Sistema eragileen arkitektura
Sistema eragileen arkitektura edo egitura sistema eragilearen nukleoaren osagaiak zeintzuk diren, nola antolatzen eta nola elkar funtzionatzen duten deskribatzen duen irizpidea edo sailkapena da.
Sistema eragile monolitikoa
Antzina erabiltzen zen egitura da. Tanenbaum-en arabera “egitura gabeko egitura” da. Sistema eragilea inolako mugarik gabe elkarri dei egin dezaketen software funtzio bildumaz osatuta dago, funtzio bakoitzak behar dituen parametro eta itzultzen dituen emaitzak garbi azalduta daudelarik. Sistema eragilea osatzen duen programa erraldoia prozedura guzti hauek konpilatu eta estekatuz sortzen da.
Nukleo Monolitikoa duten sistema eragile batzuk:
Geruza egiturako sistema eragile
Hardwarearen gainean gainjarritako alegiazko mailak eraikiz erabiltzailearen mailara iristeko ideian oinarrituriko egitura da. Eraztun zentrokide izenarekin ere ezagutzen den egitura hau, gaur egun sistema eragileen egitura logikoa eta maila/eraztun bakoitzean egikaritzen diren prozesuen pribilegio maila azaltzeko erabiltzen da.
Honen arabera, gaur egungo sistema eragile baten egitura ondoko hau izango litzateke:
- 0 geruza: sistema informatikoaren hardwarea. Bere helburua beste geruza guztiak hardwarearen xehetasunengandik isolatzea da, geruza honen gainetik dagoen software guztiak makina abstraktu batekin lan egingo duelarik.
- 1 geruza: PUZ-aren erabilpenaren plangintza. PUZ-aren denbora prozesuen artean nola banatu erabakitzen du, era honetan multiprogramazio mekanismo bat ezarriz.
- 2 geruza: memoria kudeaketa. Memoria nagusiko guneak prozesuen artean banatzen ditu eta bertan lekurik ez duten prozesuak kokatzeko guneak antolatzen ditu, hau da, alegiazko memoria mekanismoa ezartzen du.
- 3 geruza: Sarrera-irteera (S/I) gailuen eta fitxategien kudeaketa. S/I gailuetaz eta fitxategietaz arduratzen da. Maila honen gainetik dauden prozesuek ezaugarri berberak dituzten S/I gailu abstraktuekin lan egiten dute.
- 4 geruza: sistemarentzako deien interfazea. Beraien bidez erabiltzailearen prozesuek sistemaren zerbitzuak eska eta erabil ditzakete.
- 5 geruza: erabiltzailearen programak. Bertan, erabiltzailearen programak egikaritzen dira.
Geruza/eraztun kontzeptua egikaritze pribilegio kontzeptuarekin oso loturik dago. Geruza bat 0 geruzatik zenbat hurbilago egon, geruza horretan egikaritzen ari diren prozesuek pribilegio handiago izango dute (0 geruzak du maila nagusia hardwarearekin zuzenean elkarrizketatzeko gai den bakarra delarik).
Mikronukleoa eta bezero- zerbitzari
Gaur egungo (2007) sistema eragileetan nukleoaren tamaina ahalik eta txikiena izateko joera dago, mikronukleo edo mikrokernel-a izenarekin ezagutuz.
Sistema eragileko funtzio gehienak bezero-zerbitzari egitura duten erabiltzaile geruzako prozesuak bezala ezartzen dira. Era honetan, sistema eragilea tamaina txikiko ataletan zatitzen da, atal bakoitzak sistemaren zati bat kontrolatzen duelarik; bezero eta zerbitzariaren arteko komunikazioaz arduratzen dena nukleoa da. Gainera, zerbitzariek nukleoak duen pribilegio maila baino txikiagoa dutenez, haiek ez daukate hardware zuzenean atzitzeko aukerarik, akats orokorren arriskua gutxituz. Egitura honen beste abantaila nagusi bat sistema banatuetan erabiltzeko gaitasuna da: bezeroa zerbitzariarekin komunikatzeko erabiltzen diren mezuak makina berean edo sarea erabiliz atzituko den urruneko makina baten prozesatuko diren berdin dio. Nahiz eta egitura honen ideia oso erakargarria izan, sarritan arazoak sortzen dira errealitatea bihurtzeko orduan (hardwarea atzitu behar duten prozesuen pribilegioen maila dela eta).
Ikus,gainera
- Memoria kudeaketa taula
- Mikronukleo
- Nukleo
- Sistema eragile
Erreferentziak
- Deitel , H.M.: Sistemas Operativos. 2ª ed. Addison Wesley Iberoamericana. 1993.
- Tanenbaum, A.S.: Sistemas operativos. Diseño e implementación. Prentice Hall 1998.