Suabia (eskualde historikoa)
Suabia (alemanez: Schwaben edo Schwabenland) Alemaniako hego-mendebaldeko Baden-Wurtemberg eta Bavaria estatuen artean banatuta dagoen eskualde historikoa da. Gaur egun, Suabia Bavariako estatu libreko eskualde administratiboetako bat da, hiriburu Augsburg duena.
Historia
Antzina zeltak, sueboak, alamanak eta frankoak bizi izan ziren Suabian. IX. mendean dukerri bihurtu zen eta Erdi Aroko Alemaniako bost dukerri handietakoa izan zen. 1079tik 1268ra Hohenstaufendarren mendean izan zen, harik eta familia hura desagertu zenean dukerria barruti independenteetan bereizi zen arte.
Erdi Aroan Suabiako ligak eratu ziren, garrantzi handia izan zutenak; hiri handienek aitoren semeen eta dukeen aginpidea murrizteko ligak eratu zituzten, baina Habsburgotarrek noble talde bat eratu zuten eta bi taldeen artean borrokak izan ziren. 1389an ligak antolatzea debekatu zen, baina 1488an Suabiako liga garrantzizkoena, Suabiako Liga Handia sortu zen, salerosketa eta Suabiako barrutien arteko bakea sustatzeko; gudaroste, epaitegi eta konstituzio berezia zuen.
1533an desegin zen katolikoen eta protestanteen arteko tirabiren ondorioz, eta lurraldea bi alderditan banatua gelditu zen; alderdi protestantea, Württembergeko dukea buru zuena, eta katolikoa, Austriaren aliatua. Dukerria 1648ko Westfaliako bakearen ondoren desagertu zen.
Napoleondar gerren ondoren, eskualdearen zati bat, Bavariari emana izan zen 1803an.
Alemania naziak Suabia Berria deitzen zuen Antartikako lurralde baten gaineko subiranotasuna aldarrikatu zuen.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.