Simo Häyhä
Simo Häyhä (1905eko abenduaren 17a, Rautjärvi, Hego Karelia – 2002ko apirilaren 1a, Hamina) finlandiar gudari eta frankotiratzaile bat izan zen. Herio Zuria ezizenez ezaguna egin zen (errusieraz: Белая смерть, Belaya smert; finlandieraz: Valkoinen kuolema; suedieraz: Vita döden; alemanieraz: Weißer Tod). Historia guztiko frankotiratzaile onena gisa jo izan da. Tiratzaile oso zorrotz, zehatz eta arduratsua izan zen, tiro egin aurretik, prestaketa handia egiten baitzuen.
Simo Häyhä | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Rautjärvi (en) , 1905eko abenduaren 17a |
Herrialdea | Finlandia Finlandiako Dukerri Handia 1917) |
Heriotza | Hamina (en) , 2002ko apirilaren 1a (96 urte) |
Hobiratze lekua | Ruokolahti Church (en) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | finlandiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | soldadua, frankotiratzailea, nekazaria, Ehiztaria eta txakur-hazlea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Finnish Army (en) |
Gradua | second lieutenant (en) |
Parte hartutako gatazkak | Neguko Gerra Kollaako guda |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Luteranismoa |
Ibilbidea
Rautjärvin jaio zen, gaur egun Errusiako mugatik hurbil herrixka batean, eta 1925an soldaduska egin zuen. Finlandia eta Sobietar Batasunak 1939-1940 bitartean borrokatutako Neguko Gerran zehar Finlandiaren alde eta errusiarren aurka frankotiratzaile moduan zerbitzatu zuen. Ekintzak -20 eta -40º graduren artean egin ohi zituen, betiere kamuflaia zuriz jantzirik, Häyhäk 505 gudari etsai baino gehiago hil zituen; halere, zenbait datu ez ofizialen arabera, agian 542 izan ziren denera. Eguneko hildako etsaien zenbaketa finlandiar frankotiratzaileek gudalekuan bertan egiten zuten. Horrela bada, egunero gutxienez 5 etsai hiltzeko ohitura hartu zuen.
Häyhäk M28 Pystykorva fusila erabili zuen, hots, sobietar Mosin-Nagant fusilaren aldaera. Ez zuen ikuspuntu teleskopikorik erabiltzen, batez ere gudalekuan bere buruak etsaiari tiroleku edo jomuga handiagoa eskain ez ziezaion, eta sarritan, frankotiratzaileek zeramatzaten ikuspuntu teleskopiko horietako lenteek eguzkiaren argia islatu eta etsaiak ohartarazten zituztelako; gainera, ikuspuntu horiek lausotu edota erraz hausten ziren.
Haren trimimailuetako bat tiro egin aurretik bere aurrean elur pilo gogortua ezartzea zen: horrela, tiro egiterakoan, mugimendua saihesten zuen, eta etsaiaren aurrean ohargabea zen. Etsaiek haren arnasaren hatsak ikus ez zitzaten, ahoa elurrez betetzen zuen. Garaieraz txikia zen, 1,52 metro luze: ezaugarri hori bere alde erabili zuen, eta borrokaldietan erabat oharkabean iragateko asko lagundu zion.
Bere fusilaz egin zituen etsaien tiroketetatik at, subfusileaz beste 200 etsai ere hil zituen. Sobietar gudarosteari egin zizkion galera guztiak hiru hilabeteetan zehar gauzatu ziren. 1940ko martxoaren 6an etsaiaren bala leherkari batek aurpegian zauriak egin zizkion. Gertakari horren aurretik, errusiarrek bera hil nahirik, hainbat plan prestatu zituzten, horien artean frankotiratzaile adituen bidalketa edota artilleriaz eginiko bonbardaketak, baina ez zuten emaitza onik eman. Dirudienez, bera zauritu zuen tiroa bera ere menturaz egindakoa izan omen zen. Zauriek denboraldi baterako koma egoeran utzi zuten.
Haren adiskideek salbatu eta gero aipatu zuten arabera "bere aurpegi erdia joian zen". Martxoaren 13an, Sobietar Batasunak eta Finlandiak bakea izenpetu zuten egun berean, bere onera itzuli zuen. Gerraren ondoren, Carl Gustaf Emil Mannerheim mariskal nagusiak kabo postutik bigarren teniente postura igoarazi zuen.
Gerra ondoren
Simo Häyhäk zauritik berrindartzen hainbat urte behar izan zituen, bala hark masail hezurra zeharkatu eta ezkerraldeko masaila txikitu baitzion. Bigarren Mundu Gerra iragan ondoren, ehizean jardun zuen, batez ere altze ehizean, baita txakur hezitzaile gisa ere, eta hainbat alditan Urho Kekkonen finlandiar presidentearekin batera ehizatu zuen. Bere herrialdean gerra heroia bilakatu zen.
Azken urteak
1998. urtean hain tiratzaile ona izatera nola iritsi zen galdetu zitzaionean, haren erantzuna laburra izan zen: "Arituz". Haren hildakoen zerrendari dagokionez, berak zioenez "agindu zidatena ahal bezain ongien egiten ahalegindu nintzen". Simo Häyhäk bere azken egunak jaioterrian iragan zituen. 2002ko apirilaren 1an zendu zen.
Iruditegia
- Simo Häyhä 1940an, aurpegian zauri larria jaso ondoren
- Simo Häyhä
Kanpo estekak
- Simo Häyhären biografia laburra (Ingelesez)
- Frankotiratzaileen zerranda (Ingelesez)
- 100 egunetan zehar 700 etsai hil zituen frankotiratzailea (Ingelesez)