Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT)

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) informazioaren tratamendurako eta haren transmisiorako erabiltzen den teknologia multzoa da[1]. IKT terminoaren bidez informazio-teknologiaren (IT) kontzeptua hedatu egiten da, informazioaren komunikazioa ere bere barnean hartuz.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) eta hodei konputazioaren osagai nagusien laburpen eskematikoa, 2000ko hamarkadaren hasieran

Informazioa modu digitalean sortu, biltegiratu, manipulatu edo transmititzeko balio duten gailuek eta produktuek osatzen dute IKT: ordenagailuak, tabletak telefono adimentsuak, telebista digitala, irratia, posta elektronikoa, robotak, konputagailuen eta sareen hardwarea, satelite-sistemak, etab. Informazioa hainbat formatutan egon daiteke: testua, irudia, audioa edo bideoa, adibidez. Informatikaren eta telekomunikazioen garapenari esker, IKT-ak eskaintzen dituen aukerak oso zabalak dira.

IKT teknologia modu etikoan eta legearen baitan erabiltzeko beharra azpimarratzen dute Europar Parlamentuak eta Europar Kontseiluak. Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusi ohi Kofi Annanek esan zuen bezala[2]:

« Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ez dira panazea edo formula magikoa, baina planetako biztanleen bizitza hobe dezakete. Milurtekoko Garapen Helburuetara iristeko tresnak ditugu, askatasunaren eta demokraziaren kausan aurrera egiteko tresnak, eta ezagutza zabaltzeko eta elkar ulertzen laguntzeko beharrezko bitartekoak.  »
Kofi Annan, NBEko idazkari nagusia, Geneva, 2003.

Historia

Komunikazioa aurrerapen handien erantzulea da, bai gaur egun eta baita aspaldiko garai historikoetan ere. Informazioaren komunikazioa fenomeno konplexua da eta garrantzitsua oso, kontzeptu eta ideia berrien bilakaerarako. Mezuak trukatzearen ondorioz aurkikuntza handiak egin dira historian zehar. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, aldatu egin dira gure artean komunikatzeko eta ideiak eta emozioak transmititzeko moduak. Gizakion gaitasun arrazionala garatuz joan da eta komunikaziorako prozedura eta mekanismo berriak sortu dira. Komunikazioaren eboluzio horretan teknologiaren garapenak garrantzia handia izan du.

Historialarien arabera, idazketa-sistemen sorrerak historiaurrearen eta historiaren arteko bereizketa markatu zuen, giza eboluzioan eta komunikazioan izan zuen garrantziagatik. Historiaurreko herrietako labar-pinturak idazketaren aitzindaritzat hartzen dira, ez benetako idatzitzat, ez baitute hizkuntza zuzenean adierazten. Egiptoar idazkera hieroglifikoa Antzinako Egipton erabilitako idazketa-sistema da, adibidez. Gerora, papiro eta papera agertu zirenean, idatzizko mezuen transmisioa zabaltzen hasi zen.

Teknologia-fase desberdinak bizi izan ditu gizarteak historian zehar. Informazioaren eta komunikazioaren garapenean, Gutenberg-ek XV. mendean inprenta asmatu izana aurrerapauso handia izan da. Garapen teknologiko horri esker, modu masiboan argitaratu ahal izan ziren liburu eta idatziak, egunkari eta aldizkariak. Idatzizko komunikazio-metodo oso eraginkorra izan zen; informazioaren komunikazioa hedatu egin zen gizateriaren historian ordura arte ez bezala.

Gerora, informazioa jasotzeko formatu berriak sortu ziren, irudia, bideoa eta soinua jaso eta erreproduzitzeko aukera sortu baitzen. Gainera, kable bidez eta uhin elektromagnetikoen bidez (irrati-uhina) informazioa transmititu ahal izan zen. Aurrerapen teknologiko horiei esker, XIX. eta XX. mendeetako komunikazio-asmakizun ikusgarriak sortu ziren: telegrafoa, telefonoa, fax-a, irratia, telebista eta radarra, adibidez. Funtsezko teknologiak izan ziren, baita ere, datuen biltegiratze magnetikoaren garapenerako: memoria, disko gogor, etab. Telekomunikazioen iraultza hasi berria zen. Informazioaren gizartearen hasiera izan zen.

XX. mendeko teknologiaren garapena azkarra izan zen. Komunikazioen eta garraio-teknologien modernizazioak, hezkuntzaren hedapenak, metodo zientifikoaren erabilerak eta ikerketarako inbertsioek zientzia eta teknologia berrien sorreran eragin zuten. Informazio-bolumen handiak sekula baino azkarrago tratatu eta transmititzeko gaitasuna sortu zen; iraultza digitala gertatu zen. Konputagailuen sorrera eta haien arteko konexioa posible egin zuen teknologia (Internet) asmatzea funtsezko izan zen. Horri esker, multimedia-mezuak denbora errealean bidali ahal izan ziren, eta bestelako aukera berriak agertu ziren; telekonferentzia, bat-bateko mezularitza zerbitzuak, txat-a, posta elektronikoa, web orriak, era guztietako online aplikazioak, simulazioak, etab. Telefono adimendunak eta bestelako gailu digital eramangarriak gizartean hedatu ziren, gizakion artean informazio-trukea eta harremanak aldatzeraino. Konputazio ahalmenak etengabe gora egin duen bitartean dispositiboen tamaina txikitzea lortu da (miniaturizazioa). Horri esker, erabilera anitzeko gailu digitalak prezio eskuragarrietan ekoitzi ahal izan dira.

IKT-a teknologia berriekin erlazionatu ohi den arren, kontzeptua dinamikoa da. XIX. mendean telefonoa teknologia berria zen garai hartarako. Gauza bera gertatu zen telebistarekin XX. mendeko 50eko hamarkadan. Hala ere, testuinguru zabal batean, esan daiteke telefonoa, telebista eta ordenagailua gaur egun IKT-aren parte direla, komunikazioa eta informazioaren trukea ahalbidetzen duten teknologiak diren heinean.

Kontzeptu berri bat

IKT teknologiek izan duten zabalkundea eta gizakiongan sortzen duten eragina hain handia izanik, kontzeptu berri bat sortu dela esan daiteke. Informazioaren gizartean bizi gara orain, XXI. mendean berehala jasotzen dugu munduko gertaeren berri, planetako beste muturretako jendearekin online komunikatzen gara, taldean egiten dugu lana leku berean egon gabe, modako bideoklip-a milioika lagunek ikusten dugu istant berean; bat-batean dena aldatu dela dirudi.

Lehen, informazioa kontzentratuta egoten zen. Eskola eta unibertsitatea ziren ezagutzaren esparruak eta irakasleen eskutik liburuak kontsultatuz ikasten zen. IKT-ekin muga horiek gainditu dira eta informaziorako sarbidea zabaldu da. Gainera, ia edonork argitara dezake informazioa, nahiz eta zenbaitetan haren kalitatea zalantzazkoa izan. IKTen bidez gizakion artean elkarreragiteko aukera zabaldu da, erabiltzaileak informazioa jasotzeaz gain, informazio berria denen eskura jartzeko aukera duelako orain.

Komunikazioa hain azkarra izanik, pertsonen arteko harremana eskatzen duten aktibitateak ere bizkortu egin dira. Ondasunen eta zerbitzuen salerosketak negozio elektronikoaren bidez egiten dira, politikariek sare sozialak erabiltzen dituzte haien iritziak emateko, eta abar. IKTek bizitzaren alderdi guztiak aldatu dituztela dirudi, dena "klik" batean eskura izango bagenu bezala.

Aplikazioak

Gizakion bizitzaren esparru gehienetan eragiten dira IKTak: eskoletan, lanean, aisialdian. Gizartearen gero eta zati handiagoak du informaziorako sarbidea. Inklusio digitala gertatu dela esaten da, IKT teknologien demokratizazioa. Euskarazko IKT-ak ere gero eta ugariagoak dira[3][4].

Eskoletan maila guztietako irakasleak ari dira IKT tresnen erabileran trebatzen[5][6][7][8]. Gaur egun, informazioa paperezko formatuan kontsultatzeaz gain, formatu digitalean gordetako dokumentuetan bilatzea arrunta gertatzen da. Urrutiko irakaskuntzaren bidez pertsona guztientzat aukera-berdintasuna erraztu nahi izan da. Gaitasun digitalak, hau da, informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna[9], zeharkako gaitasun moduan hartzen ditu Europako Batzordeak eta oinarrizko trebetasun orokor moduan hartzen da, bai ikasketa-prozesuetan eta baita bestelako esparruetan ere. XXI. mendeko profesionalen IKT gaitasunak deskribatzeko eta kudeatzeko eredu bat Skills Framework for the Information Age[10] da.

Enpresetan, helburu komunak dituzten pertsona-taldeak izanik, informazioa komunikatzeko beharra handia izaten da[11]. Enpresa handietan komunikazioa zailtzen duten oztopo kulturalak, sozialak, teknologikoak, geografikoak eta denborazkoak izaten dira. Haiek gainditzeko enpresa-software ugari diseinatu dira eta bertako informazio-sistemetan mota askotariko informazioa gorde ahal izan da. Hori guztia integratuta eta eskuragarri izatea abantaila handia da enpresen jardunerako[12].

Bestelako hainbat arlotan ere lagungarri gertatzen dira IKTak, batzuk aipatzearren, merkataritzan, telemedikuntzan, datu-baseen kudeaketan, burtsan, robotikan, web-irisgarritasunean, nekazaritzaren eta basoaren kudeaketan, garapen-iraunkorrean, ingurumenaren eta biodibertsitatearen monitorizazioan, etab.

Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGE) arabera, IKT-ak sektore ekonomiko hauek hartzen ditu:

IKTak Hezkuntzan

Gaur egungo gizarteak teknologian oinarritutako bizimodua erakusten du. Ikasgela modernoetan konputagailu ugari sartzen dira.

IKTak hezkuntzan eraginkorrak izateko, erabat integratu behar dira hezkuntza metodologian. Zehazki, alfabetizazioa eta matematika irakasten direnean, IKTekin konbinatuz gero emaitza hobeak lortzen dira[13]. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO) IKTak hezkuntzan integratzea bultzatzen du, ekitatea eta hezkuntzarako sarbidea bermatzeko. Honako testuak, UNESCOk hezkuntzako IKTei buruz egindako argitalpen batetik hartuta, erakundeak ekimenari buruz duen jarrera azaltzen du.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia lagungarri izan daiteke hezkuntzarako sarbide unibertsala lortzeko, hezkuntzan ekitatea lortzeko, kalitatezko ikaskuntza eta irakaskuntza emateko, irakasleen garapen profesionala garatzeko eta hezkuntzaren kudeaketa eraginkorragoa izateko. UNESCOk ikuspegi integrala eta holistikoa hartu du IKTak hezkuntzan sustatzeko. Sarbidea, inklusioa eta kalitatea dira erronka nagusiak. Erakundeko Hezkuntzako IKTen Sektore arteko Plataformak gai horiek jorratzen ditu, hiru sektoreek batera egindako lanaren bidez: Komunikazioa eta Informazioa, Hezkuntza eta Zientzia.[14]

Prestakuntza funtsezko elementua da teknologia berriak eguneroko jardueretan txertatzeko prozesuan, eta horrek baldintzatuko du informazioaren gizartearen aurrerapena. Helburua da teknologia horiek erabiltzea, bai irakaskuntzarako baliabide gisa, bai ikaskuntzarako bitarteko gisa, bai komunikabide eta adierazpide gisa, eta ikasteko eta hausnartzeko tresna gisa. Horrek guztiak arazo bat sortzen du: eskolak teknologia berriak xurgatzeko gaitasun gutxi duela. "IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan" (UEU, 2019) izeneko liburuan ongi azaltzen da teknologia eta hezkuntzak bat egiteko dituzten zailtasunak.[15][16]

Aurkari eta kontrako asko ditu teknologiak oraindik orain hezkuntzan; horrez gain, oraindik egiteko asko dago eta era anitzeko arazo ugari dakarzkio. Eta hala ere, azken urteotan izandako teknologiaren garapenak ia guztion eguneroko bizimoduan era guztietako aldaketak eragin ditu: lanean, aisialdian, hedabideetan, salerosketetan eta komunikazioan, besteak beste. Hezkuntza aldaketa horietatik aparte izan ez bada ere eta gaur egun irakas-praktika ugarik teknologiaren beharra badu ere, orain da unea ikuspuntu kritiko batetik teknologiak eta hezkuntzak bat egiteko. Teknologiak berrikuntza bi egiteko orokorretan ekarri behar dizkio hezkuntzari: batetik, ikaskuntzan egin beharreko atazak laguntzen edo hobetzen, hots, aurrez aurreko ikaskuntzako kalitatea hobetzen eta, bestetik, ikaskuntzari balio erantsia ematen, hau da, testuinguru digitalean zentzu gehiago duten atazak eta metodoak bultzatzen.

[...]

Hori ikuspuntu kritiko batetik egin nahi bada, ezinbestekoa da konpetentzia digitaletan trebatuta egotea, Europako erreferentzia-markoaren arabera «Digital competence involves the confident and critical use of Information Society Technology (IST) for work, leisure and communication».

[...]

Teknologia digitalek hezkuntzako erronkei erantzuteko modu ugari ekarri dituzte: inklusioa, ubikotasuna, ikasmaterialen aniztasuna eta moldagarritasuna eta arreta pertsonalizatua, besteak beste, baita euskal curriculuma inplementatzeko aukera ere. Horiek guztiak, gure ustez, uztartu egin behar dira gaur egungo hezkuntzan, euskararen eta euskal komunitatearen ikuspegitik, era batean edo bestean, online irakaskuntza eta baliabide digitalen bidez.

Teknologiak dituen aukerak aipatzeaz gain, berarekin dakartzan arriskuak ere kontuan izan behar dira. Eskolan modu kritikoan aplikatzeaz gain, esku-hartzeak prestatu behar dira eta arazoak sortzean horiek konpontzeko estrategiak garatu behar dira, batez ere, arrisku-taldeekin.

Ordenagailuek irakaskuntza- eta ikaskuntza-praktikak hobetzeko eta berritzeko duten ahalmena gorabehera, ezarpen desegokia arazo orokorra da, finantziazio eta aurrerapen teknologiko handiagoak lortzetik haratago, eta ez dago argi irakasleak eta tutoreak eguneroko ikaskuntzan IKTak egoki integratzen ari direnik. Berezko oztopoak, hala nola irakaskuntza-praktika tradizionalagoetan sinestea eta hezkuntzako konputagailuekiko jarrera indibidualak, irakasleek ordenagailuekin duten erosotasuna eta horiek guztiak erabiltzeko gaitasuna, IKTak ikasgelan integratzeko eraginkortasuna aldakorra izatea ekartzen dute.

Komunikabideek gizarteari dakarzkioten onura argienen artean daude kulturarako eta hezkuntzarako sarbidea, non aurrerapen teknologikoek eta bizi garen komunikazio-aroak dakartzan onurek balantze eta aurreikuspen oso positiboak egiten baitituzte. Hala ere, zenbait adituk azpimarratu dute harremana egon behar dela ematen den informazioaren eta pertsonek informazio hori bereganatzeko duten gaitasunaren artean. Horregatik, komenigarria da baliabide ahaltsu horiek erabiltzeko hezkuntza egokia izatea.

Hezkuntzara itzuliz, bere helburuak, xedeak, pedagogiak eta metodologia didaktikoak birplanteatu behar ditu. Ikastea hain beharrezkoa egingo duten indar teknologikoek ikasketa-prozesua bera atsegina eta praktikoa izatea eragingo dute. Gaur egun, eskolak, beste erakunde batzuk bezala, informazioaren teknologiak irekitako aukeren inguruan berrasmatzen ari dira. Hezkuntza-sare birtualak hezkuntza-sistemaren oinarrizko unitate berri bihurtzen ari dira; besteak beste, hezkuntza-esparru berriak diseinatu eta eraikitzea, hezkuntza-tresna elektronikoak egitea eta irakaskuntzan espezializatutako hezitzaileak gizarte-espazio berri batean prestatzea.

Hezkuntza hedatua

Hezkuntza hedatua terminoa hezkuntza formalaren berezko elementuak, irakaskuntza informala eta teknologia berrien erabilera bateratzen dituen hezkuntza-modalitate bati dagokio, etengabeko ikaskuntzaren aldeko apustua eginez. Interneti esker, informazioa hainbat iturritatik atera eta aipa daiteke, eta, gainera, lankidetzarako tresnei esker, pertsona bakoitzak neurrira egindako prestakuntza-ibilbide bat egin dezake, bere interes eta gaitasunei erantzuteko. Modalitate honen oinarri den premisa da ikaskuntza, hezkuntza, edozein unetan sor daitekeela, edozein lekutan, hezkuntza-erakundeen hormen barruan eta haietatik kanpo. Gela jada ez da ezagutzak banatu eta bereganatzeko gune esklusiboa, non irakaslea baitzen ikasleak ezagutu behar zituen ezagutzen edukitzailea. Internet eskolako paretetan sartu da eta hezkuntza-asimetria alderantzikatu du. Hezkuntza ez dago irakaslearen irakasteko motibazioetan oinarrituta, baizik eta ikasleek ikasteko dituzten motibazioetan.

Hezkuntza-modalitate hau, beraz, ikasten duen pertsonaren motibazioan oinarritzen da, informazioaren eta komunikazioaren teknologien laguntzarekin. Teknologia horiek, helburu pedagogikoekin erabilita, ikasleek irakaskuntza-proposamenak beren beharretara egokitzeko aukera dute, ikaskuntza autonomoa, esperimentazioa eta ikerketa erraztuz. Ikasleak edukien kontsumitzaile pasiboa izateari uzten dio, eta rol aktiboa hartzen du bere gain, parte hartzen, sortzen, iruzkintzen eta partekatzen duen protagonista aktiboa. [17]

E-learning irakaskuntza-motaren ezaugarrietako bat da irakasleak eta ikasleak fisikoki bananduta egon daitezkeela, toki desberdinetan, eta Internet erabiltzen dutela ezagutza banatzeko eta komunikatzeko.

Errefuxiatuentzako ikaskuntza mugikorra

Eskola-inguruneek eginkizun garrantzitsua dute hizkuntzaren ikaskuntza errazteko.[18] Hala ere, hizkuntza eta alfabetatze oztopoak errefuxiatuak eskolara sartzea eta bertara joatea eragozten duten oztopoak dira, batez ere kanpalekuetatik kanpo.

Laguntza mugikorrarekin, hizkuntzak ikasteko aplikazioak funtsezko tresnak dira hauek ikasteko. Irtenbide mugikorrek babesa eman diezaiekete hizkuntzaren erronkei eta errefuxiatuen alfabetizazioari hiru arlo nagusitan: alfabetatzearen garapena, atzerriko hizkuntzaren ikaskuntza eta itzulpenak. Teknologia mugikorra garrantzitsua da, komunikazio-praktika funtsezko aktiboa baita errefuxiatu eta etorkinentzat, hizkuntza eta gizarte berri batean murgiltzen baitira. Ongi diseinatutako ikaskuntza mugikorreko jarduerek errefuxiatuak kultura konbentzionalekin lotzen dituzte, eta benetako testuinguruetan ikasten laguntzen diete.

Afrika

A computer screen at the front of a room of policymakers shows the Mobile Learning Week logo
Ordezkariak M-Learning gaiari buruzko foro politiko baterako bildu ziren UNESCOren Ikaskuntza Mugikorraren Astean, 2017ko martxoan

IKTak hezkuntza-hobekuntza gisa erabili dira Saharaz hegoaldeko Afrikan 60ko hamarkadaz geroztik. Telebistarekin eta irratiarekin hasita, ikasgelatik aretora zabaldu zuen hezkuntzaren irismena, baita ikasgela tradizionaletik haratago egon ziren eremu geografikoetara ere. Teknologiak eboluzionatu eta erabiliago bihurtu ahala, Saharaz hegoaldeko Afrikan ere handitu ziren ahaleginak. 1990eko hamarkadan ahalegin handia egin zen eskoletan hardware eta software informatikoa bultzatzeko, bai ikasleak bai irakasleak gelan ordenagailuekin ohitzeko. Orduz geroztik, hainbat proiektu saiatu dira IKTen irismena eskualdean hedatzen, One Laptop Per Child (OLPC) proiektua barne. 2015erako, 2,4 milioi ordenagailu banatu zizkieten ia 2 milioi ikasle eta irakasleri.

OLPC eramangarriak Ruanda-ko eskolan

IKTak ikasgeletan sartzeak, sarritan M-Learning izena hartzen du, eta honek hezitzaileen irismena handitu du, eta Saharaz hegoaldeko Afrikan ikasleen aurrerapena arakatzeko gaitasuna hobetu du. Bereziki, sakelako telefonoa oso garrantzitsua izan da ahalegin horretan. Telefono mugikorren erabilera orokorra da, eta sare mugikorrek eskualdeko Internet sareek baino eremu zabalagoa hartzen dute. Gailuak ezagunak dira ikasle, irakasle eta gurasoentzat, eta komunikazio handiagoa eta hezkuntza-materialak eskuratzeko aukera ematen dute. Ikasleentzako onurez gain, M-learning-ek irakaskuntza-prestakuntza hobea izateko aukera ere eskaintzen du, eta horrek hezkuntza-zerbitzuen arlo osoan curriculum sendoagoa izatera darama. 2011n, UNESCOk Mobile Learning Week izeneko eta urtero ospatzen den sinposioa hasi zuen, interesatuak M-learning ekimenaz eztabaidatzeko helburuarekin biltzeko asmoz.

Inplementazioa ez dago bere erronkarik gabe. Telefono mugikorren eta Interneten erabilera askoz ere bizkorrago ari da hazten Saharaz hegoaldeko Afrikan garapen-bidean dauden beste herrialde batzuetan baino, baina aurrerapenak motela izaten jarraitzen du, garatutako munduko gainerako herrialdeekin alderatuta. Gainera, hezkuntzan sartzeko genero-oztopoak, oztopo sozialak eta geopolitikoak daude, eta oztopo horien larritasuna izugarri aldatzen da herrialde batetik bestera. Oro har, Saharaz hegoaldeko Afrikan, 29,6 milioi haur ez zeuden eskolatuak 2012.urtean banaketa geografikoaren, ezegonkortasun politikoaren, gizarte-jatorrien garrantziaren, gizarte-egituraren eta genero-desberdintasunaren ondorioz.[19][20] Behin eskolan, ikasleek kalitatezko hezkuntza lortzeko ere oztopoak dituzte, hala nola, irakaskuntzarako gaitasuna, gaikuntza eta prestakuntza, hezkuntza-materialak eskuratzea eta informazioaren kudeaketa falta.

IKT modernoak Gizarte modernoan beti daude, Interneten sartzeko aukera duten hiru mila milioi pertsona baino gehiagorekin. Smartphone bat duten Interneteko 10 erabiltzailetik 8k, gutxi gorabehera, informazioa eta datuak handituz doaz, urrats handiak eginez. Hazkunde azkar horrek, batez ere garapen-bidean dauden herrialdeetan, eguneroko bizitzaren giltzarri bihurtu ditu IKTak, non teknologia-alderdirik gabeko bizitzak desfuntzio bihurtzen baititu klerika-, lan- eta errutina-lan gehienak.

2014an argitaratutako azken datuek erakusten dute "Interneten erabilerak etengabe hazten jarraitzen duela, 2014an %6,6 mundu osoan (%3,3 herrialde garatuetan, %8,7 garapen bidean dauden herrialdeetan); garapen bidean dauden herrialdeetako Internet erabiltzaile kopurua bikoiztu egin da bost urtetan (2009-2014), eta online dauden pertsona guztien bi herenak orain garapen bidean dauden munduan bizi dira."

Baina oztopoak oraindik handiak dira. "Oraindik Internet erabiltzen ez duten 4,3 mila milioi pertsonen %90a garapen-bidean dauden herrialdeetan bizi da. Munduko Gutxien Konektatutako 42 herrialdeetan, 2,5 mila milioi pertsona hartzen dituztenetan, IKTak eskuratzeko aukera, neurri handi batean, irismenetik kanpo dago, bereziki herrialde horietako landa-herri handietan." IKTak oraindik ez dira sartu herrialde batzuetako urrutiko eremuetan, eta garapen-bidean dauden herrialde askok ez dute Internet. Horren barruan sartzen da, halaber, telefono-lineak izatea, batez ere estaldura zelularra izatea eta datuak elektronikoki transmititzeko beste modu batzuk. Azken "Informazioaren Gizartea Neurtzeko Txostena"k zuhurtasunez adierazi zuen lehen aipatutako zelula-datuen estaldura handitzea nabarmena dela; izan ere, "erabiltzaile askok harpidetza ugari dituzte, hazkunde globaleko zifrekin batzuetan, eta horrek hobekuntza txiki bat dakar piramidearen hondoko konektibitate-mailan; kalkulatzen da 450 milioi pertsona oraindik zerbitzu zelularretik kanpo dauden lekuetan bizi direla".

Alde horretatik, Interneterako sarbidearen eta estaldura mugikorraren arteko aldea nabarmen jaitsi zen 2000 eta 2015.urteen artean, non "2015 izan zen Nazio Batuen Milurtekoko Garapen Helburuen (MGH) lorpenetarako epea, 2000.urtean munduko liderrek adostu zutena, eta datu berriek IKTen aurrerapena erakusten dute eta gainerako hutsuneak nabarmentzen dituzte." IKTek forma berri bat hartzen jarraitzen dute, nanoteknologia elektronikako eta IKT gadget-etako bolada berri batean jarrita. Mundu elektroniko modernoko IKTen edizio berriek smartwatchak dituzte, hala nola Apple Watch, Nike+ Doc.Band eta Google TV bezalako telebista adimendunak. Laster iraganeko aro baten parte bihurtuko diren idazmahaiekin eta ordenagailu eramangarriak ordenagailuko metodo hobetsia bihurtzen direnean, IKTek bere horretan jarraituko dute aldatzen ari den mundu honetan.

Informazioaren komunikazio-teknologiek zeregin bat dute gaur egungo gizarte-mugimendu berrietan aniztasun azkarra errazteko. Bruce Bimber-en arabera, Internet "taldeen eraketa- eta ekintza-prozesua azkartzen" ari da, eta pluralismo azeleratu terminoa asmatu zuen fenomeno berri hori azaltzeko. IKTak "gizarte-mugimenduko liderrak ahalbidetzeko eta diktadoreak ahalduntzeko tresnak dira", hain zuzen, gizarte-aldaketa sustatuz. IKTak erabil daitezke arrazoi bati herri-laguntza emateko, Internetek diskurtso politikoa eta zuzeneko esku-hartzeak ahalbidetzen dituelako Estatuko politikarekin, bai eta herritarren kexak gobernuen esku jartzeko modua aldatzeko ere.

Gainera, etxe bateko IKTak bikote barruko indarkeriaren justifikazioak baztertzen dituzten emakumeekin lotuta daude. 2017an argitaratutako azterlan baten arabera, litekeena da “IKTen prozesuak emakumeak bizimodu desberdinen eta emakumeek gizartean eta etxean duten zereginari buruzko nozioen eraginpean jartzea, bereziki kulturalki kontserbadoreak diren eskualdeetan, non genero-itxaropen tradizionalak eta hautemandako alternatibak bat ez datozen”.

IKTak hezkuntzan normaltasunez ezartzeko ekimenak (2017)

IKTak hezkuntzan normaltasunez ezartzeko hainbat ekimen existitzen dira (2017):

  • Eusko Jaurlaritzaren IKTen alorreko heldutasun-eredua[21].
  • Eusko Jaurlaritzaren Sare_Hezkuntza Gelan proiektua.[22]
  • Berritzegune Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren IrakasDigitala estrategia.[23]
  • Ikastolen Elkartearen Eki Proiektua.[24]
  • Espainiako Hezkuntza Ministerioaren Tutor en red y Narrativa digital ikastaroa.

Arriskuak

IKTen zabalkundea ez da orekatua izaten ari. Maila ekonomikoari dagokionez, batez ere herrialde aberatsetan ari da garatzen. Haietan dispositibo digitalak merkeak dira eta gizartearen gehiengoak eskura ditu, baita Interneterako atzipena ere. Gainera, gizartearen hezkuntza-mailak ere eragiten du, gailu digitalak eta aplikazioak erabiltzen jakin egin behar delako. Herrialde berean maila sozioekonomiko desberdinak dituzten gizabanakoen, familien eta eremu geografikoen artean ere sortzen da IKTak eskura izateko aukeren diferentzia.[25] Arrakala digitalaren kontzeptuak biltzen ditu IKTen erabileraren aurrean sortzen diren desberdintasunak, bai sozialak, baita belaunaldien artekoak ere[26]. Unibertso digitalaren bidez, lehendik gizartean existitzen ziren desberdintasunak errepikatu eta sustraitu egiten direla ohartarazi dute hainbat aditu eta ikerketek. Gainera, emakumeei eta neskei eragiten dien genero eten digitala dagoela adierazten dutenak ere badira, bai teknologia digitalen eskuragarritasun-mailan baita haiekiko jarreran ere.

IKTen erabilera hedatzearekin batera, bestelako arriskuak ere sortu dira. Haur, nerabe eta gazteek jasan ditzaketen arriskuen aurrean babesteko beharra sumatu da[27][28]. Bestalde, eskura informazio gehiegi izateagatik infoxikazioa gerta daiteke, eta erabakiak modu eraginkorrean hartzeko zailtasunak sor daitezke. Gainera, norbanakoaren askatasuna galtzeko beldur diren pertsonak ere badira (Anaia Nagusia delako efektua, publizitatearen intrusismoa...).[29]

Oro har, IKTak gizartearen gain eragiten ari dira[30]. Pierre Lévy-k informazioaren teknologiei aplikatutako etikaren ikerketan egiten du lan. Adimen kolektiboaren kontzeptua definitzen du eta ezagutzan oinarritutako gizarte batean bizi garela dio; informazioaren gizartean bizi gara, informazioa da gaur egungo gizartearen oinarri. Lévy-ren esanetan, IKT-en eraginez pentsatzeko eta elkarrekin bizitzeko modu berriak sortzen ari dira eta gizakion arteko harremanak, lana, eta adimen indibidual eta kolektiboa ere, mota guztietako erabilera masiboko gailu digitalen garapenaren eta etengabeko aldaketaren mende daude.

Erreferentziak

  1. IEEE-CS Adopts Skills Framework for the Information Age • IEEE Computer Society.
  1. «Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak - Zer da?» www.euskadi.eus 2017-01-11 (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).
  2. «WSIS OPENING MEETING DISCUSSES HOW DIGITAL DIVIDE IS PREVENTING EQUAL SHARING OF OPPORTUNITIES CONCERNING ICTS | Meetings Coverage and Press Releases» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-05).
  3. «Euskarazko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).
  4. «Euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologien inbentarioa» www.euskara.euskadi.eus 2007-02-07 (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).
  5. «IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, eta hizkuntzen irakaskuntzan (UPV/EHUren Berezko Titulua) :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-08).
  6. Euskal Eskola Publikoa - Curriculuma - Arloa: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak. (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).
  7. «Ikastaroak - KZgunea» www.kzgunea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).
  8. Konpetentzia digitala. (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).
  9. Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko konpetentzia - Marko teorikoa. http://ediagnostikoak.net/edweb/eus/Informazio-materialak/ED_marko_teorikoak/Marco_competencia_digital_eus.pdf.
  10. (Ingelesez) Skills Framework for the Information Age. 2021-04-27 (Noiz kontsultatua: 2021-06-01).
  11. EAEn, IKT sektorean enpresa-kopurua eta enplegua hazten. https://www.eustat.eus/elementos/not0012236_e.pdf.
  12. Garazi, Andonegi Beristain. (2002-11-20). «Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak mintzagai» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).
  13. (Ingelesez) «Closing the gaps – Improving literacy and mathematics by ict-enhanced collaboration» Computers & Education 99: 68–80. 2016-08-01  doi:10.1016/j.compedu.2016.04.004. ISSN 0360-1315. (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  14. (Ingelesez) https://en.unesco.org/themes/ict-education. (2013-06-21). «ICT in education» UNESCO (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  15. Iruskieta Quintián, Mikel; Maritxalar Anglada, Montse; Arroyo Sagasta, Amaya; Camacho Romero, Abel. (UEU, 2019). IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan. .
  16. «Teknologia, testuinguru digitala eta konpetentzia digitalak hezkuntzan - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  17. https://es.wikipedia.org/wiki/Educaci%C3%B3n_expandida
  18. Maritxalar Anglada, Montse. (2017). «Berrikuntza teknologikoa hizkuntzaduna da» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-08-23).
  19. Diaz de Ilarraza Sanchez, Arantza. (2019). «Zientzia eta teknologia: gizonen kontua soilik?» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-08-23).
  20. Oronoz, Maite. (2019). «Informatika, emakumeak eta izenak» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-08-23).
  21. Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza. (htm) IKTen alorreko heldutasun-eredua.. .
  22. Hezkuntza Saila. Sare_Hezkuntza Gelan proiektua.. .
  23. Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza Saila. IrakasDigitala estrategia. .
  24. Ikastolen Elkarteko ikastolen zerrenda, ·. Eki Proiektua. .
  25. Ruiz, Txelo; Maritxalar, Montse. (2021-08-21). «Diseinu Unibertsala edo Denontzako Diseinua» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-08-23).
  26. «ARARTEKO, 15. E-inklusioaren eta e-partaidetzaren glosarioa» argitalpen.ararteko.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).
  27. IKT-ak ongi erabiltzeko dekalogoa. https://www.familiaysalud.es/sites/default/files/11_decalogo_buen_uso_de_las_tic_euskera.pdf.
  28. Nerabe eta gazteek informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin duten harremana. https://arduratu.info/wp-content/uploads/2016/04/Nerabe-eta-gazteek-IKTekin-ezartzen-duten-harremana.pdf.
  29. Zelaia Jauregi, Ana. (2016). «Kriptografia: komunikazioen pribatutasuna babesten» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-08-23).
  30. «Euskonews & Media - Informazio eta komunikazio teknologien gizarte-inplikazioak» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.