Stradivarius
Stradivarius biolina Stradivari familia italiarrak sortutako harizko instrumentua da, Antonio Stradivarik hain zuzen. Bai munduko biolin-jotzaile famatu eta garrantzitsuenen eta baita antzinako gauzen bildumagileen arabera, oso kalitatezkoak dira, hainbat ikerketak azaldu dutenez, biolinen historian izan diren onenak. Artelan berdingabe horiek askotan beren sortzailearen izenaz ezagutzen dira, edota instrumentua jotzen zuenarenaz. Beren soinua hain kalitatezkoa izan dadin, hainbat prozesu pasa behar izaten dituzte: laka berezi baten erabilpena, zurari egiten zaion tratamendu kimiko bat, zenbait lehortze prozesu dituena, eta abar. Columbia eta Tennesseeko unibertsitateetako ikerketa baten arabera, biolin horiek fabrikatzeko erabiltzen den zura hazte prozesu motelagoa izan duten zuhaitzetatik aterata dago. Zuhaitz horiek izotz-aroan haziak ziren, eguzki-ziklo berezi batean, negu luzeagoak eta uda hotzagoak eragiten zituena. [1]
Soinuaren kalitatea
Instrumentu horiek sortzen duten soinuaren kalitate berezia imitatzeko saiakera asko izan dira historian zehar, eta hipotesi ugari ere egin dira, nola sortzen diren azaldu nahian. Askok uste dute Stradivarik egiten zuen bernizak isilpeko formula bat zuela, berak soilik zekiena, eta hil zenean galdu egin omen zela. X izpiekin egindako hainbat azterketak, ordea, hori baztertzen dute: frogatu denez, biolinek beren egituretan aldaketak izan zituzten, soketan eta heldulekuan bereziki, eta geratzen zaien jatorrizko zati bakarra gorputza bera dela, aldizka bernizatua.
Beste hipotesi batek dio puntu garrantzitsuena astigarraren eta izeiaren zuraren lehortze prozesua dela, baina hori ere baztertu zen, zuraren zuntza ikertutakoan. Stradivarik instrumentuak noiz egin zituen data eta zuhaitzak noiz moztu zituen alderatu zen eta horrela ondorioztatu zen zura 25 urtean soilik egon zela lehortzen, ez 60 edo 70 urtean, hainbatek uste zuten gisa.[1]
Stradivariren zuhaitzaren hipotesiak dioenez, erreka batean aurkitu zuen enbor erraldoi bat erabili zuen bere instrumentuak egiteko. Esaten da egurrak errekaren dardarak barneratu zituela eta horri esker soinu eder horiek lortu zituela. Argi dago azalpen hori ez dela egiazkoa eta fabrikazioari dagokion historiari ukitu poetikoa emateko sortu zela, ez baitago teoria hori berresten duen ikerketa zientifikorik. Beste hipotesi erromantiko batek dio stradivariusak hondoratutako itsasontzien zuraz egiten zirela.
Azkenik, momentuz funts handiena duen hipotesiak dioenez, Stradivarik zurei tratamendu berezi bat egin zien, gatz metalikoen disoluzio bat erabiliz. Horri esker, instrumentuek indarra hartzen dute, baita soinuaren kalitatea ere. Sistema endoskopiko batez stradivarius baten barrualdeari egin zitzaion ikerketa batek hori egiaztatu du.
2009ko urtarrilean, Public Library of Science[1][1] aldizkarian argitaratu ziren hiru hamarkadatan konpontzen ari ziren stradivarius bati egindako ikerketa baten emaitzak. A&M, Texaseko Unibertsitatean biokimikan espezialista eta kimika irakasle Joseph Nagyvary doktore ikerketagileak zioenez, Italian “urre-garaian” (1700-1720) egin zituzten instrumentu horietan aurkitu zituen frogetan eltxo-izurrite batek inguruko zuhaitzetan eragina izan zuen. Gertaera hari esker lortu zuen halako arrakasta Stradivarik. Instrumentuen sortzaileak boraxa erabili zuen zuhaitzak intsektuen kontra babesteko, horrek geroago soinuan eragina izango zuenik jakin gabe. Boraxa zura babesteko erabili zen lehen geruza izan zen. Material hori antzinako Egipton ere erabili zen intsektizida gisa, zura babesteko, eta gizakiak momifikatzeko prozesuan.
Prezioa
Stradivariusen prezioa instrumentuaren, haren egoeraren eta soinuaren kalitatearen araberakoa da, mila dolarretatik milioi bat dolarretaraino. Yehudi Menuhin edo Jascha Heifetz bezalako bakarlari aparten instrumentuen balioa neurtezina da[1]. 2011n, ‘Lady Blunt’ izenekoa 17 miloi dolarretan errematatu zuten: oso garestia den arren, badira garestiagoak, esaterako ‘Kuarteto Nazionala’ izenaz ezagutzen den biola. Espainiako ondarea da eta saltzekotan, 100 eta 140 milioi euro inguruan izango litzateke enkantean.[1]
Errekorra 2014ko ekainean gainditu zen ia, Sotheby's enkante etxeak ‘McDonald’ izeneko biola salmentan atera zuenean: 33 milioi euro inguruko balioa zuen instrumentuak, baina ez zen saiorik egon.[1]
Instrumentu originalak eta ez-originalak
Stradivarik sortu zituen mila instrumentuetatik 500 soilik jotzen dira, hau da, beste instrumentuak ez daude edo bilduma pribatuen atalak dira. Ondoren atera ziren luthier askok Stradivari gisa sinatu zituzten beren instrumentuak, baina sinaduraren azpian “Made in Germany” irakur zitekeen. Benetako stradivariusa haren itxura finagatik, zur ederragatik eta noiz eta non egin zen adierazten duen etiketagatik bereiz daiteke.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Stradivarius. 2021-04-01 (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
Ikus, gainera
- Stradivarius instrumentuen zerrenda
- Biolin
- The Red Violin (El violin rojo)