Software libre
Software librea edo software askea[1] (ingelesez: free software), eskuratu ondoren, erabil, kopia, azter, molda eta bana daitekeen softwarea da. Internet bidez doan edo beste medio batzuetan banaketa ordainduz eskura daiteke. Dena dela, azken hori ez da derrigorrezkoa, eta libre egoera hori mantenduz ere, saldu egin daiteke. Era berean, doako softwarea (freeware) ere iturburu-kodearekin batera banatzen da batzuetan. Baina freewarea ez da software libre bezalakoa, moldatzeko eta banatzeko aukera eskaintzen ez duten kasuetan, bederen.
Softwarea librea dela esan ohi da hurrengo lau eskubide hauek betetzen dituenean:[2]
- helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea (pribatua, hezkuntza, publikoa, komertziala, eta abar).
- aztertu eta aldatu ahal izatea (horretarako beharrezkoa da kodea eskuratu ahal izatea).
- kopiatu ahal izatea.
- hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.
Software librea vs doako softwarea
- Software librea ez da zertan doan banatu. Banaketa zerbitzu, instalatze zerbitzu, mantentze zerbitzu edo ostatze zerbitzuengatik prezio bat kobratzen duten software libreko enpresa asko daude. Enpresa horiek, softwareari dagokionez, erabiltzaileen lau eskubideak errespetatzen dituzte, baina eskainitako zerbitzuengatik prezio bat ezartzen dute.
- "Doako softwarea" ez da zertan software librea izan. Lau eskubideak betetzen ez dituen softwarea ez da software librea, doihanik oparituta ere.
Software librea askotan dohainik egoten da eskuragarri, edo oso merke, banaketa kostuaren prezioan; hala ere, hau ez da derrigorrezkoa. Software librea ez da doako softwarearekin (freeware) nahasi behar; izan ere, software librea bide komertzialak erabiliz ere bana daiteke (merkatuko softwarea edo software komertziala). Bide beretik, dohaineko softwareak batzuetan iturburu-kodea dakar baina ez beti, beraz, software hau ez da askea programaren bertsio eraldatuen moldaketa eta birbanaketa lau eskubideak ez badira bermatzen.
Software librea vs Jabari publikoan utzitako softwarea
Bestalde, ezin dira nahastu software librea eta jabetza publikoko softwarea. Azken horrek ez du lizentzia beharrik eta guztiona dela esan daiteke. Jabari publikoan utzitako softwarearen esplotazio eskubideak gizateria guztiarentzat oparitu dira, softwarea eskura dezaketen guztiei berdintasunez dagokie. Edozeinek erabili dezake, beti ere legezko helburuarekin eta egile originala jarriz. Software mota honetan egileak softwarea gizateriari donatzen dio edo egile eskubideak agortu direla eta (oro har, egilea hiltzen denetik 70 urte igarotakoan) softwarea gizateriarena izatera pasatzen da. Baina egileak softwarearen erabilera baldintzatzen badu lizentzia bat jarriz, nahiz eta hau oso ahula izan, ezinezkoa izango da domeinu publikokoa izatea.
Historia
1960 eta 1970eko hamarkadan softwarea ez zen produktu bat kontsideratzen, garai hartako konputagailu handien saltzaileek (mainframes izenekoak) beren erosleei ematen zien eranskin bat bezala baizik, ondoren hauek erabili ahal izateko.[3] Kultura hartan, softwarearen programatzaileak eta garatzaileak beraien artean libreki programak elkartrukatzea arrunta zen. Jokabide hau oso ohikoa zen garaiko erabiltzaile talde handietan, adibidez DECUSen (DEC konputagailu erabiltzaile taldea). 1970eko hamarkadaren amaieran, konpainiak erabiltzaileei murrizketak jartzen hasi ziren lizentzia akordioen bitartez.[2]
1971 inguruan, oraindik informatikak ez zuenean bere boom famatua izan, honen erabiltzaileek, unibertsitate eta enpresetan, softwarea sortu eta elkartrukatzen zuten inongo mugarik gabe. Baina 1980ko hamarkadan egoera aldatzen hasi zen. Konputagailu garatuenak sistema eragile pribatuak erabiltzen hasi ziren, eta honek eragin zuen erabiltzaileek ezin izatea softwarean aldakuntzak egitea eta ondorioz baldintza murriztaile batzuk onartu behar izan zituzten.
Erabiltzaile edo programatzaile batek akats bat aurkitzen bazuen aplikazioan, enpresa garatzaileari eraman behar zion konpontzeko, berak ezin baitzuen ezer egin. Programatzaileak arazoa konpontzeko gaitasuna eduki arren eta hura konpondu nahi izango bazuen ere ordainean ezer eskatu gabe, kontratuak ez zion uzten softwarea hobetzen.
Richard Stallmanek berak kontatzen du garai hartan laborategian kanpoko enpresa batek donatutako inprimagailu bat jaso zutela. Aparatu honek, langile guztiak sare bidez erabiltzen zutena, ez zuen oso ondo funtzionatzen batzuetan papera trabatzen baitzen bertan. Gainera, ez zen inongo abisurik sortzen erabiltzaileei egoera horretaz informatzeko sare bidez. Denbora galtzeak ugariak ziren, izan ere, batzuetan langileek beren lanak inprimatzera bidaltzen zituzten sare bidez eta beren bila joatean inprimagailua ataskatuta zegoela ikusten zuten eta egiteko lan ugariko ilara sortzen zen. Richard Stallmanek egoera honetan arazoa konpontzea erabaki zuen eta inprimagailu trabatzean sare bidez abisu bat emango zuen bidalketa sistema ezartzea pentsatu zuen. Horretarako inprimagailuko kontrolatzaileen iturburu-kodea behar zuen. Richardek inprimagailuko jabe zen enpresari iturburu-kodea behar zuela esan zion bere plana betetzeko eta ordainetan ez zuela ezer eskatzen esan zion baina enpresak ez zion iturburu-kodea eman nahi izan.
Momentu hartan, Richard Stallmanek garbi ikusi zuen egoera. Berak ez zuen nahi software pribatibo berria onartu nahi eta ez zuen nahi lizentzia murriztuko software pribatibo gehiago garatzen jarraitu. Horrela, 1984an, Richard Stallman GNU proiektuan lan egiten hasi zen, eta urte bete beranduago Free Software Fundation (FSF) izeneko erakundea eraiki zuen.[4] Stallmanek software librearen esanahia barneratu zuen eta baita ere copyleft kontzeptua. Azken hau, hain zuzen, erabiltzaileei askatasuna emateko eta softwarearen jabetze ahalbideak mugatzeko garatu zuen.
Software librearen askatasunak
Softwarea "librea" da, ondorengo askatasunak bermatzen baditu:[5]
- helburua edozein dela ere, programa exekutatzeko askatasuna.
- programa aztertu eta norberaren beharretara egokitzeko askatasuna.
- programa kopiatzeko eta kopiak banatzeko askatasuna.
- programa hobetzeko askatasuna eta hobetutako bertsioa zabaltzeko askatasuna edonork etekina atera diezaion.
Garrantzitsua da azpimarratzea programa aztertzeko, hobetzeko edota norberaren beharretara egokitzeko, iturburu-kodea beharrezkoa dela; beraz, exekutagarriarekin batera, iturburu-kodea ere eskura eduki behar da.
Askatasun horiek bermatzeko, programari lizentzia edo egile-eskubideak ezarri behar zaizkio. Software libreen artean Copyleft edo GPL (GNU General Public License) eta LGPL (Lesser GPL) izenez ezagutzen diren lizentziak dira gehien erabiltzen direnak.
Teoriko batzuek azken puntua erabiltzen dute (hirugarren libertatea) GNU GPL lizentziak ezarritako mugak partzialki justifikatzeko software librearen beste lizentzien aurrean. Hala ere, jatorrizko zentzua askeagoa eta irekiagoa da eta ez da bateraezintasun egoera propioak ematen dion bezain murriztailea. Hau konponduta egon daiteke GNU GPL lizentziako 3.0 bertsioan; izan ere, oraingo bertsioak software librearen programatzaile komunitateari kalte handiak sortzen ari zaizkio, askotan ezin izaten dutelako bi lizentzia desberdineko kodeak nahastu nahiz eta 4 libertateak hori ahalbidetu beharko luketen.
OSI izeneko web ofizialean gaur egun onartuak dauden software librearen lizentzien zerrenda dago.
"Software ez libre" kontzeptua lau libertateak bermatzen ez dituzten software mugatzaileagoko lizentzia baten pean banatzen diren softwareari buruz hitz egiteko erabiltzen da. Propietate intelektualaren legeak aldakuntza, bikoiztasun eta birbanaketa eskubide gehienak erreserbatzen ditu copyright-aren jabearentzat; software libreko lizentzia baten pean dagoen softwareak aldiz, ezeztatu egiten ditu eskubide erreserbatu hauen gehiengoa.
Software librearen definizioak ez du ezer esaten prezioari buruz, eta ingelesez free hitzak "aske" eta "doako" esanahiak dituenez, oso erabilia den eslogana honakoa da: free as in freedom, not as in free beer, alegia, "aske askatasunean bezala, eta ez doako garagardoaren zentzuan".[6] Ohikoa da software librearen CDak salgai ikustea Linux banaketa bezala. Hala ere, egoera honetan, CDaren erosleak kopiatu eta birbanatzeko eskubidea du. Dohainik dagoen softwareak software librearen definiziora egokitzen ez diren murrizketak barnera ditzake- adibidez, iturburu-koderik gabe egon daiteke, edota banatzaileak ordainetan sari bat izatea debekatu dezake esplizituki eta abar.
Nahasketa ekiditeko, pertsona batzuk "libre" (software librea) eta "doan" (softwarea dohainik) hitzak erabiltzen dituzte ingelesezko free terminoaren zalantzagarritasuna ekiditeko. Baina, hautazko termino hauek software librearen mugimendu barruan bakarrik dira erabiliak, nahiz eta gainerako mundura pixkanaka hedatzen ari diren. Beste batzuek Open Source Software, hau da, kode irekiko softsare terminoaren erabilera defendatzen dute (kode irekiko softwarea, iturri irekikoak ere deituak). Open source eta free software-aren arteko ezberdintasuna honetan datza: azkenek libertatearen aspektu etiko eta filosofikoak hartzen ditu kontuan; open source, kode irekia, aldiz, aspektu teknikoan oinarritzen da bakarrik.
Antzeko kontzeptuei erreferentzia egiten dien terminoak elkartzeko saialdian, "FLOSS" terminoaren erabilera zabaltzen ari da, Free-Libre-Open Source Software esanahiarekin eta zeharka, ekoitzi eta sostengatzen duen komunitateari erreferentzia eginez.
Software librearen abantailak
EAEeko SALE[7][8] horren arabera[9], software librea erabiltzeak baditu zenbait abantaila:
Gizartearentzat eta Herri Administrazioentzat
- Tokiko garapenerako aukerak: jakintza eta iturri-kodea unibertsalki erabil daitekeenez, errazagoa da pertsona edo enpresa kualifikatu batek bere zerbitzuak eskaintzea, eta hala tokian tokiko enplegua eta aberastasuna sortzen da.
- Lizentzietan gastatzetik zerbitzu eta pertsonetan inbertitzera: maiz atzerriko enpresen eskuetara doa produktuen lizentziatan gastatzen den dirua eta horren ordez, baliabide ekonomikoak zerbitzu teknologikoetan inbertitzen dira, jakintza duten hornitzaileen bidez.
- Tokian tokiko hizkuntzetara itzultzea: software askearekin ez dago muga teknologikorik programa bat edozein hizkuntzetan edukitzeko.
- Legezkotasuna: edozein asmotarako erabiltzeko askatasuna nola baitagoen, eta programa banatzeko, “pirateria” izenekorik ez da gehiago.
- Zabaltzen eta hobetzen dauden produktu teknologikoen eta jakintza gordailuen corpusa: software libreak aukera ematen du kodea aztertzeko eta gainera hobetzeko. Ondorioz, “know how”-a hazten doa programa berriak sortu ahala, eta gainera joera logikoa hau da, programak hobetuz joatea eragile desberdinen artean herrialdeetan zehar. Bai jakintza eta bai programak edozeinen eskura daude.
- Aberastasuna berdinago banatzen da: software pribatiboaren ereduak oso banaketa bertikala ekarri du etekinetan, softwarearen ia-monopolioak sortu baitira. Aukera askearekin produktu bakoitzaren inguruan hainbat hornitzaile sortzen dira.
Bezero eta erabiltzaileentzat, oro har
- Berrerabilpenak dakarren aurrezpena: software piezak edo produktu bukatuak kopiatu eta erabiltzea posible den neurrian, aurreztu egiten da, ez baita hutsetik hasita lan egin behar.
- Fabrikatzailearen independentzia: monopolioak eta “bezero gatibuak” kenduz.
- Kodearen auditagarritasuna: iturri-kodea eskura dagoenez gero, berraztertu egin daiteke errore bila edo azken erabiltzaileak nahi ez dituen funtzionaltasunen bila.
- Azken tasun honek kode irekiari segurtasun maila handiago eman ohi dio, garatzaileek segurtasun zuloak aurkitu eta konpondu ahal dituztelako.
Fabrikatzaile eta hornitzaileentzat
- Negoziorako aukera, dauden produktuen zerbitzuetan oinarrituta: kalitate oneko software asko dago (geroz eta gehiago), doan eskura daitekeena, eta balio erantsiko zerbitzuak eraikiz negozioak sortzeko bidea ematen duena.
- Jakintza iturria: software askearen kode eta dokumentazio irekiak jakintza teknikoa eskuragarri egiten du, unibertsal.
Lizentzia motak
Lizentzia baimen formal bat da, kontratu-izaera duena. Hau softwarearen egileak ematen dio "esplotazio legaleko ekintzak" egiteko interesatua dagoen edozeini. Lizentzia mota ugari egon daitezke, egile eta lizentziatzailearen artean ematen diren akordio konkretu haina. Hala ere, gehienek lizentzia mota gutxi batzuk baino ez dute erabiltzen.[10][11] Software librearen ikuspuntutik, lizentzia kontzeptuaren aldaera desberdinak daude:
GPL lizentziak
GPL lizentzia erabilienetakoa da.[12][13] Egileak egile eskubideak mantentzen ditu (copyright) eta birbanaketa eta aldakuntza ahalbidetzen ditu, softwarearen bertsio aldatu guztiak GNU GPL-aren termino murriztaileen pean jarraitzen dutela bermatzen duen diseinu baten bidez..[14] Honek ezinezkoa egiten du produktu bat sortzea non zati guztiak ez diren GPL lizentzia: multzo osoak GPL izan behar du.
Hau da, GNU GPL lizentziak softwarearen aldakuntza eta birbanaketa ahalbidetzen du baina soilik lizentzia beraren bidez. Eta gainera programa berdin batean berrerabiltzen bada "A" kodea GNU GPL lizentziarekin eta "B" kodea beste lizentzia libre batekin, azken kodea "C", "A" eta "B" kode bakoitzaren kantitate eta kalitateengandik at, GNU GPL lizentziaren barruan egon behar du.
Honek praktikan software librearen lizentziak bi talde handietan banatzea egiten du: alde batetik GNU GPL lizentziarekin nahastuak izan daitezkeenak (eta prozesuan desagertu egingo direnak nahitaez, azken emaitza GNU GPL lizentzian egotean) eta bestetik nahastuak izatea ahalbidetzen ez dutenak GNU GPL lizentziak onartzen ez dituen beste betebeharrak dituztelako. GNU-aren web ofizialean GNU GPL lizentziak ezarritako kondizioak betetzen dituzten eta ez dituzten lizentzien zerrenda bat dago.
Gutxi gorabehera, software libre bezala lizentziatutako softwarearen %60ak GPL lizentzia bat erabiltzen du.
BSD lizentzia
Horrela deitzen dira BSD sistema eragileekin batera banatutako software askotan erabiltzen direlako. Egileak, lizentzia horien pean, copyright babesa mantentzen du bakarrik garantiaren ukapenerako eta lan deribatuetan egiletasunaren esleipen egokia eskatzeko, baina birbanaketa eta aldaketa librea baimentzen du , lan horien jabea badute ere.[15] Oso permisiboak dira, izan ere, beraiekin bateragarri diren GNU GPL lizentziarekin nahastean oso erraz izaten dira absorbituak.
Lizentzia honek "egiazko" software librea bermatzen duela esan daiteke, erabiltzaileek mugagabeko libertatea baitute softwarearekiko eta gainera softwarea ez libre bezala birbanatzea ahalbidetzen baitu.[16]
Hala ere, zenbait pertsonek diote, lizentzia mota hauek ez dutela software librearen garapenean laguntzen. Hori justifikatzeko ondorengo esaldia erabiltzen dute: BSD lizentzia GPL lizentzia baino askeagoa da, soilik baimentzen duen herrialdea baimentzen ez duena baino askeagoa dela pentsatzen bada.
MPL lizentzia eta deribatuak
Lizentzia hau software librekoa da eta balio handia du, izan ere, Netscape Communications Corp-ek bere 4.0 Nestcape Communicator-a liberatzeko eta software librearen mundurako hain garrantzitsua den proiektua hasteko (Mozilla Firefox) erabili zuen tresna izan zen.[17]
Horrez gain, eguneroko erabilera duten produktu askotan erabiltzen da mota guztietako sistema eragileetan.[12]
MPL-a software librea da eta lankidetza sustatzen du eraginkortasun handiz GPL-aren efektu “biral” hori ekidinez (GPL kode lizentziatua erabiltzen baduzu, zure amaierako garapena GPL lizentziatua egon behar du). Garatzailearen ikuspuntutik, GPL-ak eragozpen bat du puntu honetan, eta jende asko bandan ixten da kode honen erabileraren aurrean.[18] Hala ere, MPL-a ez da BSD tipoko lizentziak bezain permisiboa. Lizentzia hauek copyleft ahulak bezala dira ezagunak. NPL-a (ondoren MPL izango zena) GNU eta BSD lizentziek kontuan hartzen ez zituzten puntu batzuez enkargatu zen lehen lizentzia izan zen urte askoren ondoren. Azken finean, software libreko lizentzien barruan BSD estiloko lizentzien ondoko bezala kontsideratu daiteke, baina hobetua.
Copyleft
Kontuan izan behar da, copyleft lizentziaren pean, softwarearen egile eskubideak (copyright) dituen titularrak baduela bertsio eraldatu bat burutzea bere copyright originalaren bidez eta hau nahi duen lizentziaren azpian saldu dezake, bertsio originala software libre bezala birbanatzeaz gain.[19]
Teknika hau negozio modelo bezala erabilia izan da software librea egiten duten enpresa batzuetan (MySQL adibidez). Praktika honek ez du mugatzen copyleft bertsioko erabiltzaileei emandako eskubiderik. Aurretik emandako software libreko lizentzia guztiak ere erretiratu ditzake, baina honek lizentzien erabilera duten titularrei indemnizazio batera behartuko lituzke. Espainian, deribatua den edozein lan, lan original bat bezala dago babestua; beti ere lan deribatua egilearen kontratuaren bidezko baimen batetik abiatzen bada. Egileak copyleft lizentziak erretiratzen dituen kasu generikoan, atzeraldi hau baino lehenago zeuden produktu deribatuetan ez du inongo eraginik izango atzeranzko efekturik ez duelako. Termino legaletan, egileak ez du indarren dagoen lizentzia baimen bat erretiratzeko eskubiderik. Horrela izango bazen, bi aldeen arteko gatazka ohiko auzibidez erabakiko zen.[20]
Open Source Softwarearekin alderaketa
Nahiz eta praktikan Open Source Softwareak eta software libreak lizentzia asko banatzen dituzten, FSF-ren estetan Open Source mugimendua filosofikoki desberdina da software librearen mugimenduarekin alderatuz[21].
1998an azaldu zen pertsona talde baten bidez. Horien artean Eric S. Raymond eta Bruce Perens nabarmendu genitzake, Open Source Iniciative (OSI) izenekoa osatu zutenak. Beraiek iturburu-kodea konpartitzen, onura praktikoei garrantzi handiagoa ematea nahi zuten; gainera, softwarearen konpainia nagusiei eta teknologia altuko industriako beste enpresei interesa piztu nahi zien kontzeptu horri buruz.
Mugimendu horren defendatzaileek uste dute Open Source hitzak ingelesezko free terminoak free softwarean sortzen duen zalantzagarritasuna saihesten duela.[22] Open Source hitza think tank Foresight Institute-eko Christine Petersonek sortu zuen, eta software libreko produktuentzako marka erregistratu bezala ofizialki ipinia izan zen.
Jende askok onesten du softwarearen garapen prozesuaren onura kualitatiboak garatzaileak programa baten iturburu-kodea erabili, aldatu eta birbanatu dezaketenean. Software librearen mugimenduak garrantzi handia ematen dio softwarearen aspektu moral eta erikoei, bikaintasun teknikoa bere estandar etikoaren bigarren mailako produktu desiragarri bat bezala ikusiz. Open Source mugimenduak, aldiz, bikaintasun teknikoa lehentasunezko helburu du, iturburu-kodearen elkarbanatzea helburu hori lortzeko bitarteko izanik. Horregatik, hain zuzen, urruntzen da FSF-a Open Source mugimendutik eta Open Source terminotik.
OSI-k OSD-ra (Open Source Definition)egokitzen diren lizentziak bakarrik onartzen dituenez, jende gehienak banaketa eskema bezala interpretatzen du eta libreki elkarbanatzen du "Open Source"-a software librearekin. Desberdintasun filosofiko garrantzitsuak dauden arren bi terminoen artean, bereziki softwarearen erabilera eta garapen terminoetan, oso gutxitan izaten dute eragina lankidetza prozesuan.[23]
Nahiz eta "Open Source" terminoak prezio eta libertateen arteko zalantzagarritasuna ezeztatzen duen (ingelesezko kasuan), beste berri bat ere sortzen du: Open Source Definition-era egokitzen diren programen artean, erabiltzaileei hobetzeko aukera ematen diena, eta iturburu-kodea bakarrik eskuragarri duten programen artean, ziur aski mugapen garrantzitsuak dituztenak iturri kode horren erabileran.
Jende askok uste du iturburu-kodea eskuragarri duten software guztiak open source direla trukatu egin daitezkeelako (software mota honetako adibide bat Graphviz doaneko softwarea izango litzateke, hasiera batean librea ez zena baina iturburu-kodea zekarrena, nahiz eta ondoren AT&T enpresak lizentzia aldatu zion). Hala ere, software honetako askok ez die libertatea ematen erabiltzaileei beren aldakuntzak banatzeko, erabilera komertziala mugatzen dute edo oro har erabiltzailearen eskubideak murrizten dituzte.
Adierazgarritasun politikoa
Software librearen produktu bat zirkulatzen hasi den momentutik eskuragarri dago kostu oso baxuan edo inongo kosturik gabe. Aldi berean, bere erabilpena ez da gutxitzen. Honek esan nahi du software librea ondasun libre bat bezala karakterizatu daitekeela eta ez ondasun ekonomiko bat bezala; baina horrek ez du esan nahi ezin duenik merkaturagarria izan.[24]
Software libreak erabilpen, aldakuntza eta birbanaketa libreak ahalbidetzen dituenez, Hirugarren Munduko herrialdeetan onarpen handia du, hauek ezin dutelako askotan software ez libre baten kostuak ordaindu.
Lokalki aldatzea ere erraza da eta honen ondorioz beste hizkuntzetara itzulpena egin daiteke, komertziala den softwarearekin batzuetan errentagarri ez dena.[25]
Software librearen gehiengoa asoziazio librearen bidez kooperatzen duten nazioarteko taldeengandik da ekoitzia. Taldea motibazio desberdin ugari dituzten pertsonek osatzen dute. Software librearen eta gaur egungo sistema ekonomiko kapitalistaren erlazioen artean jarrera asko daude:
- Batzuek software librea planifikazio zentralaren lehiakide kontsideratzen dute enpresa eta gobernuetan, anarkismo praktikoaren forma bat.
- Beste batzuek software librea merkatu libreko beste lehiakidetza bat bezala ikusten dute eta uste dute copyright-a gobernutar murriztapena dela merkatuan zehar, software librea libertate ekonomikoaren eta lehiakidetzaren adibidea izanik.[26]
- Badira ere software librea kooperazio forma bat bezala ikusten dutenak elkarkidegoaren lineatik gertu dagoen merkatu eredu batean.[27]
- Batzuek software librea ekonomia opari batekin alderatzen dute, pertsona baten balioa honek besteei ematen dien balioan oinarrituz; horrela ekonomia parte-hartzailearekin senidetasuna ikusten dute.
- Oekonux eta Hipatia bezalako taldeak uste dute dena forma honetara ekoitzi beharko zela eta produkzio eredu hau ez dela softwarearen garapen ez librearen eredua ordezkatzera bakarrik mugatzen. Libre asoziazioan oinarritutako kooperazioa beste propositu batzuekin erabil daiteke eta erabiltzen da (adibidez entziklopediak idazteko).
- Iritzi batzuk software librea Latinoamerikako garapen ordezkoko proiektuekin erlazionatzen dute Kuba, Brasil eta Venezuela bezalako herrialdeetan eman zaion bultzada ofizialagatik; Mexiko, Peru edo Kolonbia bezalako herrialdeetako proiektu boluntarioetan gertatu den bezalaxe.
Software librearen inplikazio politiko eta ekonomikoaren zati handi batean zenbait kontzeptu eta printzipio anarkista eta antiautoritarioei egiten zaie aipamena.[28] Batzuek hau kontuan hartu behar den faktore bat dela uste dute eta beste batzuek, aldiz, ez diote garrantzirik ematen.
Segurtasun erlatiboa
Software libre eta ez librearen arteko eztabaida dago. Produktuen segurtasun erlatiboa erabakitzeko normalean erabiltzen den metodoa honakoa da: zehaztu zenbat adabaki dauden produktu tartekatu bakoitzean. Normalean metodo honen erabiltzaileak gomendatzen dute produktu batek ez duenean ahalbidetzen segurtasun akatsak zuzentzeko metodoa, produktu hori ez erabiltzea, konponbide bat prest ez dagoen bitartean behintzat.
2004ko abenduan Secunia segurtasun lekuak adabaki gabeko zero segurtasun akats ditu (oraindik ez konponduak) interneten nabigaziorako, bulegoen ekoizkortasunerako eta e-mailerako (Mozilla Firefox, Open Office.org eta Mozilla Thunderbird). Aldiz, produktu ez-libre baliokideetan hainbat segurtasun akats aurkitu dira oraindik konponduak izan ez direnak: Microsoftek eginak (Internet Explorer, Microsoft Office, Outlook Express).[29]
Software librearen beste adibide bat Linux da. Jende askok segurua dela uste du ez delako Windows bezain erabilia, baina ez da horrela; gertatzen dena da sistemaren egiturari esker, baimen altuena ez dela sistemarena baizik eta rootena, itxi ezin daitezkeen programak galaraziz eta berak eman behar du baimena programa bat betetzeko eta zeinek betetzeko. Gainera, ezin dira artxiboak ordeztu eta zerbait sinatua ez badago Linux sistema eragileak erabiltzaileari jakinarazi egiten dio.[30][31]
Azken finean, hainbat dira Linuxek segurtasun arloari buruz hartzen dituen neurriak, oso eraginkorrak direnak. Unixek eta bere umeak bezala (Linux Unixen "umea" da)
Herri administrazioan
Zenbait herrialdeen herri administrazioak software librearen alde agertu dira bere zerbitzari eta mahaigain sistemak osoki edo partzialki migratuz eta software librea subentzionatuz. Honen adibide dira Alemania, Argentina, Brasil, Dominikar Errepublika, Ekuador, Espainia, Frantzia, Kuba, Txile, Txina, Mexiko eta Venezuela.
Esate baterako, 2019. urtean Asturiaseko parlamentuak Software Libre erabiltzearen aldeko aldarrikapena onartu zuen[32].
Aurrekoaz gain, herri administrazioak industria gidagarri edo erakustoki funtzioa dute eta honek eragin handia edukitzea ekartzen du eta honen ondorioz, ehun teknologiko baten sortzera bideratu beharko litzateke aberastasun nazionala sortuz. Hau enpresak piztuz sor daiteke eta beraien negozioa, zati batean, administraziorako, mantenurako eta oraingo softwarearen adaptaziorako software libre berria garatzean oinarrituko litzateke[33].
Beraz esan daiteke software libreak herri administrazioan eragin handia duela zenbait herrialdeetan.
Hezkuntzan
Herri administrazioren baitan atal estrategikoa izan daiteke hezkuntza saila eta batez ere, eskolak, ikastetxeak eta unibertsitateak.[34]
Dagoeneko zenbait ikastetxe publiko Linux erabiltzen dute, hala nola, Donostiako Lauaizeta BHI, Antigua-Luberri BHI eta Arantzazuko Ama BHI, Irungo Toki Alai BHI eta Hirubide BHI, Iruña Okako Badaia BHI eta Hondarribiko Talaia HLHI.
Motibazioak
Motibazio etikoa, Free Software Foundation banderadun, hacker kulturaren ondoko, eta libre deituaren aldeko, softwarea ezagutza dela argumentatzen duena eta trabarik gabe hobetu beharko litzatekeena. Bere estalketa jarrera antisoziala da eta programa aldatzeko posibilitatea askatasun adierazpen bat da.
Pribatutasuna. Software pribatiboa erabiliz erabiltzaileak ez daki softwarearen jabeak zer programatu duen eta zelako jarraipena egingo dion. Software pribatiboa ez da gardena izaten eta erabiltzaileak hornitzaileekin "fidatu" egin behar dira, edo, jakin behar dute, ematen zaien zerbitzuaren truke euren datu pribatuak partekatzen ari direla.
Motibazio pragmatikoa, Open Source Initiative banderadun, ireki deituaren aldeko, abantaila tekniko eta ekonomikoak argumentatzen dituena, antikomunen tragedia ekiditeari buruz pizgarriak hobetuz.
Hiru motibazio handi hauetaz aparte, software librea lan egiten duten pertsonek beste hainbat arrazoirengatik ere egiten dute, hauek jostaketatik sari ekonomiko hutseraino doaz eta hau posible da negozio eredu mantengarriei esker.[35]
Komunitatea
Software librearen aldekoek defendatzen dute software libreak dauzkan libertateek onura ekarriko dietela gizarteari eta erabiltzaileei. Horretarako garrantzitsutzat jotzen da software librearen aldekoen komunitatea indartzea. Komunitatea esaten zaio batez ere baliabide digitalez sortzen diren komunikazio kanal[36] eta tresnei[37]: foroak, txatak, posta zerrendak eta abar. Horrelako baliabideen bidez software librearen zaleek elkarri laguntzen diote. Elkarri galdetu, non topatu, nondik deskargatu, nola instalatu, nola konpondu...
Euskal komunitatea
Software librearen euskal komunitateko talderik zaharrena, Librezale taldea da, gutxienez 2003. urtetik hona[38] software libre aplikazioak euskaraz lokalizatzen, besteak beste. Talde nagusi horretatik, Hezkuntzan ere Librezale[39] taldea eta Software Libre Zalantzak Matrix/Telegram txata atera ziren 2017an eta 2020an.
Hezkuntzan oso erabilgarria den Moodle plataformaren erabiltzaileek sortu zuten komunitateak, Moodle euskaraz komunitateak, lanean bigarren hamarkada betetze bidean dago. Moodleren inguruan, IraKasTen bezalako eskaintza irekiak sortu dira.
Hack.in#badakigu informatika elkarte askeko taldeak ere hamar urte baino luzeago den ibilbidea du. Euren burua aurkezterakoan zera diote: "jendartearen garapenean eta giza eskubideen inguruan lanean ari diren norbanako zein eragileak ahalduntzen teknologia askeak erabiliz, azken hauek eraldaketa sozialerako ezinbesteko tresnak direlako"[40]. 'Teknologia askeak' horrekin, software libreari eta hardware libreari erreferentzia egiten diotela uler daiteke.
Militantzia
Software librearen komunitateko kide batzuek txantxak egiten dituzte beren software librearen aldeko koherentzia ez ote duten urrutiegi eramaten ari. Software librearen sektakoak direla-eta esaten dute umoretsu, esate baterako WhatsApp erabiltzeko eskatzen dietenean. Richard Stallmanek, esate baterako askotan errepikatzen du bera Askatasunaren Txapelduna dela, eta zaila dela kontu hauetan bera bezain koherente izatea, baina askatasunaren bidean edozein urratsek balio duela eransten du. Bere burua santu bat bezala mozorrotuz, abesti umoretsuz apaindu izan ditu askotan bere jendaurreko aurkezpenak.
Serioago, software librearen aldeko militantziaz ere hitz egin izan da. Eta hurkoari horrelakoak bota:
« | Zer da ba, bestela, mundu mailan aberatsenak diren AEBtako multinazional-monopolioen produktuak (Gmail, Whatsapp, Google, Twitter, Google Drive, Facebook, Google Maps, Instagram, Chrome, Youtube, Android…) uneoro eta akritikoki erabiltzea? | » |
Igor Leturia Azkarate[41] |
Erreferentziak
- «Zer da software librea? - Software Askea Jakintza ikastolan» softwareaskea.jakintza.net (Noiz kontsultatua: 2021-07-06).
- «Ona, ederra, merkea... eta askea» Zientzia.net 2007/02/01.
- (Ingelesez) Shea, Tom. (1983-06-23). «Free software - Free software is a junkyard of software spare parts» InfoWorld.
- «Software librea: programatzaileen paradisua» Zientzia.net 2002/07/01.
- (Ingelesez) «Four Freedoms - FSFE» fsfe.org.
- (Ingelesez) Lessig, Lawrence. (2006ko iraila). «Free, as in beer» Wired.
- «Zer da SALE? - SALE - Software Libre Euskadin - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-23).
- (Gaztelaniaz) El Gobierno Vasco eliminó en 2020 la Oficina de Software Libre, SALE – Gananzia. (Noiz kontsultatua: 2021-03-23).
- SALE, Software Askea Librea Euskadin. «Software askearen Abantailak - SALE - Software Libre Euskadin - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-23).
- (Ingelesez) Top 20 licenses. Black Duck Software 2015-11-19.
- (Ingelesez) Balter, Ben. (2015-03-09). «Open source license usage on GitHub.com» github.com.
- (Ingelesez) Asay, Matt. (2009-7-23). «GPLv3 hits 50 percent adoption | The Open Road - CNET News» News.cnet.com.
- (Ingelesez) «Why the GPL rocketed Linux to success» dwheeler.com.
- (Ingelesez) GPL FAQ. Does using the GPL for a program make it GNU Software?. .
- (Ingelesez) Hanwell, Marcus D.. (2014-1-28). «Should I use a permissive license? Copyleft? Or something in the middle?» opensource.com.
- (Ingelesez) Montague, Bruce. (2013-11-13). «Why you should use a BSD style license for your Open Source Project - GPL Advantages and Disadvantages» FreeBSD.
- (Ingelesez) LawGives. Open Source Software: a legal guide. .
- (Ingelesez) Laurent, Andrew. (2004). Understanding Open Source and Free Software Licensing. O'Reilly Media, Inc., 62 or. ISBN 978-0-596-00581-8..
- (Ingelesez) Carver, Brian W.. (2005-04-05). «Share and Share Alike: Understanding and Enforcing Open Source and Free Software Licenses» Berkeley Technology Law Journal 20: 39..
- Guadamuz-Gonzalez, Andres. (2004). «Viral contracts or unenforceable documents? Contractual validity of copyleft licenses» European Intellectual Property Review 26 (8): 331–339..
- Martinez, Dabid. (2018-12-17). «Software Librea eta Open Sourcea desberdintzeko bi ideia» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-10).
- (Ingelesez) Raymond, Eric S.. Goodbye, "free software"; hello, "open source". .
- (Ingelesez) Levine, Sheen S., & Prietula, M. J.. (2013). «Open Collaboration for Innovation: Principles and Performance» Organization Science doi: ..
- (Gaztelaniaz) Jesús García García & Mª Isabel Alonso de Magdaleno. Modelos open source y responsabilidad social. .
- (Katalanez) La Directa. (2018-7-19). Combatre el capitalisme digital. .
- (Frantsesez) Katleen, Erna. (2010-09-30). «94 % des entreprises françaises sont favorables aux logiciels open-source, qu'apporte le libre aux professionnels ?» developpez.com.
- (Frantsesez) Guiton, Amaelle. (2017-2-6). «Logiciel libre : à la conquête du grand public» Libération.
- (Ingelesez) Moglen, Eben. Anarchism Triumphant: Free Software and the Death of Copyright. .
- (Ingelesez) Mossberg, Walt. (2004-9-16). «How to Protect Yourself From Vandals, Viruses If You Use Windows» The Wall Street Journal.
- (Ingelesez) Mookhey, K.K.; Burghate, Nilesh. (2005). Linux: Security, Audit and Control Features. ISACA, 128 or. ISBN 9781893209787..
- (Ingelesez) Toxen, Bob. (2003). Real World Linux Security: Intrusion Prevention, Detection, and Recovery. Prentice Hall Professional, 365 or. ISBN 9780130464569..
- (Gaztelaniaz) «El parlamento asturiano vota mayoritariamente Sí al software libre | HackLab Pica Pica» www.picahack.org (Noiz kontsultatua: 2019-02-12).
- (Gaztelaniaz) Jacovkis, David. «Argumentos para el uso de software libre en las Administraciones Públicas» iade.org.ar.
- (Gaztelaniaz) Adell, J. & Bernabé, I.. Software libre en educación. .
- (Gaztelaniaz) Jordi Mas Hernández, David Megías Jiménez, Jesús M. González Barahona, Joaquín Seoane Pascual & Gregorio Robles, ed. Introducción al software libre. Bartzelona: Fundació per a la Universitat Oberta de Catalunya.
- «Komunikazio-kanalak - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-29).
- «KomunikazioEtaElkarlanerakoTresnak - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-29).
- «Librezale taldearen artxiboa» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-29).
- Guri buruz – Hezkuntzan ere Librezale. (Noiz kontsultatua: 2020-08-29).
- «hack.in#badakigu 4.0» hack.in#badakigu 4.0 (Noiz kontsultatua: 2020-09-07).
- «Militantzia digitaleko nire printzipioak» Sarean .eus 2021-07-01 (Noiz kontsultatua: 2021-07-03).
Ikus, gainera
- Burujabetza teknologikoa.
- Creative Commons.
- Estandar irekia.
- Formatu irekia.
- GAFAM.
- Kode ireki.
- Kode irekiko hardware.
- Software jabedun.
- Software ez librea.
- Software lizentzia.
- FUD (Fear, uncertainty and doubt).
- Software libreko sareko aplikazioen zerrenda.
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Baliabideak.
- e-Kontsulta: Software libreko kudeaketa-aplikazioak.
- e-Kontsulta: Software libreko komunikazio-aplikazioak.
- e-Kontsulta: Software libreko aplikazio ofimatikoak.
- e-Kontsulta: Software libreko segurtasun aplikazioak.
- e-Kontsulta: Dokumentuak kudeatzeko software libreko aplikazioak.
- Librezale - Proiektuak. Euskaraz dauden software libreko aplikazioen bilduma eta euskaratze prozesuak bideratzeko plataforma.
- (Ingelesez) The Free Software Directory. Aplikazio libreen datu-base handi bat biltzen duen direktorioa.