Sirakusako setioa (K.a. 397)

Kartagotarrak, K.a. 397tik eta K.a. 278 artean, lau aldiz saiatu ziren Sirakusa menperatzen eta guztietan porrot egin zuten. Dionisio Sirakusakoak Motia errepresalian setiatzeagatik, Himilkonek, Kartagoko Magon familiakoak, gudaroste handi bat eraman zuen Siziliara. Motia berreskuratu ostean, Lilibeo fundatu, Messina arpilatu eta Sirakusa setiatu zuen, K.a. 397ko udazkenean. Lehenago, greziar flota Catanian suntsitu zuen.

Sirakusako setioa
Siziliar gerren parte bat
Greziar-punikoaren maskaren nahasketa.
DataK.a. 397ko udatik 396ko udara
LekuaSirakusa, Sizilian
Koordenatuak37°04′09″N 15°17′15″E
EmaitzaGreziarren garaipena
Gudulariak
Siziliako grekoak
Sirakusa
Kartago.
Buruzagiak
Dionisio Zaharra
Leptines
Hannibal Magon
Himilkon Hannon
Indarra
30.000 oinezko
80 trirreme
30 trirreme
50.000 oinezko
40 quinquerreme
200 trirreme
2.000 garraio-ontzi
Galerak
Ezezagunak: Kartagotarrak baino gutxiagokoak Ezezagunak: Izurriteak soldadu gehien hil zuen

Aurrekariak

Kartagok K.a. 406an Sizilia inbaditu zuen greziarrek kartagotar eskualdeetan sarraskiak egiten zituztelako. Espedizioa, Hanibal Magoren esanetara zegoena eta Himilkonek lagunduta, gai izan zen Akragasez, Gelaz eta Camarinaz jabetzeko eta arpilatzeko K.a. 405ean.

Porrot horiek Sirakusan ezinegona sortu zuten eta Dionisiori ahalbideratu zioten boterea eskuratzeko[1]. Himilkonek eta Dionisiok bake itun bat sinatu zuten K.a. 405. urtean. Horren arabera, Kartagok Siziliako %60aren kontrola izango zuen. Bestalde, Messinaren eta Lentiniren independentzia lortuko zuten eta Dionisio Sirakusako agintaria izango zen[2].

Kartagotarrek atenastarrek K.a. 415ean erabilitako estrategia jarraitu zuten eta, egia esan, arrakastatsua izan zen Sirakusa isolatzean. Hala ere, izurri bat agertu zen kartagotar kanpalekuan, K.a. 396an, non tropa gehiena hil baitzen. Dionisiok itsasoz eta lehorrez konbinatutako erasoa gauzatu zuen kartagotarren kontra eta Himilkonek ihes egin zuen kartagotar hiritarrekin Dionisiorekin akordio bat adostu ondoren. Sirakusarrak, bizirik zeuden libiarrak esklaboak bihurtu zituen, sikuloak akabatu, baina iberiarrak Dioniosiok armadan sartu zituen. Horren ostean, Dionisiok zabaldu zuen bere eremua eta kartagotarrek, izurriteak jota, ezin zuten ezer egin K.a. 393 arte.

Siziliako kulturak (K. a. 431)

Dionisio gerrarako prest

K.a. 405.-398. urteen artean, Dionisiok indartu zuen bere egoera baita Sirakusako armada ere. Sikuloen kontrako gerra hasi zenean, Himilkonekin sinatutako K.a. 404ko ituna apurtu zuen. Kartagotarrek erantzun ez bazuten ere, Dionisioren armada matxinatu zen Sirakusa setiatuz. Zortea eta etsaien ezgaitasunari esker, Dionisio arazotik onik atera zen[3]. Geroago, Dionisiok Naxos eta Catania hiriak konkistatu eta arpilatu ondoren, Lentiniz jabetu zen[4]. Mertzenarioak kontratatu zituen 200 itsasontzi berrien ontziteria handitzeko. Sirakusa hiria eta Epipola lautada harresiz inguratu zituen. Ortigia irlari dagokionez, (Sirakusako jatorrizko hiria) gotorleku bat bilakatu zuen. Adituak alokatu zituen arma berriak asmatzeko, hala nola, katapultak eta itsasontzi berriak (quinquerremeak). K.a. 398an[5], Dionisiok Motia feniziarren hiria eraso zuen, horretarako 80.000 oinezko, 3.000 zaldun, 200 gerra-itsasontzi eta 500 garraio-itsasontzi erabiliz, azken horietan hornidurak eta gerra-makinak eramateko. Hori izan zen Kartagoren kontra izandako lehen gerra, gero beste bost gehiago gertatuko ziren[6].

Aurkako indarrak

Himilkonek kartagotar armada (50.000 gizonezko, 400 trirreme eta 600 garraiokoak) gidatu zuen Siziliara[7]. Kartagotar flota Sirakusara heldu zenean, 208 gerra-itsasontzi baino ez ziren, baina 2.000 garraiokoak erabili ziren armada hornitzeko[8]. Ez dago jakiterik zenbatekoa zen Sirakusako soldaduen kopurua ezta kartagotar gotorlekuetakoak ere, baina ezaguna da kartagotar armada Siziliara heltzean, sikulo, sikano eta elimoekin indartu zela.

Dionisioren indarra 30.000 soldadu, 3.000 zaldun eta 180 quinquerreme osaturik zegoen, baina Catanian[9] izandako porrotaren eta aliatuen desertzioaren ostean, ontziteria 80 itsasontzitara laburtu zen. Armada sendotzeko, mertzenarioak kontratatu zituen baita Sirakusako populazioak armak hartu ere. Greziatik, 30 trirreme bidali zituzten Dionisioren flotarekin elkartzeko.

Kartagoko indarrak

Libiar infanteria astuna eta arina armadaren unitate disziplinatuenak ziren. Astunak formazio itxian borroka egiten zuen, ezpata luzeekin eta ezkutu biribilekin armaturik, kaskoak eta lihozko korazak zeramatzatela. Libiar infanteria arinak, berriz, xabalinak eta ezkutu txikiak eramaten zituen. Campaniako, Sardiniako eta Galiako infanteriek berezko tresneria zuten[10] nahiz eta zenbaitetan, Kartagok ekipatu. Sikuloen eta beste siziliar batzuen ekipoa greziar hopliten bezalakoa zen.

Libiarrek, kartagotarrek eta libio-feniziarrek bazuten ondo prestatutako eta disziplinatutako zalditeria, ezpata sastatzaile eta ezkutu biribilekin. Numidiatik zalditeri arina zetorren, xabalin multzo batekin horniturik, zaldiak gidatuak ziren brida eta estriburik gabe. Iberiarrek eta galiarrek zalditeria ekartzen zuten ere. Libiarrek lau zalditako gurdi gehienak zekartzaten, baina Kartagok, oraindik ere, ez zituen gerrarako elefanteak erabili[11]. Himilkonek gurdiak galdu zituen greziarrek Ericen 50 gerra-itsasontzi hondoratu zituztenean. Dirudienez, horietatik sirakusarrek ezin zuten bakar bat berreskuratu. Kartagotar ofizialek armada osoan agintzen zuten, zenbait unitatek berezko buruzagien esanetara borroka egiten bazuten ere.

Itsas-armada punikoan, gehienbat trirremez osatuta zegoena, tripulazio gehiena kartagotarra zen, baina bazeuden Libiatik edo beste kartagotar eremuetatik ere. Ezaguna da kartagotarrek hainbat quinquerreme lortu zituztela greziarrengandik Catanian, baina ez dakigu horrelako itsasontsiak egiten zituzten. Sirakusaren aurrean 400 quinquerreme zeuden. Nahiz eta armada punikoa gerrarako 208 itsasontzi eta garraiorako 3.000 izan, ezezaguna zaigu horietariko zenbat parte hartu zuten setioan.

Greziar indarrak

Greziar armadaren mamia hoplitak ziren, gehienak Dionisioren menpekoak, Italiatik eta Greziatik hainbat mertzenario bazeuden ere. Sikuloak eta Siziliako beste biztanle batzuk hoplitak eta peltastak moduan Sirakusako armadarako kontratatuak izaten ziren, eta Campaniatik etorritakoak baliteke samnitak edo etruskoen gerlarien ekipamendua ekartzea[10]. Falangea izan zen borroka egiteko formaziorik ohikoena. Beharrezkoa izatekotan, Dionisiok gizonezkoak eta emakumezkoak erabili zituen peltastak gisa. Zalditeriari dagokionez, hiritar aberatsen eta mertzenarioen artean errekrutatzen zen. Sirakusako itsas-armada quinquerremetan oinarrituta zegoen (asmakizun hau Dionisiori egozten zaio), baita trirremeetan ere. Ez dago jakiterik Dionisiok zenbat garraio-itsasontzi zituen, baina bai flotaren arraunlariak hiritarrak zirela.

Gerraren hasiera

Dionisioren erasoen ondorioz, Kartagoren pean zeuden Siziliako greziarrak eta sikanoak matxinatu ziren. Dionisiok Motia erasotzean, bakarrik hiri gutxik jarraitzen zuten Kartagoko ligan, hala nola, Segesta, Entella, Palermo eta Solus. Kartagok armada egonkorra ez zuenez, bakarrik bidali ahal zuen Motiara 100 trirreme, Himilkonen aginduetara. Himilkonek ezin zuen ezer egin Dionisioren aurrean, Motia sarraskitu zuena, erresistentzia puniko gogor baten ondoren[12].

Horren ostean, kartagotarrek berrantolatu zuten armada; Himilkonek, Kartagotik abiatuta, Palermon lehorreratu eta gero, Erice menperatu zuen. Hurrengo erasoa Motiaren kontra izan zen. Hiri horrek, Bitonen esanetara zegoen garnizio sikuloak, laster amore eman zuen[13]. Segestako setioa altxatu ondoren, Dionisio Sirakusara erretiratu zen negua igarotzeko. Himilkoni ez zion aurre egin nahi mendebaldeko Sizilian, kartagotar armada handiagoa zelako[14]. Himilkon Palermora itzuli eta gero, kartagotar eskualdeak gotortu zituen. Ondoren, Liparira abiatu zen 300 gerra- eta 300 garraio-itsasontzirekin, non zerga gisa 30 talentu jaso baitzituen[15]. Kartagotarrak Cape Pelorumean lehorratu eta gero Messinako armada iparraldera abiatu zen kartagotarrei aurre egiteko asmoz. Himilkonek, orduan, 200 itsasontzi, soldaduz eta arraunlariz beteta, Messinara bidali zituen, hiria oso erraz menperatuz. Greziarrak eskualdeko gotorlekuetan sakabanatu ziren eta Himilkon ez zen gai izan gotorlekuak menperatzeko[16]. Jeneral hau Messinan ezarri beharrean, hegoaldera abiatu zen eta bidean, Tauromenio fundatu zuen, Dionisiorengandik ihes egindako sikuloekin populatu[17]. Himilkonek honela bi helburu lortu zituen: alde batetik Dionisiok aliatu gutxiago izatea eta bestetik, kartagotarren atzeguardia babestea, Messinako erasoak ekiditzeko. Kartagotarrek kostatik jarraituz, flota, paraleloan zihoan, begi-bistatik galdu gabe.

Gauzak honela, Etna sumendia erupzioan jarri zen eta Himilkonen indarrek beste bide bat hartu behar zuten, Etna inguratzeko. Magon, flotarekin Cataniarantz abiatu zen, non Kartagoko armadarekin elkartzekoa baitzen.

Dionisiok 60 itsasontzi eratu beharrean zegoen eta horretarako Sirakusako esklabo guztiak askatu zituen. Sirakusako eta Lentiniko gotorlekuak, berriz, soldaduekin defendatu zituen Greziatik kontratatutako 1.000 mertzenarioekin[18].

Horren ostean, flota eta armada Cataniarantz mugitu ziren kartagotarrak erasotzeko. Hala ere, Leptines anaiaren okerreko taktikaren erruz, greziar ontziteria hondoratua izan zen Cataniako guduan (K.a. 397). Gudua amaitu zenerako, 20.000 sodadu/arraunlari eta 100 itsasontzi galdu ziren. Bakarrik greziar itsasontzi batzuk erretiratu ahal ziren[19].

Setioaren hasiera

Cataniako porrotaren ostean, Dionisio kinka larrian egon zen. Behin greziar flota irabazita, Magonek Sirakusan errepikatu nahi zuen Messinako garaipena, Dionisiok ezin zuelako Himilkonaren armada eraso egin ezta suntsitu ere. Magonek base seguru bat nahi zuen. Bitartean, Dionisio beldur zen, bere estrategia hartzean, Sirakusan matxinada bat gertatuko ote zen. Bestalde, greziar armadak ez zuen nahi setio bat pairatzea, beraz, Dionisiok Himilkonen bila joan zen hiritik kanpo borroka egiteko. Egoera aldatu zen Dionisioren aholkulariek esan ziotenean Magonek babesgabeko Sirakusa erraz konkistatuko zuela. Orduan Dionisio, Catania utzirik, Sirakusarantz abiatu zen[20]. Bitartean, eguraldi txarrak eragin zion Magoni itsasontziak hondartzaratzea, zaurgarriago bilakatu zituenak greziarren erasoetatik[21]. Zorionez kartagotarrentzat, ekaitza gertatu baino lehen, Dionisiok altxatuta zuen kanpalekua. Gainontzeko greziar itsas-armada paraleloan mugitzen zen Dionisioren gudarostekin, kostatik zihoana.

Setio bat jasateko ez zen batere popularra Siziliako greziar aliatuen artean, hortik desertzioak. Hala ere, Dionisiok eskualdeko gazteluak hornitu zituen kartagotarren erasoa baino lehen[22].

Himilkon kartagotar armadarekin Cataniara heldu zen gudua gertatu baino bi egun beranduago, 110 kilometroko ibilaldi baten ostean, Etna mendia ingururatuz[23]. Horrek itsas-armada punikoari segurtasuna ematen zion. Kartagotarrrek erabaki zuten zenbait egunetako atsedena hartzea matxuratutako itsasontziak konpontzeko eta greziarrei irabazitakoak hornitzeko. Himilkonek Etnan campaniarrekin negoziatu nahi zuen bandoz aldatzeko, baina Dionisiok horietako batzuk bahituak zituen, gainera, haien troparik onenak greziar armadan zeuden, halabeharrez leialak izaten jarraitu zuten[24].

Kartagok Sirakusari jarritako setioa K.a. 397an. Mugak eta tropen mugimenduak ez dira zehatzak informazioko lehen iturrien ezagatik

Setioa prestatzen

Dionisio armadarekin heldu zen Sirakusara kartagotarrak baino leheneago. Honela, hasi zen setiorako prestaketekin. Lentini eta Sirakusako gotorlekuak soldaduz eta hornidurez bete zituen. Greziar aliatuen desertzioez kezkatuta, Dionisiok agenteak bidali zituen Italiara eta Greziara mertzenarioak kontratatzeko (batik bat Korintora, Sirakusaren metropolia, eta Espartara, ohiko doriar aliatua, Polixeno senidea barne). Gotorlekuen helburua zen uztak zaintzea eta kartagotarren Sirakusarako martxa oztopatzea, honela Dionisiok denbora gehiago izango zuen defentsa antolatzeko. Bestalde, gotorlekuak errenditzekotan, kartagotar ostetik garnizioak osatu beharko ziren eta orduan Sirakusako erasotzeko armada ahulagoa izango zen[25].

Baina Himikonek Lentini eta beste garnizio batzuk eraso egin beharrean, Sirakusarako bidea hartu zuen. Epipola lautadara heltzean, kanpalekua eraiki zuen. Flota punikoa, 250 itsasontziz osaturik, eta honek greziarrei harrapatutako quinquerremeak Portu Handian ainguratu zen. Portuan ainguratuz baino lehen, 2.000-3.000 garraio-ontzik desfilatu zuten Sirakusaren aurrean, gerraren harrapakinak erakutsiz. Himikon prest zegoen setioa hasteko horiek ekarritako soldadu eta hornidurekin,.

Sirakusako ontziteria -hasieran 180 itsasontziz osaturik zegoena[26] nahiz eta hauetariko 100 galdu[27]- porturatuta zegoen.

Sirakusako gotorlekuak

Jatorrizko Sirakusa Ortigiako irlan sortu zen, baina K.a. 415eko atenastarren espedizioa baino lehen, kontinentean bazeuden zenbait egitura agoraren inguruan. Orduan harresiak eraiki ziren Tika eta Akradina eremuetan. Behin Dionisiorenak gehituta, Sirakusak greziar munduko murruen zirkuitorik luzeena izan zuen[28].

Dionisiok Ortigiako harresiak zaharberritu zituen, hauekin irla eta istmoa inguratuz. Babesek kontinentetik jarraitzen zuten, tarteka dorre sendoak altxatzen ziren. Itsmoaren mendebaldean kaiak zeuden, ekialdean, berriz, portu txiki bat Laccius izenekoa. Estalkiek eta harresiek babesten zuten Laccius, non 60 trirreme ainguratuta baitzeuden. Portuaren sarreran ate bat zegoen, trirremeak banan banan pasatzeko[29]. Ortigiako bi gazteluetatik: bat istmoan zegoen, Dionisioren egoitza[30], eta bestea hegoaldean. Bi harresi eraiki ziren istmoan: batak irla istmotik bereizten zuen eta besteak kontinentea irlatik[31]. Istmoko bost ateek, Pentaplia izenekoak, irla eta kontinentearen arteko sarrera kontrolatzen zituzten[32].

Dionisiok irla jendeztatu zuen mertzenario leialekin eta hurbileko jarraitzaileekin. Gaztelu erraldoi bat eraiki zuen, lurpeko egiturak zituena Eurialo lautadako bidea babesteko. Atenastarren espedizioan altxatutako harresiez baliatu zen Akradinan populazioa ezartzeko. Lautadaren inguruko hesien zabalera, harriz eginda zeudenak, 2 eta 4,5 metrokoak ziren, altuera, berriz, 6 metrokoak[33].

Kartagotarren kanpamentua

Himilkon Portu Handiaren ondoan kanpatu zen, Politxana eskualdean, baina ez dago argi zein zen kanpamentuaren posizioa. Baliteke Sirakusako harresietatik 10 estadiotara egotea[34], Anapo ibaiaren iparraldean. Bigarren aukera zen harresietatik 12 estadiotara, Anaporen hegoaldean.[20].

Himilkonen kuartela Zeus tenpluan zegoen[35]. Litekeena da kanpamentu nagusia Zeus tenpluaren ekialdeko eskualde zingiratsuan egotea[36], hau da, Daskon badia eta Lisimeleia zingiraren ondoan. Kanpamentuak ontziralekuko azpiegiturak zituen baita lubaki eta latesi bat ere.

Hasierako jarduerak

Behin kanpamentua ezarrita, Himilkon iparraldera abiatu zen, hiriaren ondoan, prest borrokarako. Ehun itsasontzi puniko Ortigiaren alboetan kokatu ziren[37] greziar itsasontzien irteera ekiditzeko. Greziarrek Sirakusaren barruan jarraitu zuten kartagotarren probokazioak gorabehera. Himilkonek ez zituen murruak eraso, argi ez baitago setiatzeko tramankuluak zituenentz. Beranduago, soldaduei agindu zien eskualdetik horniduraren bila joatea. Eremua 30 egunez sarraskitu zuten greziarrak izutzeko eta hauek errenditzekotan negua baino lehen[38]. Estrategiak funtzionatu ez zuenez, kartagotarrak neguko kuarteletara itzuli ziren setiatze-lanak hasteko.

Kartagotarrek Sirakusari jarritako setioa K.a. 397an. Mugak eta tropen mugimenduak zehaztugabekoak dira lehen mailako iturrien ezagatik

Kartagotarren prestaketa-lanak

Kartagotarrak buru-belarri hasi ziren setio-lanekin. Himilkonek fuerte bat eraiki zuen Zeus tenpluaren ondoan (ez dakigu eraikina tenpluaren barruan zegoenentz)[39]. Beste batzuk eraiki ziren Daskonen eta Plemirionen, azken hau kanpamentu nagusia zaintzeko eta itsasontziei ainguratze seguru emateko. Kanpalekua harresi bat izateaz gain, lubaki eta latesi batez inguratuta zegoen[40]. Gelonen hilobia eta haren emaztearena suntsitu zituzten harresia egitearen prozesuan[41]. Flotaren parte bat sakabanatu zen garraio-ontziak horniduraren bila Sardiniara eta Afrikara bidali zirenean. Fuerteak ardoekin, zerealekin eta beste produktu batzuekin bete ziren, Himilkonek kontuan hartu baitzituen soldaduen beharrak[42] [43].

Kartagotar estrategia

Iraganean, kartagotarrek arrakasta izan zuten hiri grekoak setiatzean. K.a. 409an, Selinonte eraso zuten tresnak erabiliz. Urte berean, Himerak jasan zituen kartagotarren setiatzeko abilezia. K.a. 406an, kartagotarrek Agrigento inguratu zuten hiriko bi aldeetan kanpatzean. Sirakusako babesen tamainak hain handiak ziren, non ezinezkoa zen hiria beste setio-murruekin inguratzea. Himilkonek soldaduak kontzentratu zituen, agian ez zuelako horrenbeste indarrak kanpamentu berri bat antolatzeko. Horrela egitekotan, garnizioak arriskuan egongo ziren Sirakusatik etor litezkeen erasoetatik. Gainera, harresirik ez zegoenez bi kanpamentuak babesteko, soldadu gehiago beharko ziren. Hegoaldetik eraso eginez gero, kartagotarren aldea arriskuan izango zen Eurialo gaztelutik letozkeen erasoetatik. Lautadako harresien garaiengatik ez zen posible erasotzea makineriarik gabe[44]. Azken finean, Himilkon, Nizias atenastar buruzagiaren estrategiaz, K.a. 415ean, baliatu zen, hau da, itxarotea Sirakusan egoera egokia izan arte. Sirakusa setiaturik zegoen bitartean, greziar itsasontziak Laccius portutik irteten eta sartzen ziren, flota punikoaren arriskua bazegoen ere.

K.a. 397ko udaberria: Kartagok operazioak hasten ditu

K.a. 397ko neguan, etsaiek, haien kokapenetatik, patzientziazko jolasa egiten zuten baino ez. Hurrengo urteko udaberrian, Himilkon hasi zen Sirakusako aldiriak erasotzen. Ez dakigu kartagotarrek hiriko murruak apurtu zituzten[45], baina soldadu punikoak hiriko atal batez jabetu ziren, tenplu batzuk zituenak, haien artean Demeter eta Korerenak, eta guztiak suntsitu zituzten. Dionisiok ere, irteera arrakastatsuak antolatu zituen kartagotar patruilen kontra, armaden oreka aldatu ez bazen ere.

Bitartean, Polixenosek lortu zuen Grezian itsas-armada bat antolatzea, eta Espartako Farakidas almirantearen aginduetara 30 trirreme Sirakusara heldu ziren[46]. Dirudienez, espartarrek zenbait itsasontzi puniko harrapatu zituzten eta kartagotarrek blokeoa altxatu zuten eskuadroi puniko bat patruilatik zetorrela pentsatzean[47]. Grekoek nahiz kartagotarrek itsasotik ekarritako hornidurak behar zituzten haien ahaleginei eusteko.

Sirakusa kontraerasoan[48]

Horren ostean, Dionisio eta Leptines flota txiki batekin irten ziren hornidurazko konboi bat babesteko, Sirakusarentzat guztiz erabakigarria zena. Itsasoan zegoen bitartean, ez dakigu nork agintzen zuen Sirakusan, baina horren erabakiak ezin hobeak izan ziren greziarrentzat. Lehenengo eta behin, Portu Handian alez beteriko eta babesik gabeko itsasontzi bat ikustean, bost itsasontzi greziarrek irteera bat egin eta harrapatu zuten. Harrapakina porturatzean, 40 itsasontzi puniko itsasoratu ziren eta itsas armada greziarrak (kopurua eta almirantearen izena ez dira aipatzen, agian, kartagotarrena baino handiagoa izango zen) aurre egin zion, 4 itsasontzi hondoratuz eta beste 20 menperatuz, bandera-ontzia barne. Orduan, greziarrak kartagotarren ainguralekura abiatu ziren, baina punikoek ez zuten erronka onartu. Horren ostean, greziarrak Sirakusara itzuli ziren harrapakinekin.

Garaipen hau Dionisioren laguntzarik gabe lortu zenez, haren etsai politikoek hiritar-bilera bat antolatu zuten Dionisio kargutik kentzeko Sirakusara itzuli bezain pronto. Espartakoak ez zeuden ados matxinatuekin, beraz, ekimenak porrot egin zuen[49]. Zenbait historiagileren arabera, gudua ez zen inoiz gertatu. Beharbada, tiraniaren kontrako batek informazio hori eman zuen[50].

K.a. 396ko uda: setioaren porrota

Itsas-gudua gertatu bazen ere, borrokalarien egoera estrategikoa ez zen aldatu uda heldu arte. Alde batetik, Himilkon ez zelako gai izan Sirakusa jabetzeaz eta bestetik, Dionisiok ezin zuelako indar punikoak irabazi eta, gainera, biek kanpoko hornidurak behar zituztelako borrokarekin jarraitzeko. Gauzak honela, uda bero hartan izurria piztu zen kartagotar kanpamentuan.

Izurria[51]

Litekeena da izurriaren jatorria Kartagoko kanpalekuan egotea, eskualde zingiratsuan zegoelako eta osasun-praktika txarrak zituztelako. Malariak zerikusia izango zuen ere soldadu eta marinelen heriotzean. Ehorzketak ugariak izan ziren eta gorpuei azkar eman zitzaien lur. Azkenean, posible ez zenez gorpu guztiei lur-ematea, kiratsa hedatu zen airean. Aurretiaz, gaixoei laguntza emanez gero, infekzioa moztuko zen[52].

Zorigaitz horren errua tenpluen eta hilobien profanazioei leporatu zieten. K.a. 406ko Agrigentoko setioan, Himilkonek antzeko egoera bati aurre egin behar zion eta jainkoen haserrea baretzeko ume bat eta zenbait animalia sakrifikatu behar zituen. Himilkonek izurria mozteko hartutako neurriekin ez zen ezer lortu, alderantziz, armada eta flotaren indarra txikiagotu zen. Himilkonen kanpamentuak toki berean jarraitzean, ostearen morala eta eraginkortasuna behera joan zen.

Dionisiok jotzen du

Dionisiok, egoeraz baliatuz, eta kartagotarren indarrak berritu edo hornidurak jaso baino lehen, itsasoko eta lehorreko eraso bat antolatu zuen. Laurogei itsasontzi, Leptines eta Farakidas agintean[53], abiatu ziren Daskon badiara kartagotar flotaren aurka. Dionisiok, bitartean, kanpamentu punikoa eraso egin zuen. Ilargi berriko gau batean abiatu zen, baina, kartagotarrengana zuzenean joan beharrean, itzulinguru bat eman zuen Zian tenplutik etsaien gotorlekuak egunsentian erasotzeko. Greziar flotak oldartu behar zuen Dionisioren erasoen ostean. Plana arrakastatsua izango zen flota eta armada ondo koordinaturik egonez gero, kontrako eskarmentua Dionisiok izan zuen K.a. 405ean Gelako guduan.

Dionisioren traizioa

Dionisiok ibilaldia gauez egin ostean, Zianera heldu zen. Eguna argitzean, zalditeria eta 1.000 mertzenario bidali zituen mendebaldetik kanpamentua erasotzeko. Horretaz gain, beste helburu bat zegoen: Dionisiok ahapeka zaldunei agindu zien, borroka hasi orduko, fidagarriak ez ziren mertzenarioak lagatzea borrokaren erdian[54]. Izan ere, konbinatutako armadak eraso egin zuen kanpamentu punikoa baina mertzenarioak, zalditeriak alde egitean, sarraskituak izan ziren. Honela, Dionisiok bi helburu lortu zuen: etsaia distraitzea eta fidagarriak ez ziren mertzenarioez libre geratzea.

Gotorleku punikoak oldartuz[55]

Mertzenarioak masakratuak ziren bitartean, greziar armadaren talde nagusiak kartagotarren gotorlekuak eraso egin zituen Zeus tenpluaren inguruan, Politxanan eta Daskonen. Zalditeriak, mertzenarioak abandonatu ondoren, Daskon eraso zuen. Greziar flotak ere, portutik irtetzean hondartzan zeuden itsasontzi punikoak oldartu zituen. Kartagotarrak ustekabean harrapatuak izan ziren erresistentzia antolatu baino lehen. Dionisiok kanpamentuaren armada garaitu zuen[56] baita Politxana gotorlekua ere. Ondoren, greziarrak hasi ziren kartagotar kanpamentua eta tenplua erasotzen. Hala ere, kartagotarrek aurre egin zien greziarrei iluntze arte, borroka eten zenean.

Ontziteri punikoa Daskonen detxematurik

Izurria dela eta, flota punikoaren eskifaia gutxitu edo falta zen. Bestalde, greziarrek kartagotarrak ustekabean harrapatu zituzten Daskonen eta hauen ontziak ere (40 quinquerreme)[57]. Greziarrek ainguratuta zeuden kartagotar ontziak oldartu eta hondoratu zituzten. Beste batzuk, berriz, greziarren eskuetan geratu ziren. Dionisioren zalditeriak ere, hainbat ontzi erre zituen. Hauetako batzuk, noraezean joan ziren ainguren sokak erre eta libre geratu zirenean.

Soldadu eta marinel punikoak uretara salto egin eta itsas bazterrera igeri egin zuten. Suak kanpamentuaren zati bat erre zuen[58], kartagotarrek itzali ezin zutena, greziarren kontra borroka egiten zutelako. Sirakusar batzuk merkataritzazko itsasontziak eta txalupak hartu zituzten Daskonera joateko eta noraezean zeuden ontzi punikoak erakartzeko, baina horiek espoliatu eta gero. Bitartean, Daskongo gotorlekua erori zen[59]. Dionisio kanpatu zen Zeus tenpluaren ondoan, Politxanan, baina ontziteria Sirakusara itzuli zen.

Egun bateko atarramentua

Greziarrak Daskon eta Politxanako gotorlekuez jabetu ziren, hala ere, eguna bukatzean, oraindik Zeus tenpluaren inguruko kanpamentu punikoa kartagotarren eskuetan zegoen, baita flotaren zati handi bat ere. Harrez geroztik, Dionisiorena zen ekimena eta Himilkon konturatu ezean, Himeraren antzeko hondamendia gertatuko zen.

Ohekide politiko bitxiak

Bereziki XVI. eta XVIII. mendeko historialarien ustez, greziar tiranoek, gehienbat Gelonek, Hieronek eta Dionisiok, mendebaldeko zibilizazioa barbaroengandik salbatu zuten, baina tiranoen lanak zerikusi gehiago zuen norberaren boterea gordetzearekin mendebaldeko zibilizazioa salbatzearekin baino. Dionisioren kasu, K.a. 396an.

Himilkonen dilema

Kartagotar armada gai izan zen greziar erasoetatik bizirik irtetzea, baina oraindik izurria jasaten zuten. Horrek oztopatzen zion ekimena hartzea greziar armada eta flota garaitzeko. Egoera hartan, greziar ontziteria kartagotarrena baino handiagoa izango zen, itsasontzi guztietarako nahiko eskifaia ez zutelako[60]. Armadari dagokionez, ez zegoen egoera hobean zelai-guduan borrokatzeko. Horretaz oharturik, Himilkonek ixilean negoziatzeari ekin zion gau horretan bertan. Beste buruzagiek, ezer ez zekitenek, hala nola, italiarrek eta metropoliko greziarrek, nahiago zuten kartagotarrak betiko bukatzea[61].

Dionisioren bikoiztasuna

Dionisiok itun bat nahi zuen, nahiz eta aukera ezin hobea izan kartagotarrekin guztiz suntsitzeko. Esan ohi da, tiranoa zen aldetik, Kartagoko mehatxua bizirik behar zuela sirakusarren gaineko kontrola izateko[62], beraz, mendebaldeko gizartea salbatzea ez zen bere lehen helburua. Elkarrizketetan, honako akordio honetara heldu zen:[63]

  • Kartagotarrek berehala 300 talentu ordaindu behar zituzten.
  • Himilkon libre zegoen kartagotarrekin gauez alde egiteko, baina egunez izatekotan, Dionisiok ezingo zuen haien segurtasuna ziurtatu.
  • Kartagotarren itsasoratzea laugarren gauan izango zen.

Himilkonek isilean 300 talentu bidali zituen Politxanako gotorlekura edo Sirakusara, eta adostuta zegoenez, Dionisiok armada erretiratu zuen Sirakusara. Laugarren gauean, Himikonek 40 itsasontzi prestatu zituen eta kartagotar armadarekin itsasoratu zen.

Koriantiarrek Dionisiori jakinarazi zioten kartagotar armada ikusi zutela Portu Handiaren bokaletik igarotzean. Sirakusarrak flota prestatzearena egin zuen baina ofizialak deitu gabe. Honela, Himilkonek denbora izan zuen ihes egiteko[62]. Korintiarrek, isileko itunaz jakinaren gainean ez zeudenez, itsasontziak prestatu zituzten eta lortu zuten kartagotarren zenbait atzeratutako itsasontziak hondoratzea, baina flota puniko gehienak Afrikarantz alde egin zuen.

Behin Himilkon desagerturik, Dionisiok tropak bildu zituen kartagotar kanpamentura joateko. Honezkero, sikuloek etxerako bidea hartuta zuten[64] eta soldadu puniko gehienak errenditu ziren. Beste batzuk saiatu ziren alde egiten baina greziarrek harrapatu zituzten. Iberiarrak, armak harturik eusteko prest bazeuden ere, Dionisiok bere armadarako kontratatu zituen, baina gainontzekoak esklabo bihurtu zituen.

Ondorioak

Dionisio ez zen zuzenean joan Siziliako kartagotarren jabegoen kontra, denbora hartu zuelako bere lurraldea eta gobernua antolatzeko. Beharbada, ez zuen nahi afrikarrak gehiago zirikatu. Siziliako greziar hiriak, kartagotarren libre zeudenak, zenbait neurritan, Sirakusaren lagunak ziren[65]. Solunte traizionaturik eta sarraskituta izan zen K.a. 396an. Gero, 10.000 mertzenario matxinatu ziren Dionisiok haien buruzagia, Aristoteles Espartakoa, atxilotu zuelako[66], eta bakarrik baretu ziren komandantea Espartara bidali ondoren, epaituta izateko eta mertzenarioei Lentini hiria eman eta gero. Horren ostean, Dionisiok Italiako eta doriar greziarrekin Messina birpopulatu zuen. Beranduago, Tindaris fundatu zuen Messinako jatorrizko biztanleekin[67], zeinek alde egin baitzuten K.a. 397ko kartagotarren espoliazioa eta gero.

Dionisiok alperrik setiatu zuen Taormina K.a. 394an, sikuloek, kartagotarren aliatuek defendatuta. Magon Kartagokoak K.a. 393an Messinara armada zuzendu ondoren, gerra birpiztu zen.

Kartago: arazoz gainezka

Himilkon itzultzea Dionisioren eskuetan tropa punikoak utzirik ez zen Kartagoko biztanleen gustukoa. Nahiz eta 104ko Kontseiluak, ohikoa zenez garaitutako buruzagi batentzat, ez zuen gurutziltzatu, Himilkonek bere buruari zigorra ezarri zion: jendaurrean porrotaren ardura osoa hartu zuen; zarpailez jantzirik hiriko tenpluak bisitatu zituen otoi eginez barkamena lortzeko; azkenean, etxe barruan hormatartekatu zen gosez hil arte[68]. Bitartean, izurria Afrikatik hedatu zen, kartagotar jainkoak apaltzeko sakrifizioak egin bazituzten ere, Kartago gogor jotzen zuelarik. Horretaz gain, libiarrak matxinatu ziren, 70.000 soldadutako armada bat eratu eta Kartago setiatu zuten.

Magon, Cataniako garailea, armadaren buruzagia izendatu zuten. Armada punikoa Sizilian zegoen eta beste berri bat errekrutatzea, denbora galtzeaz gain, garestiegia izango zen (Himilkonen akatsak mertzenarioak mesfidati bihurtu zituelako), beraz, kartagotar hiritarrak bildu zituen hormak defendatzeko, itsas-armada punikoak hiria hornitzen zuen bitartean. Magonek eroskeriak erabili zituen matxinatuak apaltzeko. Kartagotarrek, ere, Kore eta Demeter gurtzarako tenplu bat eraiki zuten hirian eta haien arteko greziar batzuek sakrifizioak egin zituzten Sirakusako tenpluen suntsiketa apaltzeko[69].

Horren ostean, Magon Siziliara joan zen, baina ez zen saiatu galdutako eskualdeak lortzen, alderantziz, lankidetzako eta laguntasunezko politika berria hasi zen greziarrekin, sikuloekin, elimoekin eta punikoekin, Kartagorekin edozer aurreko arazoa izanda ere[70]. Greziar hiriak, kartagotar menpekotasunaz aske zeudenak, neutralago egoera batera mugitu ziren, bai Dioinisioren beldur bai Magonen jarrerarengatik[71]. Bakeak iraun zuen Dionisiok sikuloak eraso arte, K.a. 394an.

Erreferentziak

  1. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 163-172 or.
  2. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 45 or.
  3. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 174 or.
  4. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 160-165 or.
  5. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 174-178 or.
  6. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 47. or.
  7. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 179-183 or.
  8. DIODORO SIKULO: X. IV. 55.
  9. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 183 or.
  10. FREEMAN, Edward A.:Sicily Phoenician, Greek & Roman, 173 or.
  11. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 184 or.
  12. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 53-54 or.
  13. CAVEN, Brian: Dionysius I: Warlord of Sicily, 107 or.
  14. DIODORO SIKULO: XIV. 62.
  15. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, IV. liburukia, 113 or.
  16. MAKROE, Glenn E.: Phoenicians, 84-86 or. ISBN 0-520-22614-3
  17. WARRY, John (1993): Warfare in the Classical World. 98-99. or.
  18. MAKROE, Glenn E.: Phoenicians, 84-86 or. {{ISBN|0-520-22614-3}}.
  19. WARRY, John (1993): Warfare in the Classical World. 102-103. or.
  20. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 185 or.
  21. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 54-55 or.
  22. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 185 or.
  23. FREEMAN, Edward A.: Sicily, Phoenician, Greek & Roman, 176 or.
  24. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 55 or.
  25. POLIENO: 5.2.9
  26. MAKROE, Glenn E.: Phoenicians, 84-86 or. ISBN 0-520-22614-3
  27. DIODORO SIKULO:, XIV. 60
  28. DIODORO SIKULO: X. III. 5.
  29. DIODORO SIKULO:, X.IV.7.
  30. DIODORO SIKULO: X. IV. 7.
  31. DIODORO SIKULO: X.IV.10.
  32. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4. liburukia , 12 or.
  33. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4. liburukia, 49 or.
  34. PLUTARKO: Dion: 27 or.
  35. DIODORO SIKULO: X.IV.62.
  36. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, IV. liburukia, 123-124, 509-510 or.
  37. DIODORO SIKULO: X.IV.62.
  38. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 185 or.
  39. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4. lib., 509–510 or.
  40. DIODORO SIKULO: X. IV. 63.
  41. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily’’ 4. lib., 127 or.
  42. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 55. or.
  43. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, IV. lib., 127 or.
  44. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 175 or.
  45. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4 lib., 125–127 or.
  46. DIODORO SIKULO: X. IV. 63.
  47. POLIENO: II.11.
  48. DIODORO SIKULO: X. IV. 64
  49. DIODORO SIKULO: X. IV. 68–70 or.
  50. CAVEN, Brian: Dionysius I: Warlord of Sicily, 115–116 or.
  51. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4 lib., 134–135 or.
  52. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 47 or.
  53. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily 4. lib., 136 or.
  54. DIODORO SIKULO: X. IV. 72.
  55. DIODORO SIKULO: X. IV. 72–74.
  56. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 57 or.
  57. DIODORO SIKULO: X. IV. 73.
  58. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 58 or.
  59. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily. 4. lib., 134–135 or.
  60. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 57–58 or.
  61. DIODORO SIKULO: X. IV. 75.
  62. DIODORO SIKULO: X. IV. 75.
  63. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4. lib., 141–143 or.
  64. DIODORO SIKULO: X. IV. 75.
  65. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4. Lib., 147–149 or.
  66. DIODORO SIKULO: X. IV. 78.
  67. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 4. lib., 153 or.
  68. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 53-54 or.
  69. DIODORO SIKULO: X. IV. 78.
  70. DIODORO SIKULO: X. IV. 90.
  71. DIODORO SIKULO: X. IV. 88.

Bibliografia

  • BAKER, G. P. (1999): Hannibal, Cooper Square Press, ISBN 0-8154-1005-0
  • BATH, Tony (1992): Hannibal's Campaings, Barnes & Noble, ISBN 0-88029-817-0
  • CHURCH, Alfred J. (1886): Carthage (4th edition), T. Fisher, Unwin.
  • DIODORO SIKULO: G. Boothek itzulita (1814) Liburu osoa (Googlek eskaneaturik)
  • FREEMAN Edward A. (1892): Sicily: Phoenician, Greek & Roman, (3rd ed.),T. Fisher, Unwin.
  • FREEMAN Edward A. (1894): History of Sicily, IV.,T. Fisher, Unwin.
  • KERN, Paul B. (1999): Ancient Siege Warfare. Indiana University Publishers. ISBN 0-253-33546-9.
  • LANCEL, Serge (1997): Carthage: A History. Blackwell Publishers. ISBN 1-57718-103-4.
  • WARRY, John (1993) [1980]: Warfare in The Classical World: An Illustrated Encyclopedia of Weapons, Warriors and Warfare in the Ancient Civilisations of Greece and Rome. New York: Barnes & Noble. ISBN 1-56619-463-6.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.