Tatuaje

Tatuajea gorputza eraldatzeko modu bat da, orratzekin edo beste tresna batzuekin larruazalaren gainean marrazki, patroi, irudi edo testu bat eginez lortua, epidermisaren azpian, tinta edo beste pigmenturen bat injektatuz. Arkeologoek hautemandako erregistroen arabera, badira milaka urte erabiltzen dela.

Tatuaje jartzen.

Hiru kategoriatan sailka daitezke:

  • apaingarri hutsak (esanahi zehatzik gabeak),
  • sinbolikoak (bakoitzaren iritziz, esanahi zehatza dutenak), eta
  • piktorikoak (pertsona edo gauza jakin baten irudikapenak).

Historia

Gizakiek antzinarotik egin dituzte. Momietako tatuajeen frogarik zaharrena Chinchorro kulturako batean aurkitu zen, Txileko kostaldean; horretaz aparte, eremu berean aztarna arkeologikoak agertu ziren, agian tatuajeetarako tresnak zirenak.[1]

1991n momia neolitiko bat aurkitu zen Ötztaleko Alpeetako glaziar baten barruan: Izotzezko Gizona edo Ötzi izenaz ezaguna, 5.300 urte inguruko ehiztari neolitikoa. Gorputzean 77 tatuaje zituen (68, eskumuturrean; 2, bizkarreko gerrialdean; 5, eskuineko hankan; eta 2, ezkerraldean). Horrekin batera, 2006an, Peruko iparraldeko kostaldean, duela 1.500 urteko El Brujo momia aurkitu zen: beso eta eskuetan, armiarma, krokodilo, tximino eta lehoinabarren tatuajeak zeramatzan. Sinesmen erlijiosoen arabera, antzinateko arte horren jatorria hildakoak gurtzera zuzenduta zegoela uste da, kasu askotan tinta errausketa baten ondoriozko errautsak baitziren.

Antzinako Egipton beste momia tatuatu batzuk aurkitu izan dira: horrek frogatzen du tatuajeak gizateriaren historia bezain zaharrak direla. Gainera, tribu batzuetan elkarrengandik bereizteko erabiltzen ziren.

Antzinako tatuajeak oso praktikoak ziren austroasiar herrietan: baliteke hasiera ehizarekin lotuta egotea. Tattooing tradizioak, aurpegiko tatuajeak barne, austroasiar azpi-talde guztien artean aurki daitezke, Taiwango aborigenek, hego-ekialdeko asiar, mikronesiar, polinesiar eta malagasiar herriak barne. Austroasiarrek punta-puntako teknikaren bereizgarria erabiltzen zuten, arrain-hezurrek eta ostra-oskolek egindako zulaketa eginez. Melanesiarren artean ere antzinako tatuaje-ohiturak dokumentatu dira, obsidianazko azal-zulatzaile bereizgarriak erabiliz. Beste talde etnolinguistiko batzuen artean ere, tatuajeak ere egiten ziren Japoniako herrien artean, Indotxinako australasiarrak, emakume tuaregak (Ipar Afrika) eta Nigeriako yorubek.[2]

Egipto

Egiptoko kulturan XI. dinastiatik (K.a. 2160tik 1994ra) egindako tatuajearen erregistroa dago: horren momia tatuatu ospetsuena Amunet da, Hathor jainkosaren apaiza, Tebas hirian aurkitua.[3] Egipton tatuajeak apaizgaitegietan bakarrik erabiltzen ziren, eta emakumeek soilik egiten zituztela uste da. Haien bidez, ausardia eta heldutasuna berresten zen. Hennazko pigmentuak eta urrezko orratzak zerabiltzaten.[4] Horrez gain, gaixotasunen, arriskuen eta zentzu magikoaren aurkako prebentzio moduan erabiltzen zituztela uste da.

Yakuzako kideak.

Asia

K.a. 1000. urtean, India, Japonia eta Txinan agertu zen. Japonian, tatuajeak gaizkileak markatzeko erabiltzen ziren: familiengandik isolatzen zituztenez, haientzat zigorrik okerrena zen. Yakuza izeneko mafia japoniarrak tatuajea erabiltzen zuen, kideen ausardia eta mafiarekiko leialtasuna adierazteko.

Japonia mendebaldera zabaldu zenean, Meiji enperadorearen gobernuak haien praktika debekatu egin zuen.

Terminologia

XVIII. mendean, tatuaje hitza Polinesiako hizkuntzan sortu zen: tatauk "jo" esan nahi du.[5]

Gorputzaren eraldaketa terminoaren etimologia ez da nahastu behar hitzaren jatorriekin. Kasu horretan, ingeleseko tattoo hitza nederlanderazko taptoe hitzetik dator.

Japonieraz, diseinu tradizionaletarako erabiltzen den hitza, edo metodo tradizionalak erabiliz aplikatzen diren diseinuak horimonoa da. Irezumi, berriz, edozein tatuaje motari erreferentzia egiteko erabiltzen da, eta tattoo, jatorri japoniarra ez duten diseinuetarako erabiltzen da.[6]

Gaztelaniaz, tatuajeen zaleak tattoo esaten dute, edo gaztelaniazko tatu terminoa erabiltzen dute.[7]

Kultura

Polinesia

Baiga tribuko emakumea.

Polinesiak munduko tatuaje-tradizio zabalena du. Tribuek tatuajea gorputz-apainketa gisa erabiltzen zuten eta, gainera, oso gazte hasten ziren. Haren adiera estetikotik haratago, tatuajeak hierarkia ematen zuen, eta bakoitzak azalean zituen tatuajeen arabera hartzen zen kontuan: zenbat eta tatuaje gehiago eduki, hainbat eta errespetu handiagoa agertu behar zitzaion.[8]

Maoriek guduetarako zeuzkaten, etsaiak izutzeko estrategiatzat. Tatuatzeko praktika milaka eta milaka urtez garatu da eta, azkenean, pertsonak identifikatzeko erabiltzen zen. Horrez gain, nerabezarotik heldutasunera igarotzean tatuaje batekin adierazi behar zuten.

Egipto

Emakumeak gehien tatuatzen ziren. Horri funtzio babesleak eta magikoak ematen zitzaizkion. Tatuajearen naturaz gaindiko izaera ez zen Egipton bakarrik agertu, kultura askok eman zioten botere handia tatuajeei, jainkoekin eta babesarekin lotzen zelako.[9]

Amerika

Ipar Amerikan, indigenek erritualetan erabiltzen zituzten, pertsona bat pubertarotik helduarora igarotzen zenean. Haren arima babesteko egiten zuten.[10]

Erdialdeko Amerikan, tribuek guduan hildakoak omentzeko eta jainkoak jauresteko erabiltzen zituzten.

Hego Amerikan, tribu indigena batzuek gorputza margotzen zuten, baina ez modu iraunkorrean. Lore eta landare-koipez egindako pigmentuak erritualetan erabiltzen zituzten esanahi sakon eta espiritual berekin, eta erritua amaitutakoan, kendu egiten zituzten.

Afrika

Tatuaje estilo desberdin bat erabiltzen da. Tintazko tatuajeen gain, tatuaje mota berri bat sortu zuten. Baliteke tatuajetzat ez hartzea, ez dutelako tintarik erabiltzen, baina eskarifikazioaren bidez larruazala markatzen jarraitzen dute. Eskarifikaziok larruazalean eskarak sortzen ditu, azaleko ebaki sakonen bidez.

Tradizio hori Afrikako errege-erreginek beste tribu batzuk inbaditzen zituztenean hasi zen. Inbaditutako lurrak gobernatzeko hautatutako familiako kideak markatzen zituzten; beraz, lurraldeetara itzultzen zirenean eta markak ikusten zituztenean, lekua kontrolatzen zutela jakiten zuten. Azkenean, larruazalaren markak erabiltzen zituzten, familiako beste kide batzuk ezagutzeko.[11]

Eskarifikazioak arrazoi estetiko, erlijioso eta sozialengatik egiten dira, gizabanakoaren nortasunari buruzko mezu konplexuak transmititzeko. Erritualak gainditzen ez zituztenak eta markak ez zituztenak tribuetatik kanpo geratzen ziren.

Marukin, Tokioko jaialdia.

Japonia

Erabilera estetikoarekin hasi ziren zabaltzen: izan ere, Japonian gaizkileak markatzeko ohitura zegoen. Marka horren helburua zen legea desobeditzen zuten pertsonak bizitza osorako eta alde guztietan gaitzesgarri bihurtzea. Lotsaren marka eramatearen ondorioz, gaizkileak beste mota bateko diseinu mitologikoagoekin estaltzen hasi ziren. Horrela, yakuza terminoa sortu zen, Japoniako mafia, alegia, tatuajeak eramateagatik bereizten dena. Japonian munduko tradizio tatuatzaile garrantzitsuenetako bat da.[12]

Mendebaldea

James Cook kapitainak Polinesian egindako espedizioei esker, tatuajeak mendebaldera iritsi ziren. Espedizio horietan marinelek harremanak izaten zituzten indigenekin, eta haiek tatuatzeko artea irakasten zieten. Mendebaldera itzulitakoan, marinelak beren tatuaje-zerbitzuak eskaintzen hasi ziren, eta horrela zabaldu zen.[13]

Alemania nazian, besoetako tatuajea kontzentrazio-esparruetako presoak markatzeko erabiltzen zen.

Egun, funtzio estetiko hutsak betetzen ditu, nahiz eta zenbait esparrutan oraindik ere ñabardura negatiboak izan. Horrez gain, debekatuta edo mugatuta dago eremu askotan. Adibidez, Indar Armatuetan.

Motak

Tinta beltza

Hontz tatuajea.

Tradizionalak, Old School

Estilo horretako tatuajeak 1900eko lehen urteetan sortu ziren, marinelek Estatu Batuetan egindako diseinuetan inspiratutakoak, Ipar Amerikako itsas armadako soldaduak omentzeko. Ezagunenak aingurak, itsasargiak eta itsasoarekin lotutako elementuak dira. Haien bereizgarritasuna marrazki lodiak eta kolore gabekoak izatea da. Gaur egun oso estilo ezaguna da herrialde anglosaxoietan.

Puntillismoa edo Dotwork

Tatuaje estilo hori Erresuma Batuan sortu zen. Marrazkiak puntuen bidez egitea ezaugarri bereizgarriena du, eta ez da kolorerik erabiltzen. Monokromatikoak izaten dira, eta old schooletik jasotako gaiak izaten dituzte. Egun gehien erabiltzen diren estiloetako bat da. Ez da gaitasun handirik behar horrelako tatuajeak lortzeko; beraz, tatuatzen hasteko estilorik ohikoenetako bat da.[14]

Neotradizionala edo New Traditional

Estilo horrek old school estiloaren bilakaeraren emaitza da, diseinu eta konposizio elementu modernoak darabiltzako; baina orain, beste ikuspegi batekin erabiltzen da, teknika berriei esker. Gaur egun, neodiseinu tradizionalen gaiek ez dute tatuaje-diseinu tradizionalen inspiraziorik hartzen.

New school

1970eko hamarkadan sortutako tatuaje estiloa da, Estatu Batuetako haur ilustrazioaren ezaugarri batzuen eraginez. Ezaugarria nagusia lerro lodiak erabiltzea dute, baita kolore biziak eta diseinuaren objektuaren gehiegizko adierazpena ere. Tatuaje estilo horren diseinu bitxienak animazioa, komikiak eta karikaturak dira; halaber, bideo-jokoak, pop artea edo grafitiak.[15]

Stencil

Tatuaje errealista.

Tatuaje horiek txantiloietan oinarrituta daude. Monokromatikoak izaten dira eta ez dute degradaturik izaten. Grafitiak gogorarazten dituzten tatuajeak dira eta tatuatzeko erosotasun handia dute, txantiloia erabiltzen delako.

Black & Grey

Egungo estilorik ezagunenetakoa da. Tinta beltzetan oinarritzen dira, errealistagoak izateko. Zuria ere erabil daiteke, baina ez da ohikoena. Blackwork eta akuarela konbinazio moduko bat da. Artistak tinta beltza bakarrik darabil, ur gehiagorekin edo gutxiagorekin disolbatua, gris tonalitate desberdinak lortzeko. Espainian gehien eskatzen dena da.[16]

3D

Estilo horretako tatuajeak egiteko zailenak dira, baino errealistenak. Tinta berezien konbinazioa behar da, tatuatzaileak itzal errealistak zehaztasunez egin ditzan. Hiru dimentsioko tatuajeek sakontasuna dute: horrela, azalaren gainetik edo gorputzaren barruan dagoelako ilusioa sortzen du.[17] Estilo horretan, ezagunena ilusio optikoak sortzea da.

Tinta zuria

Tatuaje zuriak edo white tattoak gorputz-aldaketa iraunkorrak dira, eta marrazki, letra edo sinbolo guztiak edo gehienak kolore zuriko tintaz eginak dira. Tinta zuridun tatuajeak tinta beltzadun tatuajeak nabarmentzeko edo erliebedun tatuajeak egiteko erabiltzen da.

Tinta mota hori erabiltzeak alde onak eta txarrak ditu. Alde batetik, zuhurragoak izan daitezke. Beste aldetik, agian batzuek sentikortasuna edo alergia diote tinta horri. Horren ondorioz, ez da ondo sendatzen eta tinta kanporatzen du. Horrela, gaizki amaitutako diseinua geratzen da. Gainera, tratamenduren bat eskatu ahal izango du edo ez.[18]

Kosmetika

Tatuajeen bidez, makillaje iraunkorra lor daiteke. Orratz batekin makillajea dirudien kolorezko tintaz, bekainak, ezpainak eta begiak tatuatzen dira. Normalean azal koloreak erabiltzen dira diseinuek makillajearen antza izan dezaten.[19]

Aldi baterako tatuajeak

Henna

Henna tatuajea.

Beste tatuaje aukera bat hennan oinarritutako tatuajeak dira. Tatuajeak ez bezala, hiru kolorez osatzen da; gorrixkaz, laranjaz eta marroiaz.[20]

Tatuaje iraungikorrak

Tinta desberdineko tatuajeak dira, urtebeteko iraupena dutenak. Tinta mota hori Estatua Batuetan sortu zen. Dermatologoen laguntzaz garatu zen, larruazalarentzat arriskutsua ez zela ziurtatzeko.[21]

Tinta beltza erabiliz gero, urte batean joan egiten da, baina kolorezkoekin, berriz, bi urte behar dira guztiz desagertzeko.[22]

Zainketa eta ezabapena

Zainketa

Tatuaje bat egin ondoren, larruazalak behar dituen zainketak oso garrantzitsuak dira, orbaintzerako eta infekzioak saihesteko.

Hesgailua 2-24 orduz eduki behar da, bakterioetatik babesteko. Tatuajea bukatutakoan, tatuatzaileak ingurua estaltzen du, larruazala hipersentibera baita. Tatuajegileak adierazitako denbora igaro ondoren, hesgailua ken daiteke.[23]

Garbitzerakoan, ur epela eta bakterioen aurkako xaboia erabili behar da arretaz, odol eta tinta hondarrak kentzeko. Bukatutakoan, sukaldeko paperaz lehortzen da eta, ondoren, tatuajea agerian utzi. Noizean behin, krema ematen da orbaintzerako, baino ez asko, eskualdi oso lodia jartzen bada, bakterioak ager laitezkeelako. Astebete pasa ondoren, tatuajea orbainduta egongo da.

Osasun arriskuak

Tatuajeak epidermisa gainditzen duten ziztada ugariz egiten dira, tinta dermisean finkatzeko. Horrek eragiten duen mina norberak egiten dion lekuaren araberakoa da: batzuetan, konortea gal daiteke. Azalaren hesi immunologikoa hausten denez, tatuajeak osasunerako arriskuak dakartza, infekzioa eta erreakzio alergikoak barne. Ez da ahaztu behar tatuajea zauri bat dela: beraz, infekzioak har daitezke. Tatuatzaile hasiberriek (presondegietan, adibidez), kutsatzeko arrisku handiagoa dute. Tatuatzeko makina esterilizatu gabe egoten denez edo tinta kutsatua erabiltzen dutenez, nahigabe azaleko hainbat infekzio transmiti litezke: hepatitisa, herpesak, hiesa, tetanosa eta abar.

Kolore batzuek (gorria, morea, arrosa eta laranja, adibidez) arazo eta kalte handiagoak sortzen dituzte besteek baino. Batzuetan, infekzioa hainbeste hedatzen da, non gorputz-atal tatuatua anputatzeko beharra sortzen den.

Gaur egungo tatuajegileek osasun arriskuak murrizten dituzte, erabilera bakarreko tresnekin lan eginez eta saio bakoitza bukatutakoan, ekipoak esterilizatuz. Bestetik, eguzki krema erabiltzea askotan gomendatzen dute, tatuajeak joan ez daitezen eta larruazalaren osotasuna gordetzeko, gero balizko tatuajeak errazago egiteko.

Ezabapena

Tatuaje baten kauterizazioa ezabapenerako.

Nahiz eta askok pentsatu tatuajeak betierekoak eta ezabaezinak direla, urteen joan-etorrian erabat edo zatika ezabatzeko modua aurkitu da, laser tratamenduaz.

Tinta dermisean oinarritzen da, epidermisaren azpian dagoen larruazalaren geruzan. Epidermisak etengabe berritzen ditu bere zelulak eta ezkatatze bidez kanporantz ezabatzen dira; dermisaren ehunek, berriz, ez dute berritze hori jasaten; hori dela era, tinta ez da ezabatzen.

Laser modernoaz, tatuajeak kentzeko tratamendua mingarria eta garestia izan daiteke. Gainera, kolorezko tatuajeak ia ezabaezinak dira (zailenak berdea, morea eta horia dira).

Laserraz gain, beste metodo batzuk ere daude: dermabrasioa, salbrasioa (azala gatzaz igurtziz), murrizketa-teknikak... Batzuetan tatuaje handiagoetarako azal-txertoa erabil daiteke. Metodo zaharrago horiek laser tratamenduek ia erabat ordezkatu dituzte.[24]

Esanahi ohikoenak

Kultura eta sinesmenak tatuajeetan isla daitezke: gehienak pertsona edo gertaerak gogoratzeko egiten dira; beste batzuk esaldi positiboak, abestiak eta poemak dira.[25]

Zenbait kultura eta garaitan esanahia duten tatuaje sinbolo errepikari batzuk daude, bakoitza bere modura interpretatua. Adibidez:

  • Tigre baten tatuajea saihetsetan.
    Bihotza. Maitasunaren, sentimenduen eta erromantzearen ikur nagusia da: adiskidetasuna, bikotekidetza, familia eta edozein lotura erromantiko adierazten du. Bigarren Mundu Gerran, soldaduek maiz tatuatzen zituzten bihotzak beren maiteen izenekin, misio arriskutsuetan lagun ziezaieten. Alabaina, bihotza tatuatzeko forma asko daude: bihotz hautsiak, hegaldunak, bihotza odoletan... Gainera, pertsona bakoitzarentzat esanahi desberdina du.[26]
  • Gurutzea. Ez dago erlijioarekin gurutzeak baino lotura handiagoa duen ikurrik. Hala ere, kristautasuna baino askoz lehenago sinbolo sakratutzat hartzen zen. Hilezkortasuna eta zeruaren eta lurraren arteko loturaren ikurra da. Gurutzeak lau puntu kardinalak irudikatzen ditu, lau elementuak eta gizakia bera.[27]
  • Arrosa. Haren esanahia kolorearen araberakoa da: arrosa zuriak bakea eta garbitasuna adierazten du; horiak, poza; laranjak, gogo berotasuna; ubelak, sorginkeria; eta gorriak —erabiliena—, pasioa eta desioa.[28]
  • Tigrea. Tatuaje hori ohikoa da Birmanian, Thailandian, Indonesian, Txinan eta Japonian. Boterearekin lotzen da. Horrez gain, beste esanahi batzuk ditu: zaletasuna, edertasuna, azkartasuna eta indarra, adibidez. Askok norberaren alderik basatiena eta naturalena sinbolizatzen duela uste dute, norberaren askatasunaz gain.[29]

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) «Ancient ink: Iceman Otzi has the world's oldest tattoos» Smithsonian Institution (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  2. (Ingelesez) NW, 1615 L. St; Suite 800Washington; Inquiries, DC 20036USA202-419-4300 | Main202-857-8562 | Fax202-419-4372 | Media. (2007-01-09). «A Portrait of "Generation Next"» Pew Research Center - U.S. Politics & Policy (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  3. (Gaztelaniaz) infoATtatuarteDOTorg. «La historia del tatuaje 3. El antiguo Egipto (1). Tatuarte.org» tatuarte.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  4. «Wayback Machine» web.archive.org 2016-05-21 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  5. «Meaning of Tatau 1» pasefika.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  6. «History of Irezumi/Horimono» oni tattoo design (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  7. (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «tatuaje | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  8. «Historia del Tatuaje Polinesio» web.archive.org 2011-07-16 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  9. (Gaztelaniaz) infoATtatuarteDOTorg. «La historia del tatuaje 3. El antiguo Egipto (1). Tatuarte.org» tatuarte.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  10. (Gaztelaniaz) «Escarificación en África: las tradiciones están terminando - BlendUp History of Tattoo» Blendup 2019-04-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  11. (Gaztelaniaz) «Escarificación en África: las tradiciones están terminando - BlendUp History of Tattoo» Blendup 2019-04-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  12. «Historia del tatuaje - Al Toccino Tattoo v» web.archive.org 2019-01-22 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  13. (Ingelesez) «Tattoo Timeline - The Everything Guide to Tattoos -- New York Magazine - Nymag» New York Magazine (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  14. «Puntillismo sinestezinak tatuajeak - Guztia tatuajeari buruz» Все о тату 2021-09-13 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  15. (Gaztelaniaz) Meri, Blody. (2019-09-17). «Características de los tatuajes new school» Estudio de Tatuajes Ink Sweet Tattoo Studio Madrid centro (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  16. (Gaztelaniaz) «Definición de tatuaje — Definicion.de» Definición.de (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  17. (Gaztelaniaz) Tatuajes 3D Sorprendentes Formas Realistas y Efectos. 0522-05-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  18. (Gaztelaniaz) «Tatuajes con tinta blanca: pros y contras - ¡Conócelos!» www.mundodeportivo.com/uncomo 2021-10-21 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  19. (Ingelesez) Commissioner, Office of the. (2019-12-20). «Tatuajes y Maquillaje Permanente [Tattoos and Permanent Makeup»] FDA (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  20. (Ingelesez) «FDA warns consumers about dangers of temporary tattoos» Fox News 2015-03-25 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  21. (Gaztelaniaz) «Las torres residenciales sobre el agua más altas de Estados Unidos llegan a Miami» Robb Report México 2022-03-14 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  22. (Gaztelaniaz) «Ephemeral Tattoos, tatuajes con fecha de caducidad» hombreyestilo.com 2016-07-10 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  23. (Gaztelaniaz) «Consejos de salud, belleza y bienestar» Blog PromoFarma (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  24. «Aktuelle Laserbehandlung | Tattoo-Bewertung.de» www.tattoo-bewertung.de (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  25. (Gaztelaniaz) «Estos son los 10 tatuajes más comunes del mundo» Arte Feed 2016-03-07 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  26. (Gaztelaniaz) Logia, Redacción. (2017-01-22). «Tatuajes de corazones | Tatuajes Logia Barcelona» Logia (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  27. (Gaztelaniaz) «La cruz: lo que significa este símbolo del cristianismo» Su Biblia (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  28. (Gaztelaniaz) «Significado de los tatuajes de rosas - 8 pasos» www.mundodeportivo.com/uncomo 2016-05-30 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  29. (Gaztelaniaz) «Significado del tatuaje de tigre» www.mundodeportivo.com/uncomo 2017-03-13 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.