Telesforo Monzón
Telesforo Monzón Ortiz de Urruela (Olaso dorrea, Bergara, Gipuzkoa, 1904ko abenduaren 1a - Baiona, Lapurdi, 1981eko martxoaren 9a) euskal idazlea eta politikari nazionalista izan zen.
Bigarren Errepublikaren garaian Eusko Jaurlaritzako kidea izan zen, buruzagi jelkide gisa. Gerra Zibila galdu ondoren, erbestera ihes egin beharra izan zuen. 40 urtez Ipar Euskal Herrian bizi izan zen; aldi hartan aldaketa ideologiko sakona izan zuen, eta Hego Euskal Herrira itzuli zenean Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen.
Bizitza
Telesforo Monzon Bergaran (Gipuzkoa) jaio zen familia aberats batean, Olaso dorretxean. Madrilen egin zituen Zuzenbide ikasketak, bukatu ez zituen arren. Familia karlismo tradiziokoa zen, baina Telesforo gaztea euskal nazionalismorantz hurbildu zen.
EAJko kide
Berriro ikasi zuen euskara, ia ahaztua zuen hizkuntza, eta jelkide egin zen 1930ean, Bigarren Errepublika hastear zela.
Errepublika garaian Bergarako EAJko zinegotzi hautatu zuten. Hizlari aparta, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere. 1933an, Bigarren Errepublika garaiko Legebiltzarreko diputatu [1] hautatu zuten EAJren izenean.
1936an Gipuzkoako diputatu izan zen Madrilgo parlamentuan.
Gerra Zibila
1936ko uztailaren 18an altxamendu militarra izan zen eta Espainiako Gerra Zibila hasi zen. EAJk Errepublikaren aldeko hautu epela egin zuen hasieran, defentsa eta ordena lanetan zentratua, eta Monzon Gipuzkoako Defentsa Batzordeko kide izan zen (Junta de Defensa), baita Donostiako barne-gaietako arduradun nagusia ere. Aldiz, uztail amaieran eta abuztu hasieran Ondarretako espetxearen kontra zenbait ezkertiar indarrek egindako erasoen ondoren, dimisioa eman zuen, talde kontrolgabeak egiten ari ziren fusilamenduen aurka baitzegoen. Eusko Gudarostea antolatzeko lanetan parte hartu zuen, Eusko Jaurlaritzaren armada erregularra izango zena.
1936ko urrian, altxatutako eskuin muturreko indarrak Bizkaiko atarian zirela, Euskal Autonomia Estatutua onartu zen. Eusko Jaurlaritza osatu zenean, Gobernazioko sailburu[2] izendatu zuen Jose Antonio Agirrek. Izendatu berritan, Guardia Zibila eta Guardia de Asalto polizia-kidegoa desegin zituzten, eta Ertzaintza polizia antolatu.[3]
1936ko azarotik aurrera, Monzonek eginahalak egin zituen Bilbon zituzten eskuindar presoak Francoren preso euskal herritarrekin trukatzeko, baina Francok uko egin zion konponbide horri.[4] 1937ko urtarrilean, militar errebeldeen aire-eraso batengatik mendekua hartu nahirik, ezkertiar joerako Bilboko jendetzak haserre jo zuen eskuindarrak giltzapean zituen Larrinaga espetxera eta Carmelo zein Angeles Custodios komentuetara, eta ateak zabaltzeko eskatu zuen. Monzonek ordena mantendu nahi izan zuen, baina ezkertiar indarren kontra tiro egin beharrik gabe, Eusko Jaurlaritzako indarren arteko borroka zibila saihesteko.[5] Azkenean ateak ireki ziren eta, UGTko gizonek ordenari eusten porrot egin ondoren, ertzaintzaren polizia motorizatua heldu zen Telesforo Monzon buru zela. Normal delako espetxean, Monzon adore handiz sartu zen eskoltarik gabe, eta milizietako arduradunari hilketa berehala bertan behera uzteko agindu zion pistola eskuetan. Arduradunak hala egin zuen, baina ordurako odola ugari isuri zen.[4]
Gernikako bonbardaketan testigu izan zen. Frankistek Euskadi okupatu zutenean, 1937ko abuztuaren 23an, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera egin zuen ihes Santandertik Frantziarantz.
Herri Batasuneko garaia
1977ko apirilean, Xibertako topaketa bultzatu zuen Ezker Abertzaleko eragileen eta EAJren artean, baina horiek porrot egin ondoren, 1977ko udan Hegoaldera itzuli zen, eta abuzturako Altsasuko Mahaia osatu zuen KAS Alternatibaren inguruan. Urtebete geroago sortu zen Herri Batasuna Altsasun (Nafarroa). Koalizio horretan EAE/ANV, ESB, HASI eta LAIA alderdiek parte hartu zuten, hainbat independenterekin batera.
1979ko martxoko Espainiako hauteskundeetan koalizioak 170.000 boto lortu zituen, Hego Euskal Herrian emandakoen % 13. Monzon Kongresurako hautatua izan zen Gipuzkoako barrutian, 46 urte lehenago gertatu zen bezala, orduan EAJko kide moduan. Oraingoan, Monzonek 74 urte zituen eta osasun arazo ugari. Horrez gain, atxilotu egin zuten eta kartzelan gehiago gaixotu zen. Diputatu izateagatik lortu zuen espetxetik irtetea, baina ez zen Kongresura inoiz joan, gaixoegi baitzegoen. 1979ko abenduan Letamendia eta biak epaitu zituzten terrorismoaren apologia egitea egotzita. 1980ko martxoan legebiltzarkide aukeratu zuten EAEko lehen autonomia hauteskundeetan, baina segituan dimititu, eta Antonio Ibargurenek bete zuen kargua. Ez zen Legebiltzarrera joan ere egin, osasun arazoak zirela-eta.
Ezker Abertzalera hurbildu izanaz, bere bizitzaren amaieran aitortu zuen Monzonek «HBko Mahai Nazionalaren sei hilabeteetan, langileen egoeraren inguruan, aurreko 70 urteetan baino gehiago» ikasi zuela.
Baionan hil zen 1981eko martxoaren 9an, eta Bergaran lurperatu zuten.
Idazlea
Olaso ezizenez sinatu zituen bere lanak deserrian zebilen bitartean. Olerkigintzan hasi zen lehenengoz, eta 1945ean Mexikon argitaratu zuen Urrundik. 1947an Frantziara itzuli zen, eta Gudarien Eginak argitaratu zuen, bere obrarik ezagunenetakoa. 1950eko hamarkadan antzerkigintzan ere aritu zen, komedia batzuk idatzi zituelarik. 1966an, euskaltzain urgazle izendatu zuten.
Hala ere, Monzóni ospe handiena kantek eman zioten. Izan ere, hainbat abesti abertzale sortu zuen, doinu ezagunen bati erantsita: Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu eta segi aurrera, Kanta aberria, Kalera, kalera...
Olertia
Telesfororen idazlanik ospetsuenak musikatutako olerkiak ditugu, makina bat euskal abesti abertzaleren hitzak sortu baitzituen: Bai Euskarari, Batasuna, Itziarren semea eta abar (ikus zerrenda osatuago bat hemen). Beste hainbat olerki, aitzitik, idatziz argitaratu zituen:
Antzerkia
- Behorraren ostikoa (1961, Egilea editore)
- Eneko Bizkai eta Maria Lorka (1966, Graf. Hernani)
- Gure behia hila da! (1960, Egilea editore)
- Hazparne-ko Anderea. Antzerkia hiru zatitan (1984, Elkar)
- Menditarrak (1957, Euzko Gogoa)
- Monzonen antzerki kaierak (2011, Hiria) Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak prestatu edizioa
« | - Zein izan dira zu markatu zaituzten erreferenteak, eta Ipar Euskal Herria markatu dutenak?
- Lehena Piarres Xarriton. Euskal Munduan sartu nintzen berari esker, eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren zati bat horrelakoa da berari esker. Ekonomia arloan inportantea izan zen Jean Errekart, barnealdeko laborantza munduarentzat. Politikan, Mixel Labegerie, euskal nortasuna pizten lagundu zuelako. Kulturan, Piarres Lartzabal, abertzale ez ziren anitz abertzaletu zirelako haren antzerkiei esker. Laurek lagundu zuten jendeen mentalitatea aldatzen. Badira ere gehiago: Piarres Lafitte, Marc Legasse, Telesforo Monzon, Mixel Berhokoirigoin... |
» |
Erreferentziak
- Eneko Azkarate: «Pantxoa eta Peio, hiru hitzaldi eta omenaldia Monzon goratzeko», Goiena.net, 2011-02-11.
- Pantxoa eta Peio, hiru hitzaldi eta omenaldia Monzon goratzeko, Goiena.net.
- Steer, George L.. (2009 (1938)). The Tree of Gernika. London: Faber and Faber Ltd. 100. or.
- Steer, George L.. (2009 (1938)). The Tree of Gernika. London: Faber and Faber Ltd. 118. or.
- Steer, George L.. (2009 (1938)). The Tree of Gernika. London: Faber and Faber Ltd. 115. or.
- Aizpuru Ostolaza, Jose Luis. (2023-01-01). «Xipri Arbelbideri elkarrizketa - Jakin.eus» www.jakin.eus: 11-66. (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
Bibliografia
- Izagirre, Koldo: Telesforo Monzonen zortzi poema inedito. - Egan, 2004-3/4, 5-19
- Mendiguren Elizegi, Xabier: Langosta baten aitzakian: Telesforo Monzonen erretratu bat, bere hitz lauzko idazlanetan barrena. - Egan, 2004-3/4, 21-37
- Sudupe, Pako 2011: 50eko hamarkadako euskal literatura II. Kazetaritza eta saiakera, Donostia, Utriusque Vasconiae. ISBN 978-84-938329-5-7
- Sudupe, Pako 2018: Telesforo Monzon : aristokrata abertzalea : EAJtik HBra, bilakaera politiko-kulturala, Donostia, Txertoa. ISBN 978-84-7148-595-3
Kanpo estekak
- Telesforo Monzonen biografia. Auñamendi Entziklopedia.
- Telesforo Monzoni eskainitako alea, Bidegileak bilduman.
- Telesforo Monzon. Literaturaren Zubitegia.
- Goiena papera 452. zenbakia, 2011ko otsailaren 11. 11. orrialdea. Telesforo Monzon gogoan
- Pantxoa eta Peio, hiru hitzaldi eta omenaldia Monzon goratzeko
- 2011ko Pastorala, Monzonen ingurukoa
- Joseba Aurkenerena: Monzon eta Orhipeko pastorala