Blocus Continental
Blocus Continental (Euskaraz: Kontinenteko Blokeoa) Ingalaterrak Frantziako Inperioari 1806an ezarri zion itsas blokeoari erantzunez Napoleon I.ak hartu zituen neurriei ematen zaien izena (frantsesez).
Helburua
Napoleonen helburua Ingalaterrak kontinentean zituen merkataritza-harremanak erabat deuseztatzea zen. Horren ondorioz sorturiko ekonomia-krisiak bake bidean jarri zuen ezinbestean Ingalaterra. 1806ko azaroaren 21ean galarazi ziren Britainia Uharteetako merkataritza-harreman guztiak (Berlingo Dekretua). Une hartatik aurrera, itsasoan nagusi zen Ingalaterrak eragotzi zien itsasoan ibiltzea portu ingelesetan aduana-eskubideak ordaindu ez zituzten ontzi guztiei. Fontainebleauko (1807ko urriak 13) eta Milango (1807ko azaroak 23) Itunen bitartez, ingelesekin harremanetan jarritako ontzi guztiak eskuratzeko ahalmena eman zitzaion armada frantsesari. Blokeoaren eragina erabat ziurtatzeko, Napoleonek konkista gehiago egin zituen Espainian eta Portugalen (1808). Errusia hasieran blokeoaren alde agertu bazen ere, hautsi egin zuen Ituna 1811n, eta Errusiako kanpainaz erantzun zuen Napoleonek. Europa aldeko esportazio ingelesak urritu ziren arren, Espainiaren Ameriketako koloniekiko merkataritza-harremanak areagotu egin ziren. 1810. urtetik aurrera, Britainia Handiko produktuen aurkako blokeoa arindu egin zen, eta erabat amaitu zen Napoleon I.aren porrotaren ondoren (Waterlooko gudua, 1815).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.