Silaba ekina
Silaba ekina silabaren hasieran dagoen kontsonante edo kontsonante multzoa da.
Sarrera
Silaba hitza baino txikiagoa den segmentuen sekuentzia antolatua da, gutxienez nukleoa duena. Silaba konposante desberdinek osatzen dute: ekina, nukleoa eta koda. Erran dezagun 'C' kontsonante bat dela, 'V' bokala eta '.' silaba muga; .CVC. sekuentzian lehen C silaba ekina izango litzateke, V nukleoa eta azken C koda.
Silaba ekinaren xehetasunak
Erran bezala, silabaren hiru zati bereizten ditugu: silaba ekina, silaba nukleoa eta silaba koda. Silabako bokalaren (hau da, nukleoaren) aurretik doazen kontsonanteei erraiten zaie ekina.
Baditugu hiru aukera silaba ekinarentzat:
- Ekinik ez: silabaren hasieran ez da segmenturik, ez da hasierarik izanen, segituan nukleoa agertuko da.
- Kontsonante bakarra: silaba bokalaren aurreko kontsonante bakarrarekin hasiko da.
- Kontsonante multzoa: silaba bokalaren aurreko kontsonante bat baino gehiagorekin hasiko da.
Euskaraz
Euskaraz silaba ekinean onartzen diren talde bakarrak muta cum liquida deitu ohi direnak dira: hau da, /b, d, g, p, t, f/ trabarietako bat /r, l/ ozenetariko batek jarraitua, bi salbuespenekin, /tl/ eta /dl/. Euskaraz mailegu berritan agertzen dira: pobre, prakak, fresko, gris...
Kontsonante multzo hauek ez ziren garai zaharretan gertatzen. Latinetik hartutako maileguetan moldaketa ezberdinak aurkitzen ditugu:
- Trabaria erortzea: latinezko placet, euskaraz laket bezala moldatu zen. Hasierako /p/ mailegatzean galdu zen.
- Bokal epentesia (edo gehiketa): latinezko crucem, euskaraz gurutze bezala moldatu zen.
Egun euskararen hots-biltegiko edozein kontsonante ager daiteke hitz hasierako silaba ekinean, ttaka izan ezik. Hitz barreneko ekinean ere hots-biltegiko edozein kontsonante ager daiteke.