Sodupetarren jauregia
Soduperen jauregi etxea edo Sodupetarren jauregia Navaridasko jauregia da, Diputazio kaleko 5. zenbakian dagoena. XVIII. mendeko jauregia da, angeluzuzen itxurako zoru batean eraikia[1]. 2013ko uztailaren 11n Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].
Soduperen jauregi etxea | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Navaridas |
Koordenatuak | 42°32′43″N 2°37′31″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVIII. mendea |
Arkitektura | |
Ondarea | |
EJren ondarea | 10 |
Ezaugarriak
Soduperen Jauregi Etxea bezala ezaguna den Jauretxea Navaridasko herriaren erdian dago (Arabako Foru Diputazioa kalea, 3), Sortze Garbiaren elizaren ondoko lursail batean. XVIII. mendeko egoitza-eraikina da, estilo barrokokoa, hiru kaleren artean dagoen lursail batean kokatua, eta itxura desberdineko harriz osatutako harresi batek babestua.
Deskribapena
Arinki trapezoidala den oinplano angeluzuzen batean eraikia dago, zeinaren aldeak, gutxi gorabehera, neurri hauek baitituzte: fatxada nagusiak 12 metro ditu, eta hegoaldeko eta iparraldeko fatxadek, hurrenez hurren, 16 eta 18 metro. Halaber, lau isurialdeko estalkia du. Honako altxaera hauek ditu: beheko solairua, lehen solairua, bigarren solairua eta teilatupea, Diputazio kalerantz, eta beheko solairua, lehenengoa eta teilatupea, Kale Nagusirantz; horrela, bi kaleen arteko desnibela gainditzen da. Sotoan upeltegia dauka. Hasieran, eraikin exentua zen, baina, gaur egun, baditu bolumen erantsi batzuk iparraldeko fatxadaren kontra. Egun, Udalari dagokion eraikin-zatia ez da erabiltzen; bakar-bakarrik erabiltzen da, udako etxebizitza moduan, zati pribatua.
Fatxada nagusiak mendebaldera ematen du, Arabako Foru Diputazioa kalera. Hiru ardatz bertikaletan antolatuta dago, eta hareharrizko harlanduz eginda dago, azalera guztian zehar ezin hobeki landuta. Hiru ardatz bertikal horien gainean, beheko solairuan, zentratuta, honako hauek daude: sarbide-portale handia, zazpi piezako eta giltzarri oso irteneko ateburu dobelatuarekin, eta alboetan, bi leiho dinteldu. Lehen solairuan, hiru balkoi-bao, leihoburu dobelatuarekin, harri molduratuzko mentsula lodidun balkoiarekin (gutxi irtena eta angelu biribilduekin), ardatzen gainean ezarriak; erdiko balkoia alboetakoak baino zertxobait handiagoa da. Azkenik, bigarren solairuan, zentratuta, armarri eder bat, albo banatan, horizontalki, bi leiho dituela. Armarriak erliebe konkortua du; lehoi zutituak eta zortzi lirio-lore dituen saskitxoarekin, eta «de los Sodupe» hitzekin. Haurrak, kasketa bularrean, armarriari eusten, frontoi zatitua, maskaroia eta girlandak. Oinaldea desberdina da. Gainerako altxaerak ez bezala, fatxada nagusiaren teilatu-hegala landare-motiboz zizelkatutako harburuz osatua dago, eta erlaitza molduratua da. Burdineria ageri da balaustredun burdina forjatuzko karelak dauzkaten balkoietan, burdinesidun leihoetan, eskaileren barandetan eta ateetan. Fatxada nagusian jatorrizko arotzeriari eusten zaio, sarrerako atetzar landu eta guzti. Gainerako fatxadak, nagusiki, harri-hormakoak dira, eta harlanduz inguratuta eta apainduta daude; hegoaldeko fatxada da salbuespena, zeinaren zatirik handiena harlanduz eraikia baitago.
Hegoaldeko luzetarako albo-fatxadaren ezaugarria da puntu erdiko bi arkudun galeria, bigarren solairuko altxaeraren erdiko zatia hartzen duena: albo banatan bi leiho ditu, eta horietako bat, eskuinekoa, lur-arraseko balkoiaren bao bihurtua da. Lehen solairuan, fatxadak hiru balkoi-bao ditu. Ekialderantz kokatuena dagoena, jatorrizko leiho bat da, zeina aldatua izan baita, alegia, etxebizitza pribaturako sarbide bihurtu da, hegoaldeko patiotik zuzenean etxebizitzara sartu ahal izateko. Beraz, etxebizitza horretara Kale Nagusitik sartzen da, baita lursailaren ekialdeko perimetro-hormari atxikitako eskaileretatik eta plataformatik ere. Plataforma horren azpian bao txiki bat dago, zeinak erdisotoko sukaldea aireztatzen baitu. Lehen solairuaren balkoiaren azpian, berriz, erdisotorako sarbidea dago, goiko baoarekiko pixka bat mugitua.
Kale Nagusira begira dagoen ekialdeko fatxadak altuera txikiagoa dauka, lurrazalaren aldea dela-eta. Beheko solairua, lehen solairua, teilatupea eta ardatz nagusiarekiko simetrikoa den fatxada dauzka, zeinean kokatzen baita etxebizitzarako sarbidea, beheko solairutik, ate dinteldu baten bidez (lehen solairutik barrura). Lehen solairuan, tamaina bereko hiru leiho daude, ardatz nagusiarekiko simetrikoak.
Iparraldeko luzetarako albo-fatxada honela dago osatua: beheko solairua, lehen solairua, bigarren solairua; atzealdeko fatxada da, eta harri-horma nagusitzen da. Modu desordenatuan jarritako bao txikiak ditu iparraldeko patioranzko gelak argiztatzeko eta aireztatzeko. Bigarren solairuan, leiho bakar bat dago, sukaldea argiztatzen duena, eta Udalari dagokion zatia da; lehen solairuan, 3 leiho-bao daude, etxebizitza pribatuaren gelak argiztatzeko, eta, beheko solairuan, berriz, ezkerraldean dagoen bao txikiz batez gain, patioranzko sarbide bat dago. Gaur egun, bada horman beste pasagune bat, eranskinek ezkutatzen dutena. Gainera, eskailera nagusian argiztatze-baoak ikus daitezke, zeintzuek inposten jarraitutasunarekin hausten baitute. Atzealdeko fatxadaren irudia areagotu egiten dute jauregiari atxikitako eraikinek, iparraldeko altxaeraren eskuinaldean. Eraikin horiek harri-horma perimetralaren ondoan eraikiak izan dira, zeinak lursaila mugatzen baitu Diputazio kalearekin.
Fatxada guztietan, solairuak banatzen dira forjaketak markatzen dituzten inposta lauen bidez, eta fatxadak amaitzen dira erlaitz batekin -zeina fatxada nagusian molduratua baita, eta, gainerakoan, laua- eta teilatu-hegal handi batekin -zeina fatxada nagusian nabarmentzen baita, bere handitasunagatik-. Gainera, guztiek pilastrak dituzte alboetan. Baoak, bestalde, harlanduzko xafla belarridunez osatutako erliebez inguratuta daude, eta zangoen lerro bertikalak baoburuaren lerro horizontalekin gurutzatzen dira.
Hegoaldean, eraikinak lorategi pribatu bat dauka, etxebizitzaren jabeena, eta bertan dago sakonera handiko ur-putzu bat. Lorategira Diputazio kaletik sartzen da, burdin saredun ate bikoitz bat zeharkatuta.
Eraikinaren barrualdeak, bi zati ditu: ekialdea, etxebizitza pribatuaren jabeena dena, eta hasierako banaketari ia osorik eusten diona; eta beste erdia, Navaridasko Udalarena. Barruko programari dagokionez, Udalari dagokion zatian, sarrera nagusia daukagu, kalearen sestran, eta bertatik ikusten da, barrenean, upeltegirako sarrera. Harrizko lurra eta hormak dituen sarrera horretatik, albo banatan dauden bi gelatara sartzen da: garai bateko aletegira eta biltegira, hain zuzen ere. Eta sarrera horren aurrean, bi eskailera igo eta dinteldun bao bat gurutzatuta, bi zatiko eskailera nagusirantz igarotzen da, zeinak harrizko eta zeramikazko lurra, eta goiko solairuekin lotzen duen burdinazko baranda baititu. Eskailera gure ezkerretara utzita, beste eremu batera iristen gara; hain zuzen ere, garai batean ukuiluak egon zitezkeen eremura, zeinetatik patiora irteten baitzen, eta hortik, lurperatutako upeltegiaren sarrerara. Goiko solairuan gela desberdinak daude, korridore nagusi baten bidez banatuta, eta bigarren solairuan sukaldea dago, eskaileraren beste aldean. Jabetza-banaketaren ondorioz, eraikinaren alde horretatik, ez dago sarbiderik teilatupearen eremura, baina egindako erreformaren ondorioz, ikus daiteke jatorrizko zurezko egituraren zati bat, baita gainerako elementuak ere. Ekialdeak, zeina jabetza pribatukoa baita, oraindik ere jatorrizko banaketa eta garai bateko oheak mantentzen ditu. Etxebizitza lehen solairuan eta bigarren solairuan dago (beheko solairua eta lehen solairua, Kale Nagusitik), eta erdisotoan txoko bat dago.
Teilatupearen eremuan, jatorrizko zurezko egitura dago, loturekin eta jatorrizko zurezko ziriekin, eta bertan nabarmentzen da arku formako habe nagusi bat. Teilatuaren gainerako zatia erreforma baten ondorio da: gapirio guztiak ordezkatu ziren eta egitura euskarria indartu zen jatorrizko piezen gainean jarritako zurezko habe berriekin. Estalkiak, zeina teilaz amaituta baitago, tirante txiki bat dauka, fatxada nagusiari elkarzut. Garrantzitsua da horren presentzia, eraikinaren eta bere teilatu-hegalaren tamainaren ondorioz. Jauregiaren egiturak karga-horma perimetralak ditu, eta egurrezko egitura du barnealdean. Beheko solairuan, berriz, harrizko horma batzuk ditu. Forjaketek adreiluzko uztaiak dituzte, zurezko gapirioen arteko tarteak kareorez beteta daude, eta garai desberdinetako zeramikazko piezez amaituak daude; badira aspaldiko zeramikadun zolak, baina badira baita ere berriagoak diren zeramikazko piezak, gela batetik bestera marrazki desberdinak dituztenak, eta eraikinean egindako erreformaren baten ondorio direnak.
Eraikinaren azpian, ekialderantz, koba edo kalatu bat dago, zeinetara kanoizko gangatilaz estalitako harrizko eskailera baten bidez sartzen baita. Navaridasko etxe bakanetakoa da, lurrazpian upeltegia duena, eta bere tamaina handiagatik nabarmentzen da. Bi zati ditu: lehenengoa, hondoa baino estuagoa da, harlanduzko puntu erdiko arkuekin estalia dago, euren artean baoak daude, eta arroka ikusten da. Barrenean, sekzio karratuko kanal bat ikusten da, zeinari buruz hainbat argitalpenetan esan baita, beste koba batekin komunikatua dagoela «Cerrillo»-ren irteeran. Baina arkeologoek egindako azterketaren arabera, orain arte, behintzat, amaitu gabe dagoela ikusi da, kanal osoa zeharkatu ondoren.
Museoa
Sodupetarren jauregian Goi Castejónen aztarnategian aurkitutako objektuak erakusten dira. Inguru horretan Brontze eta Burdin Aroetan garrantzi handiko beroi herria zegoen. 2017an eraikinaren egoera hobetzeko Navaridasko udalak lan desberdinak jarri zituen martxan. [3][4]
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |