Sophia de Mello Breyner

Sophia de Mello Breyner Andresen (Porto, 1919ko azaroaren 6aLisboa, 2004ko uztailaren 2a) idazle portugaldarra izan zen. XX. mendean Portugalek izan duen olerkaririk handienetakoa da. Familia aberatsekoa izan zen. Gogor kritikatu zuen boterea diktaduraren garaian. Haur-literatura ere idatzi zuen. Shakespeare eta Dante itzuli zituen portugesera.[1]

Sophia de Mello Breyner

Biltzar Konstituziogilearen kidea

1975eko ekainaren 2a - 1976ko apirilaren 2a
Barrutia: Porto's Electoral Circle (en) Itzuli
Hautetsia: 1975 Portuguese Constituent Assembly election (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaPorto, 1919ko azaroaren 6a
Herrialdea Portugal
HeriotzaLisboa, 2004ko uztailaren 2a (84 urte)
Hobiratze lekuaChurch of Santa Engrácia (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Francisco Sousa Tavares (en) Itzuli
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaLisboako Unibertsitatea
Hizkuntzakportugesa
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta, itzultzailea, haur literatura idazlea, idazlea eta politikaria
Jasotako sariak
Genero artistikoaolerkigintza
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Alderdi politikoa Alderdi Sozialista

IMDB: nm0210248 Discogs: 1013425 Find a Grave: 182433032 Edit the value on Wikidata

Biografia eta lana

Sophia de Melloren gurasoak Maria Amélia de Mello Breyner eta João Henrique Andresen ziren. Idazleak abizenen ordena aldatu zuen, lehen-lehenik amarena aipatzeko. Aitaren aita XIX. mendean Portora bizitzera joandako danimarkar bat zen, eta haren semeak, de Melloren aitak, Quinta do Campo Alegre etxea erosi zuen, gaur egun Portoko Lorategi Botanikoa dena. De Mellok etxe horretan igaro zuen haurtzaroa, Portoko oligarkiako familia tradizional batean. Horrela oroitzen zuen berak: “Um território fabuloso com uma grande e rica família servida por uma criadagem numerosa”. A Granja hondartzan igarotako udaldiek eta ohitura eskandinaviarrei jarraikiz ospatutako Eguberriek isla izango zuten bere poesian.

1936 eta 1939 bitartean Filologia Klasikoa ikasi zuen Lisboako Unibertsitatean. Ez zituen ikasketak amaitu, baina gerora idatziko zuen poesia erreferentzia klasikoz josirik egongo da, batez ere Grezia zaharretik hartutakoak.[2] Unibertsitate-garaian, hainbat mugimendu katolikoren buru izan zen. Bere poemak Cadernos de Poesía aldizkarian argitaratu zituen, eragin handiko autore ezagunen lanekin batera; besteak beste, Rui Cinatti eta Jorge de Sena.

1939an Portora itzuli zen, eta han biziko zen harik eta ezkondu zen arte. 1944an lehenengo liburua argitaratu zuen, Poesía; hirurehun aleko argitalpena kaleratu zuen, aitak ordaindua. Liburu hartan, ordura arte idatzitako hainbat poema jaso zituen, baita 14 urterekin idatzitakoak ere.[2]

1946an Francisco Sousa Tavares kazetari, politikari eta abokatuarekin ezkondu zen, eta handik aurrera Lisboan bizi izan zen. Bost seme-alaba izan zituzten, eta, haien eraginez, haur-literaturan ere murgildu zen.

Ezkondu ondoren, garai hartako errealitate sozialarekiko konpromiso handiagoa erakutsi zuen bere obretan, betiere mundu-ikuskera humanista eta kristauari eutsiz. Denborarekin, Salazarren diktaduraren aurkako oposizioaren ordezkari bilakatu zen. Bakearen aldeko kantata bat idatzi zuen, ezagun egingo zena: “Vemos, ouvimos, lemos. Não podemos ignorar!”. Preso Politikoei Laguntzeko Batzorde Nazionalaren sortzaileetako bat izan zen, baita Portugaleko Idazleen Elkarteko Batzorde Nagusiko lehendakaria ere.[2]

1974ko Krabelinen Iraultzaren ondoren, 1975ean Biltzar Konstituziogileko diputatu hautatu zuten Portoko barrutian, Alderdi Sozialistaren izenean. Bere senarra, berriz, Alderdi Sozialdemokrataren aldekoa zen.

Sophia de Mello Breyner Andresen 2004ko uztailaren 2an hil zen, Lisboan, 84 urterekin. Itsasoari buruz idatzitako poemak Lisboako Ozeanoarioaren inguruan irakur daitezke, itsasoari begira. Bestalde, Nossa Senhora da Graça elizaren ondoan jarritako oroitarri batean “Lisboa” poema irakur daiteke.

De Melloren poesiak egia estetikoa bilatzen du, denbora-pasa baino gehiago: “O poema não fala de uma vida ideal mas sim de uma vida concreta [Poemak ez dihardu bizitza ideal bati buruz, bizitza konkretu bati buruz baizik]”. Egia estetiko horrek lortzen du gauzekiko harreman zuzena, nahiz eta kontzeptualizatzerik ez dagoen.[3]

Sormenaz gain, itzulpengintzan ere nabarmendu zen De Mello. Portugesera itzuli zituen, besteak beste, Euripides, Dante eta William Shakespeare. Alabaina, autore portugaldarrak kanpora eramateaz ere arduratu zen; izan ere, Fernando Pessoa eta Luis de Camões itzuli zituen frantsesera.[3]

Sariak

  • 1999an, Camões Saria, Portugaleko literatura-sari gorena. Sari hori jaso zuen lehen emakumea izan zen.
  • 2003an, Poesia Iberoamerikarraren Sofía Erregina Saria.

Lanak

Poesia

  • Poesia (1944)
  • O Dia do Mar (1947)
  • Coral (1950)
  • No Tempo Dividido (1954)
  • Mar Novo (1958)
  • O Cristo Cigano (1961)
  • Livro Sexto (1962)
  • Geografía (1967)
  • 11 Poemas (1971)
  • Dual (1972)
  • O Nome das Coisas (1977)
  • Navegações (1977)
  • Ilhas (1989)
  • Musa (1994)
  • O Búzio de Cós e outros poemas (1997)

Narrazio laburrak

  • Contos exemplares (1962)
  • Histórias da Terra e do Mar (1984)

Antzerkia

  • O Bojador (1961)
  • O Colar (2001)

Saiakera

  • O nu na antiguidade classica (1975)

Haur-literatura

  • A menina do mar (1958)
  • A fada Oriana (1958)
  • A noite de Natal (1959)
  • O cavaleiro da Dinamarca (1964)
  • O rapaz de bronze (1965)
  • A Floresta (1968)
  • A Árvore (1985)

Euskaraz

Erreferentziak

  1. Eslava, Ane. «Bi munduren arteko poeta» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  2. (Portugesez) Rocha, Clara. (PDF) Sophia de Mello Breyner Andresen. (Noiz kontsultatua: 13/09/2017).
  3. Susa literatura - Poesia kaiera. (Noiz kontsultatua: 2017-07-09).

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sophia de Mello Breyner Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.