta Osasun Publikoko Ministerioko Higiene Sailean 1937tik 1948ra egon ondoren, Recak Psikologiako karrera sortzen lagundu zuen, eta 1961ean Psikologia Saileko zuzendaria izan zen, 1966an utzi zuen arte.[6] Bere ardurapean izan zituen Psikologia Ebolutiboko eta Haurtzaro eta Nerabezaroko Psikologia Klinikoko katedrak.
Aldi berean, UBAk Eboluzio Garaiko Psikologia eta Psikopatologia Saila sortu eta 1958tik 1966ra zuzendu zuen Klinika Ospitalean. Diziplina arteko laguntza, irakaskuntza eta ikerketarako zen.
'Noche de los bastones largos'
Telma Reca izan zen 1966ko estatu-kolpe militarretik sortutako de facto gobernuaren Unibertsitatearen Esku-hartzeari uko egin zioten ehunka irakasle unibertsitarioetako bat, eta Noche de los bastones largos gauaren aurka agertu zen.
Bere katedrei uko egin zienez, Telma Reca Klinika Ospitaleko Psikologia eta Psikopatologia Departamentuko Zuzendaritzak utzi zituen. Saileko kide guztiak ere erretiratu ziren.
1967an, laguntzaile batzuekin batera, Haurtzaro eta Nerabezaroko Ikasketa Mediko Psikologikoen Zentroa (CEAM) izeneko erakunde pribatua sortu zuen.
Haurtzaroko eta Nerabezaroko Ikasketa Mediko Psikologikoen Zentroa (CEAM)
Telma Reca eta haren laguntzaileak (medikuak, psikologoak eta psikopedagogoak) 1966an hasi ziren zentro pribatu bat antolatzen eta horretarako bitartekoak jartzen. Zentro horri Haurtzaroko eta Merezimenduetako Ikasketa eta Laguntza Psikologikorako Zentroa izena eman zitzaion.
1967ko otsailean hasi zen lanean, eta asistentzia-, irakaskuntza-, ikerketa- eta argitalpen-lanak egin zituen.[6] Haur eta nerabeen psikiatrian eta psikologia klinikoan espezializatzeko hiru urteko ikastaroak sortu zituen CEAMek, mediku eta psikologoentzat.
Reca hil zenean, CEAMeko kideek Evelyn Costa eta Anny Speier izendatu zituzten zuzendaritza medikoaren eta zuzendaritza zientifikoaren kargu, hurrenez hurren. 90eko hamarkadaren erdialdean, CEAM desegin egin zuten kideek, jada ezin baitzen ekonomikoki eutsi.
Bere pentsamendua
Haren pentsamenduaren ildo nagusiak honako hauek ziren: gazteen delinkuentzia, gaixoaren kontsiderazio integrala, nortasunaren kontzeptua, historia klinikoa eta haur- ideia.[7]
- 1973an, Telmak ikuspuntu[8] baten azalpena eta oinarriak zehaztu zituen... ikuspegi psikopatologiko eta psikoterapeutiko baten oinarriak... ezaugarri orokorrak eta dinamikoak dituena. Genetikoa edo ebolutiboa denak esan nahi du ezinbestekoa dela haur eta nerabeen garapenaren faseak ezagutzea, etapa bakoitzean beren bilakaera neurofisiologikoan dituzten aukerak ezagutzea eta eboluzio-une bakoitzean ingurunearekin dituzten harremanen arabera ezagutzea. Dinamikoak berekin dakar indarrezko interjoko betiereko bat ezagutzea, gizabanakoak besteekin eta bere buruarekin duen jarrera eta harremanean. Sakontasunari buruz zera esan zuen:
Uste dut esan daitekeela herentzia menderatzailea eta psikoanalisiaren balio gorena... motibazio inkontzienteen mundu psikikoa argiztatzean datzala, zeinaren sustraia, batzuetan, bizitzaren oso garai goiztiarretan hondoratu daitekeen... jokabide komunean eragina du... eta neurosia eta psikosia eragiten dituen faktorea...
- Hiru faktore horien integrazioa nabarmendu behar da, paziente bakoitzaren indibidualtasun bakar, biopsikosoziala atzemateko, Meyer-en arabera.[9] Telma Recaren ikuspegiak, ikerketaren emaitza gisa, nabarmendu egiten du ezagutza zabaltzeko sistema kontzeptualen garrantzia.
- Paziente bakoitza bere konplexutasun osoan, biologikoan, medikuntzan, psikologikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean baloratzen zuen. Klinika eta ikerketa egiten zuten profesionalen diziplina arteko talde batek zaintzen zuen.[2]
- Nortasunaren kontzeptua: osotasun psikobiologiko bateratua, dinamikoa eta bizitzan zehar eboluzio kontzientean, ingurunearekiko etengabeko erlazioan eta kontzientea ez den mundu endopsikiko bat eraikitzeko prozesu jarraituan integratua.[10]
- Historia klinikoa, Kannerren postulatuei jarraituta, ez da formulario hutsa, lan-tresna dinamikoa da, eta hiru fasetan egiten da: orain arteko historia, historia pertsonala eta historia jarraia. Psikologo batek, mediku batek eta historialari batek osatutako talde batek osatu behar du istorioa. Azken hori psikologoa, medikua edo gizarte-langilea izan liteke.[11]
- Herentzia, izaera biologikoa eta inguruak konbinatzen dituen izakia da haurra, helduaren begiradaren aurrean nolabaiteko iluntasuna duena
Sariak eta aintzatespenak
- 1932an Eduardo Wilde saria jaso zuen.
- 1979an Anibal Ponce saria eman zioten.
Erreferentziak
- «Telma Reca» ecured.
- Telma Reca. .
- «La atención de la infancia durante la década del 30. El consultorio de Higiene Mental y otras instituciones.» Revista de Historia de la Psicología en Argentina (Facultad de Psicología. Universidad Buenos Aires) (2): 217 -226. 2009 ISSN 18522270..
- Ramacciotti, Karina Ines (2018) Telma Reca en la gestión estatal de la sanidad argentina (1930-1948), Asclepio, 70 (1): p.211, https://doi.org/10.3989/asclepio.2018.04
- «La atención de la infancia durante la década del 30. El consultorio de Higiene Mental y otras instituciones.» Revista de Historia de la Psicología en Argentina (Facultad de Psicología. Universidad Buenos Aires) (2): 217 -226. 2009 ISSN 18522270..
- Telma Reca, Anny Speier y colab., Temas de psicología y psiquiatría de la niñez y adolescencia, Vol I, Ed. CEAM, BsAs,1969. Vol II (1971), Vol III (1972), Vol IV, (1975).
- Borinski, Marcela: De la delincuencia juvenil a los problemas de conducta en el niño (http://www.aacademica.org/000-051/33)
- Reca, Telma: Introducción definitoria del enfoque genético-dinámico-profundo, en Psicología, Psiquiatría, Psicoterapia, S XXI, 1973.
- Traid, Virgilio: Revisión histórica del modelo biopsicosocial, 2005.
- «Biografía. Telma Reca» Capítulo de Historia y epistemología de la Psiquiatría de la Asociación de psiquiatras argentinos.
- «Las características de la historia clínica psiquiátrica infantil en Telma Reca. “Historia, infancia e instituciones”.» Revista de Historia de la Psicología en Argentina. (5) 2012 ISSN 18522270..
Bibliografia hautatua
- Delincuencia infantil en los Estados Unidos y en la Argentina/Haurren delinkuentzia Estatu Batuetan eta Argentinan (1932) Eduardo Wilde saria.
- Personalidad y conducta infantil/ Haurren nortasuna eta jokabidea (1937)
- La inadaptación del escolar/ Ikaslea ez egokitzea (1944)
- Psicoterapia de la infancia/ Haurtzaroko psikoterapia (1951)
- Tratamiento psicológico de los problemas infantiles: 21 Historias de clínica psiquiátrica infantil/ Haurren arazoen tratamendu psikologikoa: 21 Haurren klinika psikiatrikoko istorioak (1956)
- Problemas psicopatológicos en Pediatría/ Arazo psikopatologikoak Pediatrian (1961)
- Psicología, Psicopatología, y Psicoterapia/ Psikologia, Psikopatologia eta Psikoterapia (1973)