Sinn Féin
Sinn Féin[1] (euskaraz: «Gu Geu», ahoskera Xin Fein) Irlandako errepublikar alderdi politiko bat da, gaur egun Irlanda osoan, Irlandako Errepublika nahiz Ipar Irlandan aktibo dagoena. Mugimendu hau 1905ean Arthur Griffithek sortutako ondorengo garbi eta bakarra berea dela aldarrikatzen dute. Gainera, gaur egun Irlandako Errepublikako bi indar politiko nagusiak diren Fianna Fáil eta Fine Gael alderdiak Sinn Féin historikoaren ondorengoak dira, alderdi honetatik banandutako kideek sortu baizituzten.
Sinn Féin | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | SF |
Mota | alderdi politikoa |
Herrialdea | Irlandako Errepublika eta Erresuma Batua |
Ideologia | Irlandar errepublikanismoa, errepublikanismoa, left-wing nationalism (en) eta Sozialismo herrizalea |
Kokapen politikoa | ezker politiko eta zentro-ezkerra |
Jarduera | |
Kidetza | Europako Ezker Unitarioa/Iparraldeko Ezker Berdea talde konfederala |
Agintea | |
Lehendakaria | Mary Lou McDonald |
Egoitza nagusi | |
Egoitza nagusi | |
Prentsa-organoa | An Phoblacht |
Zeren jabe | |
Historia | |
Sorrera | 1905eko azaroaren 28a |
Sortzailea | |
Sorlekua | Dublin |
Ondorengoak | Aontú |
Koloreak | |
webgune ofiziala |
2018ko otsailetik aurrera Mary Lou McDonald alderdiaren presidentea da.
Jatorriz, 1905ean Arthur Griffithek sortu zuen. 1970eko hamarkadan bitan banandu zen, bata Behin-behineko Sinn Féin, gaur egungo Sinn Féin alderdia, historikoki Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikarrari lotua, eta bestea Sinn Féin Ofiziala, 1982an Irlandako Langileen Alderdia bilakatu zena, eta historikoki Irlandako Armada Errepublikar Ofizialarekin lotua.
Alderdi hau bai Irlandako Errepublikan (2018an Dáil Éireann legebiltzarreko 158 eserlekuetatik 21 dauzka) baita Ipar Irlandan (108etatik 24 eserleku ditu hango asanbladan, alderdi irlandar nazionalista handiena, alegia) dauzka ordezkariak.
Erresuma Batuko Westminster-eko parlamentuan ere baditu 5 eserleku (646etatik), baina bere legebiltzarra ez delakoan Sinn Féineko ordezkariak ez dira aurkeztu.
2014ko urriaren 22an, Sinn Feinek iragarri zuen Mairtin O'Muilleoir izango zela alderdiaren hautagaia 2015ean Erresuma Batuan egitekoak ziren hauteskunde parlamentarioetarako[2].
2020ko Irlandako Errepublikako Hauteskunde Orokorrak irabazi zituen, %24,5eko bozkekin, 1920ko hamarkadatik lortzen ez zuen garaipena berreskuratuz.
Izena
— Theobald Wolfe Tone[3]Ingalaterrarekin lotura hausteko, gure arazo politiko guztien iturri etengabea, eta nire herrialdearen independentzia aldarrikatzeko
"Sinn Féin" hitzek irlanderaz "Geu" edota "Gu Geu" esan nahi dute, alegia, lehen pertsonaren pluralaren izenorde indartua, irlandarrek beren buruak gobernatzeko ideia adieraziz. Ingelesez "Ourselves" edota "We Ourselves" litzateke.
Halere maiz beste hizkuntzetara "Geu Bakarrik" edota "Gu Geu Bakarrik" bezala oker itzulia ere ikusi ohi da, azken esanahi hori duen XX. mendearen hasierako "Sinn Féin Amháin" leloaren ondorioz, "Amháin" hitzak bakarrik esan nahi baitu.
Dena dela, esanahi guztien mezu politikoa argia da: autodeterminazio nazionala eta independentzia, Ingalaterra eta edozein motako ingeles eraginetatik banatzea, bai politikoa nahiz bestelakoak.
Bere aurkariek, eta bereziki loialistek eta unionistek alderdikideak nahiz jarraitzaileak "Shinners" mespretxuzko izendapenaz deitzen diete, maiz irlandar errepublikar oro izendatzeko erabiltzen duten "aterki-izendapena", adibidez, espainiar nazionalistek ezker abertzaleko kideak eta maiz independentista den euskal herritar oro izendatzeko "Batasunos" mespretxuzko izendapenaren antzera.
Aurrekariak
Helburu honek XVIII. mendean jatorria du, irlandar errepublikanismoaren sortzailetzat jotzen den Theobald Wolfe Tonen asmoetako batean[3].
Inprimatuta agertzen den Sinn Féin adierazpenaren erreferentzia zaharrena 1882an Thomas Stanislaus Clearyren Shin Fain (Gu Geu) izenburupeko antzezlan dramatikoan agertzen da. Antzezlan honetako pertsonaien artean Erín eta Independentziaren Espiritua agertzen dira, hauek Sinn Féin leloak zer adierazten duen ongi laburbiltzen dute:
— Shin Fain, 1882. Thomas Stanislaus Cleary[4]Ez dugu inoiz leporik gehiago makurtuko
Eta asmo horrekin geure edalontzia hustutzen dugu
Jaio garen lurrarengatik, Jainkoan dugun konfidantzaz
Eta beraren bidez: Shin Fain! Shin Fain!
1892an Erresuma Batuko Parlamentuko Tim Healy parlamentaria Sinn Féin adierazpena lelo gisa erabili zuen lehenbiziko irlandar politikaria bilakatu zen. Urte hartako ekainean Letterkenny udalerrian emandako hitzaldi batean honakoa esan zuen:
« | Orain gure aurka egiteko (Parnellen aldekoek) gure itxaropenak Alderdi Liberalean jartzen ditugula diote eta haiei hanka-eskuz loturik gaudela. Ez, nik Antzinako Irlandako leloa dakarkizuet: Shin Fain! Gu Geu! | » |
1892, Tim Healy[5] |
1893an irlandera eta gaeldar kultura bultzatzeko sortutako Liga Gaelikoa erakundeak Sinn Féin leloa aukeratu zuen. 1898an Douglas Hyde lehendakariak Shan Van Vocht aldizkariak olerki batekin kolaboratu zuen (ikus eskuinean).
— 1898, Douglas Hyde[6]Frantziaren laguntza itxaroten, Espainiaren laguntza itxaroten,
Jendeak
Denbora luzez itxaron du, samina bakarrik lortuz.
Berriz ere Amerikaren babesa itxaroten: oraindik itxaroten dauden guztiei,
Itxaroteagatik, nire haserrea bego haiekin,
Ergel horietako bakoitzak lelo guztiek ez dutela axola jakiteko unea da, bat ez beste,
Sinn Féin amháin. Gu Geu bakarrik!
XIX. mendearen amaieran Sinn Féin hitzak Irlandan pentsakera estiloa, ikuspuntu edo jarrera bat, ideia multzoa eta pentsatzeko modu bat definitzen zuten hitzak bilakatu ziren. Jendeak sarri "nazionalismo progresista" mentalitate edo jarrera bezala ezagutzen zena deskribatzean erabiltzen zuen izendapena zen: ez zuen independentzia politiko bat bakarrik aldarrikatzen, irlandar singularitatea nabarmendu eta garatu, eta Ingalaterratik atal guztietan banatzeko joera ere adierazten zuen: kirola, hizkuntza, literatura, kultura eta historia. Ingelesaren eraginari erresistentzia ipintzeko asmoa zuten, XIX. mendearen amaieran ingelesak oraindik eta nagusitasun gehiago irabazi zuela beldur baiziren. Nazionalista erradikalek erabat gaelikoa zen Irlanda bat nahi zuten, batzuk baita oldarki irlandarra zena, eta helburu hori lortzeko herrialderan edozein ingeles eragina desegiteko prest zeuden. Jarrera horren ondorioz, "irlandar irlandesistak" izenez ere ezagun egin ziren. Beren ideologia irlanderazko izen bat zuen mugimendu batean adierazteko gai izateak ideia horiek elkarbanatzen zituzten guztien artean garrantzi sinboliko handia zuen[7].
Historia
1905–1916
Sinn Féin alderdia sortzea eragingo zuten ideien lehenbiziko proposamenak United Irishman egunkariko Arthur Griffith argitaratzaileak hedabide horretan bertan idatzi zituen. 1900eko martxoko artikulu batean, garaiko erakunde nazionalista guztiak batuko zituen alderdi bat sortzeko deia egin zuen, ondorioz urte horretako amaieraldera Cumann na nGaedheal erakunde politikoa eratu zen. 1902ko alderdi horren biltzarren Griffithek Erresuma Batuko Legebiltzarreko irlandar parlamentariek hartan parte hartzeari uko egiteko proposamena egin zuen. 1903an, Eduardo VII.a Erresuma Batukoak Dublin hiriburura egindako bisitaldia zela eta, Maud Gonne irlandar iraultzaileak eta beste zenbaitek Kontseilu Nazionala izeneko bigarren erakundea sortu zuten. Dublingo Udal Batzak Eduardo VII.aren aurrean hitzaldi bat egiteko proposamena egin zen. Hitzaldiaren proposamena gutxigatik baztertua izan zen, baina Kontseilu Nazionala udalerri eta herrietako erakundeetan ordezkaritza nazionalistak areagotzeko presio talde gisa existitzen jarraitu zuen.
1905eko azaroaren 28an Sinn Féin sortu zen, eta lehenbiziko urteko Batzar Nazionalaren Biltzarrean Arthur Griffithek alderdiaren asmoz "Irlandako hiriburuan irlandarren onarpen morala zuen legealdi nazional bat ezartzea" zela aipatu zuen.[8] Alderdiak 1908ko Iparraldeko Leitrimgo hauteskundeak inougnatu zituen, hauetan bozken %27a lortu zuen.[9] Hortik aurrera, alderdiaren babes sozialak nahiz kide kopuruak beheruntz egin zuen. 1910eko Ard Fheis (alderdiaren biltzarra) delakoan, bertaratutakoak gutxi izan ziren, eta zuzendaritzan osatzeko kideak topatzea zaila izan zen.[10]
Sorrerako Sinn Féin alderdia nazionalista eta eskuindarra zen, ez zen errepublikarra, autonomista baizik, alegia, Irlandak bere legebiltzar autonomoa izatearen aldekoa zen, baina Erresuma Batua eta Britainiar Koroaren lurralde izaten jarraituz. Gaur egungo Sinn Féin alderdiaren oso bestelakoa, baina Irlandaren historiako gertaerek nahiz alderdi beraren bilakaerak eta beste talde eta alderdietako kideak elkartzearen ondorioz, asko jada bazeuden irlandar talde errepublikarretako kideak, alderdiaren ideologiak ere bilakaera bat izatera suposatu zuen.
— Arthur Griffith, 1907[11]Sinn Féinen hauteskunde programa irlandar independentzian sinisten duten irlandar guztiak barne hartzeko adina zabala da, edota izaten saiatzen da, bai errepublikarrak izan ala ez. Errepublikanismoa berez ez dago derrigorrean irlandar nazionalismoari lotua, nahiz eta azken ehun eta hamazazpi urtetan IRBko kideek Irlanda independiente bat gobernatzeko errejimen egokienatzat jo. Irlandar gobernu sistema gai garrantzitsutzat hartu beharra dago, baina ez funtsezkoa. Helburu bera da, eta ez bere ezaugarri exekutiboa, Irlandak nahi duena.
1902ko ekainean argitaratutako bere idazlanetan, Griffithek bere burua separatistatzat deskribatu arren (garai haietan errepublikarrak izendatzeko izendapen jatorra zen), irlandar hiritar asko errepublikarrak ez zirela bazekien, eta horregatik bere iritziz monarkia dualak erdibideko konponbidea errepresentatzen zuen, gehiengoa asebeteko zuelakoan. Xalotasunez, ondorio hau unionistek akordio gisa onartuko zutela proposatu zuen, monarkia mantenduko baitzuen. Ez zirudien unionistek edozein autogobernuri erradikalki aurka egingo ziotela ulertzen zuenik, ezta autogobernu hori mugatua izanda ere, are eta gehiago, legez independiente litzateken Irlanda batek izuikara sortuko lieke, hauteskundeei zegokionez betirako gutxiengo bat ordezkatzera mugatuko bailituzke[12].
Hasiera-hasieratik, Griffithen arrakasta mugimendu berdinaren barnean ikuspuntu zeharo ezberdinetako pertsonak elkartzea izan zen, Sinn Féinen etorkizuneko borroken aleak eta erantzunik gabeko galderak zeuden, oraindik ere gaur egungo errepublikar korrontean pil-pilean daudenak[13]:
- Lehenik, usadioak indar fisikoa erabiltzearen aldeko elementu independentistak, tartean Irlandar Errepublikar Anaitasuna, eta helburu politiko bat modu baketsuan lortzeko alde zeudenen arteko gurutzatzea onartzea ezartzen zuen. Griffithek iraultzaileak nagusiki korronte bakezale baten barnean mantentzen saiatu zen. Argi dago, Sinn Féinen zuzendaritzan nahiz kidetzan zeuden Errepublikar Anaitasuneko kideen leialtasuna ez zela Sinn Féin alderdiarekikoa, Errepublikar Anaitasunarekikoa baizik.
- Bigarrenik, Errepublikar Anaitasuneko afiliatuek ez zituzten inoiz Sinn Féinen helburuak onartu, ez behinik behin Griffithek Sinn Féinen Politika zelakoan adierazitakoak. Haientzat Sinn Féin alderdia Irlandako Errepublika lortzeko bidea zen, eta ez inolako motako monarkiarik ezartzeko. 1907an Sinn Féin alderdia Errepublikar Anaitasuneko kideak infiltratutako erakundeen artean nabarmen eta garrantzitsuenetakoa izan zen.
Pazko matxinadaren partehartzearen mitoa
Britainiar Gobernuak bere garaian alderdia matxinadaren errudun egin nahiz zuenez arduradunzat jo zuen eta gaur egun oraindik ere jende askok uste arren, Sinn Féin alderdiak ez zuen 1916ko Pazko Matxinadarekin inolako partehartzerik izan, matxinadaren antolatzaileak eta egileak Irlandar Boluntarioak, Irlandako Armada Hiritarra eta Cumann na mBan errepublikar erakundeak izan baitziren. Izan ere, garai honetan Sinn Féin oso alderdi ahula izateaz gain bortizkeriaren erabileraren aurka zegoen.
Matxinadaren porrotaren ondoren eta 1917. urtetik aurrera, berau antolatu zuten errepublikar talde eta erakundeetako kide andana Sinn Féinera igarotzen hasi, horietako asko matxinadan partehartzeagatik espetxean egondakoak, eta alderdi honetako buruzagi garrantzitsuak bilakatuko ziren, baina matxinada jazo zen garaian ez ziren Sinn Féin alderdiko kide.
2020
2020ko Irlandako Errepublikako Hauteskunde Orokorrak irabazi zituen, %24,5eko bozkekin, 1920ko hamarkadatik lortzen ez zuen garaipena berreskuratuz.
Ideologia
Ideologiari dagokionez, irlandar errepublikar eta sozialistak dira, euren politiken ardatza Irlandako Uhartearen batasun osoa delarik; alegia, egungo Ipar Irlanda egungo Irlandar Errepublikarekin batzea.
Alderdiko buruak
Historian zehar alderdia honako pertsonek zuzendu dute:
- Edward Martyn (1905-1908)
- John Sweetman (1908)
- Arthur Griffith (1908-1917)
- Eamon de Valera (1917-26)
- 1923an, Irlandako Estatu Askea sortzearen truk Anglo-Irlandar Ituna onartu zuten alderdikide asko Cumann na nGaedhael alderdira joan ziren, gerora Fine Gael alderdia sortuz
- 1926an, nahiz eta hasiera batean Anglo-Irlandar Ituna ez onartu, azkenean De Valerak Sinn Féin alderdia utzi eta noizbait Irlandaren batasuna lortzeko asmoz Irlandako Estatu Askearen legalitatea onartu eta Fianna Fáil sortu zuen
- John Joseph O'Kelly (Sceilg) (1926-1931)
- Brian O'Higgins (1931-1933)
- Fr. Michael O'Flanagan (1933-1935)
- Cathal Ó Murchadha (1935-1937)
- Margaret Buckley (1937-1950)
- Pádraig Mac Lógáin (1950-1953)
- Tomás Ó Dubhghaill (1953-1954)
- Pádraig Mac Lógáin (1954-1962)
- Tomás Mac Giolla (1962-1970)
- 1970ean, bi alderditan banatu zen
- Sinn Féin (Gardiner Place), Sinn Féin Ofiziala bezala ezagutzen zena, bertan korronte sozialista nagusi zen. Alderdiak Langileen Alderdia izena hartu zuen 1982an eta, ondoren, Irlandako Langilen Alderdia izena.
- Sinn Féin (Kevin Street), edo Behinbehineko Sinn Féin, bertan korronte nazionalista nagusi zen. Alderdiaren korronte hau da gaur egun Sinn Féin izena daukana.
- Ruairí Ó Brádaigh (1970-1983)
- 1986an, Ó Brádaighek alderdia utzi zuen eta Sinn Féin Errepublikarra (Republican Sinn Féin) sortu zuen, Jarraipeneko IRAri loturikoa.
- Gerry Adams (1983-2018)
- Mary Lou McDonald (2018–gaur egun)
An Phoblacht
Alderdiaren egunkari ofiziala An Phoblacht ("Errepublika") deitzen da.
Taula
Taula honetan Sinn Féin alderdia eta IRAk nahiz beren ondorengoek izandako barne eszisio eta elkarketen laburpena ikusgai dago:
Urtea | Gertaera |
---|---|
1905 | Sinn Féin alderdi sortu berriaren azaroko Biltzarra. |
1907 | Cumann na nGaedhael eta Dungannon Clubs erakundeekin elkarketa. |
1917 | Pazko matxinadaren ondorengo berrantolaketa |
1922 | Anglo-irlandar itunaren aldekoek Sinn Féin alderdia eta IRA laga eta Cumann na nGaedhael alderdia eta Armada Nazionala eskuindar mugimendua eta Irlandako Estatu Askearen Garda Síochána polizia sortu zituzten. |
1926 | Sinn Féin alderdiak abstentzioaren alde egin eta bozka bidez Dáil Éireann legebiltzarrean parte ez hartzeko erabakia hartu ondoren, Éamon de Valera eta bere jarraitzaileek alderdiak laga eta Fianna Fáil alderdi berria sortu zuten. |
1933 | Cumann na nGaedheal alderdia Zentroko Alderdi Nazionala eta Goardia Nazionala erakundearekin elkartu eta Fine Gael alderdi berria sortu zuten. |
1969 | Abstentzioaren aldekoek IRA laga eta 'Behin-behineko' IRA sortu zuten; gainontzekoek IRA 'Ofiziala' sortu zuten. |
1970 | IRAren eszisioari Sinn Féin alderdiaren eszisioak jarraitu zion: alde batetik, Sinn Féin (Gardiner Place) edota Sinn Féin 'Ofiziala', eta bestetik, Sinn Féin (Kevin Street) edota 'Behin-behineko' Sinn Féin. |
1974 | INLA talde armatua IRA 'Ofizialetik' banandu eta era bereran Sinn Féin 'Ofizialetik' banadutako Irlandar Alderdi Errepublikar Sozialista sortu zen. |
1977 | Sinn Féin 'Ofiziala' alderdia Sinn Féin Langileen Alderdia bezala berrizendatua. |
1982 | Sinn Féin Langileen Alderdia zena Irlandako Langileen Alderdian bilakatua. |
1986 | 'Behin-behineko' Sinn Féin (gaur egun Sinn Féin izen soilaz ezaguna) alderdiak bere ordurarteko Dáil Éireann legebiltzarrean parte ez hartzearen politika abstentzionistari amaiera eman zion; alde ez zeudenak Ruairí Ó Brádaigh politikariaren gidaritzapean Sinn Féin Errepublikarra alderdi berria sortu zuten. |
1992 | Langileen Alderdiko Proinsias De Rossa buruzagiak alderdia laga eta Ezker Demokrata alderdia sortu zuen. |
1996 | 'Jarraipeneko' IRA zeritzona sortu zen, Sinn Féin Errepublikarrarekin lotura zuena. |
1997 | Bake Prozesuaren aurkakoek Sinn Féin alderdia laga eta 32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundea erakundea sortu zuten, bai eta haren adar armatua ere, 'Benetako' IRA. |
1999 | Ezker Demokrata eta Alderdi Laboristaren elkarketa. |
Grafikoa
Grafiko honetan Sinn Féin alderdia eta IRAk nahiz beren ondorengoek izandako barne eszisio eta elkarketen laburpena ikusgai dago:
Hauteskunde emaitzak
Ipar Irlandan
Urtea | Botoak | % | Eserlekuak |
---|---|---|---|
1921 | 104.917 | %20,5 | 6 / 52 |
1982 | 64.191 | %10,1 | 5 / 78 |
1996 | 116.377 | %15,5 | 17 / 110 |
1998 | 142.858 | %17,7 | 18 / 108 |
2003 | 162.758 | %23,5 | 24 / 108 |
2007 | 180.573 | %26,2 | 28 / 108 |
2011 | 178.224 | %26,3 | 29 / 108 |
2016 | 166.785 | %24,0 | 28 / 108 |
2017 | 224.245 | %27,9 | 27 / 90 |
Urtea | Botoak | % | Eserlekuak |
---|---|---|---|
1924 | 34.181 | 0 / 13 | |
1950 | 23.362 | 0 / 12 | |
1955 | 152.310 | 2 / 12 | |
1959 | 63.415 | 0 / 12 | |
1983 | 102.701 | %13,4 | 1 / 17 |
1987 | 83.389 | %11,4 | 1 / 17 |
1992 | 78.291 | %10,0 | 0 / 17 |
1997 | 126.921 | %16,1 | 2 / 18 |
2001 | 175.933 | %21,7 | 4 / 18 |
2005 | 174.530 | %24,3 | 5 / 18 |
2010 | 171.942 | %25,5 | 5 / 18 |
2015 | 176.232 | %24,5 | 4 / 18 |
2017 | 238.915 | %29,4 | 7 / 18 |
2019 | 181.853 | %22,8 | 7 / 18 |
Irlandako Errepublikan
Urtea | Botoak | % | Eserlekuak |
---|---|---|---|
1918 | 476.087 | %46,9 | 73 / 105 |
1921 | Aurkaririk gabe hautatuak | 124 / 128 | |
1922 | 239.195 (Akordioaren aldekoak) | %38,5 | 58 / 128 |
135.310 (Akordioaren aurkakoak) | %21,8 | 36 / 128 | |
1923 | 288.794 | %27,4 | 44 / 153 |
1927 ekaina | 41.401 | %3,6 | 5 / 153 |
1954 | 1.990 | %0,1 | 0 / 147 |
1957 | 65.640 | %5,3 | 4 / 147 |
1961 | 36.396 | %3,1 | 0 / 144 |
1982 otsaila | 16.894 | %1,0 | 0 / 166 |
1987 | 32.933 | %1,9 | 0 / 166 |
1989 | 20.003 | %1,2 | 0 / 166 |
1992 | 27.809 | %1,6 | 0 / 166 |
1997 | 45.614 | %2,5 | 1 / 166 |
2002 | 121.020 | %6,5 | 5 / 166 |
2007 | 143.410 | %6,9 | 4 / 166 |
2011 | 220.661 | %9,9 | 14 / 166 |
2016 | 295.319 | %13,8 | 23 / 158 |
2020 | 535.595 | %24,5 | 37 / 160 |
Bibliografia
- Sinn Féin. Un siglo de historia. Ensato histórico, Edhasa, Bartzelona, 2015. Brian Feeney. Itzultzailea: Ignacio Alonso Blanco (Gaztelaniaz) Jatorrizko argitalpena: The O'Brien Press, Ltd. Brian Feeney. Dublin, 2002. (Ingelesez)
Erreferentziak
- Berria. Estilo Liburua. .
- Jon Olano, «Stormonteko parlamentari izendatu dute Mairtin O'Muilleoir», Berria, 2014-10-23
- Sinn Féin debe ser el lema. Los años de la fundación, 1900-1907, 27. orr. Sinn Fein, un siglo de historia irlandesa. Brian Feeney, 2002, The O'Brien Press, Dublin. Gaztelaniazko itzulpena: Ignacio Alonso Blanco, Edhasa, 2005. (Gaztelaniaz)
- Sinn Féin debe ser el lema. Los años de la fundación, 1900-1907, 28. orr. Sinn Fein, un siglo de historia irlandesa. Brian Feeney, 2002, The O'Brien Press, Dublin. Gaztelaniazko itzulpena: Ignacio Alonso Blanco, Edhasa, 2005. (Gaztelaniaz)
- Sinn Féin debe ser el lema. Los años de la fundación, 1900-1907, 28-29. orr. Sinn Fein, un siglo de historia irlandesa. Brian Feeney, 2002, The O'Brien Press, Dublin. Gaztelaniazko itzulpena: Ignacio Alonso Blanco, Edhasa, 2005. (Gaztelaniaz)
- Sinn Féin debe ser el lema. Los años de la fundación, 1900-1907, 29. orr. Sinn Fein, un siglo de historia irlandesa. Brian Feeney, 2002, The O'Brien Press, Dublin. Gaztelaniazko itzulpena: Ignacio Alonso Blanco, Edhasa, 2005. (Gaztelaniaz)
- Sinn Féin debe ser el lema. Los años de la fundación, 1900-1907, 30. orr. Sinn Fein, un siglo de historia irlandesa. Brian Feeney, 2002, The O'Brien Press, Dublin. Gaztelaniazko itzulpena: Ignacio Alonso Blanco, Edhasa, 2005. (Gaztelaniaz)
- Griffith, The Resurrection of Hungary, 161. orr.
- Brian Feeney, Sinn Féin: a hundred turbulent years, 49–50. orr.
- Feeney, 52–4. orr.
- Sinn Féin debe ser el lema. Los años de la fundación, 1900-1907, 58. orr. Sinn Fein, un siglo de historia irlandesa. Brian Feeney, 2002, The O'Brien Press, Dublin. Gaztelaniazko itzulpena: Ignacio Alonso Blanco, Edhasa, 2005. (Gaztelaniaz)
- Sinn Féin debe ser el lema. Los años de la fundación, 1900-1907, 43-44. orr. Sinn Fein, un siglo de historia irlandesa. Brian Feeney, 2002, The O'Brien Press, Dublin. Gaztelaniazko itzulpena: Ignacio Alonso Blanco, Edhasa, 2005. (Gaztelaniaz)
- Sinn Féin debe ser el lema. Los años de la fundación, 1900-1907, 57-58. orr. Sinn Fein, un siglo de historia irlandesa. Brian Feeney, 2002, The O'Brien Press, Dublin. Gaztelaniazko itzulpena: Ignacio Alonso Blanco, Edhasa, 2005. (Gaztelaniaz)