Sofokles

Sofokles[1] (K.a. 496 inguru – K.a. 406) antzerkigile greziar klasikoa izan zen. Tragedia landu zuten hiru egile handiren artean dago, Euripides eta Eskilo-rekin batera. Idazle oparoa izan zen eta 123 antzezlan egin omen zituen. Edipo, Ajax edo Elektra moduko pertsonaien bertsio ezagunenak taularatu zituen.

Sofokles

Bizitza
JaiotzaKolono, K.a. 496
HerrialdeaAntzinako Atenas
Lehen hizkuntzaantzinako greziera
HeriotzaAtenas, K.a. 406 (89/90 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Jarduerak
Jardueraktragedy writer (en) Itzuli, antzerkigilea eta idazlea
Lan nabarmenak
Genero artistikoaTragedia greziarra

IMDB: nm0814668 Allocine: 86484 IBDB: 8711
Musicbrainz: 30ca43f6-fd7b-4d13-8017-9da6279fa048 Discogs: 648023 IMSLP: Category:Sophocles Find a Grave: 86250225 Edit the value on Wikidata

Sofokles arrakasta handiko tragikoa izan zen, eta bata bestearen atzetik izan zituen arrakastak. Plutarko idazleak dioenez, Sofoklesek hogeita zortzi urte zituela (K.a. 468) tragikoen leihaketara aurkeztu zuen bere lehenengo lana; ikusleen artean eztabaida gogorra izan ondoren, Eskilori irabazi omen zion azkenean[2]. Garaipen horren ondoren, eta garai hartako idazle tragiko ospetsuena gainditu ondoren, tragediak idatzi eta idatzi aritu zen, eta sariak irabazi eta irabazi: hogei aldiz izan zen garaile Atenasen, oso gutxitan izan zen bigarren eta inoiz ez hirugarren[3]. Azkeneko lana, Edipo Kolonon, laurogeita hamar urte zituela idatzi zuen.

Sofoklesen lehenengo lana Ajax izan zen, eta lan horretan nabarmena da, oraindik, Eskiloren eragina. Beste lan aipagarriak dira: Antigona, Trakiniarrak, Edipo errege, Elektra, Filoktetes eta Edipo Kolonon.

Bizitza

Antzinako egile askorekin gertatzen den bezala, iritsi zaigun Sofoklesen biografia egiazkoa den ala ez ziurtatzea zaila da. Bi datu bakarrik ziurta daitezke garaiko froga dokumentalen arabera: K. a. 443/442 urteetan, Delosko Ligako Greziarren Diruzain (Hellenotamias) kargurako hautatu zuten, eta Atenasko Hiriko Dionisiarrak izeneko festetako lehiaketa tragikoetan 18 aldiz lortu zuen garaipena[4]. Lehen datua Atenasek Ligari ordainduriko tributuen zerrendan ageri da, eta bigarrenaren testigantza garaiko inskripzio batean ageri da. Horietatik landa, iturri nagusia Suda bizantziar entziklopediak dakarren biografia eta anonimoki transmititutako Sofoklesen bizitza dira, datu historikoak eta asmaturiko anekdota eredugarriak nahasten dituzten lanak. Tradizionalki, ondorengo narratiba eraiki izan da Sofoklesen bizitzaren inguran.

Sofokles, Sofilo izeneko baten semea, K. a. 496. urtearen inguruan jaio zen, Atenasko hiritik pare bat kilometrora zegoen Colonus Hippios edo Kolono izeneko demoan[5]. Sofoklesen Bizitzaren arabera, gaztetan musika ikasi zuen Lanpro izeneko musikari famatuaren eskutik, eta Eskilok berak irakatsi omen zion tragedia idazten[6]. Gaur egungo adituen ustetan, lehen datua ziurrenik historikoa da, bigarrena, berriz, antzinateko hiru tragiko handien artean (Eskilo, Sofokles bera eta Euripides) jarraikortasun zuzena ezartzeko asmakuntza bat da[4]. Paroseko Marmolaren arabera, K. a. 468. urtean irabazi zuen bere lehenengo garaipena lehiaketa tragiko batzuetan, ziurrenik Triptolemo bere antzezlanarekin, 28 urte zituela (K. a. 496. urteko datarekin bat datorren adina). Horrela dio testuak:

Paroseko marmoleko kronika
« ἀφ’ οὗ Σοφοκλῆς ὁ Σοφίλλου ὁ ἐκ Κολωνοῦ ἐνίκησε τραγωιδίαι ἐτῶν ὢν ΔΔΓΙΙΙ, ἔτη ΗΗΓΙ, ἄρχοντος Ἀθήνησι Ἀψηφίωνος.

Kolonoko Sofiloren seme Sofoklesek irabazi zituen joko tragikoak, 28 urte zituela, K. a. 468. urtean, Atenasen agintari Apsefio zela.

 »

Marmor Parium, 57.72b[oh 1]


Badirudi bere karreraren hasieran Zimon politikari demagogoaren babesa ukan zuela: Plutarkok dio Zimon Sofoklesi bere lehen garaipena eman zion epaimahaiko kidea zela, eta, era aski nabarmenean, Sofokles izan zen Zimonek finantzatutako Stoa Poikile eraikineko freskoetako batean lira jotzen agertu zena arte eszenikoaren sinbolo gisa, bera baino zaharragoa eta ospetsuagoa zen Eskiloren ordez[5]. Hortik aurrera, data gutxi batzuk ziurta ditzakegu Sofoklesen bizitzan: K. a. 441 urtearen bueltan, Antigona antzezlana estreinatu bide zuen arrakasta ikaragarriarekin[7]. Eskuizkribuetan antzezlan horren aurretik transmititu den argudioak (tradizioaren arabera Bizantzioko Aristofanes kritikari helenistikoak konposatua) antzezlan horren arrakastaren harira atenastarrek Sofokles Samos irlako matxinada zapaltzeko kanpainarako strategos edo general kargurako hautatu zutela dio. Egile batzuek bertsio hori zalantzan jartzen badute ere, ia ziurra da K. a. 440. urtean Sofokles Perikles general eta politikari ospetsuarekin batera Samoseko matxinada zapaltzera bidalitako itsas armadaren generaletako bat zela, garaikide zen Kioseko Ion idazleak kontatzen baitu bere irlan topo egin zuela idazlearekin, hura flotako ontziekin Lesbosera errefortzu bila zioala[8].

K. a. 438. urtean, Sofoklesek lehen postua lortu zuen Hiriko Dionisiarretako lehiaketa tragikoan, Euripidesek bigarren postua lortu zuen urte berean, Altzestis antzezlan ospetsuarekin, eta K. a. 431. urtean bigarren postuan lortu zuen, berriro ere hirugarren postuan geratu zen Euripides garaituz[7]. K. a. 420. urtean, Atenasen gurtza berezia zuen Asklepio jainkoa jaso zuen bere etxean[9]. K. a. 413. urtean, berriz, Aristotelesen Erretorika laneko pasarte bat oinarri hartuta inferi daiteke urte hartan Peloponesoko gerraren baitan Siziliako porrotari aurre egiteko ezarri zen "probouloi" delakoen biltzarreko 10 kideetako bat izan zela Sofokles, eta handik bi urtera, K. a. 411. urtean, ezarri zen Laurehunen Oligarkia ezartzearen aldeko botoa eman zuela[10]. Horrela dio Aristotelesen pasarteak:

« καὶ συμπεραινομένου, ἐάν ἐρώτημα ποιῇ τὸ συμπέρασμα, τὴν αἰτίαν εἰπεῖν, οἵον Σοφοκλῆς, ἐρωτώμενος ὑπο Πεισάνδρου εἰ ἒδοξεν αὐτῷ, ὥσπερ καὶ τοῖς ἂλλοις προβούλοις, καταστῆσαι τοὺς τετρακοσίους, ἔφη "τί δε; οὐ πονηρά σοι ταῦτα ἐδόκει εῖναι;" ἔφη. "οὐκοῦν σὺ ταῦτα ἒπραξας τὰ πονηρά;" "ναί", ἔφη, "οὐ γὰρ ῆν ἂλλα βελτίω".

Ζure aurkaria ondorio bat ateratzen ari denean, eta galdera baten eran formulatzen badu, zure justifikazioa eman behar duzu. Horrela, Sofoklesek, Pisandrok galdetu zionean ea beste probuloek bezala 400ak ezartzeko aldeko botoa eman ote zuen, baietz erantzun zuen. "Nola, ba? Ez al zitzaizun iruditu hori gaizki zegoela? Nahita egin zenuen gaizki hura?" galdetu zion. Sofoklesek erantzun: "Bai, ez baitzegoen ezer hoberik".

 »

—Aristoteles, Erretorika, 18.6. 1419 A, 25-30 lerroak.


K. a. 409. urtean, Sofoklesek bere azken garaipena lortu zuen Hiriko Dionisiarretan Filoktetes antzelanarekin. Handik gutxira hil zen idazlea, K. a. 406-405 urtearen bueltan, Peloponesoko gerraren amaiera ikusi gabe, eta urte batzuk geroago, K. a. 402. urtean, bere ilobak (Sofokles izenekoa hura ere) taularatu zuen bere azken antzezlana, Edipo Kolonon. Friniko komediografoak idatzitako epitafio bat iritsi zaigu gaur eguneraino[11]:

« Μάκαρ Σοφοκλέης, ὃς πολὺν χρόνον βιοὺς / ἀπέθανεν εὐδαίμων ἀνὴρ καὶ δεξιός· / πολλὰς ποιήσας καὶ καλὰς τραγῳδίας / καλῶς ἐτελεύτησ’, οὐδὲν ὑπομείνας κακόν.

Zorioneko Sofokles, denbora luzez bizi ostean / hil baitzen gizon zoriontsu eta ospetsu. / Tragedia asko eta ederrak idatzi ostean /ondo amaitu zuen, inolako gaitzik sufritu gabe.

 »

—Friniko, 31. fragmentua.

Bizitza pribatua eta homosexualitatea

Sofoklesen Bizitza anonimoaren arabera, bi seme izan zituen bi emakume ezberdinengandik: Iofon, Nikostrate izeneko emakume batengandik, eta Ariston, Siziongo Therois-engandik. Iturri beraren arabera, Sofoklesek bereziki maite zituen Ariston eta haren semea, bere iloba Sofokles, eta, hori dela eta, Iofonek aitari salaketa jarri zion zahartzaroan, Sofokles ezgai deklara zezaten bere herentziarekin geratzeko[12]. Egileak gertaera hori antzezlan batean irudikatu omen zuen.

Bestalde, antzinako iturriek transmititu digute Sofoklesek, Antzinako Greziako gizon ugarik bezala, amodio homosexualak zituela eta gizon gazteekin sexu harremanak izatea gustuko zuela. K. o II. mendeko Naukratisko Ateneo egile helenistikoak, Deipnosophistai edo Jakintsuen otoruntza bere lanean, kontatzen du Sofoklesek, Eskilok bezala, gizonen arteko maitasuna irudikatu zuela bere lanetan, eta publikoaren oso gustukoa zela gai hura[13]. Horretaz gain, Sofokles "gizonen maitalea zela, Euripides emakumeena zen bezala" dio, eta haren amodio homosexualei buruzko hainbat anekdota kontatzen ditu. Batean dio behin, bankete batean zeudela, Sofoklesek ardoa zerbitzatzen ari zen gaztetxoa limurtu eta ahoan musu eman ziola[14]. Pixka bat aurrerago, kontatzen du nola behin Sofoklesek mutil gazte bat harresietatik kanpora eraman zuen, harekin larrutan egiteko. Gazteak bere tunika lurrean jarri zuen, eta Sofoklesek berea erabili zuen biak estaltzeko. Mutikoak alde egin zuenean, Sofoklesen tunika eraman zuen, eta Sofoklesek mutikoaren tunika askoz txikiagoarekin estalita itzuli behar izan zuen etxera, guztien irrigarri[15]. Gertaera horren inguruko zurrumurruak azkar zabaldu ziren, eta Euripides idazleak, hura entzundakoan, Sofoklesen etsaia baitzen, iseka egin omen zion, esanez berak ere erabili zuela mutiko hura, baina dohainik, Sofoklesek prezio handiegia ordaindu zeun bitartean (lapurturiko tunikari erreferentzia eginez). Sofoklesek ondorengo olerkiarekin erantzun zion[15]:

« ἥλιος ἦν, οὐ παῖς, Εὐριπίδη, ὅς με χλιαίνων / γυμνὸν ἐποίησεν: σοὶ δὲ φιλοῦνθ᾽ ἑτέραν / Βορρᾶς ὡμίλησε. σὺ δ᾽ οὐ σοφός, ὃς τὸν Ἔρωτα / ἀλλοτρίαν σπείρων λωποδύτην ἀπάγεις.

Eguzkia izan zen, ez mutikoa, Euripides, berotan / ni biluztu ninduena. Zu, berriz, beste baten emaztea maitatzen / harrapatu zintuen Ipar Haizeak. Ez zara jakintsua, inoren amodioa / uztatzen beste bati arropa lapurreta leporatzen baitiozu.


 »

—Naukratisko Ateneo, Jakintsuen Otoruntza, 13, 82.

Antzezlanak

Sofoklesen "Edipo Errege"ren pasartea, Vaticanus Graecus 920 eskuizkribuan.

Osorik dauden antzezlanak

Sofoklesen zazpi antzezlan baino ez zaizkigu iritsi osorik bere ehundik gora lanetatik. Zazpi lan horiek XI eta XVI. mendearen arteko hamabi eskuizkributan transmititu zaizkigu, eta horietako zaharrena, XI. mendeko lehen erdialdekoa, Florentziako Liburutegi Laurentziarrean gordetakoa da[16]. Gutxi badirudi ere, kontuan hartu behar da Antzinako Greziako tragedia idazle ugarien artean obra osoak utzi dizkigun egile bakanetakoa dela, Eskilo eta Euripidesekin batera[17]. Horietatik hiruk "Tebasko zikloa" edo "Ediporen zikloa" delakoa osatzen dute, hirurek Edipo izeneko pertsonaia mitologikoaren eta haren ondorengoen zikloa mitologikoa kontatzen baitute. Kronologikoki, estreinatzen lehena Antigona izan zen, K. a. 441. urtean, eta Edipo Kolonon Sofokles hil ostean taularatu zen, K. a. 402-401 urtearen bueltan; Edipo Errege, berriz, bi antzezlan horien artean idatzi zela pentsatzen dute adituek[18]. Beste lau antzezlan osoak Ajax, Trakiniarrak, Elektra eta Filoktetes dira. Horietatik, Filoktetes da data ziurra duen bakarra, K. a. 409. urtean estreinatu baitzen. Gainerakoek ez dute data zehatzik, adituek zaharrena Ajax eta berantierran Elektra dela kontsideratzen badute ere[18]. Hauek dira osorik gorde diren Sofoklesen zazpi antzezlanak (parentesi artean, grezierazko jatorrizko izena)[19]:

Tebasko edo Ediporen Zikloa

  • Edipo errege (Οἰδίπους Τύραννος, sarritan latinezko Oedipus Rex edo grekerazko Oedipus Tyrannos tituluekin ezaguna).
  • Edipo Kolonon (Οἰδίπους ἐπὶ Κολωνῷ).
  • Antigona (Ἀντιγόνη).
Louis Bouwmeester aktore holandarra Edipo itsutuaren papera egiten Edipo errege antzelanean (1896).

Gainerakoak

  • Ajax (Αἴας).
  • Trakiniarrak (Τραχίνιαι).
  • Elektra (Ἠλέκτρα).
  • Filoktetes (Φιλοκτήτης).

Zatika dauden antzezlanak

Horietaz gain, iturrien arabera Sofoklesek 120 antzezlanetik gora idatzi zituen. Suda entziklopedia bizantziarrak Sofoklesi 130 antzezlan egozten zitzaizkiola dio, baina horietatik 17 atribuzio faltsuak zirela[4]. Sofoklesen bizitza biografia anonimoak, berriz, egileak 123 lan idatzi zituela dio[20]. Gaur egungo adituek pentsatzen dute Sudaren hamazazpi irakurketa kopia akatsa dela, eta jatorrizko bertsioan zazpi jartzen duela, zuzenketa horrek bi iturrien zenbakia berdin utziko bailuke: 123 antzezlan[5]. Horietako batzuen izenburuak eta pasarte solteak Antzinateko egileen zitetan eta Egipton aurkituriko Oxirrinkoko papiroetan gorde dira. Hauek dira horietako batzuk, grezierazko tituluaren araberako ordena alfabetikoan:

  • Atamante (Ἀθάμας). Sofoklesek pertsonaia honi buruzko bi antzezlan idatzi zituen, Atamante A eta Atamante B izenarekin ezagutzen direnak[21].
  • Ajax Lokron (Αἴας Λόκρος)[22].
  • Egeo (Αἰγεύς)[23].
  • Egisto (Αἴγισθος). Antzezlan honen esistentzia zalantzakoa da, Filodemo eta Hesikio egileek bakarrik zitatzen baitute[24].
  • Etiopiarrak (Αἰθίοπες). Egile batzuen ustez, obra hau eta geroago zerrendaturiko Memnon berdinak lirateke[25].
  • Εmakume presoak ("Αἰχμαλωτίδες")[26].
  • Akrisio (Ἀκρίσιος). Argosko errege Akrisiok bere arreba Danae eta honen seme Pertseo itsasora jaurtitzen ditu[27].
  • Aleoren semeak (Αλεάδαι). Tegeako errege Aleok orakulu bat jaso zuen, bere alaba Augek semerik izanez gero aitona hilko zuela esanez. Alaba Atenaren sazerdotisa egingo du ondorengorik izan ez dezan, baina Herakles heroiak haurdun utziko du eta Telefo jaioko da[28].
  • Alexander (Ἀλέξανδρος). Paris Troiako printzeari buruzko antzezlana[29].
  • Aletes (᾿Αλήτης). Egisto eta Klitemnestraren seme Aletesi buruzko antzezlana[30].
  • Alkmeon (Ἀλκμέων). Eromenari buruz[31].
  • Αmikoren satira (Άμύκος σατιρικός). Bitiniako errege Amikok Argonautetako Polideuzesi boxeo borroka baterako erronka egiten dio[32].
  • Anfiaraoren satira (Ἀμφιάραος σατιρικός)[32].
  • Anfitrion (Ἀμφιτρύων)[33].
  • Andromeda (Ἀνδρομέδα) Etiopiako printzesa Andromedaren katasterizazioa kontatzen du[33].
  • Αntenoren semeak (Ἀντηνορίδαι). Troiako Antenor noblea Traziara doa ihesi bere familiarekin[34].
  • Atreo (Ἀτρεύς)[34].
  • Akaiarren batzarra (Αχαιῶν σύλλογος). Telefo eta Herakles heroien arteko harremana kontatzen da[35].
  • Akilesen maitaleak (Ἀχιλλέως ἐρασταί). Troiako gerra baino lehen Akiles heroi handiak izandako amodio homosexualak kontatzen ditu, tartean bere maisu izandako Kiron zentauroarekin[36].
  • Dedalo (Δαίδαλος). Eduki ezezaguneko antzezlana[37].
  • Danae (Δανάη). Batzuen ustez, aurretik aipaturiko Akrisio antzezlana eta hau bat eta bera lirateke[38].
  • Dolopiarrak (Δόλοπες). Dolopiako biztanle gerlarei buruzkoa, ziurrenik[39].
  • Helena itzultzeko eskaera (“Ελένης ἀπαίτησις). Troiako gerra hasi baino lehen Ulises eta beste greziar batzuek troiarrei Helena itzultzeko eskatzeko eginiko enbaxada gai duen antzezlana[40].
  • Helenaren bahiketa edo Helenaren ezkontza (“Ελένης ἁρπαγή edo “Ελένης γάμος). Helenaren bahiketa eta Parisekin ezkontza kontatzen dituen drama satirikoa[41].
  • Ondorengoak (Ἐπίγονοι). Gaur egun ia osorik galdu bada ere, bere garaian Ediporen seme Eteokles eta Polinziesen arteko gerra (literatura klasikoan "Zazpiak Tebasen aurka" deritzon mitoa) kontatzen duen antzezlan hau Sofoklesen famatuena izan zen, eta Luzio Akzio dramaturgo latindarrak egokitu zuen, Zizeronen aipamen baten harira suposa daitekeenez[42].
  • Eris (Ἔρις). Liskarrraren jainkosak Tetis eta Peleoren ezkontzan sortutako gatazka kontatzen du[42].
  • Hermione (Ἑρμιόνη). Menelaoren alaba Hermioneri buruzko antzezlana[43].
  • Eurialo (Εὐρύαλος). Ulisesen sasiko seme Eurialoren istorioa[44].
  • Euripilo (Εὐρύπυλος). Troiako gerran hil zen izen bereko Tesaliako printzeari buruzko antzezlana[44].
  • Herakles (Ἡρακλῆς)[45].
  • Thamiras (θάμυρας). Iliadan agertzen den rapsoda bati buruzko antzezlana[46].
  • Tiestes Sizionen (Θυέστης ἐν Σικυῶνι). Olinpiatik erbesteratuta doaz Atreo eta Tiestes anaiak Sizionera[46].
  • Inako (Ἴναχος). Zeusek bortxatuta Io erditu zuen Heraren sazerdotisaren istorioa[47].
  • Iobates (Ἰοβάτης)[48].
  • Ifigenia (Ίφιγένεια).
  • Aztarnariak (Ἰχνευταί). 1912an, drama satiriko honen 400 bertso baino gehiago zituen papiro bat aurkitu zen Oxirrinkon, eta, beraz, Apolok Hermesek lapurtu dizkion abereen bila bidalitako satiro taldearen istorioa kontatzen duen antzezlan hau Sofoklesek egindako genero honetako adibiderik onena da gaur egun[49].
    Aztarnariak drama satirikoaren 96-138 lerroak dituen Oxirrinkoko papiroetako bat, P.Oxy. IX 1174 col. iv-v.
  • Ion (Ἴων)[50].
  • Κamikoarrak (Καμικοί). Dedalo, Minos erregearengandik ihesi, Siziliako Kamiko hirira heltzen da, eta bertan Minos hilko du[51].
  • Zedalionen satira (Κηδαλίων σατιρικός). Hefesto jainkoak Zedalion zerbitzaria eskaintzen dio Orion erraldoiari, eguzkiaren norabidean joanda bista berreskura dezan[52].
  • Klitemnestra (Κλυταιμνήστρα)[53].
  • Kolkidako emakumeak (Κόλχιδες). Izenburuak korua Medearen zerbitzari diren emakumeek osatzen dutela adierazten digu, eta antzezlanak ziurrenik Jasonek Kolkidako erresuman Urrezko Ahari-larruaren bila izandako abenturak kontatzen ditu. Sofokles izan zen Jasonen kondairaren atal hau oholtza gainera eraman zuen tragedia idazle bakarra[54].
  • Kreusa (Κρέουσα). Baliteke aurretik aipaturiko Ion eta antzezlan hau bat eta bera izatea[55].
  • Epaiketa (Kρίσις). Parisen epaiketa Ida mendian[56].
  • Espartako emakumeak (Λάκαιναι). Helenaren bahiketa Troian[57].
  • Laokoon (Λαοκόων)[57].
  • Larisarrak (Λαρισαίοι). Akrisio eta Danaeren istorioaren amaiera, Larisako hirian[58].
  • Lemnoseko emakumeak (Λήμνιαι). Argonautak Lemnosera iristen dira[59].
  • Igarleak (Mᾰ́ντεις). Kretako errege Minosek hainbat igarle biltzen ditu egunean hirutan kolorea aldatzen duen bere behi baten misterioa argitzeko[60].
  • Meleagro (Μελέαγρος). Kalidongo basurde-ehiztari Meleagroren kondaira[61].
  • Misiarrak (Μυσοί). Teleforen etorrera Misia izeneko hirira[62].
  • Nauplio itsasoratzen eta Nauplio sua pizten (Ναύπλιος καταπλέων eta Ναύπλιος πυρκαεύς). Greziarrekiko mendekua hartzeko Traziako kostaldean haien ontzidia galbidera eramateko sua pizten duen Nauplioren kondaira[63].
  • Nausikaa (Ναυσικάα)[63].
  • Niobe (Νιόβη). Niobek seme-alaba ugari zituen eta iseka egin zion Letori Apolo eta Artemisen ama soilik zelako. Hori dela eta, bi jainkoek Nioberen seme-alaba guztiak hil zituzten[64].
  • Ulises eroturik (Ὀδυσσεὺς Μαινόμενος). Ulisesek eroturik dagoelako plantak egiten ditu Troiako gerrara ez joateko[65].
  • Enomao (Οἰνόμαος)[65].
  • Palamedes (Παλαμήδης). Ulises eta Diomedesek Nauplioren seme Palamedes hiltzen dute[66].
  • Pandora (Πανδώρα). Lehenengo emakumearen, Pandoraren, sorreraren mitoa.
  • Peleo (Πηλεύς). Peleo erregearen zahartzaroa.
  • Polixena (Πολυξένη). Priamo eta Hekuba, Troiako errege-erreginen, alaba Polixenaren patu latza[67].
  • Prokris (Πρόκρις). Zefalo eta Prokrisen arteko maitasuna[68].
  • Sorginak (Ριζοτόμοι). Medearen sorginkeriei buruzko antzezlana[69].
  • Sinon (Σίνων). Troiako gerraren amaieran zaldiarekin batera hirian infiltratzen den Sinon greziarrari buruzko antzezlana[70].
  • Sisifo (Σίσυφος). Tartarora zigortutako Sisifo[70].
  • Eszirotarrak (Σκύριοι). Akiles Esziron ezkutatzen da Troiako gerrara joan behar ez izateko[71].
  • Teukro (Τεύκρος). Teukro Salamisera itzultzen da eta bere aitak arbuiatu egiten du Ajaxen heriotzagatik. Aristofanes komediografoak Lainoak bere komedian zitatzen duenez, K. a. 423. urtea baino lehen konposatua izan zen[72].
  • Triptolemo (Τριπτόλεμος). Plinio Zaharrak bere Naturalis Historia lanean esaten du antzezlan hau Alexandro Magno hil baino 145 urte lehenago estreinatu zela. Aipamen hori zehazki hartu behar bada, eta kontuan hartuta Alexandro Handia K. a. 323. urtean hil zela, Triptolemo K. a. 468. urtean estreinatu zen, eta, beraz, Sofoklesen lehen antzezlana da[73].
  • Troilo (Τρωίλος)[73].
  • Tindaro (Τυνδάρεως)[74].
  • Tiro (Τυρώ). Neptunok Tiro printzesa haurdun uzten du, eta neskak bere ume bikiak, Pelias eta Neleo, abandonatzen ditu. Behin hazita, ordea, bikiek haien ama nor den jakingo dute eta Tiroren amaordea, Sidero, hilko dute Hera jainkosaren tenpluan, azken honen mendekua eraginez[75].
  • Hibris edo Harrokeria (ὕβρις)[76].
  • Ur eramaleak (ὑδροφόροι). Baliteke gaia Dioniso jainkoaren jaiotza izatea[77].
  • Feaziarrak (Φαίακες)[78].
  • Fedra (Φαίδρα). Fedra bere seme Hipolitorekin maitemintzen da[79].
  • Ftiako emakumeak (Φθιώτιδες)[80].
  • Fineas (Φινεύς)[81].
  • Fenix (Φοῖνιξ)[82].
  • Frixo (Φρίξος)[83].
  • Frigiarrak (Φρύγες)[84].
  • Krises (Χρύσης). Krises Iliadan ageri den Apoloren apaiza da. Jainkoari laguntza eskatzen dio greziarrek bahitu dioten alaba berreskuratzeko, eta ondorioz jainkoak aipatutako lanaren hasiera puntu den izurria bidaltzen die greziarrei[85].

Estiloa

Sofoklesek Eskilok oinarri hartzen zituen mito eta elezahar berdinak hartzen bazituen ere, Sofoklesen tragedien bilbea trinkoagoa eta aberatsagoa da. Hala, Sofoklesek baztertu egin zuen trilogia, izan ere, nahiz eta lehiaketetara hiru trajedia eta drama satiriko bat aurkeztu behar izaten zen, erabateko autonomia ematen zien obra horiei. Sofokles saiatzen zen pertsonaiak pertsona moduan eta ez jainko moduan aurkezten agertokian. Bestalde, Sofoklesen estiloa Eskilorena baino soilagoa eta argiagoa da, baina beti mintzarazten die bere pertsonaiei dotoretasunez, seriotasunez eta neurriz. Sofokles euskarara itzuli zuen Zaitegiren arabera, ondorengoak dira Sofoklesen ezaugarriak (ortografia gaurkotuarekin emandako testua)[86]:

« Idaztankerari gagozkiola, Eskilorena baino argiagoa eta aratzagoa duzu Sofoklesena, elkarrizketan batez ere. Malgu, etorkor eta erreza duzu Sofokles, hitzneurtuaren uztarria arin eta lehun eramanki. Betegina bezain xalao eta bakuna duzu, eta orobat neurri betea azaltzen du. Etorkor izan arren, etorri handiko olerkari duzu. Irudiz erlantz, hitzez eder. Behin edo behin behekalde bakanen bat badarabil, Orestesen haurtzaina zaldi zahar batekin alderatzerakoan, adibidez.


 »

—Jokin Zaitegi[oh 2]

Plutarko antzinako egileak, Moralia izeneko obraren pasarte batean, testigantza oso garrantzitsu bat laga digu. Bertan, Sofoklesek berak bere lanen estiloaren inguruan omen zuen iritzia plazaratzen du. Nahiz eta ezin dugun jakin Plutarkok transmititutako iritzi hori egiazkoa edo geroago asmaturikoa den, pasartea garrantzitsua da, Sofoklesek berak izan zezakeen iritzia adierazten baitigu[87]. Horrela dio pasarteak:

« ὥσπερ γὰρ ὁ Σοφοκλῆς ἔλεγε τὸν Αἰσχύλου διαπεπαιχὼς ὄγκον εἶτα τὸ πικρὸν καὶ κατάτεχνον τῆς αὐτοῦ κατασκευῆς τρίτον ἢδη; τὸ τῆς λέξεως μεταβάλλειν εἶδος, ὅπερ ἠθικώτατόν ἐστι καὶ βέλτιστον.

Izan ere, Sofoklesek esan zuen bezala, soilik Eskiloren handitasuna jolas eran landu ostean eta ondoren bere laztasuna eta konposaketaren artifizialtasuna landu ostean ausartu zuen, hirugarren fase batean, hizkuntzaren tankera aldatzera. Azken hori da pausu etikoena eta onena.

 »

—Plutarko, Moralia 7, 79b.[oh 3]

Antzinako pasarte honek adierazten digu, beraz, Sofoklesen edo, behintzat, haren ondorengoen ustetan tragedia idazle honen estiloaren baitan hiru etapa bereizten zirela: lehen etapa batean, Eskiloren handitasuna edo arrandirako joera (ὄγκον) imitatzen zituen formazio gisara; bigarren etapa batean bere estiloaren laztasuna (πικρὸν) eta konposaketaren artifizialtasuna (κατάτεχνον τῆς αὐτοῦ κατασκευῆς) findu zituen; eta, azkenik, bere hizkeraren tankera aldatu zuen (τὸ τῆς λέξεως μεταβάλλειν εἶδος) bere hiztegi propioa sortzeko[88].

Sofoklesen antzezlanen ezaugarri nabarmenena, gainerako tragiko greziarrekin bezala, ironia tragikoa da. Ironia tragikoa antzinako antzerkian sarritan erabiltzen den baliabide dramatiko bat da, eta pertsonaien ahotan esanahi bat duten, baina publikoan beste era batean interpreta ditzakeen hitzak jartzean datza. Izan ere, antzinako tragedietako istorioak eta kondairak ezagunak ziren ikusle ororentzako, eta, beraz, ikusleek bazekiten antzezlana nola amaituko zen. Horrek ahalbidetzen zien pertsonaia batek zentzu batean esaten zituen gauzak pertsonaia horren aurkako beste era batean interpretatzea. Hurrengo adibidea aurki daiteke Edipo Errege antzezlanean. Obra horretan, jainkoek bidalitako izurrite batek eraso egiten dio Tebasi, eta bertako errege Edipok orakuluari galdetzen dio nola garai daitekeen epidemia. Orakuluak aurreko errege Laioren hiltzailea aurkitu eta Tebastik kanporatu behar duela esaten dio. Edipok ez daki, ordea, bera izan zela, jakin gabe, behin bidaian zioala hil zuen agurea zela Laio[89]. Laio, gainera, Ediporen aita zen, eta lehenago bere eta orain Ediporen emazte den Jokasta Ediporen ama ere bada, Edipo harekin ezkondu baita Tebaseko hiria Esfingearen madarikaziotik libratu ostean[89]. Hori guztia jakin gabe, Edipok Tiresias igarleari dei egiten dio hiltzailea nor den esan diezaion. Tiresiasek erantzulea Edipo bera dela esaten du, eta Edipok, haserre bizian, ondorengoa esaten dio:

« καίτοι τό γ᾽ αἴνιγμ᾽ οὐχὶ τοὐπιόντος ἦν / ἀνδρὸς διειπεῖν, ἀλλὰ μαντείας ἔδει: / ἣν οὔτ᾽ ἀπ᾽ οἰωνῶν σὺ προυφάνης ἔχων / οὔτ᾽ ἐκ θεῶν του γνωτόν: ἀλλ᾽ ἐγὼ μολών, / ὁ μηδὲν εἰδὼς Οἰδίπους, ἔπαυσά νιν, / γνώμῃ κυρήσας οὐδ᾽ ἀπ᾽, οἰωνῶν μαθών.

Eta askamizun hura ez zen zetorren / edozeinek asmatzekoa, igarle baten beharra zuen. / Baina [Esfingea] ez zenuen zuk garaitu, txorien igarletza / edo jainkoen jakinduria edukita. Alta, ni iritsi nintzen, / ezer ez dakien Edipo, eta garaitu nuen, / nire ingenioa erabilita eta ez txoriek esanda.

 »

—Sofokles, Edipo errege, 393-398[oh 4]

Ediporen ustetan, bere hitzekin Tiresias mespretxatzen ari da, eta bere asmoa bere ezjakintasuna igarlearen ustezko jakinduriari kontrajartzea da. Kondaira ondo ezagutzen duten ikusleen begietan, ordea, ezer ez dakien Edipo esaldiak zentzu ironikoa dauka, Edipok ez baitaki ezer benetan gertatzen ari denaz: ez daki bere aita hil zuela, bere amarekin ezkondu dela eta bera dela Tebasko madarikazioaren erantzulea. Hori dela eta, Ediporen hitzek zentzua dute esaten diren testuinguruan, baina bigarren zentzu ironiko bat dute istorioaren baita. Horri deritzogu ironia tragikoa, eta askotan ageri da Sofoklesen lanetan.

Sofokles euskaraz

"Sopokel Euskeraz" artikulua, 1933ko azaroaren 4.ean "Euzkadi" egunkarian agertua.

Jokin Zaitegi idazleak euskaratu zituen Sofoklesen antzezlanak, Euskara Batuaren sorrera baino lehenago, garaiko hizkera garbizalea erabilita. 1933an agertu zen bere lehen itzulpena, Antigona antzezlanarena (Zaitegik Antigone transkribatzen du), Antzerti aldizkari historikoaren 20/21. zenbakian, Zaitegik itzulpena Belgikatik bidali ostean, eta nolabaiteko sona izan zuen garaiko euskal kultura giroan, Euzkadi egunkariak eta Argia aldizkariak artikulu bana argitaratu baitzuten Zaitegiren lana goraipatuz[90].

Sopokel'en Antzerkiak II, Zaitegiren itzulpenen bigarren liburukiko lehenengo orrialdea.

Espainiako Gerra Zibilak, ordea, Zaitegiren lanen argitaratzea eten egin zuen, eta Bigarren Mundu Gerra amaitu arte ez ziren agertu gainerako antzezlanak. Bere itzulpenaren lehenengo liburukia, erbestean euskaraz argitaraturiko lehen liburuetakoa, Pizkunde argitaletxeak eman zuen argitara Mexikon 1946an Sopokel'en Antzerkiak izenburuarekin, eta ondorengo tituluak jasotzen zituen (parentesi artean, itzulpen estandarra): Antigone (Antigona), Eletere (Elektra), Oidipu Bakaldun (Edipo Errege) eta Oidipu Kolono'n (Edipo Kolonon)[91]. Azken horren jatorrizko eskuizkribua, Zaitegik berak idazmakinaz ondua, Oñatiko artxiboan gordetzen da eta sarean kontsulta daiteke.

Hurrengo urteetan gainerako hiru antzezlanak Zaitegik berak Guatemalan sorturiko Euzko Gogoa aldizkarian argitaratzen joan ziren 50.eko hamarkadan zehar, eta 1958an bere itzulpenen bigarren liburukia argitaratu zuen Baionan Sopokel'en Antzerkiak II izenburuarekin, ondorengo tituluak zituela: Aiatz (Ajax), Tarakin'go Emaztekiak (Trakiniarrak) eta Piloktete (Filoktete)[92]. Geroztik ez da Euskara Batuan Sofoklesen itzulpen garaikiderik argitaratu.

Berak esanak

  • "Beldurtzen denarentzat, dena da zarata"
  • "Periklesek esan zuen banekiela poesia nola idatzi, baina ez nekiela ezer estrategiari buruz" (Περικλῆς ποιεῖν μέν με ἔφη, στρατηγεῖν δ᾽ οὐκ ἐπίστασθαι.[93].
  • "Haiek gorrotatzeko jaio ziren, ni, berriz, maitatzeko". (οὔτοι συνέχθειν, ἀλλὰ συμφιλεῖν ἔφυν. Antigona, 525)[94].
  • "Aldarte honeko jendeak ez ditu hitz batek gogaitzen". (δάκῖς [γὰρ οὐδὲ]ν τοῖσιν εὐόργοις ἔπος. Emakume presoak, 33a fragmentua)[95].
  • "Harri bakoitzaren azpian eskorpioi bat baitago ezkutuan". (ἐν παντὶ γάρ τοι σκορπιὸς φρουρεῖ λίθῳ. Emakume presoak)[95].
  • "Gezur bat bera ere ez da zahartzarora iristen. (ἀλλ᾿ οὐδὲν ἕρπει ψεῦδος εἰς γῆρας χρόνου. Akrisio, 62. fr)[96].
  • "Orduan okertzen dira gizonen kontuak oro: gaitzak gaitzekin konpondu nahi dituztenean" (ἐνταῦθα μέντοι πάντα τἀνθρώπων νοσεῖ, κακοῖς ὅταν θέλωσιν ἰᾶσθαι κακά, Aleoren Semeak, 77. fr.)[97].

Oharrak

  1. IG XII,5 444
  2. Sopokel'en Antzerkiak II, 11
  3. Sopokel'en Antzerkiak II, 11
  4. Sopokel'en Antzerkiak II, 11

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (2014). 76.- Latin eta greziar pertsona-izen klasikoak euskaraz emateko irizpideei buruzko erabakia. .
  2. Plutarco. De virtute morali 7, 75d. .
  3. Sofokles. .
  4. (Ingelesez) Blake Tyrrell, William. (2005). «The Suda's Life of Sophocles (SIGMA 815): Translation and commentary with sources.» Electronic Antiquity 9: 6..
  5. (Ingelesez) Sommerstein, Alan H.. (2006). Sophocles: selected fragmentary plays.. Aris & Phillips Classical texts, 11 or..
  6. Anonimoa. Sophoclis Tragici Poetae vita. , 3 or..
  7. (Ingelesez) Taylor, John. (1984). «Facts: Life, work, manuscripts.» New Surveys in the Classics 16: 3..
  8. (Ingelesez) Woodbury, Leonard. (1970). «Sophocles among the Generals» Phoenix 24 3: 209..
  9. (Alemanez) Körte, Alfred. (1893). «Bezirk eines Heilgottes» Mitteilungen des Deutschen Archäologischen Instituts, Athenische Abteilung 18: 246..
  10. (Ingelesez) Jameson, M. H. , 20(5/6), 541–568.. (1971). «Sophocles and the Four Hundred» Historia: Zeitschrift für Alte Geschichte 20: 545..
  11. (Ingelesez) Kock, Theodor. (1957). The fragments of Attic Comedy. Brill, 31 fr. or..
  12. Anonimoa. Sophoclis Tragici Poetae vita. , 13 or..
  13. Naukratisko Ateneo. Deipnosophistai, 13, 74. .
  14. Naukratisko Ateneo. Deipnosophistai 13, 81. .
  15. Naukratisko Ateneo. Deipnosophistai 13, 82.. .
  16. (Ingelesez) Turyn, Alexander. (1944). «The manuscripts of Sophocles» Traditio 2: 4..
  17. (Ingelesez) Easterling, P. E.. (1997). The Cambridge Companion to Greek Tragedy.. Cambridge, 27 or..
  18. (Ingelesez) Griffith, Mark. (1999). Antigone. By Sophocles.. Cambridge, 22 or..
  19. Bagg, Robert. (2011). The complete plays of Sophocles. A new translation. Harper Perennial, 31-32. or..
  20. Anonimoa. Sophoclis Tragici Poetae vita. , 18 or..
  21. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 4 or..
  22. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles.. , 11 or..
  23. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 16 or..
  24. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 22 or..
  25. Pearson, Αlfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 22 or..
  26. Pearson, Αlfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 26 or..
  27. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 38 or..
  28. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 46 or..
  29. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 57 or..
  30. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 62 or..
  31. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 68 or..
  32. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 71 or..
  33. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 76 or..
  34. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 86 or..
  35. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 96 or..
  36. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 103 or..
  37. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 110 or..
  38. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 115 or..
  39. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 119 or..
  40. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 121 or..
  41. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 126 or..
  42. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 130 or..
  43. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 141 or..
  44. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 146 or..
  45. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 167 or..
  46. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 176 or..
  47. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 207 or..
  48. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 214 or..
  49. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 224 or..
  50. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 1 or..
  51. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 3 or..
  52. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2.. , 8 or..
  53. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 13 or..
  54. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2.. , 15 or..
  55. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol 2.. , 23 or..
  56. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol 2.. , 29 or..
  57. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2.. , 34 or..
  58. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2.. , 47 or..
  59. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2.. , 51 or..
  60. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 56 or..
  61. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 64 or..
  62. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 70 or..
  63. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 80 or..
  64. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 94 or..
  65. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 115 or..
  66. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2.. , 131 or..
  67. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2.. , 161 or..
  68. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 170 or..
  69. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 172 or..
  70. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 182 or..
  71. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2.. , 191 or..
  72. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2. , 214 or..
  73. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles, vol. 2.. , 239 or..
  74. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 268 or..
  75. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 270 or..
  76. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 291 or..
  77. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 292 or..
  78. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 293 or..
  79. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 294 or..
  80. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 305 or..
  81. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 311 or..
  82. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 321 or..
  83. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 323 or..
  84. Pearson, Alfred Chilton. (1917). The fragments of Sophocles. , 325 or..
  85. Pearson, Alfred Chilton. (1917). 327. .
  86. Zaitegi, Jokin. (1958). Sopokel'en antzerkiak II. , 11 or..
  87. Plutarko. Quomodo quis suos in virtute sentiat profectus, 79b.. .
  88. (Ingelesez) Pinnoy, Maurits. (1984). «Plutarch's comment on Sophocles' style» Quaderni Urbinati di Cutlura Classica: 159-164..
  89. Aldekoa, Iñaki. (1917). Literatura unibertsala. , 28 or..
  90. Gereñu Odriozola, Idoia. (2020). Antzertiren lehen aroa (1932-1936). II. Errepublikako euskal gizartearen isla. Donostia, 59-60 or..
  91. Zabala, Jose Ramon. (2003). «Erbeste euskal editoreak» Herri bat bidegurutzean (Donostia): 202..
  92. Zaitegi, Jokin. (1958). Sopokol'en antzerkiak II. Baiona.
  93. FGrH 392 F 6. .
  94. Sofokles. Antigona, 524. .
  95. Lloyd-Jones, Hugh. (1996). Sophocles: fragments. , 24-25 or..
  96. Lloyd-Jones, Hugh. (1996). Sophocles: fragments. , 30 or..
  97. Lloyd-Jones, Hugh. (1996). Sophocles: fragments.. , 32 or..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.