Sindikalismo

Sindikalismoa Sindikatuen mugimendua da; sindikatuen gizarte-dotrina. Ekoizpen bideak antolaturiko langile taldeen kontrolpean edukitzearen aldekoa den dotrina ekonomikoa eta politikoa. Sindikalismoak langileriaren interesak gordetzea eta haien alde egitea du helburu. Sindikatuen higikundea industria iraultzaren ondorioz sortu zen, produkzio modu kapitalistak ezarritako lan baldintzei erantzun gisa. Ideologia politiko desberdinen eraginez multzo horietan laburbildu daitezkeen sindikalismo joerak sortu izan dira: sindikatu anarkosindikalistak, estatuaren ordez gizartean oinarrizko talde izango liratekeen sindikatuak ezartzearen aldekoak; komunistak, sindikatuak langileriaren diktadura ezartzeko tresnatzat hartzen dituztenak; sozialistak, ekoizpen bideak sozializatzearen aldekoak; kristauak, enpresaren baitan langileen eta enpresarien arteko elkarlana bultzatzearen aldekoak; eta Estatu Batuetan diren sindikatuak, sindikatu korporatibista deituak, sistema kapitalista onartzen dutenez, lanbide bereko langileak elkartzea beste baino helbururik ez dutenak.

Historia

Lehen urteak

Langile mugimenduaren antolaketa goiztiarraren ereduari sozietarismo dei egiten zaio.

Paris, Lyon eta Irlandan krisi ekonomikoaren kontra egiten zuten langile altxamenduak gertatzen ari ziren bitartean, Ingalaterran esklabotza abolitzen ari ziren (1833-1838 urteetan). 1836ko ekainean Ingalaterrako Langileen Erakundeak Herriaren Karta osatu zuen, sufragio unibertsala eta sekretua eskatuz. Hauek "kartista" izenez ezagutzen dira.

Urte batzutan zehar, langileen mugimenduak langileen egoera ikertu zuten hainbat ideologoren eragina jaso zuen. Hoien artean Friedrich Engels aurkitzen da, Ingalaterrako langile klasearen egoera lana idatzi zuena, mugimendu kartistaren datu eta bizikidetzan oinarrituta.

1840ko hamarkadaz geroztik, Karl Marx eta Friedrich Engels alemaniarrak Ingalaterran egokitu ziren eta marxismo edo sozialismo zientifiko ideologia abiarazi zuten, geroago mundu osoan zehar hedatuko zena. Mikhail Bakunin eta Pierre-Joseph Proudhonek ere anarkismoaren oinarriak eraikitzen dituzte.

Karl Marx eta Friedrich Engels, Agiri Komunistaren autoreak.

1848an Europa osoan zehar mugimendu iraultzaile multzo bat zabaltzen da, garrantzia berezia izan zutenak Ingalaterra eta Frantzian. Mugimendu hauek zera aldarrikatzen zuten, egoera politiko, sozial eta ekonomikoa hobetzea, beti ere langileen interesak eta lanerako eskubideak errespetatuz. Bestalde Marx eta Engelsek urte horretan argitaratu zuten Agiri Komunista, eta bertan mugimendu horiez hitz egin zuten: "Mamu bat dabil Europaren gainean: komunismoaren mamua. Mamu hori exorzizatzeko aliantza santua egin dute Europa zaharreko potentziek, aita santuak eta tsarrak, Metternichek eta Guizotek, erradikal frantsesek eta txakur alemanek."


1850eko hamarkadan sindikatuen mugimendua Europara zabaltzen da eta sindikatuak sortzen dira Portugal, Belgika eta Alemanian.

Internazionalaren urteak

1864ean Langileen Erakunde Internazionala sortu zen Londresen, Internazionala, munduko lehenengo langileen zentral sindikala. Urte hartan bertan, Frantzian greba eskubidea oinarrizko eskubide gisa aitortzen da.

Ingalaterran Trades Union Congress fundatzen da, sindikatutzat hartu daitekeen langileen lehen erakundea; izan ere, kideak babestuak eta errepresentatuak izaten ziren erakundearen bidez. Sindikatu hau gaur egun ere badago, 6 milioi afiliatu dituelarik.

1867n Belgikak Europako gainerako herrialdeei aurre hartzen die arlo sozialean eta eskubideen arloan, horien artean greba eskubidea.

1871n Parisko Komuna sortzen da, eskubide sozialen aldeko langile altxamendu autogestionatua; 60 egun iraun zituen soilik armadaren eskuhartzearen ondorioz.

1872an, AITaren V. Kongresuan marxisten eta bakunisten arteko haustura gertatzen da, langileen ordezkarien arteko lehenengo haustura garrantzitsua izan zena.

1875ean legislazio ingelesean "jabe" eta "zerbitzari" terminoak "patroi" eta "langile" terminoek ordezkatzen dituzte; aldaketa hau gauzatu zuen lehen herrialdea izan zen.

1884an Frantzian langile sindikatuak aitortu ziren. Lyonen eratu zen Sindikatu eta erakunde kooperatiboen Federazio Nazionala, CGT frantsesaren eta sindikalismo iraultzailearen aurrekaria.

XIX. mendearen hasiera

Sindikalismoaren sorrera eta langile higikundearen lehen urratsak batera izan ziren. Langile elkarteak Erresuma Batuan, industria iraultza hasi zen herrialdean alegia, sortu ziren XIX. mendearen hasieran. Beste hainbat herrialdetan gertatu zenaren antzera, langileak elkartzearen kontrako legeak izan ziren han ere, 1799. urtean indarrean ezarri zen Combination act izenekoa esate baterako, 1820. urtean parlamentuak indargabetu zuena.

Sortzez txikiak izan ziren langile taldeak elkartuz, laster sortu ziren Trade unions izenekoak. 1834. urtean sortu zen, lehen sindikatu modernotzat hartzen den Grand National Consolidated Trade Unions izenekoa. Britainia Handiko Trade Unions edo sindikatuak beren erakunde politikoa den Talde Laboristaren bidez ahalegindu dira legeak eta arauak sozializatzen. Elkarte horiek sakonki eragin zuten Europa osoan zehar; hala nola Frantzian, XIX. mendearen lehen erdialderako jadanik nabaria zen trade unions horien eragina. Alemanian sindikatuak 1860 ondoren hasi ziren indartzen. 1875. urtean Gothako kongresua izan zen arte, ordea, ez zen sortu benetako sindikatu organizaziorik. Espainiari dagokionez lehen langileen elkartea Bartzelonan sortu zen 1839. urtean; hurrengo urtean onartu zen halaber, ehungintzako langileen beste elkarte bat.

XIX. mendearen erdialdea

Garraiolarien greba Parisen 1891an.

XIX. mendearen erdialdera asko indartu zen Frantziako eta Erresuma Batuko langile elkarteen arteko elkarlana, eta horren lekuko izan zen, 1862. urtean Londresen Industria Erakusketa Unibertsala aitzakitzat harturik bi herrialdetako langileen artean izan ziren bilerak. Elkarlan horren fruituz sortu zen Nazioarteko Langileen Elkartea. Elkarte horrek 1866. urtean Genevan izan zuen batzarrean onartu ziren sindikatu higikundea eta higikunde horrek izan duen tresnarik eraginkorrena: greba.

Urteak joan ahala industrializazioaren hazkuntzarekin batera indartsu hazi zen sindikalismoa. XIX. mendearen azken alderako, Industria Iraultzaren bigarren fasea gertatu zenerako alegia, langile asko biltzen zituzten, eta greba bortitzetan erakusten zuten zenbaitetan beren indarra. Garai hartan sortu ziren Europako zenbait herrialdetan garrantzi handiko konfederazio nazionalak: Trade Union Congress (TUC) Ingalaterran (1874), Unión General de Trabajadores (UGT) Espainian (1888), eta Confédération Générale du Travail (CGT) Frantzian (1895), besteak beste.

Frantzian, gerora, CGT zelakoak, hainbat banaketa izan zituen bere baitan, besteak beste, izen bera hartu zuen komunista joerako sindikatu bat, Force Ouvrière (FO) sindikatu sozialdemokrata, eta Confédération Française des Travalileurs Chrétiens (CFTC) erakunde katolikoa sortu baitziren. Espainian 1910. urtean joera anarkistako Confederación General de Trabajadores (CGT) sortu zen; geroago bi talde nagusitan banatu zen: Confederación Nacional del Trabajo (CNT), joera anarkistakoa, eta Unión General de Trabajadores (UGT), joera sozialistakoa. Francoren garaiko nazionalsindikalismoak bere sindikatua antolatu zuen, Central Nacional Sindical izenekoa, sindikatu bertikala. Franco hil ondoren desagertu egin ziren haiek, eta zenbait sindikatu berri legezkotu ziren. Egun UGT eta 1960ko hamarkadan sorturiko Comisiones Obreras dira Espainiako sindikatu nagusiak.

Sindikalismo modernoa

XX. mendean, sindikatuak hiru korronte handitan banatu ziren mundu-mailan:

  • Komunistak, Munduko Federazio Sindikalean antolatuta.
  • Sozialdemokratak, Antolakunde Sindikal Libreen Konfederazio Internazionalean antolatuta.
  • Kristauak, Lanaren Mundu Konfederazioan antolatuta.

Klasifikatu gabeko sindikatuak ere badaude, independienteagoak direnak, nolabait esatearren. Batzuk (sindikatu libertarioak adibidez) beste sindikatu edo erakunde sozial batzuekin koordinatu ziren, Solidaritate Internazional Libertarioa edo Langileen Erakunde Internazionala, kasurako.

Sindikalismoa Euskal Herrian

XIX. mendea

1864tik aurrera (I Internazionalaren sorrera) Frantziako eta Espainiako estatuetan gorpuztu ziren erakundeen zabalpenaren ondorioz sortu zen Euskal Herriko mugimendu sindikal modernoa, eta beraz Espainiako langile mugimenduari oso loturik hasi ziren lehen langile erakundeak Hego Euskal Herrian hazten eta berebat gertatu zen Ipar Euskal Herrian Frantziako langile erakundeei dagokienez.

Hego Euskal Herrian, Lehen Internazionalean biltzen ziren anarkistek eta sozialistek (1870-1872. urteetan banatu ziren anarkistak eta sozialistak) ez zuten eragin berezirik izan 1886ra arte. Urte hartan egokitu zen Bilbon Facundo Perezagua sozialista espainiarra eta hilabete batzuren jardunaren ondoren sortu zuen Euskal Herriko lehen elkarte sozialista. 1888an jaio zen Unión General de Trabajadores sindikatua Espainiako Estatuan eta 1889an eratu zen II. Internazionala]], nazioarteko langile elkarte marxista soila.

1890ean Bizkaiko (Bilbo eta meatze aldea) lehen greba orokorra izan zen, zortzi orduko lan-egunaren eta langileak bizigaiak leku jakin batzuetan erostera behartzen zituen agindua kentzearen alde, besteak beste. Hogeita hamar mila langilek hartu zuten parte greba horretan eta handik aurrera langile erakundeak zabaldu ziren, Partido Socialista Obrero Español alderdiaren eta U.G.T. sindikatuaren bitartez, Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetara eta industria-gune batzuetara, Eibarraldera bereziki. Mugimendu sozialista Bizkaira joandako langile etorkinen giroan sendotu zen batez ere eta Eibar aldekoak izan ziren ideia sozialistak onartu zituzten langile jatorriz eta hizkuntzaz euskaldunak.

CNT sindikatuaren logoa.

Mugimendu anarkistak ez zuen arrakastarik izan Hego Euskal Herrian, bai, ordea, Espainiako Estatuko beste lurralde askotan, Katalunian batez ere. Bestalde, XX. mende bukaerako urteetan hasi ziren zabaltzen langile erakunde katolikoak, elizako hierarkiak bultzatuak (Leon XIII.a aita santuaren Rerum novarum entziklikaren ondoren, 1893). Erakunde horiez baliatu zen oligarkia eta burgesia erakunde marxisten hazkundeari aurre egiteko. Izan, langile erakundeak baino, gizarte laguntzarako elkarteak izan ziren gehiago, eta Gasteizen eta Iruñea aldean zabaldu ziren bereziki. 1911. urtean Confederación Nacional de Trabajadores (CNT) sindikatu anarkista sortu zen Hego Euskal Herrian (Bilbon. 1910ean sortu zen Espainiako Estatuan), baina eragin txikia izan zuen, oro har, sozialisten aldera.

XX. mendea

1911. urtean sortu zen Bilbo aldean Solidaridad de Obreros Vascos - Euzko Langillien Alkartasuna sindikatu nazionalista, Euzko Alderdi Jeltzaleari lotua. Gerora (1933) ELA-STV deitu zen sindikatua marxisten ideietatik urrun sortu zen, ideologia katoliko abertzaleak eman zion oinarria, baina beste langile elkarte katolikoek ez bezala, oligarkiaren aurkako joera garbia erakutsi zuen, Euskal Herriko burgesiaren, langileriaren eta ekonomia tradizionalari loturiko sektoreen arteko batasuna defendatu zuen arren. [1]

Sindikatu abertzalea euskal jatorriko langileen artean zabaldu zen bereziki hasierako urteetan. 1918-1920 bitartean biziki hazi zen UGT Hego Euskal Herrian. 1921ean alderdi sozialista hautsi eta alderdi komunista sortu zen, Bizkaiko buruzagi batzuk buru (Facundo Perezagua, Dolores Ibarruri). Halaz ere, UGTn jarraitu zuten komunista gehienek. Handituz zihoan, halaber, ELA, baina neurri txikiagoan. 1923-1930 bitartean, Primo de Riveraren diktadurapean, UGT sindikatuak legearen barnean jarraitu zuen, eta ELAk bere jardunean jarraitu zuen.

Errepublika garaian, ELA oso hazi zen eta sindikatu nagusi bihurtu zen Bizkaian eta Gipuzkoan, UGTren ondoren. CNT ere hazi zen, baina besteak askoz ere gutxiago, eta langile elkarte katolikoak indartsu bultzatu zituzten bazter oro espainiar eskuindarrek eta faxistek, benetako eragina Nafarroan eta Araban baizik izan ez zuten arren. 1936ko Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, frankistek sindikatu faxista ezarri zuten eta guztiz galarazi ziren ordura arteko sindikatuak.

UGT, ELA eta CNT sindikatuek jardunean segitu zuten erbestetik eta ezkutuan eta 1960. urtetik aurrerako urteetan langile erakunde berriak sortu ziren Hego Euskal Herrian: ETAko Langile Fronteari eta, oro har, ezker abertzale berriari loturiko batzordeak, eta Espainiako Estatuan zabaldu ziren Comisiones Obreras izeneko erakundea, neurri handi batean Espainiako Alderdi Komunistari lotua. 1977an, Espainiako estatuaren erreforma politikoaren hasieran, langile sindikatu ugari azaldu ziren Hego Euskal Herrian eta gaurko egunean lau sindikatu korronte nagusi daude: bi abertzale, ELA-STV eta LAB eta bi espainiar sindikatu: UGT eta Comisiones Obreras. ELA-STV da Hego Euskal Herriko sindikatu nagusia.

Sindikatu motak

Gremio edo lanbide sindikatua

Lanbide, arte, ofizio edo espezialitate berdinean jarduten duten langileek osatzen dute.

Historikoki, sindikatu gremiala izan zen lehenengo sindikatu eredua. Langileak euren lanbide edo jardueraren arabera taldekatzen ditu, euren lantoki edo enpresarengandik independienteki. Antolaketa eredu honen helburua sektore edo arlo bereko langileak harremantzea eta batzea da.

Autore eta korronte batzuk modalitate hau kritikatzen dute langileak egoki batzen ez dituela egotzita. Lanbide sindikatuak indarra hartu zuen sindikalismoaren lehen hamarkadetan, baina geroago industria sindikatuak hartu zion lekukoa. Herrialde desberdinetan, hainbat kolektibok horrela antolatzen jarraitzea erabaki du, hala nola, kazetariak, irakasleak, hegazkin pilotuak...

Enpresa sindikatua

Enpresa, establezimendu edo instituzio ofizial autonomo berean lan egiten duten pertsonek osatzen dute.

Enpresa sindikatuaren helburua leku zehatz bateko langileak elkartzea, teknizismo edo lan-kategoriei erreparatu gabe. Gremio baino irismen handiagoa du, enpresa sindikatuan lanbide desberdineko profesionalak elkartzen direlako. Antolakuntza mota honen babesleen arabera, interes profesionalen gainetik, langileen interesak aurkitzen dira; enpresa sindikatuak beraz, langile guztien interesen babeslea da.

"Enpresa" terminoak kutsu ekonomikoa dauka, gaur egungo ekonomia eta kapitalaren egoeraren ondorioz.

Hainbat legislaziok enpresa eta establezimenduak desberdindu egiten dituzte. Modelo sindikal batzuetan, Txilen adibidez, ohikoa da sindikatuak eratzea establezimenduka, ondorioz, hainbat sindikatu aurki daitezke enpresa baten barnean.

Industria, jarduera edo adar sindikatua

Jarduera industrial, komertzial, zerbitzu sozial eta abarri eskainitako enpresetako langileek osatzen dituzten sindikatuak dira.

Industria sindikatuak ikuspegi zabalago bat du enpresa sindikatuak baino; honi langile klasearen zati baten ongizateaz arduratzen da eta maila nazionaleko antolakuntzara moldatzeko erraztasuna erakusten du. Langileak batzen maila bat aurreratuago doa.

Hala ere, baditu bere alde txarrak; hala nola, gehiengoen printzipioa jarraitzea. Printzipio honen arabera, enpresa batean lan egoerak aldatzen dituen arau bat ezarri daiteke langileen nahien kontra bada ere.

Industria sindikatuak lehen aldiz 1951n egin zuen agerpena Sindikatuen Legedian.

Hainbat enpresen edo interenpresa sindikatua

Gertuko bi enpresa edo gehiagok konposatzen dute sindikatu mota hau. Enpresa bakoitzak 25 langile baino gutxiago izan behar ditu, hauek gremio edo industria sindikatu batean parte hartu ez dezaten.

Sindikatu independientea

Norbere kontura lana egiten duten eta normalean soldatapeko langilerik enplegatzen ez duten langileek osatzen dute sindikatu mota hau.

Batasuna

Izen hau eraman ohi dute Argentinan langileak zuzenean bere sektorearekin afiliatzen dituzten sindikatu nazionalek. Adar edo lanbide federazioarengandik honakoagatik desberdintzen da, izan ere, bigarren motako erakunde hauek ez dituzte langileak zuzenean afiliatzen, lehen mailako sindikatuak soilik baizik.

Adar edo lanbide federazioa

Sindikatu hau bigarren mailako sindikatua da, lehen mailako sindikatuak biltzen dituena. Herrialde baten barnean izaera erregionala edo nazionala har dezake.

Internazionalki badaude federazio sektorial erregional edo globalak, sindikatu edo federazio nazionalak biltzen dituztenak.

Zentral sindikal nazionala

Zentral sindikala herrialde bateko sindikatu eta federazio sektorialak batzen dituen antolakundea da. Federazio itxura har dezake, sindikatu eta federazioak afiliatuz edo sindikatuaren itxura, langileen zuzeneko afiliazioa ahalbidetuz.

Sindikatu globala

Mundu mailan sindikatu edo federazio globalak sortu dira sindikatu edo federazio nazionalak arloka batzeko.

Zentral sindikal mundiala

Zentral nazionalak bi zentral edo federazio mundialetan taldekatzen dira, Konfederazio Sindikal Internazionala eta Federazio Sindikal Mundiala.

Eskualdeko antolakunde sindikala

Kasu batzuetan zentral nazionalek eskualdeko erakundeak sortzen dituzte, Sindikatuen Konfederazio Europearra edo Hego Konoko Zentral Sindikalen Koordinadorea.

Patrono sindikatuak

Herrialde batzuetan (Brasil, El Salvador...) sindikatutzat hartzen dira antolakunde patronalak, langile sindikatuen arau berberak baitituzte.

El Salvadorreko lan legislazioan, adibidez, patronoek gremio edo industria sindikatuak eratu ditzakete, baina ez enpresa sindikatuak. Era berean, patronoen sindikatuak pertsona juridiko moduko bat dira legediari dagokionez. Ondorioz, erakunde patronalak ez dute zertan sindikatu patronalak izan.

Globalizazioa

XX. mendearen amaieran, globalizazioaren ondorioz, langileen mugimenduan sindikalismo internazionalak hartzen du protagonismoa. Horretaz gain, korronte desberdinen arteko loturak gertatzen dira, hala nola Sindikatuen Konfederazio Europarra.

2006ko azaroaren 1ean CIOSL eta CMT-a batu egin ziren sindikatu independiente batzuekin batera Sindikatuen Konfedeazio Internazionala sortzeko, 168 milioi kide dituena mundu osoan zehar[2].

Erreferentziak

  1. «Langile-mugimenduak: sindikatuak» industrializazioa.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  2. (Gaztelaniaz) Agencias. (2006-11-02). «Nace la confederación sindical mayor del mundo, 168 millones de afiliados» Cinco Días (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.