Simon Bernardo Zamakola
Simón Bernardo Iza-Zamakola Ozerin[1] (Dima, Bizkaia 1759 - ib., 1809) bizkaitar politikaria izan zen.
Simon Bernardo Zamakola | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Dima, 1759ko abuztuaren 20a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Dima, 1809ko urtarrilaren 23a (49 urte) |
Familia | |
Anai-arrebak | |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria |
Biografia
Juan Antonio Zamakola historialari ezagunaren anaia zen. Manurgan, Araban ezkondu zen 1785eko abenduaren 4ean, Maria Diaz Basurto Ortiz de Zaraterekin. Diman eraiki zuten etxea. Dokumentu batzuetan Sibario etxea zeukan izena besteetan Cruz de Cilbario etxea. Dimako errege eskribaua izan zen eta gero eta kargu garrantzitsuagoak izan zituen: Arratiako haraneko alkate, ahaldun Gernikako Batzarretxean, Jaurerriko errejidore eta justiziako idazkari. 1793. urtean Bilbon egin zen Merindadeetako Batzordeak Zamakola eta Francisco de Aranguren izendatu zituen Jaurerriko altxorra aztertzeko eta frantsesen gudarosteen aurkako plana antolatzeko. 1801. urtean Gernikako Batzarretxeak, Zamakolaren irizpideei jarraituz, Abandon edo Olabeaga aldean merkataritza libreko portuaren proiektua onartu zuen, baina Bilboko eskudunak erabaki horren aurka agertu ziren, Madrilek proiektua onartuz gero Bilboko portua hiltzera kondenatzen baitzen. Horren guztiaren ondorioz Jaurerriaren eta Bilboko hiriaren arteko gatazka sortu zen, Zamakolada deitua. Jaurerriak proiektua gauzatzeko batzordea izendatu zuen eta 1801eko abenduaren 31n Abandoaldean portua eraikitzeko baimena jaso zuen Batzarretxeak. Godoyekin adostu zuen lorpen hau. 1804. urtean etorkizuneko portuari buruzko erakusketa xehea egin zuen Gernikan baina handik gutxira matxinadak izan ziren Batzarretxeak derrigorrezko soldadutza onartu zuenean. Harrezkero etsai ugari izan zituen Zamakolak eta Nafarroako lurretara erbesteratu zen matxinada zapaldu eta deuseztatu zen arte. Geroago Bizkaiko Jaurerriko Batzorde Nagusiak Madrilgo Gortera bidali zuen ordezkari, Bizkaiko Foruak berriro ere indarrean jar zitezen, baina Fernando VII.ak Bizkaiko Foruak onartu zituenerako buruko eritasunak jota zegoen Zamakola.
Zamakoladaren ostean horrelako bertsoak entzuten ziren:
« | Don Simon Zamacola gizon onrradua, |
» |
Azken urteak Diman bere etxean bizi zen, burua galdurik.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Bibliografia
- Aguirre, Ignacio F. de (2004): "Simón Bernardo I. de Zamácola, un político moderno", Bilbao.
- Villa, Imanol (2010): «La venganza de Zamácola», El Correo.
- Ybarra y Bergé, Javier (1941): Datos relativos a Simón Bernardo de Zamácola y la zamacolada, Bilbo, Junta de Cultura, Diputación Provincial de Vizcaya.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Artikulu hau Bizkaiko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |