Sorbus chamaemespilus
Sorbus chamaemespilus Sorbus generoko zuhaixka txikia da, Europako erdialde eta hegoaldeko mendigunetako estai subalpetarrean bizi dena, Sudeteak eta Karpatoetatik hasi eta Piriniotaraino hedatuz. Larrako karstean du bere hego-mendebaldeko muga beste landare orofilo askok bezala.
Sorbus chamaemespilus | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Rosales |
Familia | Rosaceae |
Generoa | Sorbus |
Espeziea | Sorbus chamaemespilus (L.) Crantz
|
Ezaugarriak
1,5 m arteko zuhaixka da. Adaxkak lentizela luzatu ugariz hornituak ditu. Begiak dira koniko-oboideak, zorrotzak, 3-5 ezkata ziliaturekin, ia ilegabeak eta ez likatsuak. Azala leuna eta grisa du.
Hostoak
Bakunak, ertzean finki eta bitan zerratuak. Berdeak bi aldetatik, ilegabeak eta pixka bat distiradunak dira gainaldetik, eta, mate eta ilegabeak edo pittin bat iledunak azpialdetik. Oso peziolo laburra dute.
Loreak
![](../I/Chamaemespilus_alpinus.jpg.webp)
Loreak korinbo txiki eta trinkoetan elkartuta ditu. Errezeptakulua 2 mm ingurukoa eta ilupaduna. Sepaloak ertzetan hortzik gabeak, ilegabeak kanpoaldetik, eta ilupadunak barrualdetik. Petaloak arrosaxkak.
Fruituak
Gorri-laranjaxka da heldutakoan, lentizela gutxikoa eta mami irintsukoa.
Banaketa
Europa erdialdeko eta hegoaldeko mendigunetako estai subalpetarretan bizi da: Pirinioak, Frantziako Erdialdeko Mendigunea, Alpeak, Apeninoak, Sudeteak, Vosgeak, Karpatoak eta Balkanak. Euskal Herrian Larrako karstean soilik aurki daiteke.
Ekologia
Izeidietan, mendi-pinuaren pinudietan, eta, errododendro eta ipuruen sastrakadietan bizi da. Mota guztiko substratutan eta 1550 - 2250 m arteko altitudetan.
Fenologia
Ekaina eta uztailean loratzen da, eta, fruituak iraila eta urrian heltzen dira.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).