Siriako Armada Askea
Siriako Armada Askea (arabieraz: الجيش السوري الحر, al-Jaysh as-Sūrī al-Ḥurr), ingelesezko FSA siglaz ere ezaguna, Siriako Gerra Zibilean gudukatzen ari diren talde armatuetako bat da, 2011ko uztailaren 29an sortua, 2011ko Siriako matxinadaren ondoren.
Babesa
Mendebaldearen, Turkiaren eta Golkoko monarkien laguntzarekin sortutako egitura bat da FSA, hainbat taldek osatutakoa. Turkiatik jarduten duen buruzagitza bat badu, baina zalantzagarria izan da buruzagitza horrek Sirian dauden taldeengan eduki duen kontrola. Era berean, NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalaren nazioarteko babesleek nahi zuten erakunde horren adar armatua bihurtzea FSA.[1]
Helburua
FSAk Baxar al-Assad Siriako presidentea boteretik kentzea dauka helburu nagusitzat, eta PYDi leporatu izan dio Al-Assadi laguntzea.[1]
Gatazka kurduekin
Siriaren ikuspegi arabiarzalea dute, eta nagusiki islamistak diren taldeek jardun dute FSAren izenean, eta 2011n gerra lehertuz geroztik kurduen miliziekin liskar bat baino gehiago izan dituzte, kurduen lurraldeetan sartzen saiatu direlako. 2014ko urriaren 24an, Turkiako presidenteak adierazi zuen Siriako FSA matxino taldeko 1.300 borrokalari kurduen Kobane hirira joango zirela Estatu Islamikoaren aurka, baina PYD alderdiak hori onartu izana ukatu zuen.[1]
Erreferentziak
- Mikel Rodriguez, «Laguntza, edo estrategia jokoa», Berria, 2014-10-25