Solidarność
Solidarność (euskaraz: elkartasuna; sɔliˈdarnɔɕt͡ɕ ahoskatua; izen osoa: "Elkartasuna" sindikatu autonomo independentea edo Niezależny Samorządny Związek Zawodowy "Solidarność" ɲezaˈlɛʐnɨ samɔːˈʐɔndnɨ ˈzvjɔ̃zɛk zavɔːˈdɔvɨ sɔliˈdarnɔɕt͡ɕ) Poloniako sindikatuen federazioa da.
Solidarność | |
---|---|
Datuak | |
Mota | sindikatua |
Herrialdea | Polonia |
Jarduera | |
Kidetza | European Trade Union Confederation (en) |
Agintea | |
Lehendakaria | Piotr Duda (en) |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 1980ko iraila |
Sortzailea | |
Ordezkatzen du | Zrzeszenie Związków Zawodowych (en) |
webgune ofiziala |
1980ko abuztuaren 31n Gdańskeko ontziolan sortua, Lech Wałęsak zuzenduriko sindikatua Varsoviako Ituna sinatu zuten herrialdeetan komunistek ez kontrolaturiko lehendabiziko sindikatua izan zen. Solidarnośćek 1981eko iraileko bere biltzarraren aurretik 9,5 milioi kide zituen, hau da, Poloniako langileen heren bat[1]
1980ko hamarkadan, Solidarność burokrazia borrokatzen zuen gizarte mugimendua izan zen, erresistentzia zibila erabiltzen zuena[2].
1982. urtean debekatu zuten Poloniako agintariek. Hiru urteren buruan, ordea, berriz onartu zuten, bai mendebaleko herrialdeen, bai Poloniako Eliza Katolikoaren presioagatik, eta baita poloniar langileriaren artean zuen eraginagatik ere; hala, 1988. urtean izan ziren greben ondoren gobernu komunistak haren bitartekaritza eskatu zuen. 1989. urtean, Konstituzioa aldatu zen eta alderdi politikoak nahiz sindikatuak legeztatu egin ziren. Sindikatuak Gobernu haren kontrako demokrazia-oposizioa bateratu zuen bere baitan. Urte hartan bertan izan ziren hauteskundeetan, sindikatuak Senatuko eserleku guztiak eta Kongresuko % 35 lortu zituen, eta Tadeusz Mazowiecki —Solidarność taldearekin lotura zuen— izan zen lehen ministro.
Gobernuak sindikatua akabatzeko gerra-legea eta errepresio politikoa erabili arren, azkenean negoziatzera eta 1989an hauteskundeak egitera behartua izan zen. Hauteskundeetara banaturik aurkeztu zen poloniar sindikatua, Mazowiecki alde batetik eta Lech Wałęsa bestetik; aurrena agintean izan zenean sindikatuaren baitan banaketak izan baitziren, ezarri zuen ekonomia-politika zela eta. 1990eko abenduan Lech Wałęsa Poloniako presidente hautatu zuten, eta Wojciech Jaruzelskiren ordezkoa izan zen Errepublikako lehendakaritzan.
1991. urtean, Wałęsak sindikatuaren zuzendaritza Marian Krzaklewskiren eskuetan utzi zuen. Gobernu berriak politika neoliberala indartu zuen, eta langileen baldintzak oso laztu ziren; hala, langileek manifestaldi eta greba ugari egin zituzten Gobernuan jarri zituen agintarien kontra. 1991 urtean bertan, berriro izan ziren hauteskundeak, eta horietan sindikatua zenbait alderdi politikotan banaturik aurkeztu zen. Harrezkero, sindikatu tradizional eta liberalago bilakatu zen, egun 400.000 kide inguru dituena. Azken urteotan, sindikatuak indar handia galdu du, sindikatu komunista zenaren onerako.
Buruzagiak
- Lech Wałęsa 1980-1990
- Marian Krzaklewski 1991-2002
- Janusz Śniadek 2002-2010
- Piotr Duda 2010-
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- (Polonieraz) Solidarność. „Solidarność” a systemowe przekształcenia Europy Środkowo-Wschodniej. .
- (Ingelesez) Smolar, Aleksander. (2009). "Self-limiting Revolution": Poland 1970-89. in: Civil Resistance and Power Politics: The Experience of Non-violent Action from Gandhi to the Present. Oxford University Press, 127-43 or. ISBN 978-0-19-955201-6..