Heliozentrismo

Heliozentrismoa (grekeraz: ἥλιος-helios «eguzkia» eta κέντρον-kentron «erdigunea») eredu astronomiko bat da. Eredu honen arabera, Eguzkia erlatiboki geldirik dago, eta unibertsoaren erdian kokatuta dago; eta Lurra eta beste planeta guztiak Eguzkiaren inguruan biraka dabiltza. Historikoki heliozentrismoa eta geozentrismoa (lurra erdian kokatzen da, eta eguzkiak ematen dio bira lurrari) kontrako ikuspegiak ziren. Lurra eguzkiaren inguruan biratzen delako ideia K.a III. mendekoa da. Garaiko astronomoen artean arrakastarik izan ez zuen arren, Arkimedesek Zirkuluaren neurriaz liburuan aipamena egin zuen.

Sistema geozentrikoa: planeten orbitak Lurretik ikusita. Giovanni Cassini.

Pizkundean, XVI. mendean, Nikolas Koperniko poloniar katoliko eta matematikariak sistema heliozentrista aurkeztu zuen bere De revolutionibus orbium coelestium liburuan 1543an. Antzinean Aristarko Samoskoak ere proposatu zuen teoria hori, Eguzkiaren tamaina Lurrarena baino askoz handiagoa zela ikusita.[1] Heliozentrismoak zalantzan jarri zuen ordu arte indarrean izan zen Klaudio Ptolomeoren teoria geozentrikoa, hau da, Eguzkia eta gainontzeko planetak Lurraren inguruan biratzen zirelako teoria. Koperniko mugitzen ari zen Lur baten ideian oinarritu zen planeten mugimendua azaltzeko. Sistema heliozentrikoan, errazagoa da planeten posizioak zuzen kalkulatzea eta, horregatik, Kopernikok ez zuen inongo zalantzarik izan 2.000 urte baino gehiago iraun zuen teoria geozentrikoarekin apurtzen. Horrek markatu zuen Zientziaren historiaren kopernikar iraultza. Hurrengo mendean, Johannes Keplerrek heliozentrismoari orbita eliptikoen ideia erantsi zion. Haren lanak teleskopio batetik egindako behaketetan oinarritu ziren, eta ondoren Galileo Galileik aurkeztu zituen.

Unibertso heliozentrikoa. Lana: Armonia Makrokosmikoa, Andreas Cellariusena, 1708.

William Herschelek, Besselek eta beste hainbat astronomok egindako behaketekin unibertsoaren erdian Eguzkia dagoela onartu zuten. 1920an Edwin Hubblek unibertsoa askoz ere gauza konplexuagoa zela frogatu zuen: gure galaxia Esne Bidea dela eta mila milioi galaxia gehiago daudela.

Funtsezko hipotesiak

Kopernikoren teoriaren funtsezko hipotesiak honako hauek dira:

  1. Mundua (unibertsoa) esferikoa da.
  2. Lurra ere esferikoa da.
  3. Zeruko gorputzen mugimendua erregularra da, zirkularra eta betierekoa edo mugimendu zirkularrez osatua. Mugimendu mota ezberdinak nabarmentzen dira.
    • Eguneko mugimendua: Lurrak 24 orduan eginiko bere ardatzaren inguruko errotazioak eragina, eta ez unibertso osoak.
    • Eguzkiaren urteroko mugimendua: Lurrak, urte betean Eguzkiaren inguruan egiten duen translazioak eragina.
    • Ilargiak hilero egiten duen Lurraren inguruko bira.
    • Planeta mugimendua: Norberaren eta Lurraren mugimenduaren konposaketak eragina. Planeten mugimenduaren erretrogradazioa irudizkoa baino ez da, eta ez benetako mugimendu bat, eta Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen translazioak eragiten du.
  4. Zerua berebizikoa da Lurraren magnitudearekiko.
  5. Zeru orbiten ordena. Ptolomeoren astronomiak planetei ematen zien ordena kritikatu ondoren, Eguzkitik bananduta dauden ordena zuzena adierazten du.

Ezin da zalantzan jarri teoria geozentrikoko 2000 urteak ez zirela Kopernikoren liburua argitaratu bezain pronto amaitu. Bi sistemen arteko trantsizioa pixkana-pixkana eman zen, Pizkundeak eta neoplatonismoak inspiratutako gizarte behar batek gobernatua.

Planeten mugimenduak teoria heliozentrikoan

Teoriak, Lurra espazioan, orbita eliptiko batean, beste edozein planeta bezala mugitzen zela iradokitzen zuen, eta planeten zeruko mugimendu zaila, Lurraren translazio eta errotazio mugimenduen konbinaketaren emaitza zela. Mende asko lehenago, Aristarko Samoskoa eredu heliozentriko bat aurkezten saiatu zen arren, eta Kopernikok Pizkunde garaian gauza bera egin arren, egia esan, Ptolomeoren ereduak, planeten mugimenduak, garaiko astronomo eta astrologoak konformatzeko haina zehaztasunez deskribatzen zituen. Baina Koperniko eta bere eredua interesatu zitzaien gainontzeko zientzialariak erakarri zituena, sistema beraren sinpletasuna zen. Hala eta guztiz ere, Keplerren lanak iritsi arte ez zen planeten mugimenduaren eredu on bat agertu.

Kopernikoren ereduan, bi goiko edo beheko konjuntzioen arteko tartea, planeta barnekoa bada, eta bi bateratze edo oposizioren artekoa, planeta kanpokoa bada, aro orbitala deitzen da. Antzinatetik ezagutzen da aro hori planeta guztientzat. Aro sinodiko horretan, planeten konfigurazio ezberdinak errepikatzen dira. Kopernikoren ideiak, Ptolomeoren ereduaren krisi testuinguru batean agertzen dira, oraindik akatsak izaten jarraitzen zuena, eta geroz eta zailagoa egiten ari zen epiziklo berriak sartuz. 1500ean, Kopernikok astronomiako doktoretza lortu zuen, Erroman. Hurrengo urtean, Paduan medikuntza ikasteko baimena lortu zuen (Galileok ikasketak eman zituen unibertsitatea, ia mende bat beranduago). Mediku bezala graduatu zenik sekula dokumentatu ez den arren, mediku bezala lan egin zuen sei urtez Heilsbergen. 1504tikaurrera, Frauenburgeko diozesiko kanonigoa izan zen. Urte hauetan zehar Theophylactusen gutunak grezieratik eginiko itzulpena argitaratu zuen (1509), finantzak ikasi zituen eta 1522an, txanponaren erreformei buruzko memorandum bat idatzi zuen.

Koperniko, heliozentrismoaren aurkitzaile edo benetako garatzailetzat har ezin daitekeen arren, funtsezko funtzio bat bete zuen bere ondorengo zientzialarien inspiratzaile bezala. Benetako iraultza oraindik etortzeko zegoen, Galileo, Kepler edo Descartes bezalako zientzialariek gai honi buruzko eztabaidak sortzerakoan, zeintzuk epistemologia, filosofia eta teologia berrantolatzera eramango zuten. Hain zuzen ere, Galileok Jupiterren ilargien behaketak izan ziren balantza Kopernikoren iraultzaren alde okertuko zuten froga sendoak.

Lehen ikusmoldeak

Zerua begiratzen duen edonori iruditu diezaioke lurra leku bakar batean geldirik dagoela eta zerua ekialdetik sartu eta mendebaldean sartzen dela. Gehiago aztertzen badugu ordea, mugimendu konplexuagoak ikusten dira. Esaterako eguzkia eta ilargia irteten diren lekua urtean zehar aldatu egiten dela, edo izar eta planeta batzuk hilabete askotan desagertu egiten direla, edo planetak batzuetan atzeko izarren kontrako mugimenduan mugitzen direla. Aipatutako mugimendu honi “planeten atzerakoitasuna” deitzen zaio.

Mugimendu hauek hobeto aztertzen eta ulertzen joan ahala, deskribapen hobeak egin ahal izan ziren, ezagunena teoria geozentrikoa (ptolomeotarra) izan zen, K.o II. mendean goia jo zuena. Ptolomeotar sistema, sistema astronomiko sofistikatu bat zen, planeten posizioa zehaztasun handiz kalkulatzeko balio zuena.[2] Ptolomeok Almagesto lanean adierazi zuen mugimenduak aztertzeko tresna matematiko sinple bat nahikoa dela. Hala ere, lurraren errotazioaren ideia baztertzen zuen, arrazoituz horrek haize ikaragarriak sortuko lituzkeela. Bere planetaren hipotesiak, ordea, egokiak ziren, lurraren, eguzkiaren eta izarren distantzia zehatza neurtzeko gai izan baitzen. Hartara, izarrak 20 unitate astronomikotan ezarri zituen.[3]

Pitagorikoak

Unibertsoaren modelo geozentrikoa Filolao pitagorikoak proposatu zuen (K.a 390. urte inguruan). Filolaoren arabera, unibertsoaren erdian “su zentrala”  dago eta honen inguruan dauden lurra, eguzkia, ilargia eta planetak mugimendu zirkular uniformeak egiten dituzte. Eguzkiak su zentralaren inguruan biratzen du urtean behin eta izarrak geldirik daude; lurrak beti alde berdina ezkutatzen du su zentralarekiko, hauek lurrarekiko ikusezinak bihurtuz. Mugimendu zirkular uniformearen kontzeptu pitagorikoa zeruko mugimenduak izendatzeko erabili zen 2000 urtez gutxi gorabehera. Kopernikok hauek aipatu zituen esanaz Lurra geldirik zegoelako ideia ez zela berria, ez eta iraultzailea ere.[4]

Heraklides Pontikok (K.a. IV. mendea) zeruko esferaren eguneroko mugimendua azaltzen zuen lurraren errotazioaren bidez. Esaten denez, Merkuriok eta Artizarrak Eguzkiaren inguruan biratzen zuela sinesten zuen, eta hauek beste planetekin batera Lurraren inguruan biratzen zutela.[5]

Aristarkoren III. mendeko Lurraren, Eguzkiaren eta Ilargiaren  kalkuluak X. mendeko kopia greziar batekiko.

Aristarko Samoskoa

Sistema heliozentrikoa proposatu zuen lehen pertsona ezaguna Aristarko Samoskoa izan zen (K.a 270. urtea). Eratostenesen antzera, Lurraren tamaina kalkulatu zuen eta, Eguzkiaren eta Lurraren distantziak kalkulatu zituen. Aristarkok ondorioztatu zuen Eguzkia Lurra baino sei edo zazpi aldiz handiagoa dela eta ehunka aldiz bolumen handiagoa duela.

Aristarkok uste zuen izarrak urrun zeudela eta hau oinarri hartuta, Lurra Eguzkiaren inguruan biratzen zenean, eguzkiak ez zirela mugitzen pentsatzen zuen. Antzina pentsatzen zena baino urrunago daude izarrak, eta beraz teleskopioarekin bakarrik ikus zitekeen.

Kopernikar iraultza

Eredu astronomikoa​

XVI. mendean Nikolas Kopernikoren De revolutionibus-ek eztabaida bat aurkezten du unibertsoaren  eredu heliozentrikoaren inguruan, hau da, Ptolomeok bere Almagesto lanean eredu geozentrikoa aurkeztu zuen modu antzekoan K.o II. mendean. Kopernikok filosofikoki eztabaidatzen du proposatutako sistemaren inguruan, geometrikoki behaketa astronomikoak zehaztasunez egiten ditu eta taula astronomiko ugari idazten ditu etorkizuneko izarren eta planeten posizioak kalkulatzeko. Honekin, Kopernikok heliozentrismoa espekulazio filosofikoetatik astronomia iragarle geometrikora mugitu zuen.[6]

Kopernikoren sistema heliozentrikoa, sinplifikatuta. De revolutionibus-etik hartua.

Zientzia modernoaren ikuspuntua

Keplerren hiru legeek (1600. urte hasiera) matematikoki deskribatzen dute Eguzkiaren inguruko orbiten mugimenduak. Heliozentrismoaren hipotesiaren hiru froga nabarmen eman ziren 1727an Bradleyren eskutik, 1838an  Friedrich Wilhelm Bessel-en eskutik eta 1851an Focaulten eskutik. Besselek izarretako paralaxia zero baino handiagoa zela frogatu zuen. Urte berean Friedrich Georg Wilhelm Struvek eta Thomas Hendersonek beste bi izarren paralaxia neurtu zuten, zehazki esanda Vega eta Alpha Zentaurirena.

Heliozentrismoaren ideia egiazkoa ez dela pixkanaka ondorioztatzen joan zen. Eguzkia ez zela unibertsoaren erdigunea baizik eta izar bat beste askoren artean Giordano Brunoren ekarpena izan zen. XVIII eta XIX. mendeetan zehar Eguzkia izar bat zenaren ideia gero eta nabariagoa zen. XX. menderako  galaxia asko zegoenaren gaia jada ez zen eztabaidagai.

Abiadura absolutuaren kontzeptua, geldialdian egotea kontuan hartuta kasu partikular bezala, erlatibitatearen printzipioan oinarritua dago, baita edozein unibertsoaren erdigune ere koordenada natural bezala. Mach-en printzipioaren formulazio batzuk kontuan hartzen dute egonaldiak unibertsoaren masa distantziekin alderatuz propietate bereziak direla.

Eztabaida Eguzki Sistemara mugatzen bada, eguzkia ez dago planeten zentro geozentrikoan, baizik eta orbita eliptikoen fokuan. Gainera, planeta baten masa eguzkiaren masarekin alderatuta gutxiago denez, Eguzki sistemaren grabitate zentroa Eguzkiaren zentroarekin mugitzen da (platenen masa, Jupiterrena adibidez, eguzkiaren masaren %0,14 da).

Geozentriko eta heliozentriko adjektiboen erabilera modernoa

Kalkulu modernoetan, geozentriko eta heliozentriko terminoak arrazoi praktikoengatik hartutako koordenatu sistemak izendatzeko erabiltzen dira. Sistema horietan, jatorria Lurraren masen zentroa, Lurra-Ilargi sistema, Eguzkia, Eguzkitik hasi eta planeta guztiak eguzki sistema osoa kontuan hartuta aukera daiteke. Dena dela, koordenatu geozentriko edo heliozentrikoen aukeraketak soilik inplikazio praktikoak ditu, filosofikoak eta fisikoak alde batera utzita.

Erreferentziak

  1. Krafft, Fritz (2009). "Astronomy". In Cancik, Hubert; Schneider, Helmuth. Brill's New Pauly.
  2. Debus, Allen G. (1987). Man and nature in the Renaissance. Cambridge University Press. p. 76. ISBN 0-521-29328-6. Chapter V, page 76.
  3. Dennis Duke, Ptolemy's Universe
  4. Boyer, C. A History of Mathematics. Wiley, p. 54
  5. Eastwood, B. S. (1 de noviembre de 1992), «Heraclides and Heliocentrism – Texts Diagrams and Interpretations», Journal for the History of Astronomy 23: 233, Bibcode:1992JHA....23..233E
  6. Henry, John (2001). Moving heaven and earth : Copernicus and the solar system. Cambridge: Icon. p. 87. ISBN 978-1-84046-251-7.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.