Siya Kolisi
Siyamthanda Kolisi (Port Elizabeth, 1991ko ekainaren 16a) hegoafrikar hamabosteko errugbilaria da, hirugarren lerroko hegal postuan aritzen dena. Hegoafrikako Stormers eta Sharks taldeetan jokatu ostean, Top 14ko Racing 92k kontratatu zuen 2023an.[1] 2013an egin zuen debuta Hegoafrikako selekzioarekin, eta kapitaina da 2018tik.[2] 2019ko eta 2023ko Munduko Errugbi Kopak irabazi zituen Hegoafrikako talde nazionalarekin.[3][4] 2023ko apirilean, Ikhamanga Ordena eman zion Hegoafrikako Gobernuak.[5]
Siya Kolisi | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizitza | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jaiotza | Port Elizabeth, 1991ko ekainaren 16a (32 urte) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Herrialdea | Hegoafrika | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Familia | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Ezkontidea(k) | Rachel Kolisi (en) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Heziketa | Grey High School (en) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hizkuntzak | ingelesa | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | hamabosteko errugbilaria | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Posizio edo espezialitatea | hirugarren lerroko hegala | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Pisua | 102 kilogramo | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Altuera | 188 zentimetro | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Lehenbiziko urteak
Siyamthanda Kolisi Zwiden jaio zen, Port Elizabeth inguruko herri txiroenetako batean, 1991ko ekainaren 16an; haren amak, Phakamak, 16 urte besterik ez zuen artean.[6] Jaio eta gutxira aitak alde egin zuen haren ondotik, eta amaren familiak ez zuen ezer jakin nahi izan.[2] Hamabost urte zituelarik, ama hil zitzaion.[6]
Horiek horrela, amonak —aitaren amak— hezi zuen. Sukaldeak garbitzen egiten zuen lan bilobari ikasketak ordaintzeko. Jatekoa, berriz, bizilagunei eskatzen zien. Amonak egunak igaro zituen jan gabe Kolisi txikiari emateko. Artean nerabe zela, amona larri gaixotu zen, eta Kolisik ikasketak utzi zituen hura zaintzeko.[2]
Amatxi hil zelarik itzuli zen eskolara, eta bertako ostatuan bizi izan zen hilabete askotan, ez zuelako nora joan. Orduan hasi zen errugbian jokatzen. "Amonarekin batera, nire salbazioa izan zen, hezkuntza eta lagun onak izateko aukera eman zidalako. Baina, batez ere, itxaropena eman zidan. Lehen beka eman zidatenean hasi nintzen amesten".[2]
Kirol bizitza
Beka bati esker, Port Elizabetheko Grey High School-en ikasi ahal izan zuen, eta bertako errugbi taldean nabarmendu zen.[6] 2007-2009 bitartean, Eastern Province Kings klubeko gazte mailako taldeetan jokatu zuen eta, bai 2010ean, bai 2011n, 20 urte azpiko munduko txapelketetan parte hartu zuen Hegoafrikako selekzioarekin.[7]
2011n egin zuen debuta Currie Cupen, Western Provincerekin, eta 2012an Super Rugbyn, Stormers frankiziarekin. Bere abiadurak, izaera lehiakorrak eta teknikak Hegoafrikako errugbi selekzioaren ateak ireki zizkioten.[2] 2013 ekainaren 15ean jokatu zuen lehenbiziko partida Springboksekin, Mbombelan, Eskoziaren aurka.[8]
2018ko ekainean, selekzioko kapitain izendatu zuten; lehenbiziko jokalari beltza izan zen Hegoafrikako kapitain besokoa eramaten.[2] Beraz, 2019ko azaroaren 2an berak jaso zuen Webb Ellis kopa, Munduko Errugbi Kopako finalean Ingalaterra 32 eta 12 garaiturik.[3]
2021ean, Stormers utzi zuen, eta United Rugby Championshipen aurrenekoz parte hartu behar zuen Sharksera aldatu.[9] 2023ko urtarrilean iragarri zuenez, 2023-24 denboralditik aitzina Frantziako errugbi txapelketan ariko da, Racing 92 taldean.[10]
Bizitza pertsonala
2016an Rachel Smithekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba dituzte: Nicholas Siyamthanda semea (2015ean jaioa) eta Keziah alaba (2017an jaioa). Liyema eta Liphelo, 2009an hil zen Siyaren amaren seme-alabak, Kolisi familiaren parte dira 2014tik, bost urtez Port Elizabetheko umezurztegietan eta harrera-etxeetan bizi izan ondoren.[11]
2020an, Siya eta Rachel senar-emazteek The Kolisi Foundation sortu zuten, COVID-19 pandemiaren ondorioei aurre egiteko asmoz. Genero-indarkeria, elikadura-segurtasun eza, hezkuntza eta kirola dira fundazioaren lan-eremu nagusiak, eta arreta berezia ematen die Zwideri eta beste hiri eta auzo txiro batzuei.[12]
Palmaresa
Hegoafrikako selekzioa
- The Rugby Championship
- irabazlea: 2019
- Munduko Errugbi Kopa
Erreferentziak
- Rugby: Siya Kolisi joins Racing 92. africanews.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-30).
- Arratibel Gascon, Ainara. Berdintasunaren besokoa. Berria, 2018ko ekainak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-26).
- Hegoafrika hirugarrenez munduko txapeldun, Ingalaterrari irabazita (32-12). Berria, 2019ko azaroak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-26).
- World Cup 2023 final. Reuters, 2023ko urriak 27, reuters.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
- Khumalo, Juniour. Siya Kolisi, Desiree Ellis, Tracy Chapman among 32 bestowed national orders by Ramaphosa. news24.com (Noiz kontsultatua: 2022-7-29).
- Craig, Ray. Siya Kolisi: "We represent something much bigger than we can imagine". The Guardian, 2018ko ekainak 6, theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2022-7-28).
- Siya Kolisi. mandela.ac.za (Noiz kontsultatua: 2022-7-28).
- Siya Kolisi. en.espn.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-7-28).
- Siya Kolisi is officially a shark. sharksrugby.co.za (Noiz kontsultatua: 2022-7-29).
- Siya Kolisi au Racing, c'est officiel. L’Équipe, 2023ko urtarrilak 3, lequipe.fr (Noiz kontsultatua: 2023-7-6).
- Canham, Tamlyn. Siya Kolisi on how finding his sister changed his life. kaya959.co.za (Noiz kontsultatua: 2022-7-28).
- Macfarlane, Christina. ‘There is nothing worse than hunger,’ says South Africa hero Siya Kolisi of helping townships during lockdown. edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2023-7-29).
- Siya Kolisi True Story. sablenetwork.com (Noiz kontsultatua: 2023-7-28).
- Currie Cup 2014. en.espn.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-7-27).
- Sharks win classic Currie Cup Final. planetrugby.com (Noiz kontsultatua: 2023-7-27).
Kanpo estekak
- (Ingelesez) African Bomber. The True Story of Siya Kolisi, sablenetwork.com
- (Ingelesez) Siyamthanda Kolisi, sahistory.org.za