Sokatira

Sokatira herri kirol bat da. Hainbat partaidek osatutako bi taldeak soka baten alde bietan jarrita, sokalari bakoitzak bere aldera tira egin behar du[1].

Sokatira 1904ko Joko Olinpikoetan.

Kirolaren helburua adierazitako leku edo marka jakin batetik beste taldea pasaraztea da. Talde bakoitzean 8 pertsona izaten dira: haietakoo batek taldea zuzentzen du.

Pisuaren arabera probak antolatzen dira, talde bakoitzeko partaideen pisua kontuan hartuta: batetik, 525, 560, 640 eta 720 kilogramoko kategoriak daude eta, bestetik, pisu librekoa.

Nazioarteko Sokatira Federazioak mundu mailako txapelketak antolatzen ditu eta bertan parte hartzen dute hainbat naziotako taldeek.

Jatorria

Sokatira antzeko kirola Rajasthanen, Indian.

Europari dagokionez, sokatiraren jatorria Eskandinavian kokatzen da, 1000. urtean. Hala ere, XV. eta XVI. mendeetara arte ez ziren txapelketak antolatu. Txapelketa hauek, nagusiki, Frantzian eta Britania Handian antolatu ziren eta, txapelketekin batera, lehengo arauak agertu ziren, batez ere, pisu mugaketari buruzkoak. Beranduago, XIX. mende bukaeran, sokatira, kirol arautu gisa garatu zen. Hauek ziren, hain zuzen ere, jokamolde atletikoak garai horretan: korrika, salto edo jauziak, pisu jaurtiketak eta sokatira. Hala ere, instituzionaltasuna ez izatean, arauak herriz herri aldatzen ziren.

Sokatira kirol olinpikoa izan zen 1900 eta 1920. urteen artean, Amberesen azken parte hartzea izanez. 1947. urtean Nazioarteko Sokatira Federazioa sortu zen, George Huton-en eskutik.

Euskal Herriari dagokionez, oraindik ez dago froga ziurrik sokatira Euskal Herriko kirol autoktonoa denik. Hala ere, hipotekikoki bere jatorria ondorengo jarduera hauekin erlazionatzen da. Alde batetik, zelten zibilizazioan indarrez arrastaka eraman beharreko lanekin erlazionatzen da. Bestalde, arrantzaleek antzina egiten zituzten lanekin. Izan ere, sokatik tiraka egiten zuten, txalupa eta itsasontziak portuan lotzeko. Horrez gain, sokak ere erabili ohi zituzten bale handiak lurreratzeko. Araudiaren aldetik, sokatirak ez du Euskal Herrian arau zehatzik izan XX. mendera arte. Hala ere, 1978. urtean, nazioarteko txapelketan euskaldunek parte hartu izanak, teknika eta arau batzuen aldaketak ekarri zituen.[2]

Kategoriak

Kategoriei dagokienez txapelketak maila eta pisu ezberdinetan egiten dira: gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoak[3].

  • Seniorrak. Tiratzaile gizonezko batek senior kategorian parte hartu ahal izango du 18 urte betetzean. Tiratzaile emakumezko batek senior kategorian parte hartu ahal izango du 16 urte betetzean.
  • U 23. Tiratzaile batek 23 urtez azpiko kategorian parte hartu ahal izango du kategoria hori hasten denetik. 18 urte bete dituenetik 22 urte betetzen dituen urtea amaitu arte.
  • Juniorrak (15-18 urte). Tiratzaile batek junior kategorian parte hartu ahal izango du 15 urte betetzen duen urtearen hasieratik (15 urtetatik 18 urte betetzen dituen urtea amaitu arte).

Pisuak: 500-540-560-600-640-680-720.

Araudia

Talde bakoitzak bete behar dituen arauak hurrengoak dira:

Tiratzaile kopurua

Lehiaketaren hasieran, taldeak zortzi tiratzailez osatuta egongo dira. Probari hasiera emango zaio, bi taldeak epailearen zuzeneko ikuskaritzapean tiratzeko posizioan edo jarreran daudenean.

Tiratzaileen artean ordezko bat erabili daiteke, aldaketa bakarra egin daiteke. Ordezkoak edozein tiratzaile ordezka dezake lehiaketak irauten duen bitartean. Ordezkapena egin ondoren, ezin da aldaketa gehiagorik egon. Ordezkapena arrazoi taktikoengatik edo lesio batengatik egin daiteke. Era berean, ekintza hau taldea pisatu eta lehen neurketaren lehen zatia burutu ondoren soilik egin daiteke. Ordezko tiratzaileak ezin du pisu-kategoria horren ondorengo neurketan parte hartu. Ordezkoak klub edo herrialde jakin bateko tiratzaile erregistratua izan behar du.

Ordezkatzea egiteko, biak, ordezkatu beharreko tiratzailea eta ordezkoa, tiratzeko arroparekin jantzita (kamiseta, galtza motzak, galtzerdiak eta oinetakoak) eta epaile-buruak egiaztatu ahal izateko txarteletan agertu behar dira. Horrela, epaile-buruak ofizial bat izendatu ahal izango du ordezkoez arduratzeko.

Ordezko tiratzaileak ordezkatu den tiratzailearen pisu bera edo txikiagoa izan behar du. Taldearen pisu osoa ezin da handitu ordezkoaren pisuarekin, baita taldeak jatorrian dagokion kategoriaren pisu maximoa baino gutxiago pisatzen bazuen ere.

Ezin izango da bigarren ordezkapenik egin. Bigarren lesioa gertatuz gero, taldeak zazpi tiratzailerekin jarraitu ahal izango du. Ez da onartuko talde batek zazpi tiratzaile baino gutxiagorekin lehiatzen jarraitzea.

Entrenatzaile eta botilero bat

Talde bakoitzak entrenatzaile bat izan dezake tiradak zuzentzeko. Ekipo bakoitzeko botilero bat ere baimentzen da. Botileroaren funtzioa tiraden aurretik eta ondoren bere taldea zaintzea da. Botileroari ez zaio baimentzen bere taldeari hitz egitea tiratzen ari diren bitartean, eta epaileak adierazitako lekuan kokatu behar da.

Tirada eremua

Tiradako eremua laua izango da eta lurrean erdiko lerro bat markatuko da. Tiradaren azalera material batez eginda egongo da, eta TWIFek onartutako kirol-oinetako arruntei behar besteko marruskadura eragingo die. Tirada-azaleraren luzera gomendatua 36 metrokoa izango da eta zabalera gomendatua 100–120 zentimetrokoa. Tirada-azaleran erdiko lerro bat eta alboko bi lerro markatuko dira, erdiko lerroaren alde banatatik lau metrora.

Sokari heltzea

Lehiakideek ezin izango diote sokari heldu kanpoko zintek edo markek mugatutako eremuan. Tirada bakoitzaren hasieran, lehenengo tiratzaileak zintatik edo kanpoko markatik ahalik eta hurbilen eutsiko dio sokari. Sokari ez zaizkio ez korapiloak ez uztaiak egingo, eta ez da taldeko tiratzaileen gorputzeko inongo zatitan trabatuta geratuko. Tirada baten hasieran, soka tenkatuta egongo da eta sokaren erdiko marka lurraren erdiko markaren gainean egon beharko da.

Tirada-posizioa

Aingura izan ezik, taldeko tiratzaile bakoitzak bi eskuekin eutsiko dio sokari, biluzik eta modu klasikoan, hau da, bi esku-ahurrak aurrez aurre dituela, eta soka gorputzaren eta besoaren goiko aldearen artean igaroko da. Sokaren mugimendu askea eragozten duen beste edozein eusteko modu blokeoa edo morroiloa da, eta arauak hausten ditu. Oinak belaunen aurrerantz luzatuta egon behar dira, eta taldekideak tirada-posizioan egon behar dira une oro.

Aingura-posizioa

Azken tiratzaileari “aingura” deituko zaio. Soka gorputzean zehar igaroko da, diagonalki bizkarrean zehar eta kontrako sorbaldaren gainetik atzeko aldetik aurrera. Soberako soka besapearen azpitik igaroko da, atzeko kanpoalderantz, eta amaiera libre geratuko da. Orduan, aingurak modu klasikoan helduko dio sokari, hau da, bi esku-ahurrak aurrez aurre eta bi besoak aurrerantz luzatuta dituela. Aingurari soka gerriko babeslearen mailatik behera mantentzeko baimena ematen zaio, eta segurtasun-arrazoiengatik hori ez da blokeotzat hartuko.

Arauak haustea eta deskalifikazioa

  1. Esertzea: zolan nahita esertzea edo irrist egin ondoren berehala tirada posiziora ez itzultzea.
  2. Laguntza ematea: oinak ez diren gorputzeko edozein atalekin lurra ukitzea.
  3. Blokeoa: sokaren mugimendu askea ahalbidetzen ez duen edozein euste.
  4. Eustea: soka eusteko beste edozein modu, 11., 12. eta 13. arauetan deskribatutako forma normala ez bada.
  5. Jarrera: oin baten gainean esertzea, edo gorputz-adar baten gainean, edo oina belaunaren aurretik luzatu gabe.
  6. Sokan gora joatea: soka eskuetatik pasatzea.
  7. Arraun egitea: lurrean behin eta berriz esertzea eta, aldi berean, oinak atzerantz mugitzea.
  8. Ainguraren jarrera: 13. arauan deskribatutakoa ez den beste edozein erabiltzea.
  9. Botileroak bere taldearekin hitz egitea.
  10. Jarduerarik eza: tirada batean ahalegina egitea saihesten duen ekipoak, geldialdi luzea dakartenak, tirada nulua eragiten du, edozein unetan eman daitekeena. Tirada berriro hasiko da eremu berri batean, jatorrizko tirada-lekutik hurbil; ezin izango da berriro hasi jatorrizko tirada eremuan. Jarduerarik gabeko aldiak dituen tirada batek hamar minutu baino gehiago irauten badu, epaile-buruak epaile nagusiaren arreta erakarriko du, baliogabeko tirada gisa jartzeko.
  11. Pistatik at: pistatik, kanaletik edo tiradaren azaleratik kanpora atera, legez kanpoko abantaila lortzeko.
  12. Oina finkatzea: lurrean edozein hutsune, marka edo barrunbe egitea, soka tenkatzeko agindua eman aurretik.

Taldeek bi abisu jasoko dituzte, tiraldietako bakoitzean arauak urratzeagatik, deskalifikatu aurretik. Arauetako akzio guztietarako, pertsona batek bakarrik egiten badu arau-hauste bat, talde osoa hartuko da erruduntzat.

Epaileak

Nazioarteko Sokatira Federazioak, nazioarteko lehiaketa guztien kontrolaz arduratuko diren ofizialak izendatu ahal izango ditu. Batzorde Teknikoak nazioarteko lehiaketetarako epaileen behin betiko hautaketa egin beharko du.

Lehenik eta behin, epaile nagusiak, partiduaren guztizko kontrola izango du, hau da, erabaki guztien arduradun nagusia izango da. Alboko epaileek berriz, epailearen zuzendaritzapean jardungo dute une oro, topaketaren ardurapean. Tiradan zehar, alboko epailea, parte hartzen duten taldeen ondoan kokatuko da, epaile nagusiaren kontrako aldean. Alboko epaileak taldeak behatuko ditu eta epaile nagusiari arau hausteak adieraziko dizkio, seinaleen kodeak erabiliz.

Pisaketaren epaile arduraduna, nazioarteko lehiaketetan, TWIFek laguntzaileak izendatu ahal izango ditu, eta horiek lehiakideen pisatze eta zigilatze egokiaren erantzule izango dira pisatze-epailearen aurrean (pisatze-prozeduraren epaile arduraduna). Parte-hartzaileren batek adostutako pisua baino gehiago izanez gero, parte-hartzaile horrek ezingo du txapelketa horretan parte hartu.

Tiraldiaren hasiera

Epaileak bi entrenatzaileen seinalea jaso duenean dena prest dagoela adierazteko, berak honako agindu hauek emango dizkie taldeei:

  • Soka hartu: orduan, soka hartuko da, oinak lurrean direla.
  • Soka tenkatzea: soka tenkatuta dagoela bermatzeko adina luzatzen da.

Beraz, epaileak seinaleak egingo ditu soka erdian jarri arte. Soka tenkatuta eta geldi egongo da, soka horren erdiko marka lurzoruaren erdiko lerroan jarrita.

Tiraldiaren amaiera

Tiraldi baten amaiera epaileak adieraziko du, txilibituari eraginez eta talde irabazlea hatzarekin seinalatuz, edo tirada balio gabe edo nulu baten kasuan, besoak gurutzatuz eta erdiko marka seinalatuz.

Beste seinale garrantzitsuak

  1. Taldeak, prest? Besoekin taldeak seinalatuz.
  2. Soka hartu: gorputzaren aurrealdean besoak luzatuz.
  3. Soka tenkatu: besoak gorantz luzatuta, esku-ahurrak barrurantz dituztela.
  4. Soka erdira: erdialderantz mugitu behar duen aldea adieraziz.
  5. Prest? besoak gorantz luzatuta, esku-ahurrak kanpora begira.
  6. Tira! besoak alboetara luzatuz.
  7. Garailea adierazi: txistua putz eginez eta talde irabazlea seinalatuz.
  8. Tiraldi nulua: txilibituari putz eginez eta besoak gorputzaren aurrean gurutzatuz.

Kirol ekipamendua

Kirol-arropa

Taldeek kirol-arropa egokia eramango dute: praka motzak, kirol-kamiseta edo jertsea eta galtzerdiak. Taldeko tiratzaileen kirol-arropak uniformea izan behar du.

Larruazala babesteko arropa kirol-arroparen azpitik eraman ahal izango da, epailearen onespenaren mende. Kirol-arroparen gainetik eramaten badira, babes-uhalak daude baimenduta. Aingurak eramaten dituen babes-arropak ezin izango du 5 zentimetroko lodiera gainditu, kirol-arroparen azpitik eraman beharko da beti, eta sokaren eta gorputzaren artean jarrita egon beharko du. Soka blokeatu nahian, ezin da gantxorik, ildaskarik edo bestelakorik erabili babes-arropetan.

Erretxina sokari errazago heltzeko baimenduta dago, eta eskuetara dago mugatuta soilik. Gomazko lehian, erretxina bakarrik erabili ahal izango da baimen hori in situ lortzen denean, eta, kasu horretan, epaileen jarraibideen arabera soilik aplikatu beharko da.

Arropa pisatzean

Gizonezkoen taldeak, neurri egokiko eta gardenak ez diren praka motzak jantzita pisatu daitezke. Emakumezkoen taldeak, neurri egokiko eta ez gardeneko kamiseta eta galtza motzak soinean dituztela pisatu daitezke. Botak ez dira eskuan eraman behar baskulara igotzerakoan.

Lurrerako oinetakoak

Zola, takoia eta takoiaren aldea erabat berdinduta egon beharko dira. Debekatuta dago metalezko zolak, punterak edo plakak erabiltzea. Are gehiago, debekatuta dago boten zolatik edo takoitik irteten diren arantzak edo iltzeak erabiltzea. Boten itxituretan ezin izango dira nabarmentzen diren gantxoak sartu, lesioak eragin baititzakete.

Metalezko takoi xaflatu bat baimentzen da, 6'5 mm-ko lodiera maximokoa, botaren takoiaren alboetatik eta behealdetik nibelatuta dagoena. Takoiaren tamainak ezingo du izan zolaren azalera osoaren heren bat baino gehiago, ezta laurden bat baino gutxiago ere. Zolatik neurtutako takoiaren lodiera ezingo da izan 6'5 mm-tik beherakoa, ezta 25 mm-tik gorakoa ere (metalezko xafla barne).

Gomarako oinetakoak

Sokatiran gomaz erabili beharreko oinetakoak kirol-oinetakoen edozein fabrikatzailek egindakoak izango dira. Zola egokitu ahal izango da, baina ezin izango da oinetakoen goiko aldea baino luzeagoa edo zabalagoa izan. Zola gomaz edo beste edozein materialez egin ahal izango da, helduleku optimoa aukeratuz gero, baina zorua edo tirada-azalera kaltetu gabe.

Zolaren gehieneko luzera eta zabalera ezingo dira izan tiratzailearen oina (oinutsik) baino handiagoak. Zolan erabil daitekeen material edo substantzia bakarra oihal lehor eta garbia da, eta ez du produktu kimikorik edo fluidorik izan behar. Horri buruzko eztabaidak izanez gero, txapelketaren kontrolaz arduratzen diren ofizialak arituko dira epaile gisa.

Soken zehaztapenak

Sokaren zirkunferentzia 10 zm-koa izango da gutxienez (100 mm), eta gehienez 12'5 zm-koa (125 mm), eta eskuetarako korapilorik eta bestelako euskarririk gabe egon beharko du. Sokaren muturrek fustazko amaiera izango dute. Sokaren gutxieneko luzera ez da 33'5 metrotik beherakoa izango.

Zintak edo markak sokari jarriko zaizkio, epaileak erraz doitu ahal izan ditzan, soka luzatu edo uzkurtzen bada.

Sokaren markak lehorrean

Sokari bost marka edo zinta gehitu beharko zaizkio, honela:

(A) Zinta edo marka bat (1) sokaren erdian.

(B) Zinta zentralaren alde bakoitzetik lau (4) metrora dauden bi (2) zinta edo marka.

(C) Zinta zentralaren alde bakoitzetik bost (5) metrora dauden bi (2) zinta edo marka.

(D) (a), (b) eta (c) letretan zerrendatutako markak hiru kolore ezberdinekoak izango dira.

Sokaren markak goman

Hiru marka edo zinta gehitu beharko zaizkio sokari, honela:

(A) Zinta edo marka bat (1) sokaren erdian.

(B) Bi (2) marka edo zinta, bakoitza bi metro eta erdira (2'5 m) kokatuta, erdiko markaren alde banatan.

(C) (a) eta (b) hizkietan zerrendatutako markak hiru kolore ezberdinekoak izango dira.

Lehiaketak

Norgehiagoka bakoitza bi tiralditan banatzen da. Txanpon batekin erabakitzen da talde bakoitza zein aldetan hasten den tiratzen eta, hirugarren tiraldia egongo balitz, gauza bera egingo litzateke.

Sokatira Atotxako futbol zelaian (1932)

Tiraldia irabazten du: lurrean, beste taldearen sokako markak lurreko erdiko marka gainditzen duenean; goman: beste taldearen sokako markak lurreko 2 m-ko marka gainditzen duenean. Edo falta bidez.

Saio baten dinamika honela da:

  1. Pisatzea eta zozketa.
  2. Zelaiaren zozketa egiten da.
  3. Taldeak goman sartzen dira.
  4. Atzelari edo zageroak prestatzen dira.
  5. Epaileak prest dauden galdetzen die.
  6. Ondoren zera agintzen du: Hartu soka. Tenka. Soka erdian. Tira.
  7. Hiru minutuko atsedena egoten da tiraldi artean.
  8. Aldez aldatu eta berriro tiratzen da.

Puntuazioa

Partida bat bi aldiz irabazten duen taldeak hiru puntu lortuko ditu, eta talde galtzaileak zero puntu. Taldeek tirada bana irabazten badute, talde bakoitzak puntu bat lortuko du.

Partidak hiru tiradatan bi garaipen lortzen dituen taldeak irabaziko ditu. Partida bat bi tirada irabazten dituen taldeak hiru puntu lortuko ditu, eta talde galtzaileak ez du punturik lortuko. Partida bat tiradaka 1 irabazten duen taldeak bi puntu lortuko ditu, eta talde galtzaileak puntu bat lortuko du.

Euskal Herriko taldeak

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko sokatira taldeen zerrenda»

Euskal Herriko taldeak muduko onenen artean daude eta nazioarteko hainbat txapelketa irabazi dituzte.

Goma gaineko txapelketan

  • Abadino:
    • 560 kg-tan: 2010
    • 600 kg-tan: 2010
  • Beti Gazte:
    • 600 kg-tan: 2004
  • Badaiotz:
    • 480 kg-tan: 2004, 2008, 2012
    • 520 kg-tan: 2004

Lur gaineko txapelketan

  • Goiherri:
    • 560 kg-tan: 2004, 2008
  • Gaztedi:
    • 600 kg-tan: 2010, 2012, 2014

Txapelketak

Erreferentziak

  1. «Sokatira» kirolak.euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2022-06-06).
  2. «Sokatira» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-06).
  3. «SOKATIRA PROBAK - Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea» Bizkaiko Herri Kirolak (Noiz kontsultatua: 2022-06-06).

Ikus, gainera

  • Euskal Herriko sokatira taldeen zerrenda

Kanpo estekak


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.