Suffragette

Suffragette (ingeles plurala, suffragettes) XIX. eta XX. mendeko emakume britaniar erradikal sufragistei jarri zitzaien izena da. Emakumeen sufragismoaren barruan, ekintza zuzenaren aldeko erradikal britaniarrak gainerakoengandik bereizteko erabiltzen den hitza da.

Suffragette talde bat Etxe Zuriko ateetako pikete batean, 1917ko urtarrila.

Moderatuak eta erradikalak

Millicent Fawcett edo Millicent Garrett sufragista moderatuen burua izan zen. Ahizpa Elizabethekin, Londresen Jon Stuart Millek ematen zuen emakumeen aldeko hitzaldi bat entzun zuen eta haren lanaren defendatzaile bihurtu zen berehala. Emakumeen hezkuntza eta haien boto eskubidea sustatu zuen. 1867an Londreseko Sufragista Batzordearen kide bihurtu zen eta hurrengo urtean bere lehen interbentzio publikoa egin zuen, nahiz eta emakumeek jendaurrean hitz egitea ezohikoa izan. Lydia Becker hil zenean, britaniar mugimendu sufragistaren lider naturala bihurtu zen. Harentzat politika-propaganda eta publizitate-kanpainak ezinbestekoak izan ziren.

XIX. mende amaierako sufragista britainiar “erradikalak” ziren. Emmeline Pankhurst buru, propaganda eta mitinez gain, eraikin publiko eta saltokien erre edota politikari ezagunen etxeak erasotzen zituzten. Gobernu britainiarraren zapalkuntza errepresiboaren aurrean, sufragetteek gose grebekin erantzuten zuten kartzelatik: horregatik, elikatzera behartu zituzten. Ordea, praktika larri horren kontrako protestak zirela eta, gobernuak “Sagua eta katuaren legea” aldarrikatu zuten, suffragetteak (saguak) ahul zeudenean kartzelatik askatuz, eta indarrak berreskuratzen zituztenean, gobernuak (katua) berriz ere haiek kartzelaratuz. I. Mundu Gerraren ostean, azkenik, 1918an, 30 urtetik gorako emakumeek boto eskubidea lortu zuten, eta 1928an, adin nagusiko emakume guztiek.

1913ko suffragetten derbya

1913ko Epsomeko hipodromoko derbyak garrantzi handia izan zuen mugimendu sufragista britainiarrean. Tottenhamgo bihurgune batean, Emily Davison izeneko emakume batek hesi gainetik jauzi egin eta erregearen zaldiak zapaldu egin zuen. Zaldiak airean bira osoa egin eta zaldunaren gainean erori zen azkenean. Zaldunak zauriak izan zituen baina Davison lurrean etzanda geratu zen, konorterik gabe. Handik egun gutxira hil zen, Epsom Cottage ospitalean. Istripua izan zen? Inoiz ez zen argitu, baina badirudi Davison nahita jarri zela erregearen zaldiaren aurrean, zaldia geratu eta Ingalaterra osoa berari begira jartzeko.

Davison mugimendu sufragistako militante bizia zen: hogeita hamabost urte zituen eta Londreseko Unibertsitatean literatura ingelesean graduatua. Beraz, garai hartan goi mailako titulua lortzeko aukera izan zuten emakume gutxietakoa izan zen. 1906tik emakumearen eskubideen aldeko borrokan murgilduta bizi zen. Behin baino gehiagotan zigortu zuten, Gobernuko ministroei harrika egitearren, Parlamentuko leiho bat apurtzeagatik eta, Lloyd George lehen ministroarekin erratuta, apaiz baptista bati erasotzeagatik. Kartzelan gose greba ere egin zuen eta egunkari guztietan agertu zen.

Emmeline Pankhursten jarratzailea zen eta haren Emakumeen Batasun Sozial eta Politikoan sartuta zegoen. Davison hil eta, handik hilabete batzuetara, buruzagi sufragista horrek zera idatzi zuen: "Emile emakumeen eskubideen aldeko borrokalaririk handienetakoa izan da, presio handiak jasan ditu eta kartzeletan gogor erabili dute. Davison andereñoak esan zuen herria (hau da, britaniarrak) bizitza baten sakrifizioarengatik bakarrik esnatuko zela. Erabaki horren ondorioz, bere burua erregearen zaldiaren aurrera bota zuen, maiestateen menpeko askoren begien aurrean. Horretara bere bizitza eskaini zuen Ingalaterran eta munduan sufritzen duten emakumeen askatasuna eskatzeko erregeari Davison andereñoaren heriotzak nahigabe eta, aldi berean, emozio handia eragin zidan eta ohetik altxatzeko indarrik ere ez neukan arren, haren hiletara joatea erabaki nuen; baina azkenean ez nintzen joan, etxetik irtetean poliziek atxilotu nindutelako." Biktima emakumeen borrokaren ikur bihurtu zen. Hala ere, urte asko igaro ziren Ingalaterran emakumeek hauteskundeetan botoa emateko eskubidea izan arte.

Zinema

  1. Suffragette (2015): Londresen, 1912an, Maud Watts izeneko neska batek bere bizitza osoa garbitegi batean lan egin du. Egun batean, Emmeline Pankhurstek zuzendutako manisfestazio batekin topo egin du. Sufragismoaz interesa hartzen hasi da eta bere lankide bati esker, mugimendu horren helburuak lortzeko (emakumeentzako eskubide gehiago: boto eskubidea, hezkuntza ona...) borrokatzen ere bai. Zoritxarrez, gobernu britaniarrak ez du hori onartzen eta Maudek ondorioak pairatu ditu. Sara Gavronek zuzendutako film horretan, Emmeline Pankhursten langile baten ikuspuntutik sufragismoaren garaian emakumezkoek jasandako era guztietako erasoak agertzen dira. Gainera, mugimendu horretan parte hartu zuten pertsonaia famatu batzuk agertzen dira, adibidez Emmeline Pankhurst, Meryl Streepek antzeztuta.
  2. Die Sufragette: 1913ko alemaniar filma da. Argumentuak, sutsu eta maitekor, arraroa nahasten du ama baten eta alaba baten artean berrelkartzearen istorioarekin. Emmeline eta Christabel Pankhurst sufragisteengan inspiratuta dago.
  3. Make More Noise. Suffragettes in Silent Movies: XX. mendearen hasierako filmak biltzen ditu, sufragistak eta emakumearen eskubideen aldeko borroka islatuz. Film baliotsuenetako batzuk Emily Davisonen zaldi-lasterketako protesta eta Pankhurstek 1910ean Trafalgar Squaren emandako hitzaldi ospetsua dira.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.