Erdi Aro Klasikoa
Erdi Aro Klasikoa, Erdi Aro Betea edo Tarteko Erdi Aroa Europako historian historialariek XI., XII. eta XIII. mendeei ematen dieten izena da. Goi eta Behe Erdi Aroaren artean kokatzen da, beraz.
Gutxi gorabehera, 1000. urtez geroztik, Mendebaldeko Europan ez zen barbaroen inbasioak gehiagorik nozitu, mongolen salbuespen laburra izan ezik. Bikingoak Irlandan, Britainia Handian, Frantzian eta beste toki askotan finkaturik zeuden, eta Eskandinavian erresuma kristauak garatu ziren. Hungariarren erasoei X. mendean eman zitzaien amaiera, eta 1000rako, Hungariako erresuma kristaua sortu zen. Horri esker, egonkortasun politiko eta ekonomikoa lortu zen.
Erdi Aroa Klasikoaren gako historikoa, dena den, populazio-ugaltzea izan zen: horrek, aurreko garaiaren aldean, aldaketa politiko eta sozial nabaria ekarri zuen. Hain zen handia gorakada hori, non, aditu batzuen arabera, 1250erako, Europa gain-populaturik zegoen, eta XIX. mendera arte ez ziren berriro populazio-maila horiek erdietsi. Behe Erdi Aroan, gosete, izurrite (batik bat, Izurrite Beltza) eta gerra zela medio, gorako joera hori eten zen.
Erdi Aroko Garaiak |
XI. mendean, Alpeen iparraldean, jendea lurralde berrietan finkatzen hasi zen. Izan ere, Erdi Europako baso eta oihan itzelak mozteari ekin zitzaion, nekazaritzarako lurrak lor zitezen. Aldi berean, populazioa Frankoen Inperiotik kanpo irten zen, Elbaz haratago. Horrela, lurralde alemaniarrak hirukoiztu ziren. Ekialde Hurbilera migratu zuten europar ugarik, Gurutzadei esker. Iberiar Penintsulan, mairuei lurrak kendu ahala, hegoaldera jotzen zuen iparraldeko populazioak. Italiako hegoaldean ere, normadiarrek konkistak burutu zituzten.
Garai honetan, hainbat erresuma nabarmendu ziren, batez ere Frantzia eta Ingalaterra, baina Italiako hiri-estatuek ere paper garrantzitsua jokatu zuten. Eliza Katolikoak gerra-deia egin zuen, Lurralde Santuak turkiarren mendetik kentzeko. Aita Santua Germaniako Erromatar Inperio Sainduaren aurka ere borrokatu zen, bien artean nagusitasuna nork zuen. Arabiarrekiko hartu-emanei esker, Antzinateko kultura berriro estalgabetu zen, batik bat Antzinako Erromako legedia eta Aristotelesen lana, zeinek eragin handia izan zuen Tomas Akinokoa eta beste adituen gainean Eskolastika izeneko filosofia-eskola garatzean.
Europako susperraldia
Oro har, historialarien artean garai honen inguruan ikusmolde baikorragoa dago, aurreko eta ondorengo aroen aldean batez ere. Izan ere, Erdi Aro Klasikoan (Goi Erdi Aroa ere hainbatetan deituta) Europak bizitzako arlo gehienetan gora egin zuen. Hasteko eskandinaviarrak eta hungariarrak kristautu eta baketu ziren. Zenbait erresumak, Frantziakoak, Ingalaterrakoak, Gaztelakoak edo Aragoikoak, botere handia eskuratu zuten, estatuaren funtzionamendu garatuari esker. Mongolen inbasioak izan ezik, garai honetan Europak ez zuen kanpoko inbasiorik jasan behar.
Aro horretan, Europako zibilizazioa hedatu zen; gehienetan, era bortitzean. Iberiar Penintsulan eta Ekialde Hurbilean musulmanen kontra jo zen; baina kontinenteko ipar-ekialderaino ere Europako ezaugarri kulturalak iritsi ziren. Hor, Iparraldeko Gurutzadak eta erresuma kristauen aurrerapenak zirela eta, jatorrizko paganoak, baltiarrak eta finlandiarrak batik bat, europartu ziren.
Populazioaren gorakada
Aro honetako ezaugarri behinena, hala ere, populazioaren handitzea izan zen, eta, lehengo mendeetan ez bezala, hiriak suspertzea eta zabalzea Europan zehar. Antzinaroko hiriak Mediterraneoaren inguruan kokatuta bazeuden, oraingo honetan Erdialdeko eta Iparraldeko Europan ere loratu ziren, itsasoz edo ibaiez elkarren artean lotuta. Epe honen amaierako, Parisek 200.000 biztanle inguru izanen zituen. Iparraldeko Italian zein Flandrian, hein batean edo bestean bere burua gobernatzen zuten hiriak izugarri handitu ziren, kontinente osoko ekonomia suspertuz. Itsaso Baltiko inguruko hiriak Hansan batu ziren, eta Italiako hiri-estatuek, Veneziak, Genoak edo Pisak esaterako, Mediterraneo osoan zehar zabaldu zuten merkatua.
Janaria gehiago ekoiztu zen, izan ere, nekazaritzako teknika berriak hedatu zirelako: golde astunagoa erabili zen, zaldiek idiak ordezkatu zituzten, eta hiru txandako sistemari esker labore mota gehiago hazi ziren bi txandakoan baino, batez ere lekaleak, eta haiekin nitrogenoa gehitzen zitzaion berriz lurrari.
Bestalde, epelaldi bat izan zen X. mendetik XIV. mendera bitarte gutxi gorabehera Europan, eta eguraldia gozoagoa eta epelagoa izan zen XIX. mendeko erdialdera arte iraun zuen ondoko Izotz Aro Txikian baino. Garia Eskandinaviako iparraldean hazi zen, eta mahatsa Ingalaterrako iparraldean.
Horrek ez du esan nahi goseteak guztiz desagertu zirela, 1315ekoak 1,5 milioi lagun akabatu zituen esaterako, baina bakanagoak izan ziren.
Ofizioak
Hirietan, artisau espezializatuak agertu ziren, hasieran lantegi txikietan. Artisauak, gero, korporazioetan bildu ziren, espezialitateen arabera, batzuetan espontaneoki (batez ere hasieran), beste batzuetan erregeek, jaunek edo udalek sustatuta: 1100etik aurrera Frantziako iparraldean, Alemanian eta Ingalaterran, eta 1250etik aurrera, Mendebaldeko Europa guztian.
Ofizio bakoitzak xeheki arautzen zituen lanaldiak, soldatak, prezioak eta hierarkiak, eta ohikoa zen kaleka edo eskualdeka kokatzea ofizio bereko lantegiak. Kontrol horri esker, gremioan bilduta ez zeudenen lehia saihesten zen, hura baitzen iraupenerako berme onena[1].
Artisau batzuek zuzenean saltzen zuten lantegian ekoiztutakoa (elikaduraren inguruko ofizioak, ferratzaileak, upaginak, beiragileak, urregileak...), eta beste batzuk, berriz, produktuaren ekoizpen fase batean aritzen ziren (larrugintzan eta oihalgintzan, batez ere). Artilearen sektorea nabarmendu zen bere espezializazioagatik. Ehungailu horizontala XI. mendeko erdialdean agertuta eta hobekuntzak lortuta makilatze eta tindatze prozesuetan, oihal luzeagoak eta kalitatezkoagoak produzitzen hasi ziren. Guztira, hogeita hamar bat egiteko desberdin egin behar ziren biltzen zenetik azken produktua saltzen zen arte, eta horrekin, lana banatu eta espezializatu zen izugarri hiri handietan (Gante, Brujas...).
Merkataritza
Hiriak merkatarien eta negozioen egoitza bihurtu ziren, lehenik eta behin, oinarrizko produktuen premia zutelako (garia, haragia, ardoa, arraina...). Horrela, haien inguruan merkataritzaren sare bat hedatu zen, hasieran eskualdekoa, eta gero zabalagoa.
Feriak izan ziren biderik egokienak merkatari txiki eta ertain ibiltariek beren preoduktuak saldu eta erosteko (merkatari finkoak, egoitza zentrala eta korrespontsalak zituztenak, geroago agertu ziren). Feriak (hiriko asteko azoka arruntak nahiz nazioarteko azoka handiak) egiteko pribilegioak ugaritu ziren. Xanpainakoak izan ziren inportanteenak XII. mendetik aurrera, kokatuta zeudelako garaiko eskualde urbanizatuen eta aberatsenen erdian (iparraldeko Italia, mendebaldeko Alemania, iparraldeko Frantzia eta Flandria), eta bertako kondeek bereziki babestu zituztelako (bereziki Henrike I.a Liberala). Urte osoa zirauen ziklo bat osatzen zuten (Lagny, Bar-sur-Aube, Provins, Troyes, Saint-Ayoul, Troyes).
Kreditua oso tresna garrantzitsua izan zen merkataritza emendatzeko. Mailegatzaileak sortu ziren, %30eko edo %40ko interes-tasarekin hasieran, nahiz eta apalagoak izan zitezkeen segurtasuna eta moneta-zirkulazioa handitu ahala. Hala ere, diru-trukatzaileak funtsezkoagoak izan ziren bankaren sorrerako, zeren erregearen, jaunaren edo udalaren baimenarekin ezarritako tauletan txanponak trukatzetik banku-jarduerak egiten hasi baitziren: ondasunak gordailutzea, kontuen arteko igorpenak, inbertsioak negozio eta maileguetan...[2]
Merkataritzako sozietateak Italian sortu ziren, bertan ezagunak zirelako Bizantzioko eta musulmanen ereduak. 976koa da Venezian ezagutzen den commenda zaharrena. XII. mendetik aurrera, Toscanako zenbait familia nabarmendu ziren artilearen merkataritzan, eta compagnia haiek korrespontsal finkoak zituzten Europa osoko hiri handienetan. Gero, fortunak egin ziren espeziak, zeta, kotoia eta koloratzaileak ekialdeko Mediterraneotik ekarriz eta lehengaiak, garia eta esklabuak eramanez.
Europako iparraldean, Xanpainako ferien gainbeherarekin, Flandriako hiriak (Gante, Arras, Brujas...) bihurtu ziren sal-erosketen erdigunea XIII. mendetik aurrera. Hara iristen ziren Europa osoko salgaiak, baita Mediterranotik ere, Gibraltarreko itsasertza ireki ondoren, eta XIV. mendetik aurrera, Baltikotik ere bai, Hansaren eskutik.
Politika
Frantziaren goraldia
Frantzian karolingiarren erregealdia bukatu zen. Reimsen bildutako baroiek Hughes Capet 987an errege izendatuta, kapetar leinua hasi zen. Dinastia berriko lehenengo erregeek aginpide gutxi zuten Paris ingurutik kanpo, erresuma zatituta baitzegoen feudo eta jaunerri ugaritan. Feudo horietako asko, esaterako Normandiako eta Akitaniako dukerriak, edo Flandriako, Xanpainako eta Tolosako konderriak handiagoak eta ahaltsuagoak ziren erregearen menpeko lurraldeak baino[3].
Erregetza aitengandik semeengana eskualdatu zen, Hughes Capet nobleek hautatu bazuten ere, eta dinastia sendotzen joan zen. Luis VI.ak (1108-1137), Suger abadearen aholkularitzari eta monasterioen babesari esker, lortu zuen bere menpeko lurraldea baketzea, ordura arte arruntak izan baitziren nobleen arteko borrokak eta istiluak.
Baina haren biloba Filipe Augustorekin (1180-1223) lortu zuen Frantziako erregetzak nabarmenki handitzea bere menpeko lurraldeak (hirukoiztu egin zituen) eta bere aginpidea ezartzea erresuma osoan. Ororen buru, Ingalaterrako Plantagenet erregeei egin zien aurre, zeinek beren menpe baitzuten Frantziako mendebaldeko zati handi bat, besteak beste Henrike II.a Leonor Akitaniakoarekin esposatzeari esker. Filipe Augustok garaitu zituen Bouvinesko guduan (1214).
Luis IX.a (1226-1270) kapetarren errege nabarmenentzat hartzen da, eta Elizak santu egin zuen (San Luis) 1297an. Harekin, Erdi Aroko Frantziak goia jo zuen ekonomikoki eta politikoki. Erregeen menpeko lurraldea areago handitu zuen, eta Ingalaterra garaitu zuen berriz Taillebourgeko guduan. Frantziako lege sistema eraberritu eta zentralizatu zuen, preboste eta baile karguen bidez. Katoliko porrokatua, Sainte-Chapelle eraikiarazi zuen erlikia ugari gordetzeko, eta Zazpigarren eta Zortzigarren Gurutzadetan hartu zuen parte. Azken hori Lurralde Santurako azken gurutzada izan zen.
Kapetarren azken errege nabarmena Filipe IV.a izan zen (1285-1314), zeina Nafarroako Joana I.arekin ezkonduta Nafarroako erregea eta Xanpainako kondea ere izan baitzen. Filipek erregearen boterea areago emendatu nahi izan zuen, eta pribilegio feudalak murriztu, baina bide horretan noblezia eta kleroa samindu zuen. Ingalaterraren eta Flandriaren aurka borrokatu zen (Urrezko ezproien guduan, 1302an, Flandriako herri-miliziek lehendabiziko aldiz zalditeria astuna garaitu zuten). Juduen eta Tenpluko Ordenaren aurka ere egin zuen, estatuaren barneko estatutzat jotzen zituen, eta lehendabizikoak kanporatu (1306) eta bigarrena guztiz suntsitu zituen, 1307an hasita.
Haren hiru semeek tronua lortu zuten ondoz ondo, baina bakar batek semerik izan ez zutenez (Joan I.ak bost egun bizi zituen), horietako azkena hil zenean, 1328an, kapetar zuzenen leinua amaitu eta Valois dinastiak bereganatu zuen tronua, eta Nafarroako erresuma (baina ez Xanpainako konderria) Frantziako erregetzatik banandu zen.
Ingalaterra
Eduardo Aitorlea erregea 1066an hil zenean, ez zegoen argi nor zen oinordea. Gilen I.ak Normandiako dukeak herrialdea inbaditu eta Harold erregegaia garaitu eta hil zuen Hastingseko guduan. Gilenek Harolden alde egindako jaunen lurrak konfiskatu zituen, bere jarraitzaileen artean banatzeko. Horrek matxinadak eta konfiskazio gehiago ekarri zituen. Erreboltei aurre egiteko, gaztelu ugari altxatu zituzten normandoek.
Henrike I.aren heriotzarekin (1135), haren lehengusu Eztebek errege izendatu zuen bere burua, nahiz eta izendatutako oinordea Henrikeren alaba Matilda izan. Gerra zibila piztu zen (1138-1153), Wallingfordeko hitzarmenarekin bukatu zena: Eztebek jarraitu zuen tronuan baina haren ondorengoa Henrike II.a izango zen, Matildaren semea.
Henrike II.a Akitaniako Leonorrekin ezkondu zen, eta hala, Ingalaterrako koroari lotu zizkion Frantziako lurralde horiek, gehi Anjou (haren aitari esker) eta Normandia (Gilen I.aren ondorengo gisa). Lurralde multzo horri Angevinar inperioa deitu zaio. Hurrengo mendeetan, Ingalaterra eta Frantziako erregeak borrokan aritu ziren lurralde horien gaineko aginpidea zela eta.
Henrike II.a errege kementsua izan zen. Administrazioa lehengoratu zuen, eta Ingalaterrako eliza kontrolpean eduki nahi izan zuen (Thomas Becket hilarazi zuen horregatik 1170ean). Baina haren semeetako batzuk matxinatu zitzaizkion, eta, zenbait gerraren ostean, Rikardo I.a eta Joan I.a semeek hartu zuten koroa hurrenez hurren. Joanekin Normandia galdu eta inperioa desegin zen, eta baroien matxinadaren aurrean, Magna Carta eman behar izan zuen (1215), erregearen botereak murrizten zituen amore emate bat. Hurrengo urteetan, porrot egin zuten kontinentean galdutako lurraldeak berreskuratzeko saioek, eta baroiak bitan matxinatu ziren.
Eduardo I.ak (1272-1307) berrezarri zuren erregearen aginpidea, eta administrazioa eta legedia eraberritu zituen. Handik aurrera, Parlamentua erakunde iraunkorra izan zen. Eduardok Gales azpiratu eta menperatu zuen, eta gauza bera saitu zen Eskoziarekin. Ingalaterraren potentzia militarrak goia jo zuen berriz haren hiloba Eduardo III.arekin (1327-1377). Amaren partetik Frantziako Filipe IV.aren biloba ere izanik, erresuma horretako tronua aldarrikatu zuen, hasiera emanez Ehun Urteko Gerrari.
Errekonkista
Almanzor 1002an eta haren azken semea 1009an hil ondoren, Kordobako kaliferria krisian sartu zen. Ahulezia horretaz baliatuta, Antso III.ak (1004-1035) hegoaldeko muga gotortu zuen Ebrotik Cincara, eta hortik behealdeei eraso zien, ekimen militarra irabazita. Hala, dinastiaren menpeko lurrak sendotu eta haren eragintza zabaldu zuen Leondik Ribagorzara, Gaztela eta Gaskoina ere barne hartuta ere[4]. Harekin, beraz, menperatu zuten Iruñeko erregeek lurralde gehien.
Haren lehenseme Gartzia IV.ak Iruñeko erresuma osoa jaso zuen, Goiko Errioxatik Aragoirainokoa, eta errege-aginte bakarra. Amaren partetik, Araba eta Gaztela Zaharra jaso zuen (konderriko iparraldea eta ekialdea). Fernando bigarren semeak Gaztelako konde titulua jaso zuen, baina aipatutako lurraldeak kenduta. Gontzalo hirugarren semeak Sobrarbe eta Ribagorza jaso zuen, eta Ramiro seme bastartak, berriz, zenbait ondare Aragoiko konderrian[5].
Gartzia IV.ak jarraitu zuen Zaragozako taifari erasotzen. Calahorra bereganatu (1045) eta parien sistema abian jarri zuen. Alabaina, anaien arteko harremanak gaiztotu ziren. Ramirok Gontzaloren lurraldeak bereganatu zituen, haren heriotzaren ondoren (1045) eta Fernando, Leongo erregea garaituta (Tamarongo gudua, 1037), Leongo errege bihurtu zen. 1054an, Fernandok Gartzia garaitu eta hil zuen Atapuercako guduan.
Antso IV.ak Fernandoren esku utzi zuen Gaztela Zaharra (1062), baina beretako gorde zituen Araba, Bizkaia, Pancorbo eta Tiron Behea. Nolanahi ere, erregintaldi honetan noblezia handiarekiko harremanak gaiztotu ziren. Erregeak pariak kobratzen zituen Zaragozatik eta horrek galarazten zien nobleei musulmanen lurrak arpilatzea. Gauzak horrela, 1076ko ekainaren 4an erregea hil zuten zenbait noblek eta erregearen senide batzuek, Funesen, amildegi batetik behera botata. Gaztelako Alfontso VI.ak Errioxa, Araba eta Bizkaia okupatu zituen, eta Aragoiko Antso Ramiritzek, aldiz, Iruñea eta monarkiaren erdigunea.[6]
Alfontso I.ak aurrerago eraman zituen Antso Ramiritz aitaren konkistak Ebro ibarrean, eta besteak beste Tutera eta ingurunea bereganatu zuen 1119an. Haren testamentuan, erresuma Tenplu, Malta eta Hilobi Santua ordenen esku utzi zuen. Nobleziak ez zuen onartu, eta Aragoin Ramiro hautatu zuten errege, Alfontso zenaren anaia. Nafarroan, aldiz, Gartzia Ramiritz aukeratu zuten errege, zeina Gartzia IV.aren bastart baten ondorengoa baitzen.
Gatazkak
Kanpoko inbasioak amaitu arren, Europan barneko borrokek iraun egin zuten. Ingalaterran, normandiarren inbasioak (Hastingseko gudua, 1066) daniarren agintaldia amaiarazi zuen. Normandiako kontea Ingalaterrako errege bihurtzeak Frantziarekiko gatazkak areagotu zituen. Izan ere, Normandiako kontea izanik, de jure, Frantziako erregearen menpe zegoen Ingalaterrakoa, baina praktikan, boteretsuagoa zen, ezkontza-politika zela-eta, Frantziako mendebaldeko zati handia bere meneko baitzen (Angevinar Inperioa deitu zaio zonalde horri). Nolanahi ere, zenbait errege ahaltsuri esker —Filipe Augustori (1180-1223) esaterako—, Ingalaterra garaitu (Bouvinesko gudua, 1214) eta herrialdea Europako indartsuena bilakatu zen, hala nola Saint Louis (1226-1270) edo Filipe Ederraren (1285-1314) agintaldiekin. Ingalaterran, Joan Lurgabea erregeak Magna Carta eman behar izan zion nobleziari eta hainbat eskubide bermatu.
Karolingiar Inperioa amaituta, Frantziak bere bidera jo zuen Hughes Capet erregearen garaietatik. Ekialdeagoan, Germaniako Erromatar Inperio Santua osatu zen 962an, Oton I.aren eskutik. Kristautasunaren nagusiarengatik Aita Santuekiko gatazka hasi zen, inbestidurak nork izendatuko zituen gainean hain zuzen ere. Heinrich IV.a (1084-1106) eskumikatu zuten, eta bakea ez zen lortu Wormseko Hitzarmena adostu zen arte (1122). Hurrengo enperadoreek Italian ematen zuten denbora gehiena, eta tokian tokiko printze alemaniarrek boterea bereganatu zuten. Ekialdera hedatzen hasi ziren orduan, eslaviar paganoen eremuetara, hainbatetan Gurutzada deituta.
Musulmanen kontrako borroka ere ohikoa izan zen, batez ere Iberiar Penintsulan, Sizilian eta Ekialde Hurbilean. Iberiar Penintsulan, Erdi Aro Klasikoaren epean konkista gehiena egin zen: 1300erako Granadako erresumak baino ez zirauen aske, Portugal eta Aragoi erresumek bere errekonkista amaituta. Sizilia ere musulmanen menpean egon zen harik eta XI. mendean, Roger I.a buru zuen armada normandiar batek konkistatu zuen 1091rako.
Garai horretako beste ezaugarri behinenetakoa Gurutzadak izan ziren. Ezagunenak Lurralde Santuak askatzera Ekialde Hurbilera zihoazenak izan ziren, baina Iberiar Penintsulan, Itsaso Baltikoan edo heresien aurka ere gertatu ziren. Palestinari dagokionez, Urbano II.a Aita Santuak deituta hasi zen lehenengoa. Jerusalem 1099an hartu zuten, eta kristauen esku segitu zuen, 1187an Saladinok berriro hartu zuen arte. Europako errege nagusiek (Frantziakoak, Ingalaterrakoak eta enperadoreak) Hirugarren Gurutzada (1190) burutu bazuten ere, ezin izan zuten hiria berriz konkistatu. Laugarren Gurutzada jarri zen martxan 1202an, baina Konstantinopla arpilatzea baizik ez zen lortu. Geroztik beste gurutzada batzuk egin arren, ez zeukaten lehenengoen arrakasta lortu, eta, azkenean, kristauak Ekialde Hurbiletik bota zituzten musulmanek Acre hiria hartutakoan (1291).
Pentsamoldea
Aurreko mendeetan Antzinateko filosofia eta kultura islamdar munduan gorde eta sakondu zen. Mendebaldeko mundu kristauan monasterioetara mugatuta geratu zen. Al-Andalus eta Sizilia musulmanetik bildutakoa eta sortutakoa (zenbaki-sistema berria, algebrako aurrerapausoak...) kristauetara heldu zen. Honela, Aristotelesen lana eta zientzia islamdarra hain erruz itzuli ziren latinera non XII. mendeko Pizkundeaz mintzatu den.
Gainera, XI. mendetik aurrera Europa osoan zehar ikasteko toki berria, unibertsitatea, zabaldu zen. Hor, filosofia berria, eskolastizismoa, garatu zen, Antselmo Canterburykoak lehendabiziz eraginda (1033-1109). Enpirismoan oinarrituta, eskolastikoek uste zuten Eliza Katolikoaren dotrina ikasketa, arrazoi eta logikaren bidez bultzatu behar zela, platondar eta augustinar pentsamoldetik aldenduz eta Aristotelesengana hurbilduz. Eskolastiko nabarmenduak Tomas Akinokoa, Alberto Handia, Bonaventura, Abelardo edo Petri Lombardo izan ziren. Beste aldetik, Duns Scoto, Gilen Ockhamgoa, edo Bernardo Clairvauxkoa beste pentsalari nabariak ere izan ziren.
Filosofian ez ezik, artean (eskulturan, musikan eta arkitekturan batik bat) aurrerapauso handiak egin ziren. Garai horretan katedral franko eraiki ziren Europa osoan zehar, hasieran estilo erromanikoan eta geroago, gotikoan.
Kultura eta pentsamendua Elizari lotuta zeuden ezinbestez, eta ikusmolde berriek Elizaren barnean ere eragina izan zuten. Lehen monasterio-erreforma nagusia X. mendekoa izan zen: Cluny (909an sortua) monasterioaren bitartez jatorrizko diziplinetara itzultzen saiatu zen. Izan ere, bizitza zuzena izan ezean, monjeen zeregin garrantzitsuak —Jaingoikoari bertutetsuentzako mundu hobea eskatzea, alegia—, haien izatearen beraren arrazoiak, funtsa galtzen zuen. Zistertar erreforma (1098an sortuta) berriro saiatu zen jatorrizko diziplinara itzultzen klunitarrek bizkarra eman ziotelakoan.
Nolanahi ere, erreforma batzuek elizen mugak gainditzen zituzten. Waldotarrak eta humiliati gaitzetsi zituzten kalostrapeko bizitza ez onartzeagatik. Kataroek beren burua baizik ez zuten garbitzat jotzen. Eskeko ordenak, ordea, onartu zituzten Aita Santuek XIII. mendean, eta horrela, frantziskotarrak, domingotarrak, karmeldarrak eta agustindarrak sortu ziren, domingotarren kasuan, hein handi batean heresia horren aurka borrokatzeko.
Kronologia
- 987-996 Hugues Capetek Kapetar leinua ezarri zuen Frantzian, errege bihurtuta.
- 1004-1035 Antso III.a Iruñeko erregearen agintaldia.
- 1040 Bizkaiko jaurerriko historia Iñigo Lopez Ezkerra lehen jauna.
- 1054 Gartzia III.a Atapuercako guduan hil zen.
- 1054 Ekialdeko Zisma
- 1066 Hastingseko guduaren ondorioz Gilen Konkistatzailea Ingalaterrako errege bihurtu zen.
- 1071 Manzikerteko guduaren ondorioz Bizantziar Inperioak Anatolia galdu zuen.
- 1073-1085 Gregorio VII.a Aita Santuaren agintaldia.
- 1076 Antso IV.a hilda, Aragoiko erregea Iruñekoa ere bihurtu zen.
- 1077 Heinrich IV.a enperadorea Canossara Aita Santuarengana joan zen barkamen eske.
- 1085 Gaztelako Alfontso VI.ak Toledo hartu zuen.
- 1088 Bolognako Unibertsitatea sortu zuten, Europako zaharrena.
- 1096-1099 Lehenengo Gurutzada.
- 1098 Zisterko ordena sortu zen.
- 1119 Tutera hartu zuen Alfontso I.a Borrokalariak musulmanengandik.
- 1117 inguruan Oxfordeko Unibertsitatea fundatu zuten, ingelesezko munduko lehena.
- 1123 Laterango Lehen Kontzilioa.
- 1134 Alfontso I.a hilda, Iruñeko eta Aragoiko erresumak bereizi ziren.
- 1139 Laterango Bigarren Kontzilioa.
- 1145-1149 Bigarren Gurutzada.
- 1150-1194 Nafarroako Antso VI.aren agintaldia.
- 1150ean Parisko Unibertsitatea (Sorbona) sortu zen, frantsesezko munduko lehena.
- 1153 Bernard de Clairvaux hil zen.
- 1155-1190 Friedrich Barbarossaren agintaldia.
- 1158 Hansa sortu zen.
- 1164 Nafarroako Erresumaren lehen aipamena egin zen, Iruñeko erresumaren ordez.
- 1179 Laterango III. Kontzilioa
- 1180-1223 Filipe Augustoren agintaldia.
- 1187 Saladinek Jerusalem hartu zuen kristauengandik.
- 1189-1192 Hirugarren Gurutzada.
- 1194-1234 Nafarroako Antso VII.aren agintaldia.
- 1200 Gaztelako erresumak Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea okupatu zituen.
- 1200-1204 Laugarren Gurutzada.
- 1204 Mendebaldekoek Konstantinopla arpilatu zuten.
- 1209-1229 Albitar Gurutzada.
- 1212 Iberiar Penintsulan kristauek Navas de Tolosako guduan garaipen erabakigarria eskuratu zuten.
- 1214 Frantziak Ingalaterraren aurka garaipena lortu zuen Bouvinesko guduan.
- 1215 Joan Lurgabea Ingalaterrako erregeak Magna Carta eman zuen.
- 1215 Laterango Laugarren Kontzilioa.
- 1216 Domingotar ordena onartu zen.
- 1217-1221 Bosgarren Gurutzada.
- 1218 Salamancako Unibertsitatea sortu zen, gaztelaniazko munduko lehena.
- 1220-1250: Friedrich II.aren agintaldia.
- 1223 Frantziskotar ordena onartu zen.
- 1226-1270: Saint Louisen agintaldia.
- 1228-1229: Seigarren Gurutzada.
- 1234: Xanpainako leinua ezarri zen Nafarroako erresuman.
- 1237-1240: Mongoldarrek Errusia inbaditu zuten.
- 1248-1254: Zazpigarren Gurutzada.
- 1274: Tomas Akinokoa hil zen.
- 1274: Nabarreriako Gerran frantziar armadak Iruñea hartu zuen.
- 1280: Alberto Handia hil zen.
- 1284 Nafarroako Joana I.a Filipe Ederrarekin eskontzean Kapetar leinua ezarri zen Nafarroako erresuman.
- 1285-1314 Filipe Ederraren agintaldia Frantzian.
- 1290 Coimbrako Unibertsitatea fundatu zen, portugesezko munduko lehena.
- 1291 Acre, Ekialde Hurbileko azken gotorleku kristaua, musulmanek hartu zuten.
- 1302 Urrezko Lantzen guduan zalditeria gainditurik suertatu zen Erdi Aroan lehen aldiz.
- 1305 Nafarrak frantziar erregearen aurka matxinatu ziren.
- 1307 Filipe Ederrak Tenpleko Zaldunen Ordena desegin zuen.
- 1315-1317an, europarrek "Gosete Handia" pairatu zuten.
- 1321 Dante Alighieri hil zen.
Erreferentziak
- Miguel Ángel Ladero Quesada, Historia Universal. Edad Media, Vicens Vives, Bartzelona, 1995, 462. or.
- Miguel Ángel Ladero Quesada, Historia Universal. Edad Media, Vicens Vives, Bartzelona, 1995, 465. or.
- Michel Pastoureau, La France des Capétiens. 987-1328, Paris, 1988, 6. or.
- L. J. Fortún eta C. Jusué, Historia de Navarra I, Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsa, Iruñea, 1993, 95-100 or.
- L. J. Fortún eta C. Jusué, Historia de Navarra I, Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsa, Iruñea, 1993, 102 or.
- L. J. Fortún eta C. Jusué, Historia de Navarra I, Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsa, Iruñea, 1993, 104-105. or.