Suzko txoria
Suzko txoria (frantsesez: L'Oiseau de feu; errusieraz: Жар-птица) Igor Stravinski errusiar konpositoreak 1910ean idatzitako ballet bat da. Harrapatzen duenarentzat aldi berean bedeinkapena eta madarikazioa den Zhar-Ptitsa deritzon distira handiko hegazti magikoari buruzko errusiar folkloreko kondairetan oinarritua dago.
Suzko txoria | |
---|---|
Jatorria | |
Argitaratze-data | 1910 |
Estreinaldi-data | 1910eko ekainaren 25a |
Jatorrizko herrialdea | Errusiar Inperioa |
Komisarioa | Sergei Pavlovitx Diagilev |
Ezaugarriak | |
Hizkuntza | errusiera |
Egile-eskubideak | jabetza publiko |
Deskribapena | |
Oinarritua | folklore of Russia (en) folk tale (en) |
Ekoizpena | |
Ekoizpen-diseinatzailea | Aleksandr Golovin (en) |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | Igor Stravinski |
Koreografoa | Mikhail Fokin |
Jantzi-diseinatzailea | Léon Bakst |
Fikzioa | |
ikusi
| |
Musika ballet bezala estreinatu zen Sergei Diagileven Errusiar Balletekin, horientzako bereziki konposatutako musika zuen bere lehen ekoizpena izan zena. Jatorrian, ballet honentzako musika Anatoli Liadov (1855-1914) konposatu behar zuen, baina lana hasten horrenbeste atzeratu izanaren ondorioz, Diagilevek musika hori konposatzeko lana 28 urteko Igor Stravinski gazteari eman zion. Balletak esanahi historiko bat du, ez bakarrik konpositorearen ezagutarazteagatik ("Begiraiozu" esan zion Diagilevek protagonista nagusia egiten zuen Tamara Karsavinari: "Ospetsu izateko zorian dagoen gizon bat da") baizik eta baita Diagilev eta Stravinskiren arteko elkarlanaren hasiera izan zelako, ondoren Petruxka eta Udaberriaren sagarapena ere ekoitziko zituztelarik.
Txoriaren papera Anna Pavlovari eskainia izan zen, baina honek uko egin zionez, estreinaldian Tamara Karsavinak antzeztu zuen, Mikhail Fokinen jatorrizko koreografia eszenaratuko zuena.
Bere istorioa, haurrentzako ipuin batentzako modukoa, honakoa da: Ivan printzea, gauez ehizan irten dena, jakin gabe, Kastxei Hilezkorra gaiztoaren lorategi sorginduan sartzen da. Bat-batean, zuhaitzen artean jirabiraka ari den luma distiratsudun txori bat agertzen zaio. Ivanek jazarri egiten du eta harrapatzea lortzen du, baina, honen erreguen ondorioz hunkituta, askatu egiten du, trukean bere lumetako bat lortuz. Hortik gutxira, printzeak hamahiru printzesek osatutako talde bat ikusten du, lorategiko zuhaitz batetik hartzen dituzten urrezko sagar batzuk elkarri botaz jolasean ari direnak. Printzea hurbildu egiten zaie eta haietako ederrenaz maitemintzen da, printzesa ere maitemintzen delarik. Egunsentian, Kastxeiren zerbitzari diren munstroek Ivan preso hartzen dute, aztiak harri bihurtu nahi duena. Hori lortzeko zorian dagoela, printzeak suzko txoriari deitzen dio lagun diezaion, honek emandako luma astinduz. Txoria iristen da eta aztiaren segizioa sorgintzen du. Alabaina, munstroak laster oneratzen dira eta erabat ahituta uzten dituen dantza bat dantzatzen hasten dira. Txoriak berriz parte hartzen du, eta Kastxei berceuse gozo batekin lokartu ondoren, printzeari azti gaiztoak bere arima arrautza baten barnean gordea duela esaten dio. Kastxei esnatzen da, baina Ivan arrautzaz jabetu da eta lurrera harrika botatzen du. Aztia eta bere segizioa behin betiko desagertzen dira. Harri bihurtutako zaldunak itzartu ondoren printzea eta printzesa ezkondu egiten dira.