Sobieten Komite Exekutibo Zentrala
Sobieten Komite Exekutibo Zentrala (errusieraz: Всероссийский Центральный Исполнительный Комитет, translit.: Vserossiysky Centralny Ispolnitelny Komitet (VTsIK)) Errusia Osoko Langileen Sobieten Biltzarraren organo exekutiboa zen[1].
Sobieten Komite Exekutibo Zentrala | |
---|---|
Datuak | |
Mota | erakunde publikoa |
Herrialdea | Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Historia | |
Sorrera | 1917 |
Desagerpena | 1937 |
Historia
Sorrera
1917ko ekainean sortu zen, Errusia Osoko Sobieten Lehen Biltzarra egin zenean, Errusia-mailarako Sobieten erakundea sortu zenean. Bere papera beraz, Ispolkom delakoak Petrogradeko Sobietarekin jokatzen zuen paper bera egitea zen[1].
Errusia Osoko Langileen Sobieten I. Biltzar Nagusia
1917ko ekaineko Langile eta Soldaduen Sobieten I. Biltzar Nagusian sortu zen VTsIK, eta guztira 250 kide zituen. Biltzar Nagusi hartan mentxebikeak eta eseristak nagusi zirenez, VTsIK ere hauek dominatzen zuten; 104 kide mentxebikeak ziren, 100 eseristak, eta soilik 35 boltxebikeak. VTsIKek bere presidium bat aukeratu zuen, 8 kidez osatutakoa, Nikoloz Txkheidze mentxebikea lehendakari zelarik. VTsIKek ez zituen baserritarrak ordezkatzen, nahiz eta Baserritarren Sobietarekin batera koordinazio erakunde bat adostu[1].
Nahiz eta teorian Errusia Osoko Langile Sobieten ordezkaria izan, VTsIKek ez zuen erabateko autoritaterik; alde batetik tokiko Sobieten eta VTsIKen arteko eskuduntzen mugaketa zehatzik ez zegoelako (hau gerta zitekeen tokiko Sobietak VTsIKen ildo berekoak ez baziren, kasurik nabarmenena Kronstadt zen), eta gainera, Petrogradeko Sobietarekin askotan eskuduntza-bikoizketa batean murgiltzen zelako. Hau geroz eta nabarmenagoa egin zen abuztu-irailean tokiko Sobietak (Petrogradekoak eta Moskukoak barne) boltxebikeen kontrolpera pasatu zirenean[1].
Errusia Osoko Langileen Sobieten II. Biltzar Nagusia
Errusia Osoko Langileen Sobieten II. Biltzar Nagusian, gehiengoa boltxebikeek izan zuten, beraz, VTsIK berrian ere hala izan zen. VTsIK berria ere, asmoen arabera, proportzioan, alderdi guztietako kideekin sortu behar zen; baina mentxebikeek eta eskuineko eseristek, Urriko Iraultza arbuiatzen zutenez, ez zuten VTsIK berrian parte hartu nahi. 62 kide boltxebikeak ziren, 29 ezkerreko eseristak (jada alderdia bitan zatitua zegoen), 6 “batasunaren aldeko sozialdemokratak”, 3 ukrainar sozialistak eta maximalista bat. Gobernu Sobietarra, Herri Komisarioen Biltzarra (Sovnarkom), VTsIKek aukeratua zen, Sobietak baitziren Errepublika Sobietarrean subirautzaren iturri. Boltxebikeen gehiengoarekin, VTsIK iraultzarako erakunde bihurtu zen, eta kontrairaultzan zeuden alderdiak erakunde honetatik kanporatuz joango ziren: 1918ko ekainean mentxebikeak eta eskuineko eseristak, eta uztailean ezkerreko eseristak[1].
Urriko Iraultza
Urriko Iraultzaren ostean, Errusia Sobietarreko botere-organoak sobietak zirenez, VTsIKeko lehendakaria, Estatuburua izan zen. Hala, II. Biltzar Nagusian Kamenev izan zen kargu horretarako aukeratua (beraz Errepublika Sobietarreko lehen lehendakaria izan zen), baina hortik gutxira, 1917ko azaroaren 21ean, dimititu behar izan zuen, ezen Alderdiaren konfidantza galdu zuen (eseristak eta mentxebikeak Gobernuan sartzearen alde egin baitzuen). Hurrengo lehendakari Jakov Sverdlov izan zen aukeratutakoa, 1919ko martxoan hil egin zen arte. 1919ko martxoaren 16tik 30era lehendakaria Mikhail Vladimirski izan zen (behin-behinean) eta 1919ko martxoaren 31tik aurrera, Mikhail Kalinin. 1922ko abenduan SESB sortzearekin batera, VTsIKeko lehendakaria Sobietar Batasuneko lehendakaria izan zen. VTsIKek 1918ra iraun zuen, garai horretan Sobieten Biltzar Nagusiak Sobiet Gorenaz ordeztuak izan baitziren, eta beraz VTsIK Sobiet Gorenaren Presidiumaz. Kalininek lehendakari izaten jarraitu zen 1947an hil zen arte[1].
Boltxebikeen pe, 1918ko urtarrilean egin zen Sobieten III. Biltzar Nagusian, Langileen eta Baserritarren Errusia Osoko Sobieten batuketa onartu zenez, data horretatik aurrera VTsIK baserritarrak ere ordezkatzera pasa zen[1].
Erreferentziak
- VTsIK (Sobieten Komite Exekutibo Zentrala), K17, 2017-07-21. CC0 Domeinu Publikoa