Sonderbund
Sonderbund Suitzako zazpi kantoi katolikoek (Luzerna, Uri, Schwyz, Unterwalden, Zug, Friburgo, Valais) kantoi protestanteek katolikoen kontra hartu zituzten erabakiei aurre egiteko 1845ean osatu zuten elkartea da. Dietak komentuak desagerrarazteko asmoa agertu zuenean kantoi katolikoek beren burujabetasuna eskuratu nahi izan zuten, eta jesuitak onartu zituzten beren lurraldeetan. Gertaera hura zela eta, 1847an, Dietak elkartea desegin zedila edo jesuitak Suitzatik atera zitezela erabaki zuen, baina ligak ez zuen hori onartu. Elkartearen eta gobernu federalaren gudarosteen artean borroka izan zen, eta azkenik, federalek liga menderatu zuten. Jesuitak Suitzatik egotziak izan ziren, eta konstituzio berria eman zen (1848), estatu federalaren aginpidea areagotu zuena.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.