Tatiana Savitxeva
Tatiana Nikolajevna Savitxeva (errusieraz: Татьяна Николаевна Савичева; Gdov, 1930eko urtarrilaren 23a - Schatki, Gorki oblasta, 1944ko uztailaren 1a), jeneralean Tania Savitxeva deitua, nerabe bat izan zen, Bigarren Mundu Gerrako Leningradeko Setioan egunerokoa idatzi zuena.
Tatiana Savitxeva | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Татьяна Николаевна Савичева |
Jaiotza | Dvorishche (en) , 1930eko urtarrilaren 23a |
Herrialdea | Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Bizilekua | Bolshoi Prospekt Vasilievsky Island 6, Tanya Savicheva House (en) |
Lehen hizkuntza | errusiera |
Heriotza | Shatki (en) , 1944ko uztailaren 1a (14 urte) |
Hobiratze lekua | Krasny Bor, Nizhny Novgorod Oblast (en) |
Heriotza modua | : hesteetako tuberkulosia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | errusiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | eguneroko-idazlea eta schoolchild (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Ekialdeko Frontea Bigarren Mundu Gerran |
Historia
Alemaniarrek 1941eko irailean setiatu zuten Leningrad hiria; blokeoak 872 egun iraun zuen. Tarte horretan milioitik gora pertsona hil ziren hirian, %90 goseak jota. Tania Savitxeva haurra, familia txirokoa izaki, hamar urte zituela hasi zen sobietar armadarentzat lanean: lubakiak zulatzen, barrikadak prestatzen eta teilatuak zaintzen, etsaiak su-bonbak jaurtitzen zituenean lehenbailehen itzaltzeko[1].
Egun batez, Nina ahizpa lanera joan eta ez zen itzuli. Senitartekoek hilda zegoela pentsatu zuten eta amak Ninaren ohar-liburuxka bat eman zion Tatianari, ahizpa nagusiagoa gogoan izan zezan. 1941eko abenduaren 28an, minak muntatzeko fabrikatik bueltan, Zhenia ahizpa hotzak hil zuen eta orduan erabili zuen lehenengoz Tatianak beste ahizparen liburuxka. Guztira bederatzi orritxo erabili zituen hauxe idazteko:[1]
1. Zhenia 1941eko abenduaren 28an hil zen, 12:30ean.
2. Amona 1942ko urtarrilaren 25ean hil zen, arratsaldeko 3:00etan.
3. Leka 1942ko martxoaren 17an hil zen, goizaldeko 5:00etan.
4. Osaba Vasia 1942ko apirilaren 13an hil zen, gauerdia eta bi ordu geroago.
5. Osaba Lesha 1942ko maiatzaren 10ean, arratsaldeko 4:00etan.
6. Ama 1942ko maiatzaren 13an, goizeko 7:30ean.
7. Savitxevtarrak hil egin dira.
8. Denak hil dira.
9. Tanya besterik ez da geratu.
Tatiana 1942ko abuztuan erreskatatu zuten beste 140 haurrekin batera, eta Krasni Bor herriko ospitalera eraman zuten osa zedin. Baina ikusmena galduta eta elikadura urritasunari aurre egin ezinda, hesteetako tuberkulosiak jota hil zen 1944ko uztailaren lehenean, 14 urte zituela.[1]
Akaso Leningradeko biztanle askok xehetasunez beteriko egunkari luzeagoak idatziko zituzten, Amsterdameko “atzeko” etxean Anne Frankek egin bezala. Baina nazien setioaren negu gogorretan, altzariekin batera, liburuak ere erre zituzten berotasun pixka bat lortzearren. Tatiana Savitxevak errusieraz idatzitako 60 hitzak ez zituzten inoiz argitaratu. Baina Nurembergeko epaiketetan froga gisa erabili zituzten.[1]
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Irazustabarrena, Nagore. (2011-01-16). «Anne Frank errusiarra» Argia CC-BY-SA lizentzia.