Sophie Bryant
Sophie Bryant (Sandymount, 1850eko otsailaren 15a - Chamonix, 1922ko abuztuaren 14a) pedagogo, matematikari, feminista eta ekintzaile britainiarra izan zen.[1]
Sophie Bryant | |||
---|---|---|---|
1895 - 1918 ← Frances Buss (en) | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Sophie Willock | ||
Jaiotza | Sandymount, 1850eko otsailaren 15a | ||
Herrialdea | Erresuma Batua | ||
Heriotza | Chamonix-Mont-Blanc, 1922ko abuztuaren 14a (72 urte) | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Bedford College Londresko Unibertsitatea | ||
Hizkuntzak | ingelesa | ||
Ikaslea(k) | ikusi
| ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | matematikaria | ||
Enplegatzailea(k) | North London Collegiate School (1875 - 1918) | ||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Biografia
Aita apaiz, graduatu eta irakaslea zen Trinity Collegen (Dublin). Aitak eta institutrizek hezi zuten etxean, harik eta, 13 urte zituenean, familia Londresera joan zen arte, aita unibertsitateko geometria-irakasle izendatu zutenean. 1865ean hasi zituen ikasketak Londresko Bedford Collegen.[2]
Sophie (Willock jaioa) 1869an ezkondu zen William Hicks Bryant medikuarekin, bere abizena hartuz. Senarra handik urtebetera hil zitzaion eta ez zen berriro ezkondu, nahiz eta Francis Ysidro Edgeworth ekonomialariarekin harremana izan 1891ra arte.[3]
1875ean, North London Collegiate School for Ladies-eko zuzendari Frances Bussek matematika eta alemaneko lanaldi partzialeko irakasle gisa kontratatu zuen. Bere ibilbide akademikoaren gainerakoa erakunde honetan garatu zen, Frances Buss 1895ean hil ondoren zuzendari izan zelarik. 1918an hartu zuen erretiroa.[4]
Sophie Bryant Londresko unibertsitatean gradu bat lortu zuen lehen emakumeetako bat izan zen erakunde hau 1881ean emakumeei ireki zitzaienean. 1882an London Mathematical Society-ko (aukeratua izan zen hirugarren emakumea) kide aukeratu zuten, eta Proceedings of the London Mathematical Society aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen lehen emakumea izan zen.[4] Charles Smith-ekin batera, Bryantek Euklid´s Elements of Geometry liburuaren hiru liburuki editatu zituen, eskolen erabilerarako (Euklid´s Elements of Geometry, I eta II liburuak (1897); Euclid´s Elements of Geometry, III eta IV liburuak (1899); Euclid´s Elements of Geometry, VI eta IX liburuak (1901)).[5]
Neskentzako bigarren hezkuntza hobetzeko langile nekaezina ere izan zen, eta hainbat hezkuntza-batzordetan parte hartu zuen.[6] Funtsezkoa izan zen Cambridge Training College for Women (egungo Hughes Hall, Cambridge) eratzeko.[7] Bizikleta eduki zuen lehen emakumeetako bat ere izan omen zen.[4]
Bryantek hainbat gairi buruz idatzi zuen: Irlandako Historia, Matematika, Filosofia, Erlijioa eta, jakina, Hezkuntza eta Pedagogia. Sufragista eta emakumeen eskubideen defendatzailea ere izan zen.
Mendizaletasuna maite zuen, eta Chamonixen inguruko mendietan ibilaldi batean hil zen. Hil eta hamabost egunera aurkitu zuten gorpua.[4]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2015-02-15). «Sophie Willock Bryant, matemática y educadora» Mujeres con ciencia (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- (Ingelesez) «Sophie Bryant, mathematician and pioneer of education for women» The Irish Times (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- (Katalanez) Duran, Lluís Barbé i. (2006). Francis Ysidro Edgeworth: crònica familiar. Univ. Autònoma de Barcelona ISBN 978-84-490-2438-2. (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- «Irish Democrat : Anonn Is Anall: the Peter Berresford Ellis column : Sophie Bryant (1)» web.archive.org 2008-10-01 (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- Euclid.; Bryant, Sophie Willock; Smith, Charles. (1901). Euclid's elements of geometry: books I-IV, VI and XI. Macmillan (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- (Ingelesez) Hartley, Cathy. (2003). A Historical Dictionary of British Women. Psychology Press ISBN 978-1-85743-228-2. (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- (Ingelesez) «Sophie Willock Bryant - Biography» Maths History (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
Kanpo estekak
- Sophie Bryant-en edo haren inguruko lanak
- Bryant Sophie (1850-1922) North London Collegiatte Schooleko artxiboak