Zokoa
Zokoa Ziburu eta Urruñako auzoa da, bi udalerrien muga den Untxin errekaren estuarioaren bi aldeetan eta Donibane Lohizuneko badiaren mendebaldeko muturrean dena. Bere ipar-ekialdean, Zokoako itsasargiaren inguruan, Euskal erlaitza deritzon kostaldea dago. Itsas argiari loturik estazio meteorologiko bat instalatu zen 1920an[1].
Zokoa | |
---|---|
Euskal Herria | |
Zokoko ikuspegi orokorra, urrutira Jaizkibel mendia. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Lapurdi |
Udalerria | Lapurdi |
Administrazioa | |
Posta kodea |
|
Geografia | |
Koordenatuak | 43°23′37″N 1°41′08″W |
Garaiera | 0 metro |
Demografia |
Izena
Etimologiari erreparatuz, izenak lapurteraz txokoa esan nahi du, hots, Donibane Lohizuneko badiaren txokoa.
Historia
Zokoa Ziburuko herriari loturik egon da betidanik (1603an bereizi zen Ziburu Urruñako herritik). 1638an Zokoko portuan, eta XVIII. mende hasieran Zokoko gotorlekua Henrike IV.a Frantziakoa aginduz (Borboien dinastiako lehen erregea) eta Vaubanek egindako proiektuaren arabera eraiki zen.
Napoleon III.ak ere ekarpen positiboa egin zuen kai‑muturrak jarri baitzituen Donibane Lohizuneko badia babeseko. 420 m luzeko dikea Zokotik abiatzen da, erdikoa (Artha) 250 m‑koa da, eta hirugarrena iparraldera, Santa Barbara lurmuturretik abiatuta, 180 m‑koa.
Zokoko gotorlekuaren oinetan bi senaia txiki, hondar finekoak, eta kirola egiteko eta aisialdirako erabili ohi den portua daude. Bigarren Mundu Gerran alemanek portu horretan itsaspekoen base bat jarri zuten.
- Zokoko gotorlekua eta barra olatupean enbata batean. Urrutira Jaizkibel mendia eta Hondarribiko eraikinak ikus daitezke.
Gotorlekuak aipatutako errekoletoek zaindutako kapera zuen. Gaur egun, gurtza katolikoa parrokia‑elizan egiten da. Eraikin modernoa da, eta txalupa bat du aldaretzat. San Jose eta San Frantzisko Xabierkoaren irudiak 1959an Forestier eskulturagileak eginak dira.
Sokoa, portu txikia, dikea, dorre almenaduna, jatetxeetako terrazak, itsasargiaren keinu jolastiak, eta lasaitasuna... amodio‑istorio bat bizitzeko txoko egokia.
Zibururen eta Sokoaren iragana ikertzen dutenei itsasoari estu‑estu lotutako historia azaltzen die. Arbasoak baleazaleak eta kortsarioak izan ziren. Larretxek, Sokoako salbamendu‑ontziko patroiak, Donibaneko sarreran bizia arriskuan jarri eta Eugenia de Montijo enperatriza eta inperioko printzea salbatu zituen, ekaitzak ustekabean harrapatu baitzuen haien El Águila ontzia.
Ondasun nabarmenak
Alde batetik, kaialdeko itsasargia dugu. Bertzetik, XVII. mendeko Zokoko gotorlekua dago.
Iruditegia
- Zokoko gotorlekua.
- Zokoko itsasargia.
- Zokoaren ikuspegia, atzean urrutira Hondarribia eta Jaizkibel.
- Zokoa margolanean
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Itsasoko Historia. Euskal Kostaldeko Gida. liburutik txertatu zen 2014-12-18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Lapurdi |