Snooker
Snooker edo Snookerra (artikuluarekin esanez gero, euskaraz) billar joko eta kirol bat da, 19. mendean asmatu zena, eta 20. mendearen amaieran nazioarteko kirol profesional nahiko hedatua bilakatu dena.
Arauak
Sei zulo dituen mahai handi batean (6,7 x 4,9 metro, neurriz) jokatzen da Snookerra.
15 bola gorri daude, eta kolorezko 6, gehi tiro egiteko bola zuria (cue delakoa, jokalariek makilarekin jaurtitzen duten bakarra). Takadak (break direlakoak, zulora doazen tiro onak erreskadan egiten dituzunean) hasten dira beti bola gorriarekin, eta txandaka, gorri eta kolorezkoak sartzen joan behar duzu. Gorria zuloa jausiz gero, ez da berriz irteten; kolorezkoak bai, bakoitza bere posizio zehatzera itzultzen da (puntu hori okupatua badago, arau bitxiak aplikatzen dira). Gorria zuloratzeak puntu bat ematen du, kolorezkoak puntuaketa desberdina daukate: horiak 2, berdeak 3, marroiak 4, urdinak 5, arrosak 6 eta beltzak 7.
Bola | Balioa | |
---|---|---|
Gorria | Puntu 1 | |
Horia | 2 Puntu | |
Berdea | 3 Puntu | |
Marroia | 4 Puntu | |
Urdina | 5 Puntu | |
Arrosa | 6 Puntu | |
Beltza | 7 Puntu |
Gorria sartu ondoren, kolorekoa sartzeko orduan edozein kolore sar daiteke, baina "izendatu" beharra dago. Hau da, urdina izendatu ondoren, urdina ukitu egin behar da gutxienez (eta sartzen saiatu, break-ean jarraitzekotan). Hortaz, jokalariak abisatu egin behar du zein bola duen helburu. Hala ere, normalean "izendatzea" ez da praktikan gertatzen: makilarekin norabide jakin batean apuntatzen du jokalariak, eta norabide horretan bola bat egon ohi da ukitzeko moduan. Zalantza balego norabidean bola bat baino gehiago ageri direlako elkarrengandik gertu, jokalariak bai "izendatuko" du bat ahots ozenez, edo epaileak hori eskatutakoan izendatuko du bestela.
Gorri guztiak sartuta daudenean, kolorezkoak ordena zehatz batean zuloratu behar dira, oraingoan berriz kanpora irten barik (horitik beltzera, puntu gutxienekotik handienera).
Falta eta hutsak
Tiro bakoitzean, tokatzen den bola (dela gorria edo kolore jakin batekoa), derrigor ukitu beharra dago. Beste bola bat ukituz gero, edo batere bolarik ukitu gabe utzita, falta eta hutsa da (fault eta miss). Helburu den bola ukitu ondoren ere egin daiteke faltarik: hau da, gorria tokatzen zaizu ukitzea, eta ukitzen duzu, baina karanbola baten ondorioz gorria zuloratu beharrean, kolorezko bat zuloratzen duzu. Edo helburu-bola ukituta ere, zuria zulora sartzen zaizu. Kasu hauetan, ez da miss edo hutsa, baina bai falta.
Falta egiteak, puntuak ematen dizkio kontrarioari. Lau puntuko falta da gutxienekoa, baina egindako faltan bola urdina, arrosa edo beltza badaude inplikatuta, orduan bola horien balio handiagoa gehitzen da puntu gisa kontrarioaren markagailura (bost, sei edo zazpi puntu alegia). Egindako faltan urdina inplikatuta egoteak ez du esan nahi hura ukitu duzunik nolabait: izan liteke urdina ukitzea tokatzen zaizula, eta batere bolarik ez duzula ukitzen. Kasu horretan ere, urdina inplikatua dagoela kontsideratzen da, eta falta 5 puntukoa da. Falta batean bi bola badaude inplikatuta, ez dira faltaren puntu-kopuruak batzen, baina bai aplikatzen da puntu gehieneko bolaren kopurua: horia (4 puntu falta egitekotan), eta urdina (bost puntu falta egitekotan), biak badaude inplikatuta faltan (biak zuloratu dituzulako, adibidez), urdinaren 5 puntuak gehitzen dira kontrarioaren markagailura.
A jokalariak huts edo miss egindakoan, kontrarioak (B-k) hiru aukera ditu, hiru erabaki har ditzake:
- 1) bolak geratu diren posiziotik B-k joka dezake, ondo datorkiolako.
- 2) bolak geratu diren posiziotik, A-k joka dezala erabaki dezake, bereziki posizio zaila izan daitekeen kasuan hala komeni dakioke B-ri.
- 3) falta gertatu aurretik bolak zeuden posizioa berregiteko eskatu diezaioke epaileari. Posizio zaila bazen, falta eragiteko modukoa, berriz A-k falta egin eta B-k puntuak batzeko aukera izan dezake, edo posizio on bat lortu, eta horregatik bolak ber-kokatzea ohikoa da partida profesionaletan. Epailearentzat bolak nola zeuden gogoratzea eta berkokatzea zaila izan daiteke, baina lehiaketa inportanteetako azken faseetan, telebistako irudien grabatuen eta epaile laguntzaile baten laguntza egon ohi da.
Falta gertatu ondoren, 4. aukera bat ere gerta daiteke, falta egin ez duen jokalariak aprobetxatu dezakeena, Free ball edo bola libreko egoera. Demagun A-k falta egin duela, eta bolak geratu diren posizioan, B-k jokatu behar du orain. Hala ere, posizioak ez du B-ren tiro zuzen garbi bat uzten, alegia, bere bola zuriaren eta helburu den bolaren artean ez dago tiro garbi bat (helburu bolari ezkerretik zein eskuinetik zuzen emateko aukera gisa ulerturik tiro garbia).
Goiko irudiak erakusten du egoera: A jokalariak falta egin du, eta horrela geratu dira bolak. B-ren txanda da, eta gorria jokatzea tokatzen zaio, baina epaileak free ball dekretatu du: B-k ezin du gorria zuzen jo, bai eskuinetik, baina ez ezkerretik, beltza tartean delako. Epaileak bola librea deitu duelarik, aukera du B jokalariak gorriaren ordezko bola bat izendatzeko: kasu honetan, urdina komeni zaio, ze sartzeko erraza du. B jokalariak urdina izendatuko du free-ball gisa, baina gorriaren ordezkoa denez, gorriak bezala balioko dio sartuz gero (puntu bat). Sartu ondoren, urdina bere puntura itzuliko da, eta B jokalariak kolorezko bola batekin konbinazioa egiten jarraitu beharko du, efektu praktikoetara gorria izan baita bola urdina.
Historia
Sorrera
Britainiar Armadako ofizialek asmatu zuten jokoa 19. mendean, Inperioaren zerbitzura zeudela Indian. Black Pool jokoaren adar gisa garatu zuten, 15 bola gorrirekin eta koloreko beste batzuk gehituta. XX. mende hasieran, Erresuma Batura esportatu zuten, eta, ondotik, kirol berriaren araudia ofizialki ezarri zen. Munduko Txapelketaren lehen edizioa 1927an ospatu zen. Bigarren Mundu Gerra zela eta, 1941etik 1945era ez zen lehiaketarik egin; ezta 1958tik 1963ra ere, behera egin baitzuen kirolaren gaineko interesak[1].
20. mendeko parterik handienean Erresuma Batuko joko berezi samar bat izan zen, praktikan, snookerra; akaso, Commonwealth komunitateko herrialdeetan izan zezakeen ezagupena, baina ez handik kanpora.
1977tik, aldiz, urtero ospatu da, Sheffield-en (Erresuma Batua).
Aro modernoa
Snookerraren historian eta bilakaera nagusia 1969. urtean gertatu zen, non eta BBC kateak erabaki zuen bere telebistaren kolorezko emisio berrietan, joko honen emisioak arreta deitu zezakeen. Ordura arteko telebista zuri-beltzean zen, baina snookerrean, bola desberdinekin jokatzean, hain funtsezkoa da kolorea non apropos aukeratu zuten jokoa, sustapenerako. David Attenborough kazetaria enkargatu zen Pot Black programaren bidez snookerrari ospea ematen.[2][3]
BBCren emanaldiek arrakasta izatearekin batera, jokalari profesionalen jarduna ere bizitu zen: lehiaketa gehiago, jolakari lehiakorragoak, eta 1977. urtetik aurrera, urtero Sheffield hirian jokatzen den Munduko Txapelketa. BBCk jada 1978ko Munduko Txapelketa osorik erretransmititu zuen, eta nazioarteko arrakasta Irlandara eta Commonwealth-eko herrialdeetara hedatu zen.
1985. urtean, 18.5 milioi ikuslek ikusi zuten BBCn Dennis Taylor eta Steve Davis jokalarien arteko finalaren amaiera, audientziazko arraksata ikaragarri bat.[4]
1990. hamarkadaren bigarren erditik aurrera, jokoa Asian eta Europa kontinentalean hedatzen hasi zen. Asian, bereziki jokalari on batzuk agertu zirelako 21. mendearen hasieran (batez ere Ding Junhui txinatarra), eta Europan Eurosport kateak bere errentransmisioetan sartu duelako.
Barry Hearnen garaia
2010. urtean, Barry Hearn enpresariak snooker profesionala kontrolatzen duen konpainian (World Snooker Ltd.) gehiengozko akzio-kontrola erdietsi zuen, eta bultzada handia eman dio jokoari: babesle berriak azaldu dira, Eurosport eta beste telebista batzuen bidez asko zabaldu dira erretransmisioak, tabakoaren publizitatearen debekuarekin galdu ziren babesleak apostu-etxeen publizitatearekin ordezkatu dira, eta jokoak are zabalkunde handiagoa lortu du munduan.
Era berean, hedatu egin da txapelketa profesionalen kopurua, baita sarien dirua ere, eta maila handiko profesionalen agerpena ere etengabea izan da: 147 puntuko jokaldi perfektuak urterik urte handituz doaz (kalitatearen seinale). Dena den, jokoaren dominatzaile nagusiak 2018. urtearen inguruan ere, 1990eko hamarkadan profesionalak izaten hasi ziren jokalari beteranoak dira neurri handi baten: Ronnie O'Sullivan, John Higgins eta Marc Williams (2018ko Munduko Txapelduna), hiruak profesional gisa 1992an hasi ziren jokalariak dira.
Munduko txapeldunak
Estatistiketara begira, 1969tik aurrera zenbatzen den jokoaren aro modernoan izandako garaipenak kontuan hartzen dira.
Hortaz, 2023ra bitartean, aro moderno horretan jokatu dutenen artean Stephen Hendry eta Ronnie O'Sullivan munduko txapekdun arrakastatsuneak direla esan daiteke, bakoitza zazpi garaipenerekin.
Izena | Garaipen urteak | Txapelak |
---|---|---|
SCO Stephen Hendry | 1990, 1992, 1993, 1994, 1995, 1996, 1999 | 7 |
ENG Ronnie O'Sullivan | 2001, 2004, 2008, 2012, 2013, 2020, 2022 | |
ENG Steve Davis | 1981, 1983, 1984, 1987, 1988, 1989 | 6 |
WAL Ray Reardon | 1970, 1973, 1974, 1975, 1976, 1978 | |
SCO John Higgins | 1998, 2007, 2009, 2011 | 4 |
ENG Mark Selby | 2014, 2016, 2017, 2021 | |
WAL Mark Williams | 2000, 2003, 2018 | 3 |
ENG John Spencer | 1969, 1971, 1977 | |
NIR Alex Higgins | 1972, 1982 | 2 |
WAL Terry Griffiths | 1979 | 1 |
CAN Cliff Thorburn | 1980 | 1 |
NIR Dennis Taylor | 1985 | 1 |
ENG Joe Johnson | 1986 | 1 |
ENG John Parrott | 1990 | 1 |
IRL Ken Doherty | 1997 | 1 |
ENG Peter Ebdon | 2002 | 1 |
ENG Shaun Murphy | 2005 | 1 |
SCO Graeme Dott | 2006 | 1 |
AUS Neil Robertson | 2010 | 1 |
ENG Stuart Bingham | 2015 | 1 |
ENG Judd Trump | 2019 | 1 |
BEL Luca Brecel | 2023 | 1 |
Sheffieldeko Crucible-ko txapelketak
Snookerreko Munduko Txapelketa urteroko denboraldi profesionalaren azken txapelketa izaten da, apirilaren 2. erdian jokatu ohi dena urtero. Jokoaren aro modernoan, 1977tik aurrera, Sheffieldeko Crucible antzokian jokatzen diren txapelketak klasiko bat bilakatu dira.
Areto horretan jokatutako txapelketek eredu bat jarraitzen dute: denboraldiko ranking-eko 16 onenak (aurreko txapelduna barne ohikoan) sailkatuta daude, eta sailkapen fase batetik sailkatzen diren beste 16rekin osatzen dituzte final-hamasaigarrenak (zeinak 19 frame edo jokotara jokatzen diren, bi saiotan). Final-zortzigarrenak eta final-laurdenak 25 frametara dira, hiru saiotan. Hiru fase horiek jokatzen diren bitartean, bi partida paraleloan jokatzen dira, oso leku murritzean, gortina batek bereizita bi mahaiak/partidak. Finalerdiak 33 frametara dita, eta finala 1980. urtetik 35era.
Hauek dira Crucible aretoan izan diren finalak:
urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Emaitza |
1977 | John Spencer | Cliff Thorburn | 25–21 |
1978 | Ray Reardon | Perrie Mans | 25–18 |
1979 | Terry Griffiths | Dennis Taylor | 24–16 |
1980 | Cliff Thorburn | Alex Higgins | 18–16 |
1981 | Steve Davis | Doug Mountjoy | 18–12 |
1982 | Alex Higgins | Ray Reardon | 18–15 |
1983 | Steve Davis | Cliff Thorburn | 18–6 |
1984 | Steve Davis | Jimmy White | 18–16 |
1985 | Dennis Taylor | Steve Davis | 18–17 |
1986 | Joe Johnson | Steve Davis | 18–12 |
1987 | Steve Davis | Joe Johnson | 18–14 |
1988 | Steve Davis | Terry Griffiths | 18–11 |
1989 | Steve Davis | John Parrott | 18–3 |
1990 | Stephen Hendry | Jimmy White | 18–12 |
1991 | John Parrott | Jimmy White | 18–11 |
1992 | Stephen Hendry | Jimmy White | 18–14 |
1993 | Stephen Hendry | Jimmy White | 18–5 |
1994 | Stephen Hendry | Jimmy White | 18–17 |
1995 | Stephen Hendry | Nigel Bond | 18–9 |
1996 | Stephen Hendry | Peter Ebdon | 18–12 |
1997 | Ken Doherty | Stephen Hendry | 18–12 |
1998 | John Higgins | Ken Doherty | 18–12 |
1999 | Stephen Hendry | Mark Williams | 18–11 |
2000 | Mark Williams | Matthew Stevens | 18–16 |
2001 | Ronnie O'Sullivan | John Higgins | 18–14 |
2002 | Peter Ebdon | Stephen Hendry | 18–17 |
2003 | Mark Williams | Ken Doherty | 18–16 |
2004 | Ronnie O'Sullivan | Graeme Dott | 18–8 |
2005 | Shaun Murphy | Matthew Stevens | 18–16 |
2006 | Graeme Dott | Peter Ebdon | 18–14 |
2007 | John Higgins | Mark Selby | 18–13 |
2008 | Ronnie O'Sullivan | Ali Carter | 18–8 |
2009 | John Higgins | Shaun Murphy | 18–9 |
2010 | Neil Robertson | Graeme Dott | 18–13 |
2011 | John Higgins | Judd Trump | 18–15 |
2012 | Ronnie O'Sullivan | Ali Carter | 18–11 |
2013 | Ronnie O'Sullivan | Barry Hawkins | 18–12 |
2014 | Mark Selby | Ronnie O'Sullivan | 18–14 |
2015 | Stuart Bingham | Shaun Murphy | 18–15 |
2016 | Mark Selby | Ding Junhui | 18–14 |
2017 | Mark Selby | John Higgins | 18–15 |
2018 | Mark Williams | John Higgins | 18–16 |
2019 | Judd Trump | John Higgins | 18–9 |
2020 | Ronnie O'Sullivan | Kyren Wilson | 18–8 |
2021 | Mark Selby | Shaun Murphy | 18–15 |
2022 | Ronnie O'Sullivan | Judd Trump | 18–13 |
2023 | Luca Brecel | Mark Selby | 18–15 |
Emakumezkoen munduko txapelketa
Izatez, Munduko Snooker Txapelketa edo zirkuitu profesionala ez dago generoak markatuta 21. mendeko 2010eko hamarkadatik. Emakumezkoak lehiatzen ahal dira Snooker txapelketa guztietan, sailkatuz gero, eta Munduko Txapelketa nagusiaren sailkapen faseetan egon izan dira emakumezkoak 2015 urtetik. Hala ere, arrazoiak zein direlarik ere, gizonezkoen maila onenetik urrutik daude emakumezko snooker jokalari onenak.
Izatez, profesional guztientzako lehiaketez gain, emakumezko jokalari profesional zein amateurrentzako lehiaketak daude, eta munduko txapelketa propioa ere badaukate.
Hauek izan dira txapelketa horretako finalak 2005. urtetik aurrera:
Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | emaitza |
2005 | Reanne Evans | Lynette Horsburgh | 6–4 |
2006 | Reanne Evans | Emma Bonney | 5–3 |
2007 | Reanne Evans | Katie Henrick | 5–3 |
2008 | Reanne Evans | June Banks | 5–2 |
2009 | Reanne Evans | Maria Catalano | 5–2 |
2010 | Reanne Evans | Maria Catalano | 5–1 |
2011 | Reanne Evans | Emma Bonney | 5–1 |
2012 | Reanne Evans | Maria Catalano | 5–3 |
2013 | Reanne Evans | Maria Catalano | 6–3 |
2014 | Reanne Evans | Ng On Yee | 6–0 |
2015 | Ng On Yee | Emma Bonney | 6–2 |
2016 | Reanne Evans | Ng On Yee | 6–4 |
2017 | Ng On Yee | Vidya Pillai | 6–5 |
2018 | Ng On Yee | Maria Catalano | 5–0 |
2019 | Reanne Evans | Nutcharut Wongharuthai | 6–3 |
2020 | Txapelketarik ez, Covid pandemia egoeraren aitzakiarekin. | ||
2021 | |||
2022 | Nutcharut Wongharuthai | Wendy Jans | 6–5 |
2022 | Siripaporn Nuanthakhamjam | Bai Yulu | 6–3 |
Erreferentziak
- Manias, Miren. «Kirolik ez zuzenekorik gabe» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-05-09).
- "Pot Black returns" Artxibatua 17 azaroa 2006 hemen: Wayback Machine, BBC Sport, 27 October 2005. Retrieved 24 February 2007
- Porter, H. "Cue China" Artxibatua 7 urria 2009 hemen: WebCite, Time, 20 June 2008, (Retrieved 23 June 2008)
- "1985: the black ball final" Artxibatua 24 iraila 2003 hemen: Wayback Machine BBC sport