Siziliar gerrak
Siziliar gerrak edo gerra greko-punikoak, Kartago eta greziar hiri-estatuen arteko gatazka sorta bat izan ziren. Zehazkiago, Kartago eta Sirakusaren harteko gatazka izan zen, azken honek ordea greziar hiri-estatuen laguntza ukan zuen. Arazoaren jatorria Siziliako eta mendebaldeko Mediterraneoaren kontrolean zetzan, K.a. 600-265 artean.
Siziliar gerrak | |||
---|---|---|---|
Greziar-puniko maskaren nahasketa. | |||
Data | K.a. 600-265 | ||
Lekua | Sizilia, Afrikako iparraldea, Sardinia, Tirreniar itsasoa, Joniar itsasoa, Siziliako itsasartea, Italiako hegoaldea | ||
Egoera | Kartagok Siziliako hegoaldeari eusten dio eta greziarrek Siziliako ekialdea Gerra punikoak arte. | ||
Emaitza | Itopuntua: Kartagok Siziliako 1/3 lorten du; greziarrek eta siziliarrek gainontzekoa. | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Kartagok, hegoaldean basamortua zuenez, itsas-merkataritzaren menpeko ekonomia zuen. Arrakasta handia lortu zuen merkataritzan, baina hau segurtatzeko ontziteria sendo bat behar zuen, piratak eta beste nazio batzuk gogogabetzeko. Kartagoarrek itsas-indarra eta eskarmentua feniziarrengandik heredatu zuten, baina hauek ez bezala, ez ziren kanpoko laguntzaz fidatzen. Hegemoniari eusteko Kartagok gero eta liskar gehiago izan zuen garaiko aurkari nagusiarekin, greziarrekin, hauek Mediterraneoaren erdia kontrolatu nahi baitzuten. Liskar horiek K. a. VI. eta K. a. III. mendeen hartean gertatu ziren.
Greziarrak, feniziarrak bezala, itsas-gizon adituak ziren, Mediterraneoan zehar gorantza zihoazen koloniak ezarri zituztenak. Bi indar hauek Sizilian egin zuten borroka, Kartagoren hurbil baitzegoen.
Antzinatik, greziarrek eta kartagotarrek koloniak eta merkataritza-guneak ezarri zituzten Sizilian, baina mendeetan zehar guda txikiak izan zituzten kokaleku hauen artean.
Gaur egun ez dago gerrari buruzko kartagoarren idazkirik, K.a. 146an erromatarrek hiria suntsitu zutelako eta Kartagoko liburutegiaren dokumentuak ondoko afrikar tribuen artean banatu zirelako. Horregatik, Siziliar gerrez dakiguna, greziar historialariengandik datorkigu.
Aurrekariak
Feniziarrek merkataritza-guneak ezarri zituzten Siziliako kostan K.a. 900 urtetik, baina ez ziren inoiz barrualdean sartu. Merkataritza egin zuten bertako tribuekin (elimo, sikano eta sikuloekin), eta greziar kolonoak heldu zirenean K.a. 750ean[1], erresistentziarik gabe Motiara, Palermo eta Soluntumera alde egin zuten, uhartearen mendebaldean. Hiri feniziar hauek independenteak izan ziren Kartagoar Inperioren zati bihurtu arte, K.a. 540 eta gero.[2]
Kartagotar hegemonia
Kartago feniziar kolonia soila zen hasieran, baina feniziar merkatal sareetan greziarren presentzia handitu ahala kontra egiteko indartu zen. Hasieran (K.a. 750-650), feniziarrek amore eman zuten greziar kolonoen aurrean, baina hauek Iberiar penintsulara heldu ostean, (K.a. 638) Kartago feniziar erresistentziaren gidari bilakatu zen. K.a. VI. mendetik (gehienbat Magonidar leinuaren agintaldian) K.a. I. mendera arte, Kartagoko inperioak Mediterraneoko mendebaldea kontrolatu zuen[3].
Marseillako fundazioaren geroztik, (K.a. 600) liskar anitz gertatu ziren Himerako gudua heldu arte. Tuzididesen kroniken arabera, Fozeako grekoek, Anatoliako penintsulan, Massaliako (Μασσαλία) merkataritza gunea (enporion) ezarri zuten. Ur horietatik zebilen kartagotar flota gaindituz. Gero Lilibeako gudua gertatu zen, non Siziliako feniziarrak eta elimoak elkartu ziren, K.a. 580an, Selinusko eta Rodasko greziarren kontra (Lilibeako ingurukoak). Heraklea kolonia berria suntsitu zuten. Hau izan zen Sizilian ezagutzen den lehenengo gatazka. Hurrengo greziar espedizioa 70 urte beranduago gertatu zen. K.a. 540-535 kartagotarrek borroka egin zuten Alaliako greziarrekin, Korsikan kolonia bat fundatu nahi zutelako. K.a. 510ean kartagotarrek Dorieo Espartako printzea hil zuten Sibarisko guduan.
Magna Graecia
Greziarrek kolonizaturiko Siziliako eta Italiaren hegoaldeko eskualdeei Magna Graecia deitu zitzaien. Alde honetako greziarren jarrera aberrian zutenaren antzekoa zen: nagusitasun politikoa eta merkataritzakoa hedatzen zuten jatorrizko biztanleen kalterako. Honez gain, joniar eta doriar eztabaidak ez ziren eteten. Ohikoak ziren greziarren eta bertakoen harteko liskarrak, baita greziar talde ezberdinen hartekoak ere.
Siziliako joniar grekoek orokorrean harreman onak zituzten jatorrizko siziliarrekin eta feniziarrekin, baina doriar koloniak oldarkorragoak ziren eta kostatik barrualdera hedatzen hasi ziren jatorrizko biztanleen bizkar.
Bertakoen eta greziarren arteko arazoak ibilbide laburrekoak ziren. Merkataritzak gora egin zuenez, bertako greziarrak eta feniziarrekin, greziar koloniak aberastu ziren. Aberastasun horrek ahalbideratu zien greziar hiriei lurraldea berriro zabaltzea. Azkenean, horrek Lehenengo Siziliar Gerrara eraman zuen
Kartagoren esku hartzea
Esan ohi da Malko kartagotarrak Sizilia konkistatu eta gero, arpilatutakoa Tirora bidali zuela K.a. 540a baino zerbait lehenago. Litekeena da kartagotarrek Motia, Panornus eta Solus menperatzea. Selinus eta Himeraren goraldiak adierazten du aldi honetako kartagotarren eta greziarren arteko gerrak ez zirela gauzatu. Hogeita hamar urte beranduago, Dorieo printzeak Espartako tronua galdu ondoren, jarraitzaileekin Libiara abiatu zen, baina handik kartagotarrek egotzi zuten K.a. 511n. Ondoren, Sizilian lehorreratu zen eta Erix kolonia fundatu zuen, hiru urtez borroka izan bazuen ere.
Kartagok Segesta lagundu zuen K.a. 510ean Dorieoren espedizioa menperatzeko. Horren ondoren, bizirik irten ziren greziarrek Heraklea Minoa fundatu zuten[4]. Siziliako greziarrek (agian, Akragas, Gela eta Selinus), zehaztugabeko datan, mendeku hartu zuten kartagotarrengandik eta Minoa suntsitu zuten. Ondoren, sinatutako bake-itunak onura ekonomikoak ekarri zizkien greziarrei[5].
Dorieoren heriotza mendekatzeko deiari ez zioten kasurik egin Grezian, ezta Leonidas Espartakoak ere, nahiz eta bere anaia izan (K.a. 480ean, Termopiletako guduan parte hartu zuena). Beharbada, jarrera horrek adierazten zuen greziar hiriek ezin ziotela banan-banan Kartagori aurre egin[6], edo segurtasun falta zegoela Greziatik laguntza lortzeko. Egoera hori aldatu egin zen Siziliako tiranoak agertzean. Gelako Kleandro eta Gelon, gerra honetan parte hartu zuten bi greziarrak, hurrengo gertaeren katalizatzaileak izan ziren.
Siziliako greziar tiranoak
Siziliako mendebaldean gatazkak bukatu zirenean eta Kartago Sardinian arduratuta zegoen bitartean, Siziliako kolonia gehienak tiranoen manupean erori ziren. K.a. 505-480 artean, Gelako, Akragasko eta Reggioko tiranoek jabegoak zabaldu zituzten bertako siziliarren eta beste greziar hirien lepotik. Hauen artean arrakastasuena Gela doriar hiria izan zen.
Doriar greziarren nagusitasuna Sizilian
Kleandro Gelakoa (K.a. 505-498) eta haren anaia Hipokrates (K.a. 498-491) gai izan ziren joniar eta doriar lurraldeak eskuratzeko eta K.a. 490erako, Zankle, Lentini, Catania, Naso, sikuloen eskualdeak eta Camarina, Gelaren kontrolpean erori ziren. Gelonek, Hipokratesen ondorengoak, Sirakusa menperatu zuen K.a. 485ean eta hau bere hiriburu bihurtu zuen. Garbiketa etnikoa, erbesteratze eta esklabotasuna erabiliz[7], Gelonek joniar hiriak doriar bihurtu zituen eta Sirakusa bilakatu zuen Siziliako botere nagusiena. Bitartean, Teron Agrigentoko tiranoak sikuloen eta sikanoen lurrak inbaditu zituen K.a. 488-472 bitartean. Edozein gatazka ekiditeko, Gelon eta Teron elkarren familiako emakumeekin ezkondu ziren, Siziliako sikuloen eta joniarren aurrean fronte bat eratuz. Greziar Siziliako baliabideak eta eskulana tirano horien esku zeuden, zeinak Siziliako beste boterei mehatxu egiten baitzien.
Joniar greziarren laguntza eskaera Kartagori
Doriar mehatxuari aurre egiteko, Anaxilao Reggiokoa (K.a. 490ean Geloni Zankle kendu ziona) Terilo Himerakoa tiranoarekin aliatu zen honen alabarekin ezkonduz[8]. Hurrengo urratsa bi hiri hauek Kartagorekin aliatzea izan zen. Selinonte ere, Teron lurraldeen ondoko hiri doriar bat, Kartagorekin aliatu zen. Erabaki horretan zerikusia zukeen Teroni zion beldurrak eta K.a. 483an Gelonek Megara Hiblea suntsitzeak (Selinonteren ama hiria). Ondorioz, hiru botere zeuden Sizilian, oreka ezegonkorrean: joniarrak, iparraldea kontrolatzen zutenak; kartagotarrak mendebaldean, eta doriarrak ekialdea eta hegoaldea eskupean zutenak. Sikuloak eta sikanoak erdian, pasibo zetzaten, baina elimoak kartagotarren aliantzan sartu ziren.
Lehenengo Siziliar Gerra (K.a. 480)
Teronek Himerako Terilo boteretik kendu zuenean, Kartagok Terilo laguntzea erabaki zuen, Siziliara espedizio bat antolatuz. Kartagok ezin zuen berehalako mehatxuari ez ikusiarena egin, Gelon-Teron aliantza Sizilia osoa kontrolatzear zegoelako eta gainera Hamilkar Teriloren laguna zelako. Agian, Kartagok erasorako une hura aukeratzearen arrazoia, pertsiar flota batek Grezia erasotzen zuela zen.
Pertsiarekin aliantza baten teoria eztabaidatua da, Kartagok ez zuelako nahi kanpoko indarrak bere guduetan sartzea ezta berak kanpoko gerretan parte hartzea ere, non eta indar sendorik ez baitzituen. Sizilia baliotsua zen Kartagorentzat, gainera kartagotar armada trebaturik zegoen Halmikar jeneralaren esanetara borroka egiteko. Tradizioaren arabera, Hamilkarrek 300.000 gizon bildu zituen. Hala ere, badirudi kopurua puztuta zegoela, Kartagotar inperioak, gehienez jota, 50.000tik 100.000ra soldadu bil litzakeelako. Pertsiarekin aliatuz gero, kartagotar mertzenarioak eta laguntza Pertsiatik etorriko ziren, baina ez dago halakorik esateko froga argirik.
Siziliarako bidean, kartagotar flotak eguraldi txarra zela eta, kalte handiak jasan zituen. Zizen (Panornusen izen punikoa) lehorreratu ondoren, Gelonek Hamilkar garaitu zuen Himerako guduan. Tradizioaren arabera, Salaminako guduaren egun berean gertatu zen[9]. Ez dago argi Hamilkar gudu horretan hil zen edo bere buruaz beste egin zuen. Ontziteriaren galerak, porrot militarrak eta jeneralaren heriotzak inbasio asmoak bertan zapuztu zituen.
Porrotaren ondoren, aldaketa politikoak eta ekonomikoak egin ziren Kartagon; errotutako nobleziazko gobernu zaharra baztertu zen, Kartagoko errepublikak ordezkaturik. Erregeak agintean jarraitu zuen baina murriztutako botereekin, eta hauetariko gehienak Zaharren Kontseiluak hartu zituen. Kartagok 2.000 talentu kalte-ordaintzat eman behar zizkien greziarrei eta ez zuen Sizilian 70 urtez parte hartu. Hala ere, Sizilian punikoek ez zuten lurralderik galdu ezta greziarrek beste batzuk irabazi ere. Sirakusak ez zituen Reggio ezta Selinus erasotu, nahiz Kartagoren aliatuak izan. Gerran lortutako harrapakina baliagarria izan zen Sizilian eraikin publikoak egiteko eta honen ondorioz, uhartean greziar kultura loratu zen. Merkataritza lagungarria izan zen greziar hiriak garatzeko, horren adibidea da Akragas, zeinen aberastasuna Sibariskoarekin konparatzen baitzen. Gelon K.a. 478an hil zen eta hurrengo 20 urteetan greziar tiranoak kanporatuak izan ziren. Azkenean, Sirakusa-Akragasko aliantza 11 etsaitutako komunitatetan apurtu zen oligarken eta demokrazien gobernupean, eta haien liskarrek eta espantsionismoak Bigarren Siziliar Gerra ekarri zuten.
Bigarren Siziliar Gerra (K.a. 410-340)
Himerako guduaren ondoren eta 70 urtez, Siziliako greziar hiriak aurrera joan ziren, baina haien arteko gatazkak bukatu gabe. Kartagok gaur egungo Tunisiaren iparraldeko erdia konkistatu zuen, oso lurralde emankorra, eta kolonia berriak fundatuz indartu zen, hala nola, Leptis eta Oea (gaurko Tripoli). Kartagok lurralde berriak esploratu zituen: Magon Barkak (ez nahastu Magon Barkarekin, Hanibalen anaia) bidaiak egin zituen Sahara basamortuan zehar Zirenaikaraino eta Hannon nabigatzailea Afrikako kostan barrena ibili zen. Hala ere, Iberiar penintsulako kolonia punikoak kartagotik bereizi ziren iberiarren laguntzarekin, eta horren ondorioz, Kartagok zilarrezko eta kobrezko hornidura gehienak galdu zituen.
Sizilian, Selinonte, greziar-doriar hiria eta Segesta, greziar-joniar (lehenago elimoarra) hirien arteko gatazkak berriztu ziren. Selinus sartu zen Segestaren eremuetan baina segestarrak K.a. 416an garaitu zituen. Kartagok laguntza eskaerari ez zion erantzun Atenas, ordea, Segestaren laguntzan etorri zen Siziliara espedizio bat bidaliz. K.a. 413an, siziliar hiriek Espartaren laguntzarekin atenastarren espedizioa suntsitu zuten. Selinusek, berriro, Segesta suntsitu zuen K.a. 411n. Oraingo honetan, Segestak Kartagorengana jo zuen eta Hannibal Magonek zuzendutako armada batekin, Segesta gai izan zen Selinonte irabazteko K.a. 410ean. Kartagok nahi zuen arazoa diplomatikoki bukatu armada sendo bati eusten zion bitartean. Ondoriozko elkarrizketetan, non Kartagok, Segestak, Selinontek eta Sirakusak parte hartu baitzuten, ez zen posible izan Segesta eta Selinonteren arteko bakea lortzea, beraz, Hanibal Magon Siziliara abiatu zen armada indartsu batekin. Selinonteko gudua irabazi ondoren, izen bereko hiria konkistatu zuen eta gero, Sirakusaren laguntza gorabehera, Himera suntsitu zuen Himerako Bigarren Gudua. Hanibalek ez zuen Akragas ezta Sirakusa eraso ere, eta K.a. 409an Kartagora itzuli zen lortutako harrapakinarekin. Siziliako Kartagoren etsairik nagusiena, Sirakusa, kalterik gabe zegoen. Sirakusako Hermokrates jeneral arnegariak, Selinontetik armada txiki batekin kartagotar lurraldeak arpilatu zituen. Berak lortu zuen Motia eta Panornosko indarrak irabaztea, baina Sirakusan bizia galdu zuen atentatu baten ondorioz. Eraso horiei erantzuteko, K.a. 405ean, Hanibal Magonek beste espedizio bat antolatu zuen uharte osoa konkistatzeko. Oraingo honetan, izugarrizko erresistentzia eta zorte txarra izan zuen. Izan ere, Akragasko setioan kartagotar indarrak izurriak jota izan ziren, Hanibal Magon barne.
Horren ondorengoa, Himilkon, arrakasta izan zuen setioa apurtzen, Gela hiria konkistatzen, Camarina arpilatzen eta Dionisio I.ari maizetan irabazten. Hala ere, izurriak egindako kalteaz jakitun zenez, bakea sinatu zuen Kartagora itzuli baino lehen. Horren arabera, Selinonte, Termak, Akragas, Gela eta Camarina zergak ordaindu behar zizkien menpeko gisa. Hau izan zen kartagotar boterearen erpina Sizilian.
K.a. 398an, Dionisiok indarrak berreskuratu zituen eta bake ituna apurtu zuen Motia gotorlekua setiatuz eta menperatuz. Himikonen erantzuna gogorra zan zen, antolatutako espedizioak Motia eta Messina konkistatu zituen, azkenean, greziarrak menperatu eta gero Cataniako itsas guduan, Sirakusa bera setiatu zuen. Setioa K.a. 397an hasi zen, baina K.a 396an, berriro ere, izurriak kartagotar armada hondatu zuenez, setioa bertan behera geratu behar zen, baina kartagotarren eta elimoen lurraldeen kontrola galdu gabe. Borrokatzaileek ez zuten ezein itun sinatu guduaren amaiera adierazteko.
Dionisiok berriro indartu zenean K.a. 396an, Solinonte arpilatu zuen. K.a. 396-393 artean, Sirakusak boterea hedatu zuen Siziliako ekialdean, horren adibidea da Tauromenioko setioa, K.a. 394an.
Garai hartan, Kartago lanpetuta zegoen Afrikan matxinada bat itzaliz. K.a. 393an, Magonek, Himilkonen ondorengoak, eraso bat egin zuen Messinaren kontra baina Dionisiok irabazi zuen Abazenoko guduan. Armada berri batekin, Magonek beste espedizio bat zuzendu zuen erdiko Siziliaren kontra baina arazoak izan zituen Krisa ibaiaren ondoan. Dionisiok ere, buruhausteak zituenez, bake itun bat sinatu zuen Kartagorekin. Honen arabera, Sirakusak eta Kartagok elkarri errespetatuko zizkieten bakoitzaren eremuak.
Dionisio berriro hasi zen borroka egiten K.a. 383an. Magon Tarasek zuzendutako italiota ligarekin aliatu zen eta armada bat lehorreratu zuen Brutzian, honela Sirakusak bi frontetan borroka egin behar zuen. Kanpainetako lehenengo lau urteen zehaztasunak urriak dira, baina K.a. 378an, Dionisiok, Magon garaitu zuen Cabalako guduan. Kartagok, Sizilian eta Sardinian sortutako matxinadak menperatu behar zituenez, bakea eskatu zuen.
Dionisiok exijitu zion Sizilia osotik alde egitea. Kartagotarrentzat hau onargarria ez zenez, gerrak jarraitu zuen Himilkonekin, Magonen semearekin, zeinak Sirakusako armada suntsitu baitzuen Kroniumgo guduan K.a. 376an. Ondoriozko bake hitzarmenean adostutakoan, Dionisiok 1000 talentu kalte-ordainez Kartagori emateaz gain, Siziliako mendebaldeko kontrola utzi behar izan zion.
Dionisiok, K.a. 368an, berriro galkatu zuen jabego punikoak K.a. 368an Lilibeo setiatuz. Haren ontziteria suntsitua izateak gerraren amaiera ekarri zuen. Honen heriotzak 367an, 22 urteko bakea gauzatu zuen Kartago eta Sirakusaren artean. Dion Sirakusakoak Kartagorekin bakea sinatu zuen eta honek eutsi zizkien Halikas eta Himera ibaien mendebaldeko jabegoei.
Kartago Sirakusako arazo politikoetan sartu zen K.a. 345ean eta horren armada saiatu zen hirian sartzen, lehiakide politiko batek gonbidaturik. Magon buruzagiak akats egin ondoren, erabaki zuen Afrikara alde egitea, baina gutxira, bere buruaz beste egin zuen zigorra ez izateko.
K.a. 340ean, Krimisoko guduan, Timoleonek Sirakusako tropekin, Kartagoko armada zokoratu zuen uhartearen hego-mendebaldeko bazterrean, eta horren ondoren, Sizilian behin-behineko bakea izan zuten. Kartagoren esku geratu ziren Haliko ibaiaren mendebaldeko eskualdeak.
Hirugarren Siziliar Gerra (K.a. 315-307)
K.a. 315ean, Agatokles Sirakusako tiranoak Messina setiatu zuen. K.a. 311n azken kartagotar jabegoak inbaditu zituen baita Akragas setiatu ere. Horrek azken bake-itunean adostutakoa apurtzen zuen. Hamilkar, Hannon nabigatzailearen bilobak, kontraeraso arrakastatsu bat gidatu zuen. Agatokles garaitu zuen Himera ibaiaren guduan K.a. 311an. Agatoklesek Sirakusara alde egin zuen eta Hamilkarrek Sirakusako setioa zuzendu zuen. Kartagok Sizilia osoaren kontrola izan zuen. Etsita, Agatoklesek 14.000 soldaduko espedizio bat gidatu zuen Libiara,[10] Kartagori kontraerasoa egiteko. Espedizioak arrakasta izan zuen, Hamilkarrek Siziliako armada gehiena Afrikara eraman behar izan zuelako ezusteko arriskuari aurre egiteko. Bi armadek elkar jo zuten Tunisia Zuriaren guduan, Kartagoko kanpoaldean. Sirakusarrek Hannon eta Hamilkarren armada suntsitu eta gero Kartagori jarri zioten setio, baina ezin zituztenez harresi menderaezinak zeharkatu, Tunisiako iparraldeko lurraldeak hasi ziren oldartzen, K.a. 307an garaituak izan arte. Agatoklesek Siziliara ihes egin zuen eta bake ituna sinatu zuen Kartagorekin. Honen arabera, Sirakusak Siziliako greziar gotorleku izaten jarraitu, berak eta Messinak botere handia galdu bazuten ere.
Ondorioak
Agotoklesek bakea eskatu ondoren, Kartagok izan zuen denboraldi labur batez Siziliako kontrola, Pirroren gerran bukatu zena (K.a. 280-265). Epiroko errege honen siziliar espedizioa izan zen Pirroren gerraren bigarren fasea, zeinak hasiera emango baitzien Gerra Punikoei. Pirro Epirokoa Siziliara heldu zen kartagotarrak kanporatzeko. Berak Palermo, Erix eta Ietas konkistatu zituen, baina porrot egin zuen Lilibeoko setioan. Horren ondoren, Latiumera itzuli zen.
Erroma, nahiz eta Siziliatik oso hurbil egon, ez zen uharteko V. eta IV. mendeko gatazketan sartu. V. mendean kezkatuta zegoelako etruriarrekin eta IV. mendean Italia konkistatzen ari zelako. Hala ere, Sizilian sartu ondoren, uhartearen erabakiezinezko gudak bukatu ziren.
Erreferentziak
- Tuzidides: VI. 2. 6.
- FREEMAN, Edward A., History of Sicily, I. bolumena, 283–297 orriak – jabari publikoko liburua
- MARKOE, Glenn E.: "Phoenicians", 54–55 orriak, ISBN 0-520-22614-3
- Diodoro Sikulo: IV. 23.
- FREEMAN, Edward A., History of Sicily, 2. bolumena, 97-100 orriak.
- BAKER, G.P.: Hannibal, 15. orr.
- FREEMAN, Edward A., History of Sicily, 2. bolumena, 130-131 orriak – jabari publikoko liburua
- Herodoto: VII.163
- Herodoto: 7.166
- Antzinatean, Libia izenez aipatzen ziren Marokotik Egiptoko mendebaldera dauden lurraldeak.