Sulfolobus

Sulfolobus (latinetik: sulfur, "sufre" eta lobus "lobulu") arkeoen genero bat da, Sulfolobaceae familiakoa. Bere ezaugarri nabarmenena mikrobio extremofiloa izatea da, hots, muturreko habitatetan bizi ahal izatea: azidofiloa da (pH oso bajua -2 edo 3- duten ingurugiroetan dago) eta termofiloa (75-80 °C bitarteko tenperaturetan hazten da). Oso gutxi dira baldintza horietan bizi daitezkeen bizidunak.

Sulfolobus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaThermoproteati
FilumaThermoproteota
KlaseaThermoprotei
OrdenaSulfolobales
FamiliaSulfolobaceae
Generoa Sulfolobus
[[|]]

Termoazidofiloa izanik, sufrea duten iturri termaletan egon ohi da (sufrez aberats diren iturri bero eta azidoetan bizi da) [1].

Thomas Brock mikrobiologoak aurkitu zuen estreinakoz arkeo hau 1971ean, AEB-etako Yellowstone Parke Nazionaleko iturri beroetan.

Ezaugarriak

Sulfolobusek itxura lobuluatua eta esferikoa du, irregularra, sarritan ameba baten antzekoa. Flageloen bidez mugitzen da.

Mikrobio Gram negatiboa da eta ez du esporarik sortzen.

Bere metabolismoari dagokionez, kimiolitotrofoa da. Sufrearen konposatu erreduzituak (H2S, adibidez) oxidatu egiten ditu era aerobioan, energia lortuz. Konposatu horiek ugariak dira bizi den tokietan. Bestalde, espezie gehienak autotrofoak badira ere (hots, atmosferako CO2 da haien karbono iturria, eta Calvin zikloa burutzen dute) beste batzuk heterotrofoak dira, hauen karbono iturria materia organikoa izanik (kasu honetan kimiorganotrofo moduan jarduten dute).

Sufrearen edo konposatu organikoen arnasketa aerobioa egiteaz gain, Sulfolobusek ioi ferrosoa (Fe++) ioi ferrikoa (Fe+++) oxida dezake. Honek aplikazio praktikoak ditu meatzaritzan, burdina lixiabiatzeko [1].

Mikrobio honen horma zelularrak ez du bakterioek duten ohiko glukopeptidoa. Horrek erresistentzia handiagoa ematen dio beroarekiko zein pH bajuekiko.

Termoegonkorrak direnez, Sulfolobusen proteinak oso preziatuak dira bioteknologiako laborategietan.

Erreferentziak

  1. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:564-565 orr.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.