Sustrai
Botanikan, sustraia[1], zaina[2] edo erroa[3] klorofilarik gabeko landare-organoa da. Landarea finkatzen eta honek hazkunderako behar dituen ura eta gatzak zurgatzen dituena.
Meristemo primarioa kaliptraz babesturik dauka eta sustrai-puntan kokatzen da. Enbrioiaren sustraiari sustraixka deritzo eta, garatzen denean, sustrai nagusia eratzen du.[4] Kimu batetik eratzen den lehen sustraia sustrai nagusia da; bere adarrei albo-sustrai esaten zaie. Zenbait espeziek ardatz-formako sustrai handi bakar bat dute, eskuarki beherantz hazten dena eta albo-sustrai ugari dituena. Beste zenbaitek sustrai barreiatuak dituzte, tamaina bertsuko sustrai mehe ugari.
Sustraiaren funtzioak
Sustraiek hainbat funtzio dituzte, baina hiru dira funtzio nagusiak: xurgapena, eroapena eta ainguraketa.
- Xurgapena: Lurreko ura eta gatz mineralak ile xurgatzaileen bidez xurgatzen ditu.
- Eroapena: Landarearen zurtoinera eramaten ditu xurgatutako ura eta mantenugaiak, landarea hazteko eta hostoetara eramaten ditu fotosintesia egin ahal izateko.
- Ainguraketa: Lurrean hazten diren landareen kasuan, substratuaren granulometriaren arabera, sustraia gehiago edo gutxiago garatu eta adarkatzen da. Sustraien itxura aldatu egiten da landare batetik bestera: arte batek sustraiak lurzoruaren azpitik garatzen ditu, eta makal batek, berriz, kanpotik. Aire-loreen kasuan, sustraiak ainguratze funtzioa betetzeko daude soilik.[5]
Landare-espezie askoren sustraiek elikadura-erreserben biltegi-funtzioak bete ditzakete, hala nola: batata, erremolatxa, manioka eta beste asko.
Sustraiaren atalak
Sustraiaren egituraren araberako atalak
- Sama: Lurretik gertuen dagoen sustraiaren atala da hau.
- Adarkadura gunea: atal honetan sustraiak banatzen hasten dira.
- Heltze gunea: atal honetan sustraiaren hazkunde-prozesuan laguntzen duten ile xurgatzaileak daude.
- Hazte gunea: atal honetatik aurrera, sustraiaren hazkundea gertatzen da.
- Kofia: hemen, enbrioi-zelulak muturretik babesten dituzten zelula parenkimatikoen multzoa aurkitzen da.
Sustraiaren ehun moten araberako atalak
- Epidermis: sustraiaren gainazaleko geruza da, hau da, sustraiaren azala da.
- Cortex: epidermisaren hurrengoko geruza da. Mantenugaiak almidoi moduan biltegiratzea da bere helburu nagusia.
- Endodermix: cortexaren hurrengoko geruza da. Hesi iragazgaitz moduko bat da eta, honi esker, ura barrurantz doa soilik.
- Zilindro baskularra: Sustraiaren erdian dagoen geruza da. Bere barruan xilema eta floema daude.
Erreferentziak
- «sutrai». Euskaltzaindiaren Hiztegia.
- «zain». Euskaltzaindiaren Hiztegia.
- «erro». Euskaltzaindiaren Hiztegia.
- https://web.archive.org/web/20100314190806/http://www1.euskadi.net/euskalterm/indice_c.htm
- (Gaztelaniaz) «PARTES de la RAÍZ y sus FUNCIONES - Resumen con esquema» ecologiaverde.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).