Surikata

Surikata (Suricata suricatta) Suricata generoko animalia ugaztuna da. Karniboroen taldeko kidea da eta mangostak biltzen dituen Herpestidae familian sailkatuta dago. Afrika hegoaldean bizi da; Botswanako Kalahari eta Namibiako Namib basamortuetan, Hegoafrikan, Lesothon eta Angola hego-mendebaldean.

Surikata
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaHerpestidae
GeneroaSuricata (en) Suricata
Espeziea Suricata suricatta
Schreber, 1776
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia11 aste
Masa30,5 g (pisua jaiotzean)
725 g (helduen pisua)
Eguneko zikloaeguneko
Genomaren kokapenadnazoo.org… eta ensembl.org…

Intsektujaleak dira, oro har, nahiz eta ornodun txikiak (narrasti eta hegazti txikiak), arrautzak eta landareak ere jaten dituzte. Eskorpioiak ere jaten dituzte, haien pozoiarekiko immuneak baitira. 15-30 ale bitarteko talde familiarretan bizi ohi dira. Lan banaketa nabarmena dute. Taldea elikatzen ari den bitartean surikata batzuk zelatan egoten dira eta harrapariak ikusterakoan alarma jo eta lurrazpian eraiki dituzten galeriatan ezkutatzen dira.

Etimologia

Surikata izenak swahiliz "haitzeko katua" esan nahi du[1]. Kolono herbeheretarrek meerkat izena eman zioten, "aintzirako katua", eta ingelesez izen hori erabiltzen da.

Taxonomia

Espeziearen deskribapena

Von Schreber naturalista alemaniarrak deskribatu zuen aurrenekoz 1776. urtean, Lurmutur Hirian. Viverra suricatta izena eman zion[2]. 1804an Anselme Gaëtan Desmarest-ek Suricata izena proposatu zuen generoarentzako[3], dena dela Suricata suricatta izen zientifikoaren lehenengo aipamena 1905ekoa da, Oldfield Thomas eta Harold Schwann zientzilariek erabili zuten. Hauek esan zuten lau surikata arraza existitzen zirela[4].

Azpiespezieak

Gaur egun hiru azpiespezie onartzen dira:[5]

  • S. s. suricatta (Schreber, 1776): Namibia hegoaldean, Botswana hegoaldean eta Hegoafrikan aurkitzen da. Espezie tipoa da.
  • S. s. majoriae (Bradfield, 1936): Namibia erdialdean eta ipar-mendebaldean aurkitzen da.
  • S. s. iona (Crawford-Cabral, 1971): Angola hego-mendebaldean aurkitzen da.

Filogenia eta eboluzioa

Surikaten fosilik zaharrenek 2'59 milioi urte dituzte eta Hegoafrikan aurkitu dira[6]. Herpestidae familia bi adarretan banatu zen Goi Miozenoan (duela 25,4-18,2 milioi urte), alde batetik espezie bakartiak eta bestetik espezie sozialak. Azken hauen artean dago surikata. Surikaten taldea duela 22,6-15,6 milioi urte artean bereizi zen gainerako mangostengandik.

Horrela zehaztu da Herpestidae familiaren filogenia:[7]

Herpestidae
sozialak

Surikata (Suricata suricatta)

Mangosta marraduna (Mungos mungo)

Liberiako mangosta (Liberiictis kuhni)

Helogale

Mangosta nano arrunta (Helogale parvula)

Mangosta nano etiopiarra (Helogale hirtula)

Crossarchus

Kusimanse arrunta (Crossarchus obscurus)

Alexanderren kusimansea (Crossarchus alexandri)

bakartiak

Mangosta arrunta (H. ichneumon) , Ichneumia, Cynictis, Paracynictis, Rhynchogale, Bdeogale eta Galerella

Asiarrak Mangosta muturluzea (H. naso) eta Padura mangosta (Atilax paludinosus)

Deskribapena

Surikata bat tente, alboan kumeak dituela.
Surikata baten burua.

Gorputza

Surikata mangosta txiki bat da gorputz liraina duena. Mangosta nanoak (Helogale generoa) baino ez dira surikatak baino txikiagoak[8]. Buruak eta gorputzak 24-35 cm-tako luzera hartzen du eta gorputzak 620-970 gramtoako pisua du, 725 g batazbeste. Eme dominante batzuk gainerakoak baino astunagoak izan daitezken arren ezta sexuen arteko desberdintasun nabarmenik ageri[9]. Surikatak hanka luzeak ditu eta isatsa fina izaten da. Isatsa 17-25 cm luze izaten da eta puntza beltza du.

Gorputzeko ilajea gris argia edo horixka izaten da eta bizkarrean lerro argi-ilunak txandakatzen dira. Hegoaldeko surikatak ilunagoak izaten dira iparraldekoak baino. Ileak 1,5-2 cm hartzen du, gorputz alboetan 3-4 cm ere bai. Emeek sei titiburu dituzte[8].

Oin bakoitzean lau hatz ditu surikatak[9]. Atzaparrak zorrotzak eta kurbatuak dira hondarretan zuloak egiteko egokiturik daudenak[10].

Burua

Surikataren burua nahiko zabala da eta kono itxurakoa, buruaren atzealdea nahiko borobila eta muturra puntaduna da. Azala iluna du eta ilajea zuria. Azpialdean ile marroi-gorrixkak ere izaten ditu. Begi handiak ditu, hauen orbitek garezurraren %20a hartzen dute. Begiak aurrera begira daudenez ikusmen binokularra dauka[11]. Begien ingurua kolore beltzekoa izaten da eta aurpegi zuriarekin kontraste nabarmena egiten du. Ahoan 36 hortz ditu, 3/3 1/1 3/3 2/2 formula betez[9]. Ebakortzak pixkat kurbatuak dira eta haginek punta zorrotzak dituzte[12]. Ilargi erdi itxurako belarri beltzak ditu eta itxi egin ditzake hautsik edo hondarrik ez sartzeko[8].

Fisiologia

Basamortuko klimara moldatzeko termoerregulazio sistema espezializatuak dituzte. Tenperaturari dagokionez eguneroko erritmoak dituzte, egunez 38,3ºC eta gauez 36,3ºC. Bestalde gainerako haragijaleek baino oinarrizko metabolismo baxuagoa dute. Negu partean bero galera konpentsatzeko bero metabolikoaren ekoizpena handitzen dute eta eguzkitan egoten dira beharrezko tenperatura lortu arte[13].

Ekologia

Talde izaera sendoa

Surikata taldea zelaian.

30 ale harteko multzoak osatzen dituzte surikatek. Multzo barnean familia unitate ugari izaten dira eta sexuen arteko kopuru berdintsuak izaten dira. Egunaren zati handia igarotzen dute janari bila, batez ere lurrazpian bizi diren ornogabe bila. Lan banaketa nabarmena dute surikatek. Taldea janari bila ari den bitartean, taldeko zenbait kide adi-adi egoten dira, atzeko hanken gainean zutik, gerturatu daitezkeen harraparien zelatan[14]. Bokalizazio desberdinak ere badituzte egoera desberdinetara egokitzen direnak, esate baterako zelatariek harraparia ikusten dutenean tonu altuko zaunkak errepikatzen dituzte.

Kumeen hazkuntza ere kooperatiboa izaten da. Bada ugalketa talde bat, surikaten hierarkian goian daudenak, eta ugaltzen ez direnek gainerakoei laguntzen diete kumeak zaintzen eta hazten[15].

Multzo desberdinetako surikatak elkartzen direnean istilu handiak gertatzen dira eta bortizkeria handia erabiltzen dute. Surikaten heriotzen %19a horrelako istiluetan gertatzen dela zehaztu da, ugaztunen artean ehunekorik handiena da[16].

Ugalketa

Surikata kumeak.

Eme handienek taldearen dominantzia eskuratzeko joera izaten dute. Eme handienen artean lehia gogorra izaten da eta lidergoa eskuratzeko aurrejko liderra kanporatu egiten dute. Dominantzia eskuratu ondoren kumeak izateari ekiten dio eta aurrekoaren kumeak holtzera ere iritsi daiteke. Azpiratuak dauden emeek ere hiltzen dituzte tarteka dominantearen kumeak, beraien posizio soziala handitzeko[17]. Arrak ez dira hain lehiakorrak, baina hauek ere zahartu den ar dominantea kanporatu eta haren lekua hartzen dute[18].

Maila baxuko hainbat surikatak taldea utzi eta talde berriak bilatzen dituzte ugalketa garaian. Zailtasun handiak izaten dituzte talde berrian onartuak izateko eta hainbat egun behar izaten dituzte helburua lortzeko. Inoiz bi hilabetez ere jarraitu izan dute taldearen ibilbidea. Arrek arrakasta handiagoa izaten dute talde berrian onartzeko garaian. Multzotik ateratzen diren emeek taldetxoak eratzen dituzte eta beste taldetxo batzuekin bat ere egin dezakete. Bakarrik dabiltzak arrak hartu ditzakete eta haiekin ugaldu. Hasierako multzoko eme dominanteen haurdunaldia pasa ondoren berriz taldera itzul daitezke beraien kumeekin[14].

Surikaten ugalketa garai nagusia eurite handien sasoian izaten da. Surikaten jaiotza kopuru handiena urtarrilaren eta martxoaren artean izaten da Kalahari hegoaldean. Emeek bi edo urte dituztenean lortzen dute sexu heldutasuna. Eme dominanteek lau kumaldi ere izaten dituzte urtero, beti ere prezipitazioen kopuruak markatzen du kumeen hazkuntzaren arrakasta. 60-70 egunetako haurdunaldiaren ondoren 3-7 kume artean jaiotzen dira. Eguneko 4,5 gramotako hazkuntza izaten dute kumeek eta aurreneko 16 egunetan gordeleku barnean egoten dira. Kumeen aitak zelatan egoten dira eta kumeak babesten dituzte, emeak jaten egon behar dute kumeentzako esnea ekoiztu ahal izateko. 12 aste dituztenean kumeak beren kabuz elikatzeko gai izaten dira[14].

Surikata basatiak 5-15 urte bizi dira, gatibu diren tokietan 20 urtetik gora ere har dezakete[9].

Gordelekuak

Surikata bat gordelekuaren sarreran.

Surikatek gordelekuek 5 m-ko diametroa izaten dute normalean eta 15 zulo inguru izaten dituzte, inoiz 90 irekiera ere kontatu dira. Lur barnean 1'5 metro hartzen dituen galeria sistema izaten dute, bi edo hiru solairu dituena. Azaletik gertu dauden tunelek 7'5cm-ko diametroko zuloa izaten dute eta barnealdean daudenek handiagoa. Sarrera bera 15 cm inguruko diametroduna da eta 40º-tako inklinazioarekin eraikitzen dituzte. Azkar ihes egiteko prestaturiko zuloak ere badituzte[8]. Belatzak eta arranoak dira surikaten harrapari nagusiak, txakalak ere bai.

Galeriak eraikitzeko surikatek kate lerrokatuak osatzen dituzte lurra zulatu eta hondarrak kanporatzeko[14].

Zulo barnean tenperatura epela izaten da, egunez kanpoaldean baino freskoagoa eta gauez epelagoa. Udan 21º eta 39 º artean izaten da eta neguan -4º eta 26º artean, barneko galerietan tenperatura konstanteagoa da, unad 22,6-23,2ºC eta neguan 10-10,8ºC. Horrek gorputzaren termorregulazioan aurrezteko aukera ematen dio surikatari[9].

Askotan beste ugaztun batzuek egindako gordelekuak aprobetxatzen dituzte, beraienak eraiki beharrean.

Elikadura

Surikatoa intsektujalea da batez ere. Kakalardoek eta tximeletek osatzen dute nagusiki haren dieta. Gainerako artropodoen artean eskorpioiak dira aipagarrienak, izan ere haren pozoiarekiko immuneak baitira. Hauetaz gain arrautzak, anfibioak, narrastiak, txoriak, landareak eta haziak ere jaten dituzte. Angurri antzeko fruitak ere jaten dituzte haren ur kopuru handia dela eta. Arrazoi beragatik sustraiak eta tuberkuluak ere kontsumitzen dituzte[8].

Egunero 5 eta 8 ordu artean ematen dute jatekoaren bila. Talde izaera mantentzen dute elikatzen ari direnean, elkarren zaintza mantenduz. 5 metrotako zabaleran izaten dira guztiak. Usaimena erabiltzen dute ehizatzeko eta lurra zulatu harrapatzen dituzte animaliak. Gutxitan ikusten dira ehizatu nahi dutenaren atzetik korrika.

Negu partean elikagaien kontsumoa asko jeisten da[9].

Banaketa eta habitata

Surikaten habitat naturala landaretza baxuko eremu lehorrak dira.

Afrika hego-mendebaldean bizi dira; Botswanako Kalahari eta Namibiako Namib basamortuetan eta Hegoafrikan. Angola hegoaldean ere aurkitzen dira populazio gutxi batzuk eta Lesotho mendebaldeko lur eremu baxuetan.

Ingurune harritsuetan bizi dira, lurzuro karetsuak atsegin dituzte. Eremu zabalak bilatzen dituzte, landaretza urria dutenak, eta lehorrak, urtean 600 mm prezipitaziotik behera dutenak. Surikaten banaketa eremuaren iparraldea oraindik ere lehorragoa da, 100-400 mm arteko prezipitazioak izaten dira.

Landaretza baxuko eremuak hobesten dituzte, veld antzekoak. Benetako basamortuetan, mendialdetan eta basoetan ez dira aurkitzen[14]. Eskualde batean dauden harrapari kopuruaren arabera eta prezipitazioen arabera surikatzen populazioen dentsitatean desberdinak izaten dira[19].

Gizakiekiko harremana

Surikata bat Jane Hurst irakaslearen eskutan.

Erabilera

Gizakiak surikatak etxekotu izan ditu eta hainbat erabilera ematen dizkio. Maskota gisa saldu ohi dira, abere lasaia baita, baina tarteka agresiboa izan daiteke eta mofeten antzeko usain gogorra eduki[20]. Hegoafrikan etxaldeetan karraskariak akatzeko erabiltzen dituzte. Gizakiari amorrua transmititu diezaiokete, baina ez mangostak bezain sarri, eta horregatik surikatak hobesten dira etxean erabiltzeko.

Egungo kulturan

Surikatak filme ugaritan agertzen dira. Denetan ezagunena The Lion King filmeko Timon pertsonaia da[21]. Life of Pi filmean surikaten uharte bitxi bat agertzen da[22].

Hainbat dokumental ere egin dira surikatak protagonista hartuta. Animal Planet zientziazko telesailean Kalahariko surikata talde bat ikertzen da Kalahari Meerkat Project egitasmoaren barnean. Aurrez 1987ko BBC-ko Wildlife on One dokumentalean Meerkats United izenarekin aurkeztu zituen David Attenborough dibulgatzaileak. Ikusleek dokumental onena izendatu zuten[23]. 1996an bigarren zatia egin zen, Meerkats Divided izenarekin[24].

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «suricato, suricata» DiccET 2020-10-09 (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  2. Schreber, Johann Christian Daniel; Wagner, Andreas Johann; Goldfuss, Georg August. (1774). Die Säugthiere in Abbildungen nach der Natur. Erlangen, Expedition des Schreber'schen säugthier- und des Esper'schen Schmetterlingswerkes [etc.] (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  3. Nouveau dictionnaire d'histoire naturelle appliquée aux arts : principalement à l'agriculture et à l'économie rurale et domestique. A Paris : Chez Deterville 1803 (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  4. (Ingelesez) Thomas, Oldfield; Sohwann, Harold. (1905-06). «3. The Rudd Exploration of South Africa.—II. List of Mammals from the Wakkerstroom District, South‐Eastern Transvaal» Proceedings of the Zoological Society of London 75 (1): 129–138.  doi:10.1111/j.1469-7998.1905.tb08370.x. ISSN 0370-2774. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  5. Kimble, Katie. (2003). (PDF) Meerkat Studbook Suricata suricatta North American Region. .
  6. «Fossilworks: Suricata suricatta» www.fossilworks.org (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  7. (Ingelesez) Patou, Marie-Lilith; Mclenachan, Patricia A.; Morley, Craig G.; Couloux, Arnaud; Jennings, Andrew P.; Veron, Géraldine. (2009-10-01). «Molecular phylogeny of the Herpestidae (Mammalia, Carnivora) with a special emphasis on the Asian Herpestes» Molecular Phylogenetics and Evolution 53 (1): 69–80.  doi:10.1016/j.ympev.2009.05.038. ISSN 1055-7903. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  8. van Staaden, Moira J.. (1994). «Suricata suricatta» Mammalian Species (483): 1–8.  doi:10.2307/3504085. ISSN 0076-3519. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  9. Mammals of Africa. 2013 ISBN 978-1-4081-2251-8. PMC 822025146. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  10. Encyclopedia of deserts. University of Oklahoma Press 1999 ISBN 9780806131467. PMC 44954160. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  11. Miller, Sara Swan. (2008). Eyes. Marshall Cavendish Benchmark ISBN 978-0-7614-2519-9. PMC 70129148. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  12. (Ingelesez) Fuehrer, Tammy. «Suricata suricatta (meerkat)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  13. (Ingelesez) Müller, E. F.; Lojewski, U.. (1986-01-01). «Thermoregulation in the meerkat (Suricata suricatta schreber, 1776)» Comparative Biochemistry and Physiology Part A: Physiology 83 (2): 217–224.  doi:10.1016/0300-9629(86)90564-5. ISSN 0300-9629. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  14. Skinner, J. D.. (2005). The mammals of the southern African subregion.. (Third edition /.. argitaraldia) ISBN 978-1-107-34099-2. PMC 862163330. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  15. Nowak, Ronald M.. (2005). Walker's carnivores of the world. Johns Hopkins University Press ISBN 0-8018-8033-5. PMC 55494937. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  16. (Ingelesez) Gómez, José María; Verdú, Miguel; González-Megías, Adela; Méndez, Marcos. (2016-10). «The phylogenetic roots of human lethal violence» Nature 538 (7624): 233–237.  doi:10.1038/nature19758. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  17. Young, Andrew J; Clutton-Brock, Tim. (2006-09-22). «Infanticide by subordinates influences reproductive sharing in cooperatively breeding meerkats» Biology Letters 2 (3): 385–387.  doi:10.1098/rsbl.2006.0463. PMID 17148410. PMC PMC1686192. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  18. (Ingelesez) English, Sinead; Huchard, Elise; Nielsen, Johanna F.; Clutton-Brock, Tim H.. (2013-11). «Early growth, dominance acquisition and lifetime reproductive success in male and female cooperative meerkats» Ecology and Evolution 3 (13): 4401–4407.  doi:10.1002/ece3.820. PMID 24340181. PMC PMC3856740. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  19. Dyble, Mark; Houslay, Thomas M.; Manser, Marta B.; Clutton-Brock, Tim. (2019-12-18). «Intergroup aggression in meerkats» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 286 (1917): 20191993.  doi:10.1098/rspb.2019.1993. PMID 31847765. PMC PMC6939929. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  20. (Ingelesez) Meerkat numbers up at pet refuge. 2010-06-02 (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  21. (Ingelesez) «Timon» Disney Wiki (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  22. (Ingelesez) Faunce, Thomas. «Life of Pi's acidic island a warning for our warming world» The Conversation (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  23. (Ingelesez) Leadbeater, Chris. (2016-05-08). «Attenborough at 90: his greatest journeys and how to do them» The Telegraph ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  24. «BBC Programme Index» genome.ch.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.