Sinbolismo
Sinbolismoa Frantzian eta Belgikan XIX. mendearen amaieran sortu zen literatura joera izan zen. Funtsean naturalismoaren eta parnasianismoaren aurkako erreakzioa izan zen eta inoiz ez zen dotrina baten inguruan eskola gisa egituratu. Izan ere, sinbolismoaren iturburua eta bilakabidea markatu zituzten lau berritzaileen –Baudelaire, Rimbaud, Mallarmé, Verlaine– arteko desberdintasunak nabarmenak badira ere, lauontzat poesia errealitatetik harat iragateko bidea zen, hitzak poetak hautaturiko sinbolo subjektiboaren euskarri direlarik. Hartara, deskripzio objektiborik edo naturalistarik gabe, hitzek sentipenak eta ideiak idarokitzen dituzte baina sortzailearen subjektibismoa dela eta, zenbaitetan ilun gertatzen dira irakurlearentzat. Verlainek dioenez pinturatik edo eskulturatik baino musikatik hurbilago behar du izan poesiak. Erritmo eta neurri berrien sorrera (prosazko poema barne) sinbolisten ezaugarria da.
1880ko hamarkadan sinbolismo frantsesa zabaldu zen. Garai hartako autore nabarmenak Jules Laforgue, Gustave Kahn, Émile Verhaeren, Maurice Maeterlinck, Francis Jammes izan ziren. Orobat eragin garbia izan zuen geroko idazleengan (Paul Claudel, Paul Valéry, Guillaume Apollinaire). 1890 ondorengo urteetan sinbolismoa Europako literaturetara zabaldu zen: Oscar Wilde, William Butler Yeats (Britainia Handia); Stefan George, Rainer Maria Rilke, Hugo von Hofmannsthal (Alemania); Gabriele D'Annunzio (Italia); Antonio Machado, Juan Ramón Jiménez (Espainia), etab. Europatik kanpo, Rubén Daríoren obra bereziki aipatzekoa da.
Poeta adierazgarrienak
- Charles Baudelaire (1821-1867)
- Lautréamonteko kondea (1846-[[1870≤])
- Stéphane Mallarmé (1842-1898)
- Jean Moréas (1856-1910)
- Germain Nouveau (1851-1920)
- Arthur Rimbaud (1854-1891)
- Albert Samain (1858-1900)
- Paul Valéry (1871-1945)
- Paul Verlaine (1844-1896)
- Villiers de L'Isle-Adam (1838-1889)
Margolari sinbolistak
- Gustave Moreau (1826–1898): inspirazio nagusia, mitologia eta ametsak.
- Gustav Klimt (1862–1918): garrantzitsuenetariko bat.
- Odilon Redon (1840–1916) sinbolista garbiena.
- Pierre Puvis Chavannes (1824–1898).
- Carlos Schwabe (1866-1926) margolari oniriko.
- Leon Spilliaert (1882-1946)
- Edward Robert Hughes: (1851-1914)
- Herbert James Draper: (1863–1920)
- Franz von Stuck: (1863-1928)
- Karl Wilhelm Diefenbach (1851–1913).
- Néstor Martín-Fernández de la Torre (1887-1938).
- Cesare Saccaggi (1868-1934)
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013-06-05 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.