Taorminako setioa (K.a. 394)

Dionisio I.a Sirakusakoak Taormina setiatu zuen K.a. 394ko neguan, Kartagoren aurka izandako Siziliar gerretan. Dionisiok afrikarrak garaitu ondoren Sirakusako guduan (K.a. 397), bere lurraldea eta eragina hedatu zuen, sikuloen eremu berriak konkistatuz eta greziar koloniak ezarriz Siziliako ipar-ekialdean. Taormina, sikuloen hiria eta Kartagoren aliatua izanik, Messina eta Sirakusarentzat mehatxu bat zen. Dionisiok hiria setiatu zuen K.a. 394ko neguan, baina setioa altxatu behar zuen gaueko eraso batean porrot egin eta gero. Kartagok eraso honi erantzun zion guda berpiztuz. Liskarrek bukatu ziren K.a. 392ko bake-itunarekin. Horren arabera, Dionisio sikuloen agintari gisa onartu zen eta Kartagok Haliko eta Himera ibaien mendebaldeko eskualdeari eutsiko zion.

Taorminako setioa
Siziliar gerren parte bat
Greziar-punikoaren maskaren nahasketa.
DataK.a. 394ko negua
LekuaTaormina, Sizilian
Koordenatuak37°51′N 15°18′E
EmaitzaLurraldeko aldaketarik gabe
Gudulariak
Sirakusa Taormina.
Buruzagiak
Dionisio Zaharra Ezezaguna
Galerak
>600 Ezezaguna


Aurrekariak


Kartagok, K.a. 409an, Segesta lagundu zuen Selinonteren kontra, hiri hau eta Himera arpilatuz. Hermokratesek, errepresalia moduan, eskualde punikoa eraso zuen, eta horri kartagotarrek erantzun zioten Akragas, Gela eta Camarina suntsituz K.a. 405ean. Gerra amaitu zen bake-itun batekin. Horren arabera, kartagorentzat Siziliako zati handi baten kontrola uzten zuen eta Dionisiorentzat Sirakusa. K.a. 404-398 artean, Dionisiok Sirakusa gotortu ondoren, Motia hiri punikoa eraso zuen armada sendo batekin: 80.000 oinezko, 3.000 zaldun, 200 gerra-itsasontzi eta 500 garraio-itsasontzi. Azken hauek hornidurak eta gerra-makinak zeramatzaten. Eraso horrek piztu zuen Kartagoren kontrako lehen gerra, gero beste hiru gehiago gertatuko ziren[1]. Dionisok Motia suntsitu ondoren, Himilkon heldu zen Siziliara 50.000 soldadu, 400 trirreme eta 600 garraio-itsasontzirekin[2]. Lehenengo eta behin, Himilkonek Motia eraso zuen eta oso erraz konkistatu ere Bitonek defendatutako hiri sikuloa[3]. Gero, Segestako setioa altxatu zuenean, Dionisio Sirakusara erretiratu zen, Siziliako mendebaldean gudua eman gabe, kartagotar armada handiagoa zelako[4]. Orduan, Himilkon Palermora itzuli zen eskualde punikoak gotortzeko. Gero, Liparira abiatu zen, non zilarrezko 30 talentu jaso zituen zerga moduan[5]. Horren ondoren, kartagotar armada Messinarantz joan zen eta hiria oso erraz hartu zuen. Messinaren okupazioak kartagotarrei Messinako itsasartearen kontrola ematen zien baita portuarena ere, non flota puniko osoa sartzen baitzen, eta hortik, Italia eta Siziliaren arteko itsas-trafikoa eragoz lezake. Gainera, kartagotarrak ere, Reggiorekin aliatu litezke, Sirakusaren ohiko etsaia. Ordura arte, greziarrek, K.a. 725tik kontrolatzen zuten posizio estrategiko hori.

Kontsiderazio estrategikoak

Himilkonek ez zuen jarri base bat Messinan, ez zegoelako ziur defenda lezake Kartagotik horren urrun zegoen hiri hori[6]. Gainera, Messinako biztanle gehienak inguruko muinetako gotorlekuetan babestuta zeuden eta haiek menperatzea denbora galtzea izango zen. Bitartean, Dionisiok hurrengo borrokarako indar liteke. Hortaz, helburua zen Sirakusa garaitzea, Messina, bigarren mailako helburua zelako. Bestalde, Kartagotik errefortzuak ekartzea denboraren xahuketa litzateke, Kartagok ez zuelako armada egonkorrik eta luze joko zuen mertzenario berriak alokatzeak eta, gainera, armada banatzekotan Messinako garnizioan eta Dionisio erasotzeko gudarostearen artean, kartagotarrak ahul litezke. Hala ere, Himilkonek bazekien, tokia utzi orduko, atzean lagatako greziar gotorlekuetatik arazoak etor litezkeela. Horregatik, beste irtenbide bat asmatu zuen[7]

Irtenbidea

Himilkonek hiri bat fundatu zuen Taurus mendian, aurretiaz sikuloak bizi ziren tokian[8]. Hiria gotortu orduko, sikulo gehiago ekarri zituen populatzeko. Hori ospatzeko, harri batekin hainbat hegazti hil zituen. Hiritik Messinako mugimenduak eragotzi ahal ziren, baina Taorminan, zaila izango zen eraso-sorpresa bat jasatea, gainera, operazio berrietarako base bat izan zitekeen. Sikuloek Dionisio gorrotatzen zutenez, Assoruskoek izan ezik, Himilkonen armadan sartu ziren edo etxerako bidea hartu zuten. Honela, Dionisioren armada txikitu zen kartagotarrekin borroka egin baino lehen.

Dionisiok, Epaminondas Tebaskoak erabilitako estrategia bera ontzat hartu zuen, tebastarrak K.a. 370an, Esparta indarrez hartu ezin zuenean: Messene berpopulatu eta Megalopolis fundatu zuen Espartako lurraldeetan. Ekimen horrekin lazedemoniarrak ahuldu eta gero posbe izan zen haien eskualdea txikitzea[9].

Sikuloen eta greziarren arteko harremanak

Himilkonek Taormina (Tauromenium) eraiki baino lehen, Dionisiok sikuloei baimena eman zien Naxosen bizi izateko. Lehenago, hiri hau Dionisioren arpilaketaren ondoren, biztanlerik gabe geratu zen. Eskuzabaltasun horrek ez zituen sikuloak hunkitu, lehenengo aukeran Himilkonekin joan zirelako, baliteke greziarrekin izandako eskarmentu txarrengatik. Naxos izan zen Siziliako lehen greziar kolonia (K.a. 734) sikuloen eremuetan. Harrez geroztik, sikuloak greziarren biktimak izan ziren. Leontinos izan zen hurrengo kolonia, Naxosek ezarritakoa, non grekoek agindu baitzuten sikuloekin bakean biziko zirela. Haatik, Leontinosko greziarrek Megaratik kolonoak ekarri zituzten sikuloak hiritik kanporatzeko[10]. Baina greziarren eta sikuloen arteko harremanak ez ziren beti txarrak izan: Hipokrates Gelakoak sikuloen zerbitzuak alokatu zituen, nahiz eta mertzenarioak hil beharrezkoak ez zirenean[11]. Sikuloek eta Camarinako greziarrek elkarrekin borroka egin zuten Sirakusaren kontra, baina denboraren poderioz, sikuloek zurgatu zuten greziar kultura gehiena. Greziarrek haien arteko diferentziak baztertu zituzten Duzetio irabazteko, sikuloen estatu bat eratu nahi zuelako, K.a. 440an. Dionisiok eraso zituen Herbeso[12], Enna[13] eta Herbita[14] sikuloen hiriak, Kartagoren aurkako gerra hasi baino lehen, hortik zetorkien sikuloei gorrotoa[15].


Sizilia K.a. 396-394 artean

Kartagotarrak hegoaldera, Cataniara, mugitu ziren, sikuloak Taorminan finkatu ondoren[5]. Dionisiok ere, armada mugitu zuen Cataniarantz, baina haren anaia Leptinesen trebetasun urriarengatik, grekoak irabaziak izan ziren Cataniako guduan[16]. Siziliako greziar hiriak Kartagori zergak ordaintzen zizkiotenak K.a 405. urtearen ondoren, K.a. 398an matxinatu ziren eta sikulo eta sikanoekin, Dionisioren armadan sartu ziren Motia erasotzeko. Cataniako porrotaren ostean, siziliar grekoak nor bere etxera itzuli zen, Dionisiok ebatzi zuelako Sirakusan kartagotarren setioa pairatuko zuela. Sikuloei dagokienez, Dionisioren kontra joan ziren Taorminan ezarri ostean eta K.a. 397an, soldaduak bidali zituzten Himilkon laguntzeko Sirakusako setioan. Himilkonek setiatu zuen Sirakusa udazken horretan, baina izurria hedatu zen kanpamentu punikoan. Kartagotar armada izurriak jota izan ondoren, Dionisiok flota punikoa garaitu zuen eta armadatik bizirik irten zirenak haien kanpamentuan itxi zituen, K.a. 396ko udan. Himilkonek, Dionisio erosi ondoren, Afrikarantz itsasoratu zen kartagotar hiritarrekin, Dionisiok abandonaturiko soldaduak esklabo egin zituen bitartean.

Kartago: arazoz gainezka

Himilkonek tropak bertan behera uztea ez zen kartagotarren ezta haien menpekoen gustukoa izan. Himilkonek guztien aurrean porrotaren ardura osoa hartu zuen. Jantziak urraturik, tenpluak bisitatu zituen barkamena eskatzeko eta, azkenean, bere buruaz beste egin zuen[16]. Afrikarren ustez, jainkoak ez ziren apaldu izurri bat Afrikako iparraldetik hedatu zelako, Kartago zigortuz. Egoera gehiago okertzeko, libiarrek, haserre Himilkonen desertzioarengatik, 70.000 soldaduetako armada bat antolatu zuten Kartago setiatzeko. Magonek, Cataniaren garaileak, (beharbada Magonida familikoa)[17], boterea hartu zuen. Armada puniko egonkorra Sizilian zegoen eta beste berri bat errekrutatzea garestia eta luzaroko lana izango zen, Himilkon abandonatzearen ondoren, mertzenarioak ez zirelako kartagotarrez fidatzen. Hori dela eta, kartagotar hiritarrei eman zien harresien defentsaren ardura, kartagotar flota hiria hornitzen zuen bitartean, libiarrek ez zutelako itsasontzirik hori ekiditzeko. Matxinatuak garaitzeko, Magonek eroskeriak eta beste baliabide batzuk erabili zituen[16].

Magon Sizilian

Kartago ziurtatu eta gero, Magon Siziliarantz abiatu zen, non, K.a. 396an, Dionisiok arpilatu baitzuen Solunte hiri punikoa. Kartagok ezin zuenez Magoni indar gehiago eman, hau konpondu behar zen Siziliako garnizioarekin eta irlan jaso litzake boluntarioekin[18]. Kartagotarrak, Sirakusako setioren ostean, lasaitu ziren jakitean Dionisiok ez zituela eskualde punikoak erasotuko. Elimoak leialak izan ziren Kartagorekin gerraren hasieratik. Siziliako grekoak eta sikanoak ez ziren mehatxu bat izan, eta sikulo gehienak ez ziren Magonen alde jarri, hau Siziliara heldu zenean. Magon ez zen saiatu galdutako lurraldeak indarrez hartzen, baizik eta elkarkidetzazko eta laguntasunezko politika bat abian jarri zuen. Grekoak, sikanoak, sikuloak, elimoak eta punikoak laguntza jaso zuten, axola gabe aurretiaz Kartagorekin izandako jarreraz[19]. Greziar hiri batzuk Dionisioren oldarkeria jasan zutenez (Lentini, Naxos eta Catania) haien populazioa egotzita izanik, nahiago zuten Kartagoren pean bizi izatea[20]. Kartagotarrek onartu zituzten Naxos, Catania eta Lentiniko grekoak, gehi sikulo eta sikanoak eskualde punikoan. Honetaz gain, aliantzak egin zituen Dionisioren mehatxu pean zeuden tribu sikuloekin[19]. Greziar hiriak, kartagotar agintetik libre zeudenak K.a. 398tik, posizio neutrala izan zuten, Dionisioren beldur edo Magonen jarduerengatik[21].

Sirakusa: Dionisiok posizioa ziurtatzen du

Dionisiok, nahiz eta Kartagorekin bake-itunik ez sinatu, ez zituen eraso kartagotarren eremuak Sirakusako setioren ostean, K.a. 396an. Beste arrazoi batzuk honako hauek izan zitezkeen: gerra garestia izatean dirurik gabe zegoen, eta mertzenarioen matxinadari aurre egin behar zion. Halere, arrazoirik handiena izan zen Kartagorekin bukatuz gero, Dionisioren bukaera izango zela[22]. Sirakusa segurtatu orduko eta mertzenarioak Lentinin kokatu, (edo haiek erail ondoren, Lentinirako bidean)[23] Dionisio hasi zen bere posizioa indartzen Siziliako ekialdean.

Dionisioren kanpainak

Reggio, Messinaren aurrean zegoena itsasarteko beste aldean, Dionisioren etsaia zen, tiranoak Siziliako joniar hiriak (Naxos, Catania eta Lentini) suntsitu zituelako. Reggiok Sirakusako matxinoak lagundu zituen[24] K.a. 403an, baina ironikoki Kartagok Dionisio erreskatatu zuen, K.a. 400. urtean, Sirakusaren kontrako kanpainak porrot egin bazuen ere[25]. Bestalde, Dionisiok aiher pertsonala zuen Reggiorekin: hiri horretan emazte bat bilatu zuenean, reggiotarrek esan zioten haren borreroaren alabarekin ezkon zezala[26]. Messinako hondamendiak ahalbideratu zion Reggiori itsasartearen kontrola eta Kartagori, Reggiorekin elkartzea iparraldetik Sirakusari mehatxatzeko, Anaxilao Reggiokoak, K.a. 480an, egin zuen moduan Sirakusaren aurka Himerako gudua baino lehenago.


Iparraldea zainduz

Dionisiok erabaki zuen kartagotarrak ez erasotzea Siziliako mendebaldean, bestela, afrikarrek Reggiorekin sinatutako itunak Dionisiori behartzen zion bi fronte zabalik edukitzea. Hori egin ordez, Messina berreraiki eta Medma eta Locri hirietako 1.000 kolonorekin birpopulatu zuen[27]. Honetaz gain, beste kolono batzuk ekarri zituen Greziako Messenetik. Azken hauek Tindarisen ezarri ziren Espartak ezetza eman zielako Messinan kokatzeari[28]. Messinako jatorrizko biztanleak, etxerik gabekoak K.a. 397ko arpilaketatik, Tindarisen kokatu ziren ere, hau da, Dionisiok eraikitako hirian. Horretarako, K.a. 395ean, Abazenori lurrak uztarazi zizkion kolonia berriarentzat, hasieran 5.000 biztanle zituena[29]. Messina eta Tindarisen fundazioak Dionisiori Siziliako kostaren ipar-ekialdea ziurtatzen zion. Reggio beldurtu zen pentsatuz Dionisiok Messina, base gisa, erabiliko zuela beraren kontra. Horregatik Milas sortu zuen, Messina eta Tindarisen artean, Naxos eta Cataniako biztanleekin populatu zuena[30]. Horrek Messinako eskualdea murrizten zuen. Milasko kolonoek, Reggiok lagundurik eta Heloris sirakusar jeneralak zuzendurik, Messinako akropolia eraso zuten, baina messinarrak, Dionisioren mertzenarioek lagunduta, garaile atera ziren. Horren ostean, messinarrek Milas eraso eta errenditu zuten. Biztanleek hiria utzi behar zuten, hauetariko batzuk sikuloen artean aurkitu zuten babesa[30].

Tauromenioko hasiera

Dionisiok sikuloak eraso zituen Esmeneus (hiri honen kokapena ezezaguna da) eta Morgantina hartuz, gero Solunte hiri punikoa eta Zefalodio sikuloarra, traizioaren bitartez lortuko zituen. Ennari, sikuloen beste hiri bati dagokionez, harpilatuta izan zen eta horren ospilak diru-kutxak bete zituen[28]. Garai hartan, Sirakusako eremuak Agiraraino heltzen ziren. Agiris, Agiraren tiranoa, aberastu zena hiriko dirudunak hil ondoren, 20.000 soldadutako armada zuen baita hainbat gotorleku ere. Siziliako boteretsuena zen Dionisioren ostean[31]. Honetaz gain, Agirisek laguntza eman zien Kartagok bidalitako campaniar mertzenarioei Dionisio erreskatatzeko K.a. 403an, matxinatuak Sirakusa setiatu zutenean eta Dionisio kapitulatzear egon zenean[32]. Dionisiok zor pertsonal bat zuen Agirisekin.

Sikuloak Sirakusaren aliatuak

Dionisio saiatu zen ez haserrearazten Agiris edo Damon (Centuriperen mandataria) eta aliantzak sinatu zituen hiri sikuloekin, hala nola, Centuripe, Herbita, Assorus (hiri hau leiala izan zen Sirakusarekin beste sikulo batzuk Himilkonerengana joan zirenean Taorminaren[33] eta Herbesoren[34] fundazioetan, K.a. 397an, Siziliaren erdian Sirakusarako gune ziur bat ezartzeko. Taormina kokatuta zegoenez Sirakusa kontrolaturiko eskualdearen erdian, horren flota edo armadaren mugimenduak oztopa zitzakeen. Horregatik, Dionisiok erabaki zuen lehen Taormina erasotzea K.a. 394ko neguan[30]. Dionisiok alperrik setiatu zuen Taormina K.a. 394ko neguan, sikuloek, kartagotarren aliatuek, ondo defendatu zutelako[35], beraz, gaueko erasoak huts egitean, setioa altxatu zuen. Dionisioren hurrengo helburua Reggio izan zen, baina aurrekoaren moduan ezin zuen hartu. Ondorioz, Siziliara itzuli zen Reggiorekin itun bat sinatu ondoren. Horren arabera, Reggio ez zen Kartagoren aliatua izango[36]. Magon Kartagokoak K.a. 393an Messinara armada zuzendu ondoren, gerra berpiztu zen.

Etsai bakoitzaren armada

Himilkonek 50.000 soldadu, 400 trirreme eta 600 garraio-itsasontzi ekarri zituen Siziliara K.a. 397an[37]. Armadaren zatirik handiena Sirakusan desagertu zen. Magonaren indarra ezezaguna zaigu baina, ageri denez, guduaren ostean, 8.000 gizon galdu zituen. Kartagok, Afrikan, Sardinian eta Campanian errekrutaturiko 80.000 soldadu bidali zituen Siziliara[38]. Iberiarrak ez dira aipatzen, beharbada, Leontinosko eta Sirakusako armadan zeudenez, Kartago ez zen gai izan haren armadarako beste batzuk kontratatzeko. Agian, kartagotar armadako tamainaren kalkuloak bikoiztu egin dira[39] , nahiz eta Magonerena greziarrarena baino handiagoa izan. Dionisiok 40.000 oinezko eta 3.000 zaldun bildu zituen[40] mertzenario eta hiritarrak[41] Motia erasotzeko K.a. 398an[42]. Catanian, K.a. 397an, Dionisiok bakarrik 30.000 oinezko eta 3.000 zaldun zituen, diru eskasa zuelako mertzenarioak kontratatzeko edo armadaren zati batek Sirakusa defendatzen ziharduelako. K.a. 392an, Dionisiok 20.000 soldaduren armada antolatu zuen baino ez, garnizio arazoengatik edo diru faltarengatik. Sikuloek horrenbesteko armada bat eraman zuten Sirakusa defendatzeko.

Antzinako Siziliako hiriak

Kartagoko kohorteak

Kartagotar gudarostea nazionalitate askotakoa zen. Libiar infanteria astuna eta arina armadaren unitate disziplinatuenak ziren. Astunak formazio itxian borroka egiten zuen, ezpata luzeekin eta ezkutu biribilekin armaturik, kaskoak eta lihozko korazak zeramatzan ere. Libiar infanteria arinak, berriz, xabalinak eta ezkutu txikiak zituen. Infanteria astunak falange trinko batean borroka egiten zuen, haren armak, xabalinak, ezkutu luzeak eta ziztatzeko ezpata txikiak ziren[43]. Campaniako, Sardiniako eta Galiako infanteriek berezko tresneria zuten[44], zenbaitetan, Kartagok ekipaturik. Libiarrek, kartagotarrek eta libio-feniziarrek bazuten ondo prestatutako eta disziplinatutako zalditeria, ezpata ziztagarri eta ezkutu biribilekin. Numidiatik zalditeri arina ezin hobea zetorren horniturik xabalin multzo batekin, zaldiak brida eta estriburik gabe gidatuz. Libiarrek lau zalditako gurdi gehienak zekartzaten[45], baina Kartagok, oraindik ere, ez zituen gerrarako elefanteak erabili[46]. Kartagotar ofizialek armada osoko agindua zuten, zenbait unitatek berezko buruzagiak zituzten.

Greziar indarrak

Greziar armadaren mamia hoplitak ziren, gehienak Sirakusako menpekoak, Italiatik eta Greziatik hainbat mertzenario bazeuden ere. Sikuloak eta Siziliako beste biztanle batzuk, hoplitak eta peltastak moduan, Sirakusako armadarako kontratatuak izaten ziren, eta Campaniatik [47] etorritakoak baliteke samnitak edo etruskoen gerlarien ekipamendua ekartzea[48]. Falangea izan zen borroka egiteko formaziorik ohikoena. Sirakusak eta Agrigentok bezalako hiri handiek, 10.000-20.000 soldaduen artean eman zitzaketen[49], beste txikiago batzuek, hala nola, Himerak eta Messinak, bakarrik 3.000[50] eta 6.000[51] artean. Taorminak, Messinaren antzeko gerlariak izango zituen. Beharrezkoa izatekotan, Sirakusak gizonezkoak eta emakumezkoak erabiltzen zituen peltastak gisa. Zalditeriari dagokionez, hiritar aberatsen eta mertzenarioen artean errekrutatzen zen. Dionisioren armadan zeuden iberiarrak, aurretiaz Himilkonekin borrokatu ziren. Iberiar tropa hauek tunika zuriak janzten zituzten purpurazko ertzekin eta larruzko kaskoa zeramatzaten. Infanteria astuna falange trinkoan borrokatzen zen, jaurtitzeko lantza astunak, ezkutu luzeak eta ziztatzeko ezpata laburrak zituztela[52]. Dionisioren armada mertzenarioz eta greziar hiritarrez osatuta zegoen batik bat. Hauek ez zeuden prest luzaroan borrokatzeko, kanpaina laburrak nahiago zituztelako[53].

Soldadu sikuloak

Agian, sikuloak Italiatik etorri ziren[54] eta haien armadak oskoarraren eragina zuen. Tribu sikuloak harresiz inguraturiko muinoen gaineko herrixketan bizi ziren. Litekeena da, haien armadak 100 soldaduz osaturikoa izatea, oskoarrak edo latindarrak bezala. Sikuloek berezko armak zituzten, greziarren antzekoak, txiroenek infanteria osatuko zuten bitartean, aberatsenek zalditeria. Samniten antzera[47], sikuloek bi xabalina eraman zituzten (jaurtitzeko eta zulatzeko). Beste batzuek, berriz, lantza luzeak zekartzaten, zulatzeko. Infanteriazko soldaduak ezkutu biribilekin babesten ziren. Hauek ere, zango-babesak, bular-oskolak eta gerrikoak janzten zituzten. Zenbait sikulo greziarren koraza, kepi eta knemidekin babesten ziren. Zaldunek, aldiz, brontzezko armadurarekin, eta haien armak lantzak eta ezpatak ziren[55]. Sikuloek sorterriko mendietan nahiago bazuten ere zabaleko ordenean segadak prestatzea, zelai-gudua egiteko lerroak prestatzen zituzten; xabalina zeramatzatenak aurrean, lantzazkoak atzean eta zalditeria hegalak babestuz[55]. Tropa arinak erabili ziren ere eta setio baten kasuan, emakumezkoek eta umeek peltastak moduan borrokatzen ziren, teilak, adreiluak eta antzekoak jaurtikiz.

Kanpainaren hasiera

Sirakusar armada hegoaldetik etorri eta Naxos hiriko hondakinetan kanpatu zen, hiriko sarrera moztuz[30]. Sikuloek defentsa gogorra egin zuten. Hiria, harkaitzez inguratuta zegoenez, arrapalak egin ezean, ez zen irisgarria setio-makinekin. Dionisiok neguan setiatu zuen hiria (hau oso arraroa zen antzinatean, aldi berean, eguraldiaren eta etsaiaren kontra borroka egin behar zuelako). Uste zen erasoteko unea aproposa zela sikuloen elikagaia urria izango zelako, uztak oraindik ez zirelako hartu eta sikuloen aliatuak (kartagotarrak eta reggiotarrak) prest ez zeudelako neguko kanpaina bat hasteko.

Taorminako defentsak

Taormina eraiki zen Taurus mendian, 200 metroko garaieran, sakanez eta harresiz inguraturik. Akropolia tokirik gorenean eraiki zen, 212 metro itsas mailatik. Dirudienez, hiriak beste akropoli bat zuen, gaurko greziar antzokia dagoen tokian. Hiriko mendebaldeko atea hegoaldeko harresian zegoen. Hiria Naxosen ordez eraiki zen, greziarren Siziliako lehen kolonia. Harrez geroztik, sikuloek hasi ziren greziarrengandik erasoak jasaten. Sikuloak prest zeuden Taormina defendatzeko, kartagotarren oparia, zeinek ahabideratu baitzien arbasoen lurrak berreskuratzea[21].

Taorminako irudikapen generikoa

Gaueko erasoa

Historiako erasorik ospetsuena gaueko eraso bat izan zen, Troiarena. Dionisorentzat ez zen arraroa estrategia hori, bitan arrakastatsua izan zitzaiolako Motia eta Sirakusaren kontra. Sikuloek greziarren oldarrei ez erantzutean, hauek Naxosen itxaron behar zuten. Neguaren hasieran, Taurus mendiko gainak elurrez estalirik zeudenean, greziarrak konturatu ziren gotorleku bateko zaintza ahul zela[21]. Orduan, Dionisiok aukeratu zuen ilargi gabeko eta ekaiztsu gau bat mertzenario talde batekin gotorlekuaren harresiak eskalatzeko. Hotzak eta harkaitzen irregulartasunak ekintza zaildu zuten (Dionisiok aurpegian ebakidurak jasan zituen) baina taldeak lortu zuen igotzea eta, eragozpenik gabe, akropolia hartzea.

Borroka kaleetan

Dionisioren eraso-sorpresak kale egin zuen greziarrek Taorminan sartu bezain pronto, sikuloak iratzarri eta elkartu zirelako, Taurus mendiko akropolian zeudenak barne, eta guztien artean kontraeraso egin zuten. Dionisioren soldaduak, nekatuta eskaladarengatik, sarraskituak izan ziren. Hautariko 600 hil zituzten eta beste batzuk, sikuloek amildegietatik jaurti zituzten. Ihesaldian, hainbat greziarrek armadura galdu zuten, baina Dionisiok armadurari eutsi zion, kontsolamendu txiki bat berarentzat. Taormina hartzea oso zaila zela ikusita, Dionisiok etxerako bidea hartu zuen.

Ondorioak

Taorminako porrotak ondorio latzak ekarri zituen. Akragas eta Messina hiriek hondamendiaren albisteak jakin bezain pronto, Dionisiori babesa kendu zioten. Egoera larriagotu zen Magonek indarrak bildu zituenean Messina harpilatzeko, baina Dionisio Abazenon kartagotarrak irabazi zituen, hauengandik kalte gehiago ez pairatzeko. Taorminakoak bi urtez askeak izan ziren, baina Krisako guduaren ondoren, K.a. 392an, Magonek eta Dionisiok adostu zuten K.a. 398. urtean hasitako gerra bukatzea. Baldintza bat izan zen Dionisio sikuloen nagusia izango zela, beraz, K.a. 391an, Dionisio Taorminan sartu zen, sikuloak egotzi eta haien ordez mertzenarioak kokatu zituen. K.a. 358an, greziar hiri bat fundatu zen eta honela izan zen erromatar eskuetara igaro arte. Siziliako arazoak konpondu ondoren, K.a. 309an, Dionisiok Reggioren kontra kanpaina bat hasi zuen. K.a 390ean eta 389an ezin zuen hiria hartu, baina K.a. 387an lortu zuen. Hiru urte beranduago, Kartagoren kontra beste gerra bat hasi zuen, K.a. 375 arte iraun eta bukatu zuena Dionisioren porrotarekin.

Erreferentziak

  1. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 47 or.
  2. CAVEN, Brian: Dionysius I, 107 or.
  3. DIODORO SIKULO: X. IV. 55
  4. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 183 or.
  5. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 173 or.
  6. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 184 or.
  7. HART, B.H.: Liddle, Strategy 2. argitalpena, 15 or.
  8. DIODORO SIKULO: X. IV. 59
  9. HART, B.H.: Liddle, Strategy, 2. argitalpena, 15 or.
  10. POLIENO: V. 5. 1
  11. POLIENO: V. 6. 1
  12. DIODORO SIKULO: X. IV. 7
  13. DIODORO SIKULO: X. IV. 14
  14. DIODORO SIKULO: X. IV. 15
  15. DIODORO SIKULO: X. IV. 58
  16. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 53-54 or.
  17. LANCEL, Serge.: Carthage A History, 114 or.
  18. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, IV. liburukia, 169 or.
  19. DIODORO SIKULO: X. IV. 90
  20. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4. lib., 58–59 or.
  21. DIODORO SIKULO: X. IV. 88
  22. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily 4. liburukia, 149–151 or.
  23. POLIENO: V. 2.1
  24. DIODORO SIKULO: X. IV. 8
  25. DIODORO SIKULO: X. IV. 40-41
  26. DIODORO SIKULO: X. IV. 44, X. IV. 07
  27. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily. 4. liburukia, 152 or.
  28. DIODORO SIKULO: X. IV. 78
  29. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 153-156 or.
  30. DIODORO SIKULO: X. IV. 87
  31. DIODORO SIKULO: X. IV. 95
  32. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4. liburukia, 18–21 or.
  33. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4. lib., 107 or.
  34. DIODORO SIKULO: X. IV. 78.
  35. DIODORO SIKULO: X. IV. 88
  36. DIODORO SIKULO: X. IV. 90. 4-7
  37. CAVEN, Brian: Dionysius I, 107 or.
  38. DIODORO SIKULO: X. IV. 90
  39. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 168 or.
  40. CAVEN, Brian: Dionysius I, 93 or.
  41. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 178 or.
  42. DIODORO SIKULO: X. IV. 47
  43. GOLDSWORTHY, Adrian: The fall of Carthage, 32 or. ISBN 0-253-33546-9
  44. FREEMAN, Edward A.: Sicily Phoenician, Greek & Roman, 173 or.
  45. WARRY, John (1993): Warfare in the Classical World. 98-99 or.
  46. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 184 or.
  47. WARRY, John: Warfare in the Classical Age, 103 or.
  48. FREEMAN, Edward A.:Sicily Phoenician, Greek & Roman, 173 or.
  49. DIODORO SIKULO: XIII. 84.
  50. DIODORO SIKULO: X. IV. 40
  51. DIODORO SIKULO: X. III. 60
  52. GOLDSWORTHY, Adrian: The Fall of Carthage, 32 or. ISBN 0-253-33546-9
  53. FREEMAN, Edward A, History of Sicily, 4. liburukia, 164 or.
  54. TUZIDIDES: 3. 103. 1
  55. RAY, Fred Eugene: Land Warfare in 5th Century BC Greece, 53-54 or.

Bibliografia

  • BAKER, G. P. (1999): Hannibal, Cooper Square Press. ISBN 0-8154-1005-0.
  • BATH, Tony (1992): Hannibal's Campaigns, Barns & Noble. ISBN 0-88029-817-0.
  • CAVEN, Brian (1990): Dionysius I: War-Lord of Sicily, Yale University Press. ISBN 0-300-04507-7.
  • CHURCH, Alfred J. (1886): Carthage, 4. argitaratze, T. Fisher Unwin.
  • FREEMAN, Edward A. (1894): History of Sicily, 4. liburukia, Oxford Press.
  • FREEMAN, Edward A. (1892): Sicily Phoenician, Greek & Roman, 3. argitaratze, T. Fisher Unwin.
  • KERN, Paul B. (1999): Ancient Siege Warfare, Indiana University Publishers. ISBN 0-253-33546-9.
  • LANCEL, Serge (1997): Carthage A History. Blackwell Publishers. ISBN 1-57718-103-4.
  • RAY, Fred Eugene (2008): Land Battles in 5th Century BC Greece, McFarland & Co. Inc. Publishers. ISBN 0-7864-3534-8.
  • WARRY, John (1993). Warfare in The Classical World, Salamander Books Ltd. ISBN 1-56619-463-6.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.