Tanpoi kimiko
Tanpoi kimiko edo sistema indargetzailea disoluzio baten pHa egonkor mantentzen duen substantzia edo disoluzioa da, hots, pHaren aldaketak neutralizatzen dituena. Eskuarki, sistema indargetzaileak azido ahul batek eta bere base konjugatuak osatzen dute, edota base ahulak bere azido konjugatuarekin.
Sistema indargetzaileak zeregin oso garrantzitsua burutzen dute izaki bizidunengan, zelulen eta barne-inguruaren pHaren aldaketak ekiditen dituztelako, ondorio oso larriak izan litezkenak organismoarentzat.
Tanpoi kimikoen jarduera-mekanismoa
Gure organismoan jarduten duten tanpoi garrantzitsuena azido karbonikoak (H2CO3) -azido ahula- eta bere base konjugatua bikarbonatoak (HCO3-) osatzen dutena da. Odolean dago.
Sistema oreka honetan dago:
- CO2 + H2O H2CO3 HCO3- + H+
Inguruan azidotasuna sortzen bada (H+ gehiago), gehiegizko H+-ari elkartzen zaio HCO3-; horrek H2CO3 sortzen du, segituan CO2-tan eta H2O-tan deskonposatzen dena (erreakzioa ezkerreruntz zuzentzen da) (CO2 eta H2O arnasketaren bidez kanporatzen dira).
Beraz, zelularen pHa egonkor mantentzeko (7,4) azidosi dagoenean goiko oreka kimikoa ezkerrerantz mugitzen da (CO2 eta H2O sortzeko). Alderantzizko kasuan, aldiz, erreakzioa eskuinerantz doa (ingurugiroa alkalinoa bihurtzen denean).