Sudur

Sudurra ornodunen arnas sistemaren parte den protuberantzi bat da. Usaimenaren organoa da eta arnas sistemaren parte da. Erabide ugari izan ditzakeen arren, funtsean bi poltsa edo barrunbe ditu ―bakarra cyclostomaten kasuan―, buruaren aurreko aldean, eta zulo kopuru jakin batek irekitzen ditu kanpora: barrunbe bakoitzeko bi pare arrainen kasuan, eta barrunbe bakoitzeko bat beste ornodunen kasuan.[1]

Sudur
Xehetasunak
Konponenteakexternal nose (en) Itzuli
Sudur-hobia
sudur-hezurra
Kartilago ehuna
Etmoide hezurra
Usaimen-mukosa
Sudur-zuloa
nasal hair (en) Itzuli
ArteriaArteria esfenopalatino
Identifikadoreak
Latineznasus
MeSHA04.531 eta A09.531 A01.456.505.733, A04.531 eta A09.531
TAA06.1.01.001 eta A01.1.00.009
Terminologia anatomikoa

Ornodun guztietan ―cyclostomata eta Sarcopterygii ez diren arrainetan izan ezik― sudur hobiak ahoko sabaitik barna komunikatzen dira faringearekin, eta koanak osatzen dituzte. Horri esker, usaimena ziurtatzeaz gain, arnasbide dira. Hobi horien barruan, usaimen zelulak daude.

Hegaztietan, sudurra ez dago oso garatua. Ugaztunek ez bezala ―alde batera utzita itsas ugaztunak eta goi primateak―, eta krokodiloetan bezala, bada hodi nasofaringeo bat, airea bigarren mailako ahosabaiaren gainetik faringeraino eramaten duena.[2]

Gizakietan, sudurra aurpegiaren erdian dago; beste ugaztun gehienetan, muturraren goiko aldean. Giza sudurraren forma etmoide hezurrak eta sudur hezurrak eratzen dute.

Anatomia

Sudurraren anatomia aski konplexua da. Laburbilduz, bi hodi (edo bakarra cyclostomatatan) ditu funtsean, buruaren aurrealdean kokatuak eta zuloen bidez kanporantz irekita. Hodi bakoitzeko bi zulo dituzte arrainek eta zulo bakarra gainerako ornodunek. Cyclostomatatan (lanproiak eta mixineak), hodi bakarra muturraren puntan edo buruaren goialdean irekitzen da.

Ornodun guztietan, ―cyclostomata eta sarcopterygii ez diren arrainak albo batera lagata― sudur hobiak ahosabaitik barrena lotzen dira faringearekin eta koanak osatzen dituzte. Konfigurazio horri esker, alde batetik usaimena ziurtatzen da, hodien barruan usaimen zelulak baitaude; eta, bestetik, sudurra arnasbide gisa erabiltzen da. Hegaztietan, aldiz, organo hau ez dago hain garatua eta krokodiloetan bezala, hodi nasofaringeo bat dute, airea ahosabai sekundarioaren gainetik faringeraino eramaten duena.[3]

Sudurra bi aldetan banatzen da, sudur trenkadak bereizita. Sudur trenkadak bi irteera zulo ditu, sudur zuloak hain zuzen. Tetrapodoen kasuan (lehorreko ornodunak), sudurrak koanak ditu atzealdean, eta horiek aho barrunbearekin komunikatzen dute sudurra.

Alboetako hormetan sudur maskorrak daude, biriketara doan airea berotu eta garbitzeaz arduratzen direnak.

Maskor bakoitzaren azpian meato izeneko guneak daude, sudurra sinu paranasalekin komunikatzen dutenak. Hodi nasolakrimala bertan isurtzen da.

Sudurraren hezur egituran sartzen dira hezurrak, kartilago gogorrak eta kartilago bigunak. Hezur gogorrak zubiaren goialdea eta alboak dira; kartilagoak, berriz, sudur hobien eta sudur trenkadaren alboetan daude.

Sudur paretak mukosaz estalita daude, arnasten den airea girotzeko (berotu ala hoztu) eta airearen hautsa edo germenak kentzeko, arnasbideetara iritsi aurretik.

Arrainak

Arrain agnatuetan ―hau da, barailarik gabekoetan―, buruaren erdiko lerroan sudur hobi bakoiti bat agertzen da. Hobi hori hodi baten bidez komunikatzen da zaku formako dilatazio batekin, non usaimen epitelio sentsoriala baitago. Epitelio hori, era berean, bi nerbioen bidez, aurreko garunarekin lotzen da.[4]

Arrain gnatostomatuek bi aldeko hobiak dituzte; hala, kondriktieek ―eskeleto kartilaginosoa duten arrainak― buruaren bi aldeetan bi usaimen hobi dituzte, agnatuen antzera; epitelio sentsorialez estalita daude eta usaimen zakuarekin komunikatuta. Gainera, beste irekidura bat dute atzean, ur fluxua kanporatu ahal izateko. Osteiktieetan ―hezurrezko eskeletoa duten arrainak― sudur hobia hodi oso bat da, irekidura bat aurrean eta beste bat atzean dituena.[5]

Dipnoiek ―birikadun arrainak― birika errudimentario baten bidez oxigenoa arnasteko gaitasuna dute. Sudur hobiek aurreko irekidura bat dute goiko ezpainetik hurbil, eta usaimen kanal bat ahosabaian zehar igarotzen da. Aho barrunbearen hondoan zulo bat dute, koana primitibo bat eratzen duena. Lehorte garaietan, aurreko irekidura itxi egiten du arrainaren mukositateak, eta, hala, hobi horiek usaimen organoa izaten jarraitzen dute.[6]

Anfibioak

Anfibioetan, sudur barrunbea faringearekin komunikatzen da, eta, hortik, arnas aparatuarekin. Koanak dituzte, beraz sudurrak arnas funtzio garbi bat dauka. Usaimen aparatuak sakontasuna irabazten du: kanpo irekidurak, usaimen kanalak eta epitelio sentsoriala duen hondo bat ditu, telentzefaloarekin konektatuta. Muki guruinak agertzen dira airea hezetzeko, eta hobiaren aurrealdean malko bidea amaitzen da, osagarri hezegarri gisa. Arnas funtzioa eskuratzearekin batera, sudurraren anatomia konplexuagoa da; izan ere, airea egokitzeko egiturak behar ditu, konplexutasuna eta azalera handituz, eta, aurkara, usaimen elementuen garrantzia murrizten da.[7]

Caudata anfibioetan, sudur hobiak muturraren alboetan irekitzen dira. Sudur barrunbeak alboko luzapen estu bat du (sudur barrunbe osagarria), organo bomeronasalaren (usaimenaren organo laguntzailea) aitzindaria.[8]

Anura anfibioek kanpoko irekidura murriztua dute, eta sudur barrunbe bat edo gehiago izan ditzakete. Horiek ahoarekin komunikatzen dira, arnas funtzioa egiteko. Pseudepidalea viridis anfibioak irtengune bat du, usaimenaren irtengunea, oinarri kartilaginoso batean oinarritua, sudur maskorren aitzindaritzat hartzen dena, eta organo bomeronasalaren primitibo bat ere badu.[9]

Narrastiak

Artikulu nagusia: «Narrasti»
Ezkerretik eskuinera: Indiako gabialen burua (Gavialis gangeticus), Mississippiko aligatore batena (Alligator mississippiensis) eta krokodilo muturzorrotz batena (Crocodylus acutus).

Narrastiak ur ingurunetik askatutako lehen ornodunak direnez, usaimena eta, batez ere, arnasa hartzeko gaitasuna duen sudurra behar dute. Era berean, airea hobeto girotzen duen gailu bat behar dute, eta, hala, lehenengo gailu turbinalak agertzen dira. Epitelio sentsoriala organo bomeronasalean kontzentratzen da, begien eta sudurraren artean kokatutako bi hobitan, eta, horri esker, presak hauteman ditzakete igortzen duten beroaren bidez.

Dortokek sudur barrunbe soilenak dituzte narrastien artean. Sudur hodi laburra dute, barrunbe estu batean amaitzen dena. Erdian maskor bat dute, sudur barrunbea bi zatitan banatzen duena; goikoak usaimen funtzioa dauka, eta garunarekin lotuta dago; behekoak, berriz, arnas hartzeko balio du, eta aho barrunbean irekitzen da. Ez dute organo bomeronasalik.[10]

Saurioek eta ofidioek (kameleoiak, muskerrak, sugeak eta abar) sudur hobi zabalagoa dute, kanpoaldera eta aho barrunbera irekita, eta maskor bat dute behe aldean, arnas epitelioa dagoen aldean; goi aldean, berriz, usaimena dago. Narrasti horietan, Jacobsonen organoa oso garatuta dago, hobiaren zoruan dago eta kartilagozko kapsula batek inguratzen du. Kapsula hori kanpotik arnas ehunak eta barnetik usaimen ehunak estaltzen dute, eta aho barrunbean amaitzen da, hodi bereizi baten bidez.[11]

Krokodiloek hobi zabalak eta turbina sistema garatu bat dauzkate. Aurreko zatia arnasa hartzekoa da eta, atzekoa, usaimenekoa. Ez dute organo bomeronasalik. Urperatzean, sudurreko zuloak itxi ditzakete, eta, hala, arnasari eutsi.[12]

Hegaztiak

Hegaztien sudur ezaugarri anatomikoak ugaztunen hurbilekoak direla esan daiteke. Sudur hobiek zenbait maskor dituzte, baina usaimena urria dute. Garatzen ari diren bitartean, Jacobson-en organo hasiberri bat dute, baina hegaztia heldua denean atrofiatu egiten da.[13]

Ugaztunak

Txakurraren sudurra oso sentikorra da; beste ugaztun askotan bezala, usaimena oso garatua dago.

Ugaztunetan arnas funtzioak garrantzi handia du; espezie batzuetan, hala nola gizakiarengan, organo bomeronasala oso gartugabea da. Sudurraren arnasketa funtzioa gorputzaren azaleraren arabera garatzen da.

Usaimena garatu egiten da eskala filogenetikoan gora egin ahala, ugaztun batzuetan garapen maximoa lortu arte; epitelio espezifikoa duen muki azaleraren araberakoa izan ohi da usaimena. Hala ere, ugaztunen eskalan gora egin ahala, usaimen funtzioa murriztu egiten da, arnas funtzioaren alde, batez ere goi primateetan eta gizakian. Arnas funtzioa nagusi denez, sudur hobiak ez dira aho barrunbean amaitzen, faringean baizik, eta, hala, ahosabai osoa sortzen da.[14]

Usaimen ahalmenaren arabera, ugaztunak honela bana daitezke:

  • Anosmikoak: ez dute usaimenik. Gaur egun, zetazeo batzuk baino ez dira ezagutzen.
  • Makrosmikoak edo makrosmatikoak: egungo ugaztun gehienak (karraskariak, haragijaleak eta abar). Sudur hobia arnas fisiologiaren adierazpen gorena da, eta Jacobson-en organoak garapen guztizkoa du. Sudur trenkadaren mukosan dago haren egitura. Usaimenak garrantzi handia duenez, usaimenaren mukosa sentsoriala oso zabala da, bereziki gaueko haragijaleetan. Sudur zuloak oso zabalak dira eta sudur maskorrak oso garatuta daude. Txakurretan dago garatuena.
  • Mikrosmikoak edo mikrosatikoak: tximinoetan eta gizakietan, erregresio handia gertatzen da usaimenean, egitura endonasalak oso murriztuta baitaude.

Eginkizuna

Sudurrak bi funtzio ditu: ornodunen usaimenean erabiltzen den organo primarioa da, eta ornodun gehienetan arnas aparatuaren parte da. Bi kasuetan, bere funtzio nagusia airea edo ura bildu eta bideratzea da. Sudurrak ere dastamena hautematen laguntzen du.

Usaimen organo gisa, animaliak usaina hartzen duenean, aireak edo urak sudur egiturak zeharkatzen ditu eta usaimen epiteliora iristen da. Usaimen epitelioaren azalean, sudur hobian bertan, nerbio zelula bipolarrez osatutako hartzaileekin konektatzen dira usain molekulak, bulkada elektrikoen bidez usain ezaugarriak garunera eramateko.[15]

Lurreko ornodunetan, sudurrak eta hari lotutako egiturek organismora sartzen den airea egokitzen dute, berotu eta hezetu egiten dute. Zenbait kasutan, adibidez gameluetan, sudurrak hezetasuna atxikitzen du airea kanporatu aurretik.[16]

Gizakien ezaugarria da prognatismoaren erregresioa eta sudur protuberante bat agertzea (jakina, garezurrean ez da kontserbatzen, kartilagoz osatua baitago).

Eboluzioa

2004an, 395 milioi urte inguruko Kenichthys campbell sarcopterygi fosilari buruz egindako azterketaren emaitzak argitaratu zituen. Arrain primitibo hori Txinako Yunnan probintzian aurkitu zuten, eta gaur egungo ornodunek duten «sudur» horren erdibideko zerbait du. Fosilak sudur zuloak ditu goiko hortzen erdian, ahosabaia zatituta balego bezala. Erdibideko estadio horrek frogatzen du sudur zulo haietatik aurrera eboluzionatuta sortu zirela barne sudur hodiak, eta zulo haiek, denboran zehar, eztarriraino hedatu zirela, ahoan zehar.[17]

Antzinako ezaugarri batetik sortu zen sudur eboluzionatua: rhinariuma. Ugaztun gehienek (baita strepsirrhini primateek ere) sudur hezea dute, baina primate haplorrhiniek (besteak beste, tximinoek, gorilek eta gizakiek) rhinarium hori galdu dute sudurrean. Duela 55 milioi urte inguru agertu zen sudur apendize hori sinapomorfia bat da, rhinariumeko kanpo mukosa sudur hobien barrualdera eraman zuena.[18]

Hipotesi bat da giza sudurrak eboluzionatu egin zuela, aurpegi masaren murrizketagatik ―garunaren azpian jarrita― eta bekokiaren bertikalizazioagatik, garezur hedapenaren eta aurpegi prognatismoaren murrizketaren ondorioz. Bipedismoak eta garunaren hedapenak, beraz, garezurraren arkitektura erabat berrantolatzera behartu zuten, eta, horrela, sudur apendizea giza bipedismoaren egokitzapen eskeletikoa izan daiteke.[19] Beste hipotesi osagarri bat ere izan daiteke: Homo generoko hominidoen sudurra garatu zen arnastutako airea hezetu egin behar zelako, eskualde lehorretan eta idorretan (sabana basoak, baso idorragoak) birikiak lehortu ez zitezen. Alderantziz, turbulentziak lagundu egiten dio sudurrari hezetasun hori biltzen arnasa botatzerakoan, eta horrela giro beroan distantzia luzeak deshidratatu gabe ibiltzeko aukera ematen du.[20]

Eboluzioaren ikuspegitik begiratuta, sudurraren ezaugarriak dira:

Ugaztunen arteko desberdintasunak

Zetazeoetan, sudur zuloetara murriztu da sudurra, eta buruaren goiko aldera mugitu da; hala, gorputzaren forma hidrodinamikoagoa lortu dute, eta ia beti urpean egonda arnasa hartzeko aukera dute. Elefantearen sudurra edo proboszidea, berriz, luze eta gihartsu bihurtu da, organo manipulatzaile izateraino.[21]

Norabidearen pertzepzioa

Txakurren sudur hezea tresna eraginkorra da norabidea hautemateko. Larruazaleko hotz hartzaile sentikorrek sudurra gehien hozten den puntua detektatzen dute, eta atzeman berri duen usaina nondik datorren erakusten diote txakurrari.[22]

Orientazio magnetikoa

Gizakiek eta tximinoek magnetita kopuru txiki bat dute sudurrean, zehazki etmoide hezurrean, begien artean, Lurraren eremu magnetikoarekiko orientazio mekanismo bat izan daitekeena.[23] Gizakien orientazio magnetikoa uretako hegazti eta animaliek dutenaren gisakoa izatea oso auzi zalantzazkoa da.[24]

Sudurra gizakietan

Sudurra albotik begiratuta.

Gizakietan, sudurra aurpegiaren erdialdean dago, ahoaren eta bekokiaren artean. Piramide triangeluar baten forma du, erpina goien eta oinarria behean, eta bi zulo ditu. Hezurrez, kartilagoz, muskuluz eta azalez osatua dago, eta mukosa pituitarioaren zati batek estaltzen du barrutik.

Sudurraren formak eta dimentsioek garrantzi handia izan dute: antropologiak modu deskribatzailean aztertzen du, eta neurriaren bidez gizakia mota desberdinetan sailkatzen du; hala, adibidez, sudur indize bat ezarri izan da, hau da, zabaleraren eta garaieraren arteko proportzioa. Sudur indize horren arabera, indibiduoak honela sailkatzen dira: «leptorrinoak», gehienez 69,9ko sudur indizea dutenak (sudur estua eta garaia); «mesorrinoak», 70-84,9ra bitarteko indizea dutenak (sudur ertaina); eta «platirrinoak», 85 edo gehiagoko indizea dutenak (sudur zabala eta zapala).[25][26]

Era berean, aurpegian duen kokalekuagatik, sudurra gizabanako bakoitzaren ezaugarri bereizgarrietako bat izan ohi da, eta ezaugarri garrantzitsu gisa hartzen da edertasuna definitzeko orduan. Hori dela eta, sudurraren formak eta tamainak esamolde, kondaira eta abesti asko sortu izan ditu.

Kanpo sudurra

Emakume baten sudur konkorduna.

Sudurra gizakiaren aurpegi hezurraren eta begitartearen irtengune bat da, piramide formakoa. Sudurraren forma, ordea, aldatu egiten da pertsona batetik bestera. Kanpo egituran, sudurrak gorantz jarraitzen du bekokira, bi aldeak batzen diren gunean, bi begien artean hain zuzen. Beherantz, erliebe puntazorrotz bat eratzen du, sudurraren punta. Beherago, sudurraren oinarrian, zabalgune bana ditu bi alboetan, sudur hegalak, beherantz zuzendutako irekidura elipsoidal bana dutelarik, sudur hobiak, alboetan zabalagoak eta pixkanaka estuagotzen direnak gora egin ahala; beraz, askotan, udare baten formakoak dira. Aurretik atzerako diametroa 1-2 cm inguru dute eta zeharkakoa 0,5-1 cm.

Sudur hobiek kanpo sudurra lotzen dute barne sudurrarekin. Bibrisa izeneko ileak dituzte, baita bilgor nahiz izerdi guruinak ere. Sudurraren azala mehea da, batez ere sudurreko zubian; oinarrirantz joan ahala loditu egiten da, eta bilgor guruinez hornituta dago sudur puntan (batez ere gizasemeetan). Begi hutsez ikusita, eremu hori puntuduna izan ohi da. Sudurraren azala oso arin dago itsatsita sudur aponeurosiari edo sudurreko muskuluei.[27] Sudur hegalen gainean, alboetan eta goialdean, hegalen ildoa ikus daiteke, sudur-ezpainaren erdialdetik jarraitzen duena. Sudurreko azalaren tentsio lerroak zeharkakoak dira oinarrian eta sudurreko zubian, sagitalak sudurraren puntan eta inferolateral zeiharrak alboko paretetan.[28]

Barne sudurra

Sudur barrunbea forma irregularreko gune bat da, goian garezurraren oinarriaren eta behean aho barrunbearen gangaren artean. Bertikalki garaiagoa da erdialdean, eta zeharka zabalagoa behealdean. Sudur hobi bakoitzak tarte horma bat, albo horma bat, solairu bat eta ganga bat ditu. Bi sudur hodiak banatzen ditu luzetara hezurrezko eta kartilagozko horma batek, sudur trenkadak; barrutik, sudur mukosaz estalita daude. Atzera, sudur hobi bakoitzak nasofaringera jarraitzen du, koana izeneko irekidura baten bidez. Sudur barrunbean, hain zuzen ere alboko horman, hodi ugari irekitzen dira garezurreko hezur handienak dituzten barrunbe pneumatikoetatik (kopeta hezurra, masailezurra, esfenoidea, etmoidea), sinu paranasalak hain zuzen.

Sudur ospetsuak

Pertsonaia historikoak

Aktoreak, musikariak eta ospetsuak

Artea

Esamoldeak

Giza aurpegian hain leku nabarmena hartzen duenez, begien artean eta aurpegiaren erdian, sudurraren inguruan esamolde ugari daude.

Sudurraren itxurari lotutakoak

Sudur-kako esaten zaio kako itxurako sudurra duenari, [35] eta sudurluze sudurra luze duenari, baita inoren kontuetan sartzea atsegin duenari ere;[36] alderantziz, sudurmotz, sudur txikia duenari.[37]

Sudurra hurre

Sudurpeko esaten zaio biboteari, nahitaez sudurraren azpian baitago beti. Halaber, sudurreko bat izan daiteke sudurrean hartzen edo ematen den kolpea edo, baita ere, betaurreko mota zaharra.[38] Ahotik sudurrera gauzak egitea berehala egitea den bezala, ahotik sudurrera edukirik ez daukanak ezin ditu gauzak isilean gorde.[39] Zehe bat (edo bi) sudurrekin gelditzen dena tronpatu egiten da, eta inork sudurretik ibili edo erabiltzen bazaitu, zurekin nahi guztia egingo du.[39] Sudurpeko logalea, berriz, gosea besterik ez da.[39] Indarra sudurpean daukana hitzez da ausarta, berritsu hutsa.[39]

Sudurra, aldartearen edo egoeraren adierazle

Sudur puntan jartzen zaiona egiten duenak gogoak ematen dion guztia egiten du.[40] Sudurra sartzea da inoren kontuetan eta inork eskatu gabe iritzia ematea edo parte hartzea.[41] Inork haserrea edo atseginik eza adierazteko aurpegia jartzen duenean, sudurra zimurtu duela esaten da.[42] Alderantziz, sudurreko zimurrak leundu baditu, esan nahi du alaitu egin dela.[39] Sudurra daukanak gauzak igartzeko sena du, eta sudurra mizkindu egiten duenak mesprezua adierazten du; aldiz, sudur pintzen jabe denak kuraia edo ausardia adierazten du.[39] Koloreei dagokienez, sudurra gorritzeak esan nahi du mozkortzea.[39] Inork atzaparretan zenbat hatz dauzkan sudurrarekin zenbatu behar baditu, jipoi galanta jaso duen seinale da.[39]

Erreferentziak

  1. Aizpurua Sarasola, Joxerra; Benavides, Juan Karlos. (1990-03-01). «Belarria, sudurra eta eztarria: hirukote bateratua» ZientziaEus (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  2. (Ingelesez) «The Bird Nose And Sense Of Smell (can Birds Even Smell Anyway?)» web.archive.org 2020-01-14 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  3. (Ingelesez) «Avian Respiration - Anatomy & Physiology - WikiVet English» web.archive.org 2023-10-31 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  4. (Ingelesez) «Agnathan | Definition, Characteristics, Habitat, Examples, Reproduction, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  5. (Ingelesez) «Bony fishes - Scientific Classification» web.archive.org 2013-06-06 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  6. (Ingelesez) Farmer, Colleen. (1997-07). «Did lungs and the intracardiac shunt evolve to oxygenate the heart in vertebrates?» Paleobiology 23 (3): 358–372.  doi:10.1017/S0094837300019734. ISSN 0094-8373. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  7. (Ingelesez) «Respiratory system - Amphibians, Lungs, Gas Exchange» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  8. (Frantsesez) Nazat, Dominique. (1985-01-01). «Naissance du nez» Revue d'Orthopédie Dento-Faciale 19 (1): 23–32.  doi:10.1051/odf/1985004. ISSN 0337-9736. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  9. (Ingelesez) Dufresnes, Christophe; Mazepa, Glib; Jablonski, Daniel; Oliveira, Ricardo Caliari; Wenseleers, Tom; Shabanov, Dmytro A.; Auer, Markus; Ernst, Raffael et al.. (2019-12-01). «Fifteen shades of green: The evolution of Bufotes toads revisited» Molecular Phylogenetics and Evolution 141: 106615.  doi:10.1016/j.ympev.2019.106615. ISSN 1055-7903. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  10. (Ingelesez) Lyson, Tyler R.; Schachner, Emma R.; Botha-Brink, Jennifer; Scheyer, Torsten M.; Lambertz, Markus; Bever, G. S.; Rubidge, Bruce S.; de Queiroz, Kevin. (2014-11-07). «Origin of the unique ventilatory apparatus of turtles» Nature Communications 5 (1): 5211.  doi:10.1038/ncomms6211. ISSN 2041-1723. (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  11. (Ingelesez) Perry, S. F.; Duncker, H. -R.. (1978-07-01). «Lung architecture, volume and static mechanics in five species of lizards» Respiration Physiology 34 (1): 61–81.  doi:10.1016/0034-5687(78)90049-X. ISSN 0034-5687. (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  12. (Ingelesez) «Breathing in Birds and Crocodiles: What’s Different, What’s the Same, and Why Does It Matter?» Frontiers for Young Minds  doi:10.3389/frym.2021.578360. (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  13. (Ingelesez) Døving, Kjell B.; Trotier, Didier. (1998-11-01). «Structure and function of the vomeronasal organ» Journal of Experimental Biology 201 (21): 2913–2925.  doi:10.1242/jeb.201.21.2913. ISSN 0022-0949. (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  14. (Ingelesez) Pinkerton, Kent E.; Van Winkle, Laura S.; Plopper, Charles G.. (2015-01-01). Parent, Richard A. ed. «Chapter 1 - Overview of Diversity in the Respiratory System of Mammals» Comparative Biology of the Normal Lung (Second Edition) (Academic Press): 3–5.  doi:10.1016/b978-0-12-404577-4.00001-1. ISBN 978-0-12-404577-4. (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  15. (Frantsesez) Schaal, Benoist. (1997). «L'olfaction : développement de la fonction et fonctions au cours du développement» Enfance 50 (1): 5–20.  doi:10.3406/enfan.1997.3041. (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  16. (Ingelesez) «Desaturation of exhaled air in camels» Proceedings of the Royal Society of London. Series B. Biological Sciences 211 (1184): 305–319. 1981-03-11  doi:10.1098/rspb.1981.0009. ISSN 0080-4649. (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  17. (Ingelesez) Lu, Jing; Zhu, Min; Long, John A.; Zhao, Wenjin; Senden, Tim J.; Jia, Liantao; Qiao, Tuo. (2012-10-23). «The earliest known stem-tetrapod from the Lower Devonian of China» Nature Communications 3 (1): 1160.  doi:10.1038/ncomms2170. ISSN 2041-1723. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  18. (Frantsesez) Thoma, Andor. (1985). Elements de paleoanthropologie. Bruxelles: Institut Royal des Sciences Naturelles de Belgique ISBN 978-5824256369. OCLC .875399456.
  19. (Ingelesez) Mladina, Ranko; Skitarelić, Neven; Vuković, Katarina. (2009-09-01). «Why do humans have such a prominent nose? The final result of phylogenesis: A significant reduction of the splanchocranium on account of the neurocranium» Medical Hypotheses 73 (3): 280–283.  doi:10.1016/j.mehy.2009.03.045. ISSN 0306-9877. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  20. (Ingelesez) Ruff, Christopher B.; Trinkaus, Erik; Walker, Alan; Larsen, Clark Spencer. (1993-05). «Postcranial robusticity in Homo . I: Temporal trends and mechanical interpretation» American Journal of Physical Anthropology 91 (1): 21–53.  doi:10.1002/ajpa.1330910103. ISSN 0002-9483. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  21. (Ingelesez) Dagenais, Paule; Hensman, Sean; Haechler, Valérie; Milinkovitch, Michel C.. (2021-11). «Elephants evolved strategies reducing the biomechanical complexity of their trunk» Current Biology 31 (21): 4727–4737.e4.  doi:10.1016/j.cub.2021.08.029. ISSN 0960-9822. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  22. (Ingelesez) Kokocińska-Kusiak, Agata; Woszczyło, Martyna; Zybala, Mikołaj; Maciocha, Julia; Barłowska, Katarzyna; Dzięcioł, Michał. (2021-08). «Canine Olfaction: Physiology, Behavior, and Possibilities for Practical Applications» Animals 11 (8): 2463.  doi:10.3390/ani11082463. ISSN 2076-2615. PMID 34438920. PMC PMC8388720. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  23. (Ingelesez) Baker, P. R.; Mather, J.G.; Kennaugh, J.H.. (1983-01). «Magnetic bones in human sinuses» Nature 301 (5895): 96–97.  doi:10.1038/301096b0. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  24. (Ingelesez) Chae, Kwon-Seok; Kim, Soo-Chan; Kwon, Hye-Jin; Kim, Yongkuk. (2022-05-30). «Human magnetic sense is mediated by a light and magnetic field resonance-dependent mechanism» Scientific Reports 12 (1): 8997.  doi:10.1038/s41598-022-12460-6. ISSN 2045-2322. PMID 35637212. PMC PMC9151822. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  25. (Ingelesez) Leong, S.C.; Eccles, R.. (2009-06). «A systematic review of the nasal index and the significance of the shape and size of the nose in rhinology» Clinical Otolaryngology 34 (3): 191–198.  doi:10.1111/j.1749-4486.2009.01905.x. ISSN 1749-4478. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  26. (Ingelesez) «Anthropological traits - Nasal Index» web.archive.org 2023-07-07 (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  27. (Ingelesez) Gilbert, J. G.; Feit, L. J.. (1955-04-01). «The Nasal Aponeurosis and Its Role in Rhinoplasty» Archives of Otolaryngology - Head and Neck Surgery 61 (4): 433–436.  doi:10.1001/archotol.1955.00720020449010. ISSN 0886-4470. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  28. (Ingelesez) Bell, Daniel J.. «Levator labii superioris alaeque nasalis muscle | Radiology Reference Article | Radiopaedia.org» Radiopaedia  doi:10.53347/rid-69364. (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  29. (Ingelesez) Nails, Debra; Monoson, S. Sara. (2022). Zalta, Edward N. ed. «Socrates» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  30. (Frantsesez) «Le nez de Cléopâtre» Radio France Inter (web.archive.org) 2022-08-14 (Noiz kontsultatua: 2024-01-21).
  31. (Ingelesez) Jones, Jonathan. (2003-10-03). «Bust of Henry VII, Pietro Torrigiano (c1509-11)» The Guardian (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  32. (Ingelesez) Boerst, William J.. (2003). Tycho Brahe : mapping the heavens. Greensboro, N.C. : Morgan Reynolds Pub. ISBN 978-1-883846-97-8. (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  33. Rostand, Edmond. (1926). Cyrano de Bergerac. E. Fasquelle (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  34. (Gaztelaniaz) «Parnaso español 249 - A un hombre de gran nariz» Wikisource (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  35. «Euskaltzaindiaren hiztegia > sudur kako» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  36. «Euskaltzaindiaren hiztegia > sudur luze» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  37. «Euskaltzaindiaren hiztegia > sudurmotz» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  38. «Euskaltzaindiaren hiztegia > sudurpeko» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  39. «Euskal lokuzioak sarean > sudur» intza.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  40. «Euskaltzaindiaren hiztegia > sudur punta jarri» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  41. «Euskaltzaindiaren hiztegia > sudurra sartu» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
  42. «Euskaltzaindiaren hiztegia > sudurra zimurtu» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.